32. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, "Sarrigurengo Ekohiria" Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 8. ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da, "hiriko baratze ekologikoak" ezarri ahal izateko. Eguesibarko Udala da sustatzailea.

Sarrigurengo Ekohiriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala Nafarroako Gobernuaren 2000ko urriaren 16ko Erabakiaren bidez onetsi zen behin betiko (2000ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 13koa).

2012ko azaroaren 23an, Eguesibarko Udalak Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura igorri zuen Osoko Bilkurak 2012ko azaroaren 8an hartutako erabakiaren ziurtapena, zeinaren bidez 8.1.2 puntua aldatzea proposatu zen, honela: d) puntu bat eranstea UPSaren espazio libre naturalizatuetan baratze sozialak ezartzea ahalbidetu eta arautzeko, betiere araubide ekologikoan, bai eta erabilera horretarako beharrezkoa den ingurumen arloko aholkularitza ezartzeko ere.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren 2013ko urriaren 15eko 1426 Ebazpenaren bidez (2013ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 14koa), aldaketaren tramitazioari hasiera eman zitzaion, espedientea jendaurrean jarri zen eta entzutea eman zitzaien ukitutako udalei, hilabetez. Epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu.

Ebroko Ur Konfederazioak, Urei buruzko Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluarekin bat, 2013ko irailaren 2an aldaketaren aldeko txostena eman zuen jabari publiko hidraulikoari, korronteen araubideari eta eskaera hidriko berriei dagokienez. Era berean, hainbat aurreikuspen orokor eman dira, kontuan hartu beharko direnak, proposamena ukitzen duten neurrian.

2014ko urtarrilaren 9an, Iruñerriko Mankomunitatearen txostena jaso zen, non adierazten zen proposamen horretan ez dela kuantifikatu baratzeek kontsumituko duten ur-emaria, ez eta baratze horiek lurzatietan nola banatuko ote diren ere, edota isurketarik gertatuko ote den. Adierazten da baita ere, ureztaketaren eskaera hornikuntzako sare nagusiaren hargunetik hartzen bada, Iruñerriko Mankomunitateak sarearen ahalmenaren berri eman beharko duela. Bestalde, ohartarazten da saneamenduko kolektorea bere ahalmena ahitzen ari dela. Hori horrela, eskaera egin du dokumentazioa osatu eta Iruñerriko Mankomunitateari igortzeko, horrek aztertu ahal izan dezan hiriko baratzeen proposamenak zer nolako eragina izanen duen hornikuntza eta saneamendu zerbitzuetan. Alabaina, aldaketaren xedea da berdegunetarako pentsatutako espazio libre naturalizatuen lurzati jakin batzuetan baratze sozialak ezarri ahal izatea. Proposatzen dena ez da kuantifika daitekeen ezarpen jakin bat; aitzitik, proposamen bakoitza banan-banan kuantifikatuko da, eta definituko da ezarpen proposamen bakoitzak hornikuntza eta saneamendu zerbitzuan izanen duen eragina. Hortaz, uste da Iruñerriko Mankomunitateak ezarpen proposamenei buruzko txostena eman beharko duela, eta beraz, baldintza hori gehituko zaio araudiari.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2014ko urtarrilaren 3an egindako txostena, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Sarrigurengo ekohiria" Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 8. ordenantzaren aldaketa behin betiko onestea, "hiriko baratze ekologikoak" ezarri ahal izateko. Eguesibarko Udala da sustatzailea.

2. Ebroko Ur Konfederazioak 2013ko irailaren 2ko txostenean xedatutakoa beteko du sustatzaileak.

3. Baratze soziala ezartzeko proposamen oro Iruñerriko Mankomunitatearen aldez aurreko txostenaren mende egonen da, hornikuntza eta saneamendu zerbitzuei dagokienez.

