31. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak emana, errepide bidezko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaikuntzaren ziurtagiria eskuratzeko probetarako dei egiten duena.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak finkatzen du errepide bidezko garraio publikoan aritzeko ezinbesteko baldintza izanen dela lanbide gaitasuna izatea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunari dagokio proba horien deialdia egitea, Lurreko Garraioak Antolatzeari buruzko Legearen Erregelamendua onetsi zuen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuan xedatuarekin bat eta erregelamendu horren II. tituluko I. kapitulua lanbide trebakuntzaren ziurtagiriak ematearen arloan garatzen duen 1999ko maiatzaren 28ko Ministerioaren Aginduan xedatuarekin bat. Egun, horri lanbide gaitasuna deitzen zaio lehen aipatutako 16/1987 Legean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 1071/2009 EE Erregelamendura egokitzeko, zeinaren bidez arau orokorrak ezartzen baitira errepideko garraiolariaren lanbidean aritzeko bete beharreko baldintzei buruz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaikuntzaren ziurtagiria eskuratzeko probetarako deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen hau Garraio Zerbitzuari eta epaimahaikideei igortzea.

4. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Sustapeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 29an.–Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

ERREPIDEKO GARRAIOAN ARITZEKO BEHAR DEN LANBIDE GAIKUNTZAREN ZIURTAGIRIA ESKURATZEKO PROBETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehendabizikoa.–Xedea.

Lanbide gaikuntzaren modalitate hauen ziurtagiria lortzeko probak egitea da deialdi honen xedea.

–Errepide bidezko salgaien garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa.

–Errepide bidezko bidaiari-garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa.

Bigarrena.–Betebeharrak.

1. Ohiko helbidea Nafarroan duten pertsonek hartzen ahal dute parte deialdian. Izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarra duen nortasun agiri nazionalean ageri dena hartuko da kontuan.

2. Nortasun agiri nazionalean ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da honako kasu hauetan:

–Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen baldin badu azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean helbideraturik egon dela. Probak egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasiko da kontatzen epea.

–Erroldatze agiriaren arabera azken urtean helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izandako egun kopurua 185 baino gutxiago izan arren (probak egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik atzera kontatzen hasita betiere), izangaiak frogatzen baldin badu helbidea Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera beharturik egon dela, familia edo laneko arrazoiak direla kausa.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkezteko modua.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

–Interneten bidez, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian ageri den inprimakia betez, “Zerbitzuak” barruan, “Gaiak” atalaren “Garraioak” azpiatalean, “Garraiolarien lanbide gaikuntza, 2014” izeneko fitxa, hain zuzen ere.

–Deialdi honen I. eranskineko ereduaren araberako eskabidea aurkeztuz, Nafarroako Gobernuaren erregistro ofizialetako edozeinetan. Eskabidea eranskin honetatik atera daiteke, edo, bestela, Garraio Zerbitzuan eskatu.

2. Eskaeraz gainera, bi kasuetan, eskatzaileek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Indarra duen nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

Nortasun agiri nazionalean ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatekoa ez bada, erroldatze agiriarekin egiaztatu beharko du Nafarroan duela helbidea; agiri horretan adierazi beharko da azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean izan duela helbidea. Horretarako, ariketak egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita kontatuko da.

Erroldan izaten den antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan, azterketa egin ahal izateko, lortu nahi den gaitasunaren ziurtagiri bakoitzeko 12,00 euro sartu izanaren frogagiria.

3. Eskaera Interneten bidez egiten bada, agiri horiek Garraio Zerbitzura igorriko dira posta ziurtatuaren bidez (Alondegi kalea, 1-2. solairua, 31002 Iruña) edo bestela Nafarroako Gobernuko edozein erregistro ofizialetan aurkeztuko dira. Bestela, agiriak eta eskabidea Nafarroako Gobernuaren erregistro ofizialen batean aurkeztuko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea:

Probetarako izena emateko bidea bat edo beste izan, bai eskabidea bai agiriak 2014ko martxoaren 24tik apirilaren 11ko 14:30ak arte aurkeztu beharko dira.

Bosgarrena.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, 2014ko apirilaren 24an, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.navarra.es), eta Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, Iruña).

2. Baztertutako izangaiek, 2014ko maiatzaren 9a arte erreklamazioak egin ditzakete aipatu bulegoetan, eta egindako akatsak zuzendu, halakorik badago.

Baztertu eta onartuen behin betiko zerrenda berdin argitaratuko da, 2014ko maiatzaren 13an.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Probetarako eratutako epaimahaiak honako kideok osatuko dute:

Mahaiburua: José Antonio Marcén Zunzarren jauna, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia.

