35. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41E/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Igantzin hondakin urak sare orokorrera bideratzeko proiekturako, Igantziko udal mugapean. Sustatzailea Igantziko Udala da.

2013ko urriaren 1ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (kondukzioak uraren goi hornidurarako eta saneamendurako, lurzoru urbanizaezinean egiten ez direnean). Horiek ez dira jaso Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko beste ezein eranskinetan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketak helburu du hondakin urak bideratzea etxebizitza partikular baten kutxatilatik Igantziko sare orokorrera, hobi septiko bat deuseztatzeko. Horretarako, zanga bat eginen da (90 m luze, 0.30 m zabal eta 0.50 m sakon). Bertan PVCko hodi bat paratuko da, 160 mm-ko diametrokoa.

Espedientean Igantziko Udalaren 2013ko azaroaren 26ko aldeko txostena jaso da, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2014ko urtarrilaren 16koa ere. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Igantzin hondakin urak sare orokorrera bideratzeko proiekturako, Igantziko udal mugapean. Sustatzailea Igantziko Udala da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

–Obra egin ondoren, ukitutako eremuan belarra ereinen da.

–Zanga estali ondoren, auzoko bidea gurutzatzen duen tartea asfaltatuko da.

–Udalak begiratuko du udalaren eskumeneko determinazioak betetzen direla, eta, ingurua lehengoratzeari dagokionez, lurzatiaren baldintzak eta azken egoera zainduko dira, paisaiaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, azpiegiturari lotutako elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Igantziko Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 30ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1401605