Iragarkia
30. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
884/2013 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialaren estatutuen erabateko aldaketa inskribatzen da Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea agintzen.
Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 117/2004 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofiziala inskribatu zen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, 11. erregistro zenbakiarekin.
2013ko maiatzaren 14an, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan jaso zen Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialaren eskaera, beren estatutuen aldaketa inskribatzeko. Aldaketa hori 2013ko apirilaren 11ko Batzar Nagusi Berezian onetsi zen.
Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuak egindako txosten batean egiaztatzen da onetsi diren estatutuetako aldaketak bat datozela indarra duen legeriarekin. Orobat, adierazten da betetzen direla honako hauetan ezarritako baldintzak: Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, hura garatzeko Erregelamendua, abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak onetsia, eta zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko zenbait lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legea.
Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren ikus-onetsia aurkeztu du Elkargoak, non bermatzen baita estatutu berriak Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorrari eta indarra duen legeriari lotzen zaizkiela.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluaren bidez eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 69/2012 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenak baliatuz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargoaren estatutuen erabateko aldaketa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea. Haren testua ondoko eranskinean jaso da.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura igortzea, eta Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargoari jakinaraztea; bestetik, aditzera ematea ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2013ko abenduaren 30ean.–Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusia, José Luis Ruiz Ciruelos.
Eranskina
Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialaren Estatutuak
Honako hauetara egokitu dira: abenduaren 22ko 25/2009 Legearen bidez Lanbide Elkargoei buruzko Legean egindako aldaketara (25/2009 Legearen bidez zenbait lege aldatu ziren, zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko) eta Lehiaren Batzorde Nazionalak egindako gomendioetara.
Atariko artikulua
Merkataritza Agenteen Elkargoek beren zentsuan hartzen dituzte merkataritzako bitartekaritza pribatuko profesional guztiak; Lan, Merkataritza eta Industria Ministerioaren 1926ko urtarrilaren 8ko Errege Dekretuaren bidez sortu ziren. Merkataritza Agenteen elkargoen eta horien Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorraren 2. artikuluan jaso da merkataritzako agentearen definizioa (otsailaren 4ko 118/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta ondoko otsailaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
I. TITULUA
Ezagutza eta kokapena
1. artikulua.
Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren otsailaren 4ko 118/2005 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat (ondoko otsailaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua), existitzen da Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofiziala, eta haren eskumena eta lurralde eremua Nafarroako probintziakoak dira.
2. artikulua.
Lan, Merkataritza eta Industria Ministerioaren 1926ko urtarrilaren 8ko Errege Dekretuaren bidez sortu zen Elkargoa, gero aldaketak izan dira, betiere nortasun juridikoari eta ondareari eutsiz, eta hemendik aurrera honako hauen arabera arautuko da: Merkataritza Agenteen eta horien Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorra (Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren otsailaren 4ko 118/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta ondoko otsailaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu), Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean (lurzoruaren gaietako liberalizazio neurriei eta lanbide elkargoei buruzko apirilaren 14ko 7/1997 Legeak aldatua) xedatutakoa, Ondasun eta zerbitzuen merkatuan lehia biziagotzeko presazko neurriei buruzko ekainaren 23ko 6/2000 Errege Lege Dekretua, abenduaren 22ko 25/2009 Legea (haren bidez zenbait lege aldatu ziren, zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko), Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, 3/1998 Foru Lege hori garatzen duen erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretua, estatutu hauek eta unean-unean aplikatzekoa den legeria.
3. artikulua.
Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialak hemen du helbide soziala: Karlos III.aren etorbidea 42, 2.a eskuina, Iruña.
Behar baldin bada, estatutu hauetan egoki den aldaketa eginez aldatuko da helbidea.
Elkargoak egokitzat jotzen dituen ordezkaritzak eratu ditzake bere mugapeko herrietan, kontuan izanik zenbat profesional bizi diren horietan.
Merkataritza Agenteen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren barnean dago Elkargoa.
4. artikulua.
Zuzenbide publikoko korporazio izaera du Elkargoak, eta ondokoak dagozkio: inskribatutako guztien interes profesionalen ordezkaritza, koordinazioa, kudeaketa eta defentsa, edozein izanik ere mandatugilearekin duten kontratu mota eta izaera. Horretaz gain, kudeaketa gauzatzeko bere autonomia du.
