4. PROZEDURA JUDIZIALAK
IRUÑEKO MERKATARITZAKO 1. EPAITEGIA
Ediktua. 327/2012 konkurtso-prozedura
Aditzera ematen da 327/2012 konkurtso prozedura bideratzen ari dela epaitegi honetan, eta ondasun higiezinen enkantea egiteko ediktua eman dela, hitzez hitz hauxe dioena:
Ediktua:
Resurrección Ganuza Jacoisti, Iruñeko Merkataritzako 1. Epaitegiko idazkaria.
Aditzera ematen dut: organo judizial honetan bideratzen ari diren 327/2012 konkurtso laburtuaren autoetan erabaki da ediktu honen atal nagusian azaltzen diren ondasun higiezinen enkante publikoa egitea (hasiera batez 842.151,68 euroan baloratu dira), eta halaxe adierazten da ekitaldia organo honetako bulegoetan egin dadin 2014ko ekainaren 18ko 09:30ean, baldintza hauei jarraikiz:
Lehenbizikoa.–Posturak egiteko baldintzak. Enkantean parte hartzeko, lizitatzaileek beren nortasuna frogatu beharko dute. Enkantearen baldintzak ezagutzen dituztela aitortu beharko dute. Epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailu eta kontsignazioen kontuan (3188000052032712 zenbakiduna) gordailua egin izanaren gordekina aurkeztea, edo enkantean jartzen diren ondasunen balioaren %5eko banku abala jarri izanarena (gordailu hori osorik edo partez hirugarren batengandik jasotako diruarekin egiten bada, halaxe adierazi beharko da gordekinean).
Bigarrena.–Idatzizko posturak. Idatzizko posturak enkantea iragartzen denetik hura hasi arte egin daitezke. Gutun-azal itxietan aurkeztuko dira, adierazitako baldintza berberetan. Gutun-azalak enkantearen hasieran irekiko dira. Gutun-azaletako posturak jendaurrean eginen dira, besteekin batera, eta ahoz egiten direnen ondorio berberak izanen dituzte (PZLaren 648. artikulua).
Hirugarrena.–Titulazioa eta kargak. Enkantean parte hartzeak berarekin dakar posturagileek autoetan agertzen den titulazioa askitzat hartzea edo, hala bada, titulaziorik ez dagoela onartzea. Erregistroko ziurtagiriak eta, hala badagokio, ondasunen titulazioa epaitegiko idazkaritzan daude ikusgai (PZLaren 668. eta 669.2 artikuluak).
Laugarrena.–Lizitatzaileak. Behin betiko zerrendan kredituak onartzen zaizkien hartzekodunak, barnean direla enkantean jartzen den ondasunaren gainean lehentasun berezia aitorturik dutenak, hirugarrentzat joko dira ondorio guztietarako, eta ez zaie aplikatuko Prozedura Zibilari buruzko Legearen 647. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoa. Dena dela, esleipen-hartzaileak betearazpenpeko ondasunaren gaineko lehentasun berezirik baldin badu, behin errematea onetsirik, kontsignatu beharreko azkeneko kantitatearen kalkulua egin dezakete administratzaileek, ikusirik haren lehentasuna, enkantean jartzen den ondasunaren gainean dauden gainerako lehentasunak eta enkantean parte hartzeko jarritako kantitatea. Administratzaileek likidazio hori egin ondoren, eskuratzaileak, kasua bada, kendura kontsignatu beharko du, likidazioa jakinarazi eta 40 eguneko epean.
Bosgarrena.–Errematea onesteko baldintzak, onartzen diren posturak.
1.–Posturarik onena enkantean jartzen den ondasunaren balioaren %70ekoa edo handiagoa bada, errematea posturagile onenaren alde onetsiko da, eta horrek berrogei eguneko epea izanen du jarritako diruaren eta errematearen azkeneko prezioaren arteko aldea ordaintzeko.
