1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
14/2014 FORU DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, Jesús María Muneta Martínez de Morentin jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Jesús María Muneta Martínez de Morentin Larragan jaio zen eta apez pauldarra, musikologoa, organista eta konpositorea da.
Musika ikasketak egin zituen Valentzian, Salamancan, Madrilen eta Erroman, eta gero Kantu Gregorianoko lizentzia, Musika Sakratuko eta Konposizioko maisutzak, Abesbatzen Zuzendaritzako eta Organoko diplomak eta Musikologiako doktoretza lortu zituen.
Teruelen bizi da 1975. urtetik. 1976. urtean Teruelgo Musika Institutua-Musika Kontserbatorio Profesionala sortu zuen, baita zuzendu ere, 2005. urtean erretiroa hartu zuen arte. Teruelgo Abesbatza Polifonikoa eta beste talde koral eta instrumental batzuk ere sortu zituen, eta Teruelen musika bizitza egituratu duten hainbat musika ziklo arrakastatsu sustatu ditu.
Musikologiaren esparruan, musika teoriako hainbat tratatu egin ditu, bai eta Aragoiko musika ondarearen hainbat lanen edizio kritikoak ere.
Konpositore honen produkzioa zabal-zabala da, hainbat formaziotarako 450 lan idatzi baititu. Garrantzizko orkestra sinfonikoek, abesbatzek eta solistek bere lanak maiz jotzen dituzte eta, horrela, bere izena zabaldu eta bere prestigioa eta aintzatespena handitzen dituzte. Bere lan eta ekimenari esker, Jesús María Munetak laguntza erabakigarria ematen du musika hedatzeko, hau da, ondasun kulturalaren funtsezko elementu hori hedatzeko.
Jesús María Muneta hertsiki eta etengabe lotuta egon da bere nafar lurrarekin, bereziki bere jaioterriarekin, Larragarekin, familiako eta adiskidetasunezko harremanak direla-eta. Berak atseginez nabarmendu ditu beti bere jatorria eta Nafarroarekin duen lotura.
Horrez gain, 2008. urtetik Larragan urtero egiten den “Diego Gómez organo zikloa” bultzatzen du.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du musika esparruan hain lan eredugarria egin duen pertsona saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. Jesús María Muneta Martínez de Morentin jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2014ko otsailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
Iragarkiaren kodea: F1401848