5. artikulua.
Merkataritza agenteen elkargoak soilki profesionalak direnez, Elkargoak ez du egiten ahalko izaera politikorik edo konfesionalik nabarmenduko duen ekintzarik, galarazi gabe horri buruz Batzar Nagusiak har ditzakeen erabakiak.
II. TITULUA
Merkataritza Agenteen Elkargoaren inskripzioa
6. artikulua.
Helbidea Elkargoaren lurralde eremuan duten pertsonek nahitaez eskatu beharko dute hartan inskribatzeko, baldin eta beren lanbide iraunkorra edo noizbehinkakoa bada ondokoa, edo horretarako asmoa badute: merkataritza eragiketak sustatzea, negoziatzea edo zehaztea, enpresa baten edo batzuen izenean eta haien kontura, ordainsari baten truke, eremu zehatz batean, edozein izanik ere eginkizun hori betetzeko kontratu mota, bai ahalmena izanik esku-hartutako eragiketetan enpresa mandatugilea behartzeko, horien emaitza onaren erantzukizuna hartuta, bai besterik gabe eragiketa horiek sustatuz, betiere eragiketa horiek enpresaren onespena eta adostasuna behar dituztela, agenteak ez duela erantzun beharrik eragiketaren emaitza onari edo bestelako elementuei buruz, Agentzia Kontratuei buruzko maiatzaren 27ko 12/1992 Legeak arautzen duenaren arabera.
Elkargoak bere kideei exijitzen badizkie komunikazioak, gaikuntzak eta, Elkargoko kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuak ematearen ondorioz, kontraprestazio ekonomikoak, Elkargoak ezin izanen dio exijitu beste elkargo bateko kide den bati, Nafarroan jarduten badu ere, komunikazio, gaikuntza eta kontraprestazio desberdinik.
Elkargoak behar diren komunikazio bideak eta agintari eskudunen arteko elkarlan administratiborako sistemak erabiliko ditu, hain zuzen ere Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasteari eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitakoak, jardun profesionala zer lurraldetan gauzatzen den hango elkargoari dagozkion antolamendu eskumenak eta diziplinako ahalmena erabiltzeko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen onurarako. Elkargo honek, kasua bada, ezarritako zehapenek Espainiako lurralde osoan izanen dute eragina.
Legeetan aurreikusitakoaren araberakoa izanen da sozietate bidezko jardun profesionala. Elkargoak ezin du inolako mugarik jarri sozietate bidez jarduteko lanbidean.
7. artikulua.
Orobat, Merkataritza Agenteen Elkargoko kide izaten ahalko dira, “jardunean ari ez direnak” izendapenarekin, elkargo batean sartzeko baldintzak bete bai baina merkataritza agente gisa ari ez direnek, edo beren jarduerak betetzeari utzi diotenek.
III. TITULUA
Merkataritza Agenteen Elkargoan sartzeko beharkizunak
eta titulu profesionalak ematea
8. artikulua. Beharkizunak.
1. Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialean sartzeko frogatu beharko da norberak baduela Merkataritza Agentearen titulua, eskaera egin beharko da, eta sartzeko kuota ordaindu.
2. Merkataritzako Agentearen titulua lortzeko, beharrezkoa izanen da:
a) Merkataritzan aritzeko legezko gaitasuna izatea.
b) Lanbidean jarduteko ezgaiturik ez egotea.
c) Gaitasun proba gainditzea. Gaitasun proba Kontseilu Nagusiak deituko du, aurretik Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak gai zerrenda onetsita. Probarako deialdia urtean behin eginen da gutxienez.
Aurreko beharkizunak beterik, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, Merkataritza Politikako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Espainiako Merkataritza Agenteen Elkargoen Kontseilu Nagusiak proposaturik, elkargokide izateko eskatzen den Merkataritza Agente titulua emanen du.
3. Europako Esparru Ekonomikoko Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarren kasuan edo hirugarren estatuetako herritarren kasuan, nahitaezkoa izanen da Espainiako herritarren beharkizun berak betetzea.
Lehen kasuan, otsailaren 28ko 253/2003 Errege Dekretua aplikatuko zaie (haren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko ekainaren 7ko 1999/42/EE Zuzentaraua Espainiako antolamendu juridikoan sartu zen; zuzentarau horren bidez, berriz, liberalizazioaren arloko eta neurri iragankorren arloko zuzentarauek aipatzen dituzten jarduera profesionalei dagozkien tituluak aitortzeko bidea ezarri zen).