2.–Postura guztiak enkantean jartzen den ondasunaren balioaren %70etik gorakoak badira, baina behar adinako banku- edo hipoteka-bermea aurkeztu eta epeka ordaintzea eskaintzen badute, postura horietatik onenaren aldeko errematea onesten ahalko da.
3.–Enkanteko posturarik onena enkantean jartzen den ondasunaren balioaren %70etik beherakoa izanez gero, posturarik onenaren aldeko errematea onetsiko da, baldin eta likidatzaileek ez badute postura hori hobetzen duen hirugarrenik aurkezten hamar eguneko epean, tasazio balioaren %70etik gorako diru kopurua eskainiz.
Seigarrena.–Posturak egin ahal izateko gordailuen xedea. Errematea onetsita, posturagileei jarritako dirua itzuliko zaie, posturagile onenari izan ezik. Gainerako posturagileek eskatzen ahalko dute bakoitzak jarritako dirua epaitegiaren esku gelditzea, erremategileak gainerako dirua ordaindu ezean, haren ondotik daudenen aldeko errematea onets dadin, egindako posturen arabera (PZLaren 652. artikulua).
Zazpigarrena.–Enkantearen porrota. Erremategileak falta den dirua ezarritako epean ordaintzen ez badu edo bere erruagatik salmenta ondoriorik gabe gelditzen bada, egindako gordailua galduko du (PZLaren 653. artikulua).
Zortzigarrena.–Kargak ezereztea. Ondasuna esleiturik, konkurtsoa deklaratu aurreko karga guztiak ezerezteko agindua emanen da, baita gerokoak ezerezteko ere, PLZaren 674.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Bederatzigarrena.–Eskuratzaileak ordaindu beharreko zergak. Eskuratzaileak ordainduko ditu eskualdatzearen gaineko zerga, BEZa eta lurren balio igoeraren gaineko udal zerga (gainbalioa). Horien zenbatekoak ez dira inolaz ere esleipen prezioan sartuta egonen. BEZa duten eragiketetan, esleipen-hartzailea enpresaburua edo profesionala bada, errematearen prezioa besterik ez da jarriko, zerga hori gabe.
Hori hala da BEZaren legean subjektu pasiboak izandako aldaketaren ondorioz, izan ere, Konkurtso Legea berritzeari buruzko urriaren 10eko 38/2011 Legearen azken xedapenetako hamaikagarrena bis-aren arabera, BEZaren zenbatekoa zuzenean sartu beharko du Ogasunean esleipen-hartzaileak.
Hamargarrena.–Ondasun higiezinak aztertzea. Balizko erosleek ondasun higiezinak aztertzen ahalko dituzte eta, horretarako, mezu elektroniko bat bidali beharko dute, enkanteko ondasunak aztertu nahi dituztela adierazteko, helbide honetara: aoteiza@abrestudiojuridico.com
Mezu elektronikoa enkanterako zehazten den eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez bidali beharko da.
Finkaren identifikazioa:
–Deskripzioa: –Ribaforadako 6.054. finka. Ribaforadako (Nafarroa) El Ginestar industrialdean, Iruña-Zaragoza errepideko 104. kilometroan. Hiru industria-nabeko multzoa eta beste barrundegi batzuk.
–Erregistroko identifikazioa: 3.108. liburukia, 125. liburua, 191. orria. Tuterako 1. Jabetza Erregistroa.
Katastroko erreferentzia: 3 520 1 1-3 520 1 2-3 520 1 3- 3 520 1 4-3 520 1 5-3 520 1 6-3 520 1 7-3 520 1 8-3 520 1 9.
–Edukitza-egoera: desokupatutako finka.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 28an.
Idazkaria.
Eta enkantean parte hartu nahi dutenei jakinarazteko balio izan dezan, honako hau egin eta sinatzen dut.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 29an.–Idazkari judiziala, Resurrección Ganuza Jacoisti.
Iragarkiaren kodea: J1401438