4. Ebazpen hau eta "Sarrigurengo ekohiria" Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 8. ordenantzaren 8.1.2 puntuaren testu berria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Eguesibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten. Puntu horren testu osoa eranskin gisa jaso da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 27an.–Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

ERANSKINA

8. ORDENANTZA

Ekipamendua, berdeguneak, espazio libre publikoak eta natura babesteko sistema

"O8.1.2. Erabiltzeko baldintzak. Erabilera onartuak:

a) Ekipamendutarako lurzatietan eta eraikinetan:

Lurzatiarentzat definitutako erabilera zehatza baimentzen da. Araudi partikularrean ezartzen ez bada, edozein ekipamendu izaten ahalko da.

b) Berdeguneetan eta erabilera publikoko espazio libreetan:

Berdeguneari edo espazio libreari dagokion erabileraz gain, espazio horien xedearekin bateragarriak diren erabilerak baimenduko dira, betiere Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legearen Erregelamenduaren 18.1.2 artikuluan ezarritako mugen barnean, esaterako, azpiegiturak, hiriko zerbitzuen instalazioak edo natura babestekoak ezartzea.

c) Natura babesteko sistemari utzitako espazioetan:

Horietarako definitutako erabilera berariazkoa eta horretarako beharrezkoak diren instalazio edo eraikuntza guztiak, bai eta aurreko b) puntuan baimendutakoak ere.

Lorezaintzarako mintegiak ezartzeko kontzesioak baimenduko dira, betiere horiek ezartzen diren lursailen zerrenden zabaleraren %50 baino gehiago murrizten ez badute, sistema naturalen funtzionamendua oztopatzen ez badute, ahalik eta gutxien eraikitzen bada eta kristalezko azalerak eta altura gutxikoak lehenesten badira.

d) Espazio libre naturalizatuetan baimendua dago baratze sozialak ezartzea, betiere araubide ekologikoan, eta erabilera horretarako ingurumen arloko aholkularitza emateko beharrezkoak diren instalazioak jartzeko ere bai, betiere osagai natural ezberdinen arteko iragazkortasuna eta lotura errespetatuz.

Ondorio horietarako, hona zer hartuko den ingurumen arloko aholkularitza zerbitzuetarako beharrezko instalaziotzat: beheko solairuan egindako eraikin bioklimatikoa, 50 m²-ko azalerakoa eta 4 m-ko altuerakoa gehienez, baratzeetarako utzitako espazioan bestelako eraikuntzarik egiteko aukerarik eman gabe.

Erabilera horretara bideratutako espazioek –araubide ekologikoko baratze sozialak– honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Baratze sozialak ezartzeko lurzoruaren gehieneko azalera 11.000 metro koadrokoa izanen da. Baratzeak jartzeko loteak 500 m² baino txikiagoak eta 60 m² baino handiagoak izanen dira.

–Baratzeetarako utzitako eremuaren hesiak 2 metroko altuera izanen du gehienez, eta hormigoizko hormatxo batean jarritako hesi metaliko bat izanen da, eta zati opakuaren gehieneko altuera metro erdikoa. 15 metroan behin faunari pasatzen uzteko bideak utziko dira hormigoizko hormatxoaren gainean, itxieraren eta uraren iragazkortasuna bermatzeko. Eremuaren barnean gordetako lote indibidualen banaketa altuera txikiko landarezko itxituraren bidez eginen da.

–Lehentasunez, EN-2 lurzatian ezarriko dira, uste baita bertan oso eragin txikia izanen dutela eta ez dutela oztoporik jarriko pasabide ekologikoei dagokienez.

–Ureztaketa sistemari dagokionez, exudazio bidezkoa izanen da, sare nagusira lotutako hargune bakarretik, uste baita hori dela ura erabiltzeko aukeren artean arrazionalena.

–Baratze sozialetarako utzitako eremuen malda %6koa izanen da gehienez.

–Ez da baimenik emanen landaretza altua edo zuhaitzak landatzeko, aurretik zeudenak eta eremu komunetan egindakoak izan ezik.

Iragarkiaren kodea: F1401217