Bigarren kasuan, hirugarren herrialdeetako herritarrek atzerriko tituluak frogatzen ahalko dituzte baldin eta Merkataritza Agentearen tituluarekin homologatzen badira nazioarteko itunetan, betiere itun horietan alderdi bada Espainiako Erresuma, edo alderdi bada Europar Batasuna.
9. artikulua. Berdintasun printzipioa.
Tratu berdintasunaren eta bazterkeria ezaren printzipioarekin bat etorriko da elkargokidetza; bereziki honako hauei dagokienez: arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina eta sexu orientazioa.
10. artikulua.
Merkataritzako agente gisa esklusiboki jardutea edo beste edozein muga, merkataritzako agente jarduteko eta bestelako lanbidetan jarduteko, balioduna izanen da soilik Legeak hala ezartzen baldin badu.
11. artikulua. Eskaera egiteko prozedura eta errekurtsoak.
Elkargokide izateko eskatzeko, onartzeko eta, kasua bada, ukatzeko prozedura ondokoa izanen da:
1. Eskaera (Elkargoan onartutako ereduan) eta kasuan-kasuan egoki den dokumentazioa Elkargoan aurkeztuko da.
Elkargoak behar diren bitartekoak jarriko ditu eskatzaileek eskaera telematikoki tramitatu ahal izateko, eta erraztasunak emanen ditu elkargokideek dohain izan ditzaten eskura jarduera profesionalean hasteko eta jardurteko informazio eta formulario guztiak, eta telematikoki aurkeztu ahal izateko behar den dokumentazio guztia eta eskaerak, barnean direla Elkargoko alta eta baja hartzea, baita horien tramitazio egoera ere.
2. Elkargoaren erabakia baldin bada elkargokide izateko eskaerari uko egitea, ebazpenean azalduko du zer arrazoitan oinarritzen den ukoa. Erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri daiteke, hilabetez, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita.
3. Errekurtsoa hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da, dagokion erregistroan aurkeztu den egunetik hasita. Epe hori iraganik, organo eskudunak interesdunari ebazpen berariazkorik jakinarazten ez badio, errekurtsoa ezetsitzat joko da.
4. Errekurtso horren ebazpenak barneko bide korporatiboa amaituko du. Ebazpen horren aurka dagokion administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke.
5. Elkargoak informazioa emanen dio Kontseilu Nagusiari elkargokideen eta lanbide sozietateen erregistroetako alta, baja eta beste aldaketa guztiei buruz, jakin dezan eta elkargokideen eta horien lanbide sozietateen erregistro zentraletan jaso dezan.
12. artikulua. Joan-etorriak.
Europar Batasuneko beste estatu bateko merkataritza agente bat aldi baterako lekualdatzen denean, kualifikazioak onartzeari buruz Europar Batasuneko Zuzenbidearen araberako araudiak dioenari jarraituko zaio. Zehazki, eta 1837/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, aski izanen da Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioari horren berri ematea, merkataritza agente elkargokide gisa jarduteko.
13. artikulua. Lanbide txartela.
Lanbide txartela ematearekin batera, bi fitxa emanen dira, non azalduko baitira inskribatutakoaren argazkia, datu pertsonal osoak, inskripzio eta onarpen egunak, lanbidearen barnean betetako jarduera nagusiak eta, ahal dela, ordezkatutako etxeen izena eta helbidea.
14. artikulua. Espediente pertsonala.
Aurreko artikuluetan aipatutako agiri guztiekin eta eskatzaileak aurkeztutako gainerako agiriekin bakoitzari espediente pertsonala irekiko zaio, eta Elkargoko Elkargokideen Erregistro Nagusiko zenbakia emanen zaio, bakoitzari bere zenbakia.
15. artikulua. Kide egiteko kuota.
Nortasun profesionalaren txartela eman aurretik, baita eskatzaile bakoitzaren espediente profesionala ireki aurretik ere, eskatzaileek kide egiteko kuota bat ordaindu beharko dute. Elkargoko Gobernu Batzordeak ezarriko du zenbatekoa ekitaldi bakoitzerako, eta ez da txikiagoa izanen Kontseilu Nagusiak nazio osorako ezarritako zenbatekoa baino.
