1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
17/2014 FORU DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, María Victoria eta Encarnación Flamarique Zaratiegui andreei, “Flamarique ahizpei”, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diena.
María Victoria eta Encarnación Flamarique Tafallako jotariak dira, “Flamarique ahizpak” izena erabilita ospe artistikoa lortu dutenak. Nafarroako Jotaren historian prestigio eta onarpen handia lortu duten emakumezkoen lehen bikotea da, eta lan didaktiko bikaina egin dute bere izeneko Joten Eskolan, 40 urte bete dituena.
Nafarroako Jota gure lurreko kultura eta tradizioaren funtsezko adierazpen bat da. Hasieran gizonezkoek baino ez zuten kantatzen, bakarka edo bikoteka, baina gaur egun interprete gehienak emakumezkoak dira. Aldaketa horretan, Flamarique ahizpek oinarrizko lana egin dute.
1948tik 1976ra bitarte jarduera artistiko handia egin zuten, estiloak eta letrak sortuz eta Nafarroako herri askotan abestuz, bai eta Espainiako beste eskualde batzuetan eta Venezuelan ere. 1955etik 1957ra bitarte herrialde horretan bizi ziren. Halaber disko asko grabatu zuten, zeinek laguntza erabakigarria eman baitzuten Nafarroako Jotak onarpena izateko.
1973an Vitorik eta Encarnak Nafarroako lehen Joten Eskola Ofiziala sortu zuten Tafallan. 1988tik aurrera beren izena du eskolak, eta bertan ehunka gazte aritu dira Nafarroako herri arimaren adierazpen errotuenari ahotsa eta arima jartzen.
Flamarique ahizpak Nafarroako Jotaren adierazpen bizia dira. Indarrez eta sentikortasunez kantatzen dute, poza eta emozioa transmitituz. Honako hau idatzi zuen aita Valeriano Ordóñezek, Jotaren jakintsu handi horrek, haiei buruz: “Hogeita bost mila jota ateri ziren haien eztarrietatik. Handienek eta txikienek entzun zituzten”.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Nafarroako Jotaren sustapen esparruan hain lan eredugarria egin duten pertsonak saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. María Victoria eta Encarnación Flamarique Zaratiegui andreei, “Flamarique ahizpei”, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunei jakinaraztea.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2014ko otsailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
Iragarkiaren kodea: F1401852