1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
16/2014 FORU DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, Ángel Ruiz de Erenchun Oficialdegui jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Ángel Ruiz de Erenchun Iruñean jaio zen eta abokatu lanetan nabarmendu da berrogeita hamar urtean. Abokatutzako kargu instituzional garrantzitsuetan aritu da, baita irakaslanetan eta lege-bilketan ere, eta erreinuko senataria izan da, Nafarroako Parlamentuak izendatua.
Iruñeko Abokatuen Elkargoko dekanoa izan zen 1983tik 1999ra bitarte, eta suspertu eta modernizatu zuen erakundea. Halaber, Espainiako Abokatutzako Kontseilu Nagusiko kidea eta Abokatu Piriniotarren Nazioarteko Federazioko lehendakaria izan da.
Irakaslanetan, Lan-harremanetako Gradudunen Eskolan, Erizaintza Eskolan, Iruñeko Udaltzaingoan, Foruzaingoan, Iruñeko Abokatuen Elkargoko Praktika Juridikoko Eskolan eta Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide fakultatetan aritu da.
35 urtez Aranzadi argitaletxe juridikoarekin elkarlanean aritu da, jurisprudentzia-bildumaren koordinatzaile eta hainbat argitalpenen zuzendari (hala nola, Zigor Legedia, Zigor Jurisprudentziako Hiztegia eta Zigor Kodea).
Bere jardueraren alderdi guztietan, Ángel Ruiz de Erenchunek zuzenbidearen ezagutza eta aplikazioa sustatu ditu, gure bizikidetza sistemaren oinarria eta gizartearen aurrerapena eta ongizatea lortzeko oinarrizko tresna den aldetik.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du abokatutza esparruan hain lan eredugarria egin duen pertsona saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. Ángel Ruiz de Erenchun Oficialdegui jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2014ko otsailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
Iragarkiaren kodea: F1401851