2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANDOSILLA
Andosillako Udalaren ordenantza, diru-laguntzak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Andosillako Udalak, 2013ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen kulturarako eta kirolerako diru-laguntzak ematea arautzen duen ordenantza.
Jendaurreko aldia iragan da, iragarkia 2013ko 239. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 13an, argitaratu ondoan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsita gelditu da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Andosillan, 2014ko urtarrilaren 22an.–Alkatea, José Manuel Terés Azcona.
KULTURARAKO ETA KIROLERAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Andosillako udalerrian diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta auzo eta entitateei laguntza hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.
2. artikulua. Diru-laguntza da zuzeneko edo zeharkako edozein laguntza, ekonomikoki baloratzen dena, Udalaren konturakoa eta berak ematen duena.
3. artikulua. Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:
1. Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira, ordenantza honek bertzelakorik xedatu ezik.
2. Ezin izanen dira aurrekaritako erabili.
3. Diru-laguntza, aplikatzen zaion jardueraren kostuaren %25-%100 artekoa izanen da, kasuan kasu.
4. Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.
4. artikulua. Baliorik ez dute izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.
II. KAPITULUA
Eskatzaileak
5. artikulua. Hona zein diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:
a) Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, helbidea Andosillako udal mugapean dutenak.
b) Andosillan bizi diren pertsona fisikoak, talde baten ordezkariak, helburu bateko ekimenerako eta irabazi asmorik gabe.
III. KAPITULUA
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak
6. artikulua. Diruz laguntzen ahal dira eskaera egiten den urtean udalerriaren barrenean egiten diren jarduera programatuak, arlo hauetakoak badira:
–Kirolak
–Kultura.
–Gazteria.
–5. artikuluan zehaztu ezaugarriak betetzen dituzten beste elkarte batzuk.
7. artikulua. Ezin izanen dira diruz lagundu honako hauek:
a) Udalerriaren lurralde esparrutik kanpo egiten diren jarduerak.
b) Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde batzuek %100 diruz lagundutako jarduerak.
c) Lokalak moldatzea edo eraikinetako bertze edozein esku-hartze.
d) Funtzionamendutik heldu diren gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak etab.).
e) Ondasun higigarri nahiz higiezinak erostea.
f) Lehiaketa ofizialetan parte hartze ohikoaren ondoriozko gastuak.
8. artikulua. Kirolaren arloan, diru-laguntza bil dezakete kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko edo kirola sustatzeko gastuek eta, batez ere, aparteko ekitaldiek edo garrantzi nahiz tradizio handikoek.
9. artikulua. Musikaren arloan, diruz laguntzekoak dira musika klasikoko kontzertuak, abeslarienak, abesbatzenak, jazz eta rock jaialdiak, folk musikakoak eta banden edo txarangen emanaldiak.
10. artikulua. Kulturaren arloan, diruz laguntzekoak dira kultur jarduera guztiak, zientziekin eta letrekin ikusteko dutenak, bereziki herriko artisten sormena eta herritarren partaidetza bultzatzeko egiten diren sustapen soziokultural arlokoak.
11. artikulua. Gazteriaren arloan, diruz laguntzekoak dira ondokoak:
–Gizarte eta kultur jardueren sustapena:
–Gazteendako asteak.
–Lehiaketak, erakusketak eta sustapeneko bertze jarduerak.
–Haur eta gazteendako udako jarduerak.
12. artikulua. Otsailean, interesdunek diru-laguntza eskabideak aurkeztuko dituzte, urtean zehar egin nahi dituzten jardueretarako.
13. artikulua. Andosillako Udalak emandako inprimaki ofizialean aurkeztuko dira diru-laguntza eskabideak. Bertan eskatzen den dokumentazioa erantsiko zaio.
IV. KAPITULUA
Onuradunen betebeharrak
14. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak diru-laguntza onartzen zaien urteko abenduaren 31 baino lehen eginak izan beharko dira.
15. artikulua. Emandako diru-laguntza guztiek baldintza bat dute: dokumentazioan eta inprimatutako propagandan esapide hau agertzea letra nabarmenetan:
–Laguntzailea: Andosillako Udala.
–Horretarako emandako logo ofizialarekin batera.
16. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa zertarako eman zen, horretan bakarrik erabili ahalko da. Bestela, onuradunek itzuli egin beharko dute.
17. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak ezagutzea eta onartzea.
18. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekar dezake.
V. KAPITULUA
Justifikazioa
19. artikulua. 13. artikuluan aipatutako diru-laguntza eskabidearekin batera, aurreko ekitaldian jasotako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Fakturak, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dutenak.
–Jarduerak sorrarazitako agiri inprimatu guztien ale bat edo egindako jardueraren oroitagiria.
20. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.
–Diru-laguntza eman den urteko data izatea, eta ekintza puntuala bada, ekintza horren egunekoa izatea.
–Jasotzailearen NANa edo IFZ izatea.
–Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.
–Eskabidean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.
21. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera egiaztatzen ez diren zenbatekoak Andosillako Udalari itzuli beharko zaizkio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordentza honetan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek 21 artikulu eta xedapen gehigarri bat ditu, eta indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsi ondoren, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.
Iragarkiaren kodea: L1401004