Inskribatzeko kuota gehienez ere tramitazio-kostuak adinakoa izanen da.
IV. TITULUA
Lanbidean jarduteari uztea
16. artikulua.
Arrazoi hauek direla medio utziko zaio elkargokide izateari:
1. Heriotza.
2. Borondatezko baja.
3. Administrazio zehapen edo epai judizial irmoa eta behin betikoa, lanbidean aritzeko ezgaitasuna dakarrena.
4. Elkargoak erregelamenduz ezarritako diziplina zehapena, berarekin dakarrena elkargokide izaera etetea.
5. Elkargoko kuotak ez ordaintzea, Elkargoak 18. artikuluko xedapena bete ondoren.
17. artikulua. Elkargokide izaeraren etena.
Zehapen espediente baten ondorioz etena izaten bada, estatutu hauetan ezartzen diren errekurtsoak bidezko izanen dira, eta interesdunari bidaltzen zaion komunikazioan azalduko dira. Horrela erabakitako eten-erabakia ez da exekutiboa izanen harik eta errekurritzeko epea igaro arte eskubide hori erabili gabe edo zehapena berretsi arte.
18. artikulua. Kuotak ez ordaintzea.
Urtebete adinako mantentze kuota ez ordaintzeak Elkargoko baja ekarriko du. Elkargoak formalki eskatuko dio elkargokideari ordaindugabe dituen kuotak ordaintzeko, eta errekerimenduaren egunetik hogeita hamar egun iraganik, kuotak ordaindu ez baditu, eta galarazi gabe ordainketa eskatzeko behar diren egintza judizialak, baja emanen zaio beste tramiterik gabe, jakinaraziko zaio eta adieraziko zaio erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakeela Kontseilu Nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik.
Elkargoko kuotak ez ordaintzeagatik baja izan duen elkargokideak, berriz ere sartzeko eskatzen badu, Elkargoko baja jakinarazi arte sorrarazitako kuotak ordainduko ditu, urtero %10eko errekargu sinplearekin, eta, behar denean, eragindako gastuak, behar bezala frogatuak, ere ordainduko ditu.
19. artikulua. Publizitatea eta elkargokideen erregistroa.
Baja eta aldaketa guztiei buruzko bidezko zabalkundea eginen du Elkargoak, eta Kontseilu Nagusiari igorriko dio, jasota geldi dadin eta, behar denean, Elkargoko hedabideetan argitaratzeko.
Elkargoak eskura jarriko du, dohainik, elkargokideen erregistrorako sarbidea; uneoro eguneraturik egonen da, galarazi gabe datu pertsonalak babesteko xedapen arautzaileak.
20. artikulua. Berriz ere sartzea.
Ondoko kasuetan, elkargokide izaera berreskuratzen ahalko da, baldin eta berriz ere sartzeko unean behar diren baldintzak betetzen badira:
1. Berriz ere sartzeko eskaera, baldin eta elkargokidearen erabakiz eman bazen baja.
2. Agintari administratiboek edo judizialek ezarritako zehapenen indultua edo barkamena.
3. Elkargokide izaera eteteko zehapena beterik izatea.
4. Ordaintzeko dauden kuotak ordaintzea, estatutu hauen 18. artikuluarekin bat, baldin eta hori izan bada bajaren arrazoia.
V. TITULUA
Elkargokideen eskubideak eta betebeharrak
21. artikulua. Eskubideak.
Elkargokideek honako eskubide hauek izanen dituzte:
1. Elkargoaren bizitzan parte hartzea eta haren organoen bileretan bertaratzea, hitza eta botoa izanik, estatutu hauetan eta egoki diren erregelamenduetan aurreikusitako baldintzetan.
2. Hautesle eta hautagai izatea Elkargoko gobernu organoetan, hauteskundeetako arauekin bat.
3. Elkargoko jarduketen eta bizitzaren berri izatea eta ematea, funtsezko alderdietan eta eremu horretan zuzenean eta pertsonalki ukitzen duten arloetan.
4. Elkargoak ezarritako zerbitzuak erabiltzea, eta hark eta Kontseilu Nagusiak antolatutako laguntza eta aurreikuspen sistemen babespean jartzea, haren arauekin bat.
