1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
4/2014 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeek egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena, 2014-2015 ikasturterako.
0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko buruak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du; 2014-2015 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onestea du xede ebazpen honek, baliagarriak izan daitezen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluan arlo horri buruz ezarritakoa garatzeko. Foru dekretu horrek (uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuak aldatua) haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen du Nafarroako Foru Komunitatean, eta lehen zikloa ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, baita hezkuntza edukiak ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen eranskinean egutegia eta ordutegia prestatzeko ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek 2014-2015 ikasturtean.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko otsailaren 3an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.
ERANSKINA
Haur Hezkuntzako lehen zikloko egutegia
eta ordutegia prestatzeko jarraibideak
Egutegia eta ordutegia irizpide pedagogikoei jarraikiz zehaztuko dira. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ez dute oztopatuko azaldutako irizpideen aplikazioa.
1.–Egutegia prestatzeko irizpide orokorrak.
1.1. Ikastetxe publikoak.
1.1.1. Ikastetxeko egutegirako proposamen zehatza eta librea, hurrengo baldintzak beteko dituena, egiten ahalko dute entitate titularrek:
–Ikastetxea soilik 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.
–Ikastetxea irekita egoteko aurreko lerroaldean aipatzen diren egunak 10,6 hilabeteko edo 318 egun jarraituko erreferentzialdi baten barruan egonen dira, hilabeteak 30 egun naturalekoak izanik.
–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a eta 8a, martxoaren 19a, maiatzaren 1a eta udalak herriko santu zaindariari eskaintzeko dion jaieguna.
1.1.2. Proposamena 3.1. atalean ezarritako epean aurkezten ez duten ikastetxeei ofizioz esleituko zaie oinarrizko egutegi hau:
–Oro har, ikasturtea irailaren 1ean hasi eta uztailaren 17an bukatuko da.
–Ikastetxea soilik 208 egunez irekiko da. Lehen biak eta azken biak zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.
–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: azaroaren 1a; abenduaren 3a, 6a, 8a eta 25a; urtarrilaren 1a eta 6a; martxoaren 19a; apirilaren 2a, 3a eta 6a; maiatzaren 1a; abuztuaren 15a; eta udalak herriko zaindaria dela-eta ezartzen duen jaieguna.
–Lanik gabeko egunak izanen dira abenduaren 24a, otsailaren 16a eta 17a eta martxoaren 20a.
–Eguberrietako oporrak abenduaren 25etik urtarrilaren 7a arte izanen dira, biak barne.
–Aste Santuko oporrak apirilaren 2tik 6ra arte izanen dira, biak barne.
1.2. Ikastetxe pribatuak.
1.2.1. Ikastetxeko egutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:
–Haurrez zuzenean arduratzeko egunak gutxienez 175 izanen dira.
–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a, 8a eta 25a, urtarrilaren 1a eta 6a, martxoaren 19a, apirilaren 2a, 3a eta 6a, maiatzaren 1a, abuztuaren 15a eta udalak herriko zaindariari eskainia ospatzen duena.
1.3. Ikastetxe publiko eta pribatuentzako egutegiko aldaketak.
Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.
2.–Irizpide orokorrak, ikastetxe publiko eta pribatuen ordutegia prestatzeko.
2.1. Ikastetxeko ordutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:
–Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, biak barne.
–Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa.
–Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ez da baimenik izanen ikastetxean sartzeko, arrazoi justifikatuekin izan ezik.
–Eguneko lanaldia antolatzeko ardatza izanen da haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoa.
2.2. Ikasturte hasieran haurren egokitzapen aldirako plangintza egin beharko da eta, besteak beste, honakoak hartuko dira kontuan: egokitzapena errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza eta ordutegien eta ikastetxearen antolaketaren malgutasuna. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du egokitzapen epe horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik. Betiere, haurrak pixkanaka hasiko dira eta, horretarako, gehienez ere hamabost eguneko hezkuntza arreta izanen da, familiaren egoera eta beharrak ere kontuan hartuta.
2.3. Gainera, ikastetxe publikoetan:
–Haurrak zein modalitatetan (osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak. Horren edozein aldaketa familiei jakinaraziko zaie matrikula egiteko unean.
–Haurrez arduratzeko ez den denbora, lanaldia osatu arte, familiekin izaten diren bilerak, koordinazio-lanak eta prestakuntza-jarduerak egiteko erabiliko dute ikastetxeetako hezkuntzako langileek.
3.–Tramitazioa.
Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:
3.1. Ikastetxeko entitate titularrak egutegia eta ordutegia igorriko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura 2014ko ekainaren 2a baino lehen, unitateek zer-nolako lanaldia duten (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta.
3.2. Egutegiak eta ordutegiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dira: sie/hiz@navarra.es eta horrek, haiek aztertu ondoren, onetsi edo ukatuko ditu. Onetsitzat joko dira 2014ko ekainaren 30erako jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetakoak. Horietakoren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio.
3.3. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2014ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte egutegia eta ordutegia, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, beren unitateen lanaldia (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, haiek aztertu ondoren, egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, eta ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.
3.4. Egutegia eta ordutegia onetsirik, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko Zuzendaritzaren erantzukizuna izanen da haiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena egutegien ezarpena gainbegiratu eta kontrolatzea.
3.5. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki oholean jarriko dira ikusgai, eta ez dira inoiz aldatuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimenik gabe, entitate titularrak hala eskatuta.
Iragarkiaren kodea: F1401717