1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
7/2014 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duen Osasuneko kontseilariaren martxoaren 31ko 31/2008 Foru Agindua aldatzen duena.
Azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak indarra hartu zuenetik, erregelamenduzko hainbat arauren bidez, Osasun Departamentua saiatu da herritarrei laguntza hobea ematen, eta zerbitzuen zorroa zabaldu du egun duen garapena lortu arte.
Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak, dagoneko, ezartzen zuen autonomia erkidegoek, beren eskumenen esparruan, zerbitzuen zorroak onesten ahalko zituztela eta horietan Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzuen zorroa sartu beharko zutela gutxienez.
Osasun kontseilariak eman martxoaren 31ko 31/2008 Foru Aginduaren bidez Osasunbideko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Aholku Batzorde Teknikoa sortu zen.
Batzordea eratu zenez geroztik, aldaketa aipagarriak egin dira Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzuen Zorroari buruzko oinarrizko araudian eta, halaber, aldaketa garrantzitsuak egin dira hala Osasun Departamentuan nola Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, eta horrek ekarri du batzorde horren osaera nahiz eginkizunak aldatu behar izatea.
Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak kategorizazio berria ekarri du Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzuen Zorroan, eta aldaketa garrantzitsuak egin ditu haren erregulazioan, zein oinarrizko arauditzat hartzen baita.
8. quinquies artikuluan, errege lege dekretu horrek adierazten du ezen, autonomia erkidegoek, nork bere eskumenen esparruan, badaukatela dagozkien zerbitzuen zorroak onestea, eta horiek, gutxienez, Osasun Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Arrunta sartuko dute, modalitate hauetan: laguntza zerbitzuen oinarrizkoa, gehigarria eta zerbitzu osagarriena.
Orobat, arautzen du autonomia erkidegoek zilegi dutela zerbitzuen zorroan sartzea zerbitzu gehigarri gisa Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzuen Zorro Arruntean begietsita ez dauden zenbait teknika, teknologia edo prozedura, eta, horretarako, beharrezko baliabide gehigarriak ezarriko dituzte, nork bere aurrekontuaren kargura.
Nolanahi ere, zerbitzu edo prestazio osagarri horiek edozein prestazio publikotarako ezarritako baldintza tekniko berberak bete behar dituzte, eta, haiek onesteko, beharrezkoa izanen da Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak aldez aurreko txosten arrazoitua egitea eta erkidegoak aurretik finantza arloko nahikotasunaren bermea izatea, aurrekontuaren egonkortasunaren gaineko irizpideak betetzeari dagokionez.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak 2013ko irailaren 19an egin osoko bilkuran hartutako erabakian Nafarroako Gobernuari eskatu zion urtebeteko epean Nafarroako Osasun Zerbitzuen Zorroa prestatzeko.
Hori dela bide, eta osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Aholku Batzorde Teknikoa aldatzea.
AGINDU DUT:
Bakarra.–Osasun kontseilariak martxoaren 31n eman 31/2008 Foru Agindua aldatzea, Osasunbideko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duena.
Bat.–Lehenengo ataleko a), b) eta c) letrak aldatzen dira. Hona hemen idazketa berria:
a) Azterlan bat egitea Nafarroako osasun sistema publikoak egun eskaintzen dituen osasun prestazio guziei buruz, herritarren beharretara egokitzen ote diren jakiteko.
b) Nafarroako Osasun Zerbitzuen Zorroaren proposamena egitea; horrek, gutxienez, Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzuen Zorro Arrunta bildu behar du.
c) Aztertzea noraino den beharrezkoa, egokia teknikaren aldetik eta egingarria ekonomiaren aldetik, Nafarroako Osasun Zerbitzuen Zorroan eranstea edo mantentzea Osasun Zerbitzu Nazionaleko Zerbitzuen Zorro Arruntean begiesten ez diren zenbait teknika, teknologia edo prozedura, prestazio osagarriak deitzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontuen kargura finantzatu beharrekoak.
Bi.–Bigarren atala aldatzen da. Hona hemen haren idazketa berria:
Osasunbideko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Aholku Batzorde Teknikoa honela osatuta egonen da:
a) Osasuneko zuzendari nagusia, batzordeko buru arituko dena.
b) Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.
c) Nafarroako Ospitaleguneko zuzendaria.
d) Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.
e) Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendaria.
f) Prestazio eta Itun Zerbitzuko burua.
g) Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.
h) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako zuzendaria.
i) Tuterako Reina Sofía Ospitaleko zuzendaria.
j) Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
k) Berrikuntza eta Ebaluazio Ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1401512