5. Elkargoaren aholkularitza izatea lanbideko gaietan, estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritakoarekin bat.
6. Gobernu organoen bitartekaritza eskatzea elkargokideen arteko desadostasunak direnean; beste alderdiak onartzen badu gauzatuko da bitartekaritza hori. Elkargoko eremuarekin lotutako gaietan gatazka denean bakarrik eskatzen ahalko da bitartekaritza hori.
7. Jurisdikzio organoetan edo gobernu organoetan bidezko diren erreklamazioak edo errekurtsoak jartzea, Elkargoko estatutuetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat.
Elkargokideak behar adina informazio izan beharko du bere eskubideko erreklamazio eta errekurtso bideei buruz. Leihatila Bakar telematikoaren bidez egonen da eskura informazio hori, eta sarbidea dohain izanen da.
8. Elkargoaren ikurra erabiltzea.
9. Lege arauetan aurreikusitako gainerako eskubideak.
22. artikulua. Betebeharrak.
Hauek dira elkargokideen betebeharrak:
1. Estatutu hauetan eta Elkargoko erregelamenduetan ezarritakoa onartzea eta betetzea, baita Elkargoko gobernu organoek legez eta estatutuekin bat emandako arauak eta erabakiak onartzea eta betetzea ere.
2. Elkargoa ekonomikoki mantentzen laguntzea, ezarritako kuotak ordainduz.
3. Adiskidetasunak, harmoniak eta etika profesionalak ezartzen dituzten betebeharrak betetzea, honako hauei dagokienez: Elkargoko gobernu organoak, haietako kideak eta elkargokide guztiak.
4. Ekitaldi korporatiboetara bertaratzea, ordezkaritza karguak betetzen direnean.
5. Iritzien adierazpen librea errespetatzea, eta Elkargoko gobernu organoen funtzionamendua zuzenean edo zeharka ez oztopatzea.
6. Helbidea aldaketen berri ematea Elkargoari, Elkargoko kontuen ondorioetarako.
VI. TITULUA
Nafarroako Merkataritza Agenteen Lanbide Elkargoaren
helburuak eta eginkizunak
23. artikulua.
Lanbide Elkargoei buruzko azaroaren 13ko 2/1974 Legean eta Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean xedatutakoarekin bat, honako hauek dira Nafarroako Merkataritza Agenteen Lanbide Elkargoaren funtsezko helburuak: merkataritza agenteen lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatzea eta defendatzea, gizartearen interes orokorrekin bat; merkataritza agenteen jarduna antolatzea, bere eremuan eta ezarritako lege esparruaren barnean; elkargokideek emandako zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea; eta merkataritza agenteak esklusiboki ordezkatzea instituzionalki.
Bere helburuak betetzeko, Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialak eginkizun hauek izanen ditu:
1. Administrazioak haren esku utzitako eginkizun guztiak betetzea eta harekin lankidetzan aritzea azterlanak eginez, txostenak emanez, estatistikak prestatuz eta bere helburuekin loturiko bestelako jarduerak eginez, hala eskatzen bazaio edo bere ekimenez.
2. Lanbidearen eskumenen arloan, Administrazioari aholku emateko kontseilu edo organismoetan parte hartzea.
3. Gaitasun azterketak egitea, 8. artikuluko 2. ataleko c) lerroaldearekin bat.
4. Estatutu partikularrak eta horien aldaketak egitea, baita barne araubideko erregelamenduak egitea ere.
5. Bere eremuan, elkargokideen ordezkaritza eta horien interesen defentsa gauzatzea Administrazioaren, erakundeen, epaitegien, entitateen eta partikularren aurrean, zilegitasuna izanik lanbide-interesak uki ditzaketen gatazketan alderdi izateko, eta eskaera eskubidea gauzatzeko, eskatzeko eskubidea arautzen duen azaroaren 12ko 4/2001 Lege organikoarekin bat, galarazi gabe Lege horren 1. artikuluko 3. atalean xedatutakoa.
6. Gai judizialetan aditu gisa esku hartzeko dei daitezkeen elkargokideen zerrenda ematea auzitegiei, legeekin bat, edo horiek izendatzea, beren espezialitate edo adarreko segida edo txanden arabera, betiere horretarako gaitasuna frogatzen badute. Elkargokideek zerrenda horietarako sarbidea izanen dute, libreki, dohain eta borondatez.