Ordezkoa: Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría jauna, Garraio Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–Amaya Ruiz Irurita andrea, Garraioen Ustiapenerako Ataleko burua.

–Amaia Bescós Atin andrea, Informazio Sistemen Ataleko burua.

–María Senosiáin Labat andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Ordezkoak:

–Raquel Bujanda Perales andrea, Plangintza eta Modernizazio Ataleko burua.

–Leonor Resano Mugueta andrea, Deialdien Bulegoko burua.

–María Aránzazu Murillo Zabalza andrea, Bidaiarien Garraioa eta Garraioen Artekaritza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Idazkaria: Charo Loitegui Biurrun andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Laura Echeverría Itúrbide andrea, Garraioaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Zazpigarrena.–Probak.

1. Izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela agertuko dira probak egitera.

2. Lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak izanen dira Lurreko Garraioak Antolatzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua lanbide trebakuntzaren ziurtagiriak ematearen arloan garatzen duen 1999ko maiatzaren 28ko Aginduaren B eranskineko edukiari buruzkoak. Legea 1999ko ekainaren 11ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta erregelamendua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 1071/2009 EE Erregelamenduarekin aldatu zen (Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko azaroaren 14an).

3. Ariketek bi parte izanen dituzte:

Lehenbiziko zatian programako gaien edukiari buruzko “test” motako 100 galdera erantzun beharko dira, lau erantzunen artean bat aukeratuz.

Bigarren zatian programako gaiak aplikatu beharra dakarten sei kasu praktiko ebatzi beharko dira, kalkulu matematikoak eginez edo idatziz azalduz.

4. Izangaiek bi ordu izanen dituzte ariketaren parte bakoitza egiteko.

Zortzigarrena.–Ariketen balorazioa.

1. Kapitulu honetako ariketak zerotik hamar puntu bitarte kalifikatuko dira, ondoko balorazio arau hauei jarraikiz:

Ariketa bakoitzeko lehenbiziko partean, zuzen erantzuten den “test” motako galdera bakoitzagatik 0,04 puntu jasoko dira eta, berriz, oker ihardesten den bakoitzagatik 0,02 puntu kenduko dira. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Ariketa bakoitzeko bigarren zatian, kasu praktiko bakoitza 0tik puntu bat bitarte puntuatuko da.

2. Ariketa gainditzeko, izangaiek 2 puntu lortu beharko dituzte gutxienez lehenbiziko zatian, eta 3 bigarrenean, eta bien baturak 6 puntu edo gehiago egin beharko du.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

1. Salgaien garraiorako lanbide gaitasunaren probak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian eginen dira, Arrosadiko Campusean, z.g, 2014ko maiatzaren 17an, larunbatarekin, ordutegi honen arabera:

–Salgaien garraioa, nazionala eta nazioartekoa:

1. zatia, 9:00etan.

2. zatia, 11:30ean.

2. Bidaiarien garraiorako lanbide gaitasunaren probak Iruñeko Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren (UHUN) ikasgelategian eginen dira, Sadar kalean, z.g, 2014ko maiatzaren 17an, larunbatarekin, ordutegi honen arabera:

–Bidaiarien garraioa, nazionala eta nazioartekoa:

1. zatia,16:15ean.

2. zatia,18:15ean.

Hamargarrena.–Azterketa gainditu dutenen zerrenda.

Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda jarriko du Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Alondegi kalea, 1, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (Interneten: www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “gaiak” atala, “Garraioa” azpiatala, “Garraiorako 2014ko lanbide gaitasuna” fitxa). Horrekin batera, azterketak berrikusteko epearen berri emanen da. Hori behin bukaturik, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiari bidaliko zaio azterketa gainditu dutenen behin betiko zerrenda.

Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesten duen Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Sustapeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabidea, errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probetan izena emateko

A) Eskatzailearen datuak:

Lehen deitura

Bigarren deitura

Izena

NAN zenbakia

Jaioteguna ...........................

Jaiolekua

Jaiotako probintzia

Jaiotako herrialdea

Helbidea

Herria

Posta kodea

Probintzia

Nazionalitatea

Telefono zenbakia

Ikasketa maila

Goian aipatu datuak dituen eskatzaileak eskabidea aurkezten du errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probetan parte hartzeko. Proba horretarako deialdia Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsi zen.

B) Egin nahi dituen probak (X jarri bidezko den tokian).

Errepide bidezko salgaien garraioa, barnekoa eta nazioartekoa.

Errepide bidezko bidaiarien garraioa, barnekoa eta nazioartekoa.

C) Azterketa egiteko eskubidea eskuratzeko eta espedientea formalizatzeko tasa 12,00 eurokoa da aukeratu duen espezialitate bakoitzerako.

Iruñean, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1401509