1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
45/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria eta inprimaki teknikoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 125/2012 Ebazpenaren bidez onetsiak, eta gerora, otsailaren 15eko 84/2013 Ebazpenaren bidez aldatutakoak, berriro aldatzen dituena.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 26an emandako 125/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako tokiko ehiza-barrutietan eta ehiza-barruti pribatuetan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria eta inprimaki teknikoa onetsi ziren. Gero, horiek aplikatzeko zailtasunak bazirela ikusita eta zenbait gabezia hautemanda, bidezkotzat jo zen bi agiriak aldatzea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 15eko 84/2013 Ebazpenaren bidez.
Berriro ere, bidezkotzat jo da bai baldintza-agiria bai inprimaki teknikoa aldatzea, uste baita zenbait puntutan gauza batzuk argitu behar direla.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria eta inprimaki teknikoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 125/2012 Ebazpenaren bidez onetsiak, eta gerora, otsailaren 15eko 84/2013 Ebazpenaren bidez aldatutakoak, berriro aldatzea. Horien edukia honako I. eta II. eranskin hauetan agertzen den bezala geldituko da:
I. eranskina: “Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria”, Nafarroako tokiko ehiza-barrutietan eta ehiza-barruti pribatuetan ehiza antolatzeko planen eduki berria eta plan horiek tramitatu eta onesteko prozedura garatzen dituena.
II. eranskina: “Nafarroan ehiza antolatzeko planen inprimaki teknikoa”, plan horiek prestatzean bete beharrekoa.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.
Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
3. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 17an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
I. eranskinaren testua, hots, “Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko baldintza-agiria”, eta II. eranskinarena, “Nafarroan ehiza antolatzeko planen inprimaki teknikoa”, Nafarroako Gobernuaren web orrian egonen dira eskuragarri: http://www.cazaypesca.navarra.es.
Iragarkiaren kodea: F1401101