7. Bere eskumenen barnean, elkargokideen lanbide-jarduna antolatzea, etika eta duintasun profesionala zainduz, eta diziplina ahalmena gauzatzea Elkargoko antolamenduan, legeekin bat onetsitako kode deontologikoaren arabera.
8. Elkargoko kideentzat interes komuneko jarduera eta zerbitzuak antolatzea: profesionalak, hezkuntzakoak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikuspenekoak eta antzekoak, behar diren bitartekoekin sostengu ekonomikoa emanez.
9. Elkargokideen artean harmonia eta elkarlana izan daitezen saiatzea, horien arteko lehia bidegabea saihestuz, legeek babesten dituzten ekintzak gauzatuz.
Elkargoak ezin izanen du ezarri lanbideko zerbitzu-sariei edo komisioei buruzko gutxi-gorabeherako baremorik, gomendiorik, jarraibiderik, araurik edo erregelarik.
10. Web orri bat izatea, legez aurreikusitako Leihatila Bakarraren eginkizunak betetzeko (legez eta estatutuen arabera ezarritako erraztasunak dituela), berariaz elkargokideek behar dituzten tramite guztiak bete ahal izateko, elkargoko kide egiteko eta Elkargoan baja hartzeko, gune bakar baten bidez, bide elektronikoaren bidez eta urrutitik. Elkargoak beharrezkoa dena eginen du, profesionalek, leihatila bakarraren bitartez, doan lortu ahal izateko honako hau:
a) Lanbide jardueran hasteko eta aritzeko beharrezkoak diren informazio eta inprimaki guztiak eskuratzea.
b) Beharrezkoak diren agiriak eta eskabide guztiak aurkeztea, elkargoko kide egitekoa barne.
c) Interesdun gisa agertzen direneko prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea, eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplinazko espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.
d) Elkargoko kideak Batzar Nagusi arrunt eta berezietara deitzea eta Elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri ematea.
Gainera, leihatila bakarraren bitartez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeki babesteko, Elkargoak honako informazio argi, garbi eta doaneko hau emanen du:
a) Elkargoko kideen erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori eguneratuta egonen da etengabe eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: elkargoko kide diren profesionalen izen-deiturak, elkargoko kide zenbakia, eta dituzten titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide gaikuntzako egoera.
b) Lanbide sozietateen erregistroan sartzeko aukera. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.
c) Batetik kontsumitzaile edo erabiltzailearen eta bestetik elkargoko kide baten edo lanbide elkargoaren arteko gatazkaren bat izaten denean aurkez daitezkeen erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko bideak.
d) Lanbide zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.
e) Kode deontologikoen edukia.
Bestalde, Elkargoak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu atal honetan ezarritakoa betetzeko, eta beharrezkoak diren teknologiak erabiliko ditu horretarako; halaber, plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko ditu, sistemen arteko eragiketak bermatzeko, bai eta desgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko ere.
11. Elkargoko kideek emandako zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen onerako eginkizunak; horretarako, kontsumitzaile nahiz erabiltzaileentzako arreta zerbitzu bat izanen dute, telematikoa eta dohainikakoa. Hark nahitaez tramitatuko eta ebatziko ditu elkargokideen elkargoko edo lanbideko jarduerarekin lotuta aurkezten diren kexak eta erreklamazioak, zerbitzu profesionalak kontratatzen dituen edozein kontsumitzailek edo erabiltzailek aurkeztuak, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte eta erakundeek aurkeztuak, beren interesak ordezkatuz edo horien defentsan. Elkargoak, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bitartez, kexari edo erreklamazioari buruzko ebazpena emanen dute, bidezkoa denaren arabera: dela gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemari buruzko informazioa emanez, dela espedientea elkargoko organo eskudunei igorriz informazio edo diziplina espedienteak irekitzeko, dela artxibatuz edo dela zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuz. Zerbitzu horrek erraztasunak eman beharko ditu kexak elektronikoki eta urrutitik aurkeztu ahal izateko.
12. Erraztasunak ematea, oro har antolatzen diren lanbide prestakuntzarako eta igoerarako zerbitzu eta bitartekoetan elkargokideek parte har dezaten.
