35. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37E/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Noain Elortzibarko Hirigintzako Udal Planeko 5. eta 6. eremuetan (AR-1 banaketa eremua) determinazio xehakatuak eta egiturazko aldaketa egiteko. Sustatzailea Carpintería Iruña Mobel, S.L. da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen III E eranskinean xedatuarekin bat, ingurumen ebaluazio estrategikoa egiten zaio Noain Elortzibarko Hirigintzako Udal Planeko 5. eta 6. eremuetan (AR-1 banaketa eremua) determinazio xehakatuak eta egiturazko aldaketa egiteko proiektuari.

2013ko maiatzaren 22an, nahikotasunaren tramitean, aldaketaren azterlan akustikoa eta lur soberakinen kudeaketaren justifikazioa eskatu zaizkio sustatzaileari. Dokumentazioa osatu ondoren, 2013ko ekainaren 18an nahikotasunaren txostena egin zen.

Aldaketa 2013ko uztailaren 3an hasiera batean onetsi ondoren, espedientea jendaurrean paratu zen hura 2013ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, uztailaren 18an. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Aldaketak helburu du AR-1 banaketa eremua zehaztea antolamendu xehakatu baten bidez, egungo industria erabilerak bizitegitarako, merkataritzarako eta hirugarren sektoreko erabilerekin ordeztuz.

AR-1 banaketa eremuaren barnean planeamendu indarduneko 5. eremua eta UE 6.1 exekuzio unitatea daude. 18 lurzatik osatzen dute, eta lurzoru urbanizagarriaren azalera, guztira, 44.904,41 m²-koa da, industria erabilera duena. Eremu hori guztiz zelaia da ia-ia. Iparraldean, Oriz kalea eta Imarkoaingo bidea ditu mugak, egungo bizitegitarako lurzoruaren erremate gisa; hegoaldean, Iruña-Zaragoza trenbidea; ekialdean, N-121 errepidea; eta mendebaldean, Real kalea. Honako hauek dira egungo erabilerak: industriaren erabilerako eremu bat, lurrak botatzeko eta metatzeko lekua eta nekazaritzarako lurzati bat.

Antolamenduaren proposamenak jarraipena eman gogo dio Noaingo hiriguneko bizitegitarako garapenari, iparraldean bizitegitarako eta hirugarren sektoreko eremu bat eratuz. Hegoalderantz, helburua da hegoaldeko eta mendebaldeko ertzak berdegune zuhaiztunekin errematatzea, joan-etorrietako bide nagusietatik isolatzeko eta bide horietaz haratagoko landa lurrekin lotzeko. Eremu horretan aisialdirako baratzeak aurreikusten dira, ureztatzeko idoia bat dutela, ura hornidura orokorreko saretik hartzen duena.

Aldaketak natur inguruneko osagai nagusien gainean izanen duen eragin orokorra, kontuan izanik ingurumen ondorioen azterlanean aurreikusten diren neurri zuzentzaileak, prebentziokoak eta konpentsaziokoak, negatibotzat eta apaltzat jo da exekuzio fasean, eta positibotzat ustiapen fasean, paisaiaren, lurzoruaren erabileren, faunaren eta landareriaren gaineko eragina dela eta.

Irailaren 5ean, aldaketaren dokumentazio osoa jaso zen, eta AR-1 lurzatiaren eragin akustikoaren azterlana eta ingurumen ondorioen azterlana dakartza.

N-121A errepidearen eta trenbidearen eragin akustikoez bezainbatean, azterlan akustikoaren ondorioak ardatz hartuta, neurriak proposatzen dira kalitate akustikoari buruzko helburuak betetzeko, hala nola pantaila akustikoak N-121 errepidearen eta trenbidearen inguruan paratzea.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduran, txostena egin du ingurumeneko baldintzak eransteari buruz Noaingo Hirigintzako Planeko aldaketan, eta aldeko txostena egin du, ingurumeneko baldintzak zehaztuz.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egiten da Noain Elortzibarko Hirigintzako Udal Planeko 5. eta 6. eremuetan (AR-1 banaketa eremua) determinazio xehakatuak eta egiturazko aldaketa egiteko. Sustatzailea Carpintería Iruña Mobel, S.L. da.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:

–Bizitegirako proposamen hori gauzatzeko, azterlan akustikoan kontuan izandako neurri zuzentzaileak aplikatu behar dira, eta hala jaso behar da AR1eko hirigintzako fitxan. Aurreikusten denez aldaketa hainbat etapatan garatzea, bata bestetik bereiz, neurri horiek aplikatzea eta garatzea loteslea izanen da, eta lehendabiziko fasetik beretik aplikatuko dira.

N-121 errepidearen ondoko ekipamendutarako eremuei dagokienez, kontuan hartuko da azkenean esleituko diren erabilerek ere kalitate akustikoari buruzko helburuak bete behar dituztela.

–Bestalde, N-121 errepidearen zortasun akustikoaren eremuan dagoenez, eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, sustatzaileak aurkeztu beharko du Herri Lan, Garraio eta Telekomunikazio Departamentuak, bide azpiegituraren titular gisa, nahitaez eman beharreko txostena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Noain Elortzibarko Udalari eta sustatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 28an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1401607