1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
15/2014 FORU DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, Ascensión Jiménez Esquíroz andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Ascensión Jiménez, “Atxen, Tafallan jaio zen eta bizitza osoa eman du Nafarroako kalitatezko produktuak eta goi mailako gastronomiakoak sustatzen bere jatetxearen bidez, Túbal izenekoa, ezinbesteko erreferentzia dena Nafarroako ostalaritzan.
Jaio zenetik, Atxen Jiménezek ostalaritzaren errealitate zorrotz eta sakrifikatua ezagutu du, bere gurasoek Tafallako taberna-jatetxe baten ardura baitzuten. Familiaren tradizio horri jarraituz, hamabost urte zituela jatetxe txiki bat bultzatu zuen. Bere etengabeko ahalegin eta ekimenari esker, jatetxe handia da gaur egun, ez bakarrik tamainarengatik, baita ahalbide ekonomiko ezberdineko mahaikide eta prestigio frogatuarengatik ere, plateren fintasunaren eta bezeroentzako tratu samur eta beroaren bitartez lortua. Balore horiek jatetxeko jardunbide egokiaren ezaugarriak dira, eta mantendu eta egonkortu dira bere seme-alaben Beatriz eta Nicolásen lan berritzaileari esker.
Denbora horretan guztian, Atxen Jiménezek tradizioa eta berrikuntza uztartu ditu, Nafarroako barazkien eta beste produktu batzuen kalitatea zabaldu du eta laguntza erabakigarria eman du Nafarroako ostalaritzaren kategoria goratzen, gaur egun nazio zein nazioarteko mailan Nafarroa ezagutarazten duena.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du ostalaritza esparruan hain lan eredugarria egin duen pertsona saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. Ascensión Jiménez Esquíroz andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2014ko otsailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
Iragarkiaren kodea: F1401849