13. Lege orokorrak eta bereziak, estatutu hauek eta barne araubideko erregelamenduak betetzea eta elkargokideei betearaztea, baita Elkargoko organoek, zeinek bere eskumeneko arloan, hartutako erabaki eta arauak ere.
14. Elkargoko kideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, baita Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, Zerbitzuen Jardueretan Libreki Hasi eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, bereziki honako hauei dagokienez: kontrolak, ikuskapenak edo ikerketak egin eta informazioa lortzeko eskaerek behar bezala arrazoituta egon behar izatea eta lortzen den informazioa eskaerako xederako soilik erabili behar izatea.
15. Elkargoko kideen interes profesionalei onura ekartzen dieten bestelako eginkizunak betetzea.
16. Lanbide elkargoei dagozkien gainerako eginkizunak, ondokoen arabera: Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legea, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eta aplikatzekoa den gainerako legeria.
VII. TITULUA
Elkargoko gobernu organoak
24. artikulua.
Nafarroako Merkataritza Agenteen Lanbide Elkargoko gobernu organoak honako hauek izanen dira:
a) Batzar Nagusia.
b) Gobernu Batzordea.
c) Batzorde Iraunkorra.
d) Lehendakaria.
25. artikulua. Batzar Nagusia.
1. Elkargokideen Batzar Nagusia Elkargoaren organo gorena da. Lurralde eremuko elkargokide guztien zentsuak osatzen du, eta horietako bakoitzak hitza eta botoa ditu, betiere betebehar korporatiboak beteak izatera.
2. Norberak parte hartu behar du Batzar Nagusian, baina ordezkatuta ere izan daiteke, Estatutu Orokorraren 37.7 artikuluan ezarritako moduan.
3. Leihatila Bakarraren bidez egin daiteke deialdia.
26. artikulua.
Batzar Nagusi arrunta urtean behin bilduko da, lehen hiruhilekoaren ondoren.
Batzar Nagusia modu baliodunean eraturik geldituko da baldin eta kideen hirurena bertaratzen badira lehenbiziko deialdian, eta kide kopurua edozein izanik ere bigarren deialdian.
Erabakiak bertaratutakoen gehiengoz hartuko dira, eta lehendakariaren botoak hautsiko ditu berdinketak.
Orobat, bilkura arrunta eginen du Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko, berrikuntza behar den ekitaldian. Batzorde arruntaren biharamunean, egun balioduna bada, egin daiteke hautaketa ekitaldia, Gobernu Batzordeak egoki jotzen badu.
Halaber, eta aukeran, bilkura arrunta egin dezake lanbide arloko interesekoak diren gaietarako, laugarren hiruhilekoan.
27. artikulua. Eskumenak.
Honako hauek dira Batzar Nagusiaren eskumen berekiak eta esklusiboak:
a) Gobernu Batzordeak haren menpe jarritako jardueren urteko memoria ezagutzea eta berrestea. Hartan izanen da, gutxienez, Lanbide Elkargoen Legean aurreikusitako edukia, eta berariaz:
1. Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena, langileen gastuak barne, behar adina zehaztuta Gobernu Batzordeko kideen ordainsariak, karguaren araberakoak.
2. Kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera zehaztutako kuoten zenbatekoa, baita haiek kalkulatu eta aplikatzeko arauak ere.
3. Gehitutako informazioa eta estatistika arlokoa, instrukzio faseko edo irmo bihurtu diren informazio eta zehapen prozedurei buruzkoa, adierazita zer arau-hausteri buruzkoak diren, haien tramitazioa eta ezarri zaien zehapena; betiere, lanbide arloko datuak babesteko legeriarekin bat.
4. Gehitutako informazioa eta estatistika arlokoa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo horiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruzkoa, baita haien tramitazioari buruzkoa ere eta, zein den kasua, kexa edo erreklamazioa onetsi edo ezesteko arrazoiei buruzkoa; betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.
5. Kode deontologikorik izanez gero, haien edukian egindako aldaketak.
6. Gobernu Batzordeko kideek izan ditzaketen interes gatazkak eta bateraezintasunei buruzko arauak.
7. Bidezko denean, datuak lurraldeka banaturik aurkeztuko dira, korporazioka.
b) Aurrekontuak onestea eta, estatutuekin bat, Elkargoaren baliabide ekonomikoak arautzea, eta kontuak berrikusteko batzorde bat izendatzