32. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABREDO

Cabredoko landabide publikoen erabilera
arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cabredoko Udalak, 2013ko azaroaren 14an egin osoko bilkura berezian, legeak eskatzen duen gehiengoaz, hasiera batean onetsi zuen Cabredoko landabide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza.

Iragarkia toki entitate honen iragarki oholean argitaratu da, baita 2013ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, abenduaren 12an. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa argitara ematen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Cabredon, 2014ko urtarrilaren 22an.–Alkatea, Arantzazu Fernández Cayetano.

Cabredoko landabide publikoen erabilera
arautzen duen ordenantza

Cabredoko landabide publikoen sarea cabredotar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Cabredoko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe dela, Cabredoko Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Cabredoko Udalaren landabide publikoen erabilera arautzea indarra duen araudiarekin bat, baita tasa bat ezartzea ere haiek erabiltzeagatik.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Cabredoko landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

a) 2 metro zabaleko bideak edo zabalagoak: lurzati berrantolamenduko bideak, gehienbat: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak dira eta dagokien planimetrian agertzen dira.

b) 2 metro zabal ez diren bideak: bertze bideak, zolan lurra dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik aurrera eraman ez direnak. Orobat dira bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak...

c) Mendiko bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko direnak.

3. artikulua. Ordenantzaren aplikazio eremua.

Ordenantza hau Cabredoko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, landabide publikoetan ibilgailuen joan-etorrietarako behar badira.

4. artikulua. Kontserbazioa.

Cabredoko Udalak zainduko du 2.1.a), b) eta c) ataletan zehazten diren mendiko bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).

5. artikulua. Trafikoko arau orokorrak.

Cabredoko udalerriko landabide publikoetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

Bereziki, seinalerik ez duten bidegurutzeetan, trafikoari buruzko arau orokorrek aginduko dute eta, beraz, eskuinetik dabilenak izanen du lehentasuna.

6. artikulua. Erabilera onartuak.

Bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Udalak, salbuespen gisa, baimena ematen ahal du ibilgailu motordunen inguruko lehiaketa ofizialetarako eta turismo jardueretarako, taldeek edo entitateek antolatuak direnean.

7. artikulua. Mugak.

Muga hauek ezarri dira bideetan dabiltzan ibilgailu motordun edo ibilgailu multzo guztientzat.

Pisua, gehienez ere: 26 tona, ibilgailuendako baimendutako gehieneko masa multzoarentzat (multzotzat ondoko hau joko da: motoredun ibilgailu kargatuaren masa gehi daraman atoi kargatuarena, bide publikoetan erabiltzeko).

Abiadura, gehienez ere: 30 kilometro orduko, ibilgailu berezientzat; 40 kilometro orduko, gainerako ibilgailuentzat; aldiz, bide estuetan edo malda gehiegizkoetan, 20 kilometro orduko.

Ur ibilguen gaineko pasabideetan muga ezartzen ahalko zaio pisuari, beharrezkoa balitz, kasu bakoitzerako gehieneko tona kopurua finkatuta.

Lehentasuna dute nekazaritzan eta abeltzaintzan dabiltzan ibilgailuek gainontzekoen aldean. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.

Salbuespen gisa, Cabredoko Udalak baimena ematen ahalko du aurreko atalean ezarritako gehieneko pisua baino handiagoko ibilgailuetarako, inguruabar hauek kontuan hartuta:

1. Salbuespeneko erabilera denean, nekazaritza, abeltzaintza edo antzeko helbururako denean.

2. Cabredoko Udalaren iritziz udalerriarentzat interes orokorrekoak diren beste erabilerak, salbuespenekoak.

Baimena eskuratzeko, aldez aurretik eskaera bat beharko da, artikulu honen lehen lerroaldean ezarritako gehieneko pisua baino handiagoko ibilgailu batekin Cabredoko landabide publikoetan ibiltzeko salbuespeneko erabilera behar duen pertsonak edo entitateak aurkeztua.

8. artikulua. Salbuespen gisa emandako baimenak.

Aurreko artikuluan adierazitako zama muga gainditzen duten ibilgailuek edo ibilgailu multzoek, lizentzia eskatzen ahalko diote Udalari, salbuespen gisa.

Ibilgailu eta/edo ibilgailu multzo astun hauentzako lizentzia eskuratzeko fidantza bat jarri beharko da, 1.500 eurokoa. Lizentziak zehazten duen epean utzi beharko da fidantza eta, betiere, hura erabili baino lehen; bestela, baliorik gabe geratuko da lizentzia.

Lizentziaren titularrak, nahiz eta fidantza eman, bere gain hartuko ditu bideetan egiten diren kalteak, horien konponketak fidantzaren zenbatekoa gainditzen duenean, eta fidantza itzuli eginen da, bidea kalterik gabe lehengoratu dela egiaztatzen denean.

Baimen eskabideei buruzko ebazpenak Alkatetzak emanen ditu, gehienez ere hiru hilabeteko epean. Ondorioak izanen dituzte eman eta biharamunean, urtebeterako, ezpada eskatzaileak lan publiko batek dirauen bitarterako eskatzen duela.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak etab. nolakoak diren, Udalak egoki iruditzen zaizkion mugapen eta fidantza osagarriak ezarriko ditu.

Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.

9. artikulua. Salbuespenezko baimenak ematea.

Baimen eskabideak ofizialki ezarritako ereduan aurkeztuko dira; haietan datu pertsonalak, ibilgailuen gainekoak eta eskatzen den salbuespenezko erabilerari dagozkionak emanen dira. Eskatzailearen deklarazio bat bildu beharko dute, non agertuko baita 6. artikuluan ezarritako muga gainditzen duten ibilgailuekin edo ibilgailu multzoekin noiztsu ibili nahi duten bideetan.

Baimena eskatzen ahalko dute Cabredoko herritarrek, bai eta bertze pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute, betiere ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

10. artikulua. Cabredoko landabide publikoetako erabilera debekatuak.

Cabredoko landabide publikoetan zeharo debekaturik daude ekintza hauek:

1. Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak gainditzea.

2. Areka eta bideak lantzea. Finkak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera.

3. Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

4. Ureztalurretako lurzatietan, bideak aspertsoreekin bustitzea. Aspertsoreak bide ondoan jarri ahalko dira, baina bira-erdiko sistema dutela edo halako mekanismo bat jarriz, ura bideetara joan ez dadin. Ureztatzeko sistema hori jarri ezean, bidearen kanpoko mugaren 12 metrora jarri beharko dira aspertsoreak.

5. Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan eta Ordenantza honen 10. artikuluan xedatuekin bat.

6. Lasto metak egitea areketatik 4 metro baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

7. Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

8. Areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza lanak egitean, haietara lurra bota eta estaltzea.

9. Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

10. Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

11. Nekazaritzako hondakinak (aihenak, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

12. Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

13. Udalerriko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

14. Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bideetara ateratzea, zuzenean areka eta hustubideetara eraman behar baitira.

15. Lehiaketak eta lasterketak, Administrazioak baimendu ez baditu, baita paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa faunarentzat arriskugarriak izan daitezkeen gidatzeko modu bortitz guztiak. Salbuespen gisara, Cabredoko Udalak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

11. artikulua. Areken eta finketako pasabideen garbiketa eta mantentze lanak.

Finken titularrek izanen dute arekak eta finketako pasabideak garbitzeko ardura, landabide publikoak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

12. artikulua. Finka pribatuetan sartzeko pasabideak.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Cabredoko Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko edo aldatzeko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere.

Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietarako sarbideak trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

Cabredoko Udalak fidantza eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

13. artikulua. Finken itxiturak.

Finken itxituretarako zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

Horrez gain, gutxienez 6 metroko tartea utzi beharko da bidearen erditik finkaren itxituraraino.

14. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

Arau-hausteetan maila hauek izanen dira, larritasunaren arabera:

1. Arau-hauste arinak. Arau-hauste arinak izanen dira ordenantza honen 10. artikuluko 1-15. puntuetan (biak barne) jasotako debekuak ez betetzean egindakoak, bai eta ordenantza honen 7. artikuluan adierazten den abiadura gainditzeagatik.

2. Arau-hauste larriak. Arau-hauste larriak izanen dira bi arau-hauste arin egitea eta eragiten ahal diren kalteen bermearengatik ordenantza honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarritako fidantza ez ordaintzea, ordenantza honen 7. artikuluan adierazitako abiadura gainditzea, horrek arrisku larria dakarrenean landabide publikoetan beste ibilgailu batzuk, pertsonak edo abereak ibiltzeko.

3. Arau-hauste oso larriak. Arau-hauste oso larriak izanen dira bi arau-hauste larri egitea eta Cabredoko landabide publikoetan ordenantza honen 7. artikuluan finkatutako gehieneko pisua baino handiagoa duten ibilgailuak erabiltzea, erabilera hori Cabredoko Udalak espreski debekatu baldin badu.

15. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteak egindako arau-haustearen larritasunaren arabera zehatuko dira, honela:

1. Arau-hauste arinek 150,00 euroko isuna izanen dute zehapen.

2. Arau-hauste larriek 300,00 euroko isuna izanen dute zehapen.

3. Arau-hauste oso larriek 600,00 euroko isuna izanen dute zehapen.

Zehapen horiek ez dituzte salbuetsiko arau-hausleak eragindako kalteak direla-eta dagozkien kalte-ordainetatik, hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

16. artikulua. Azken xedapenak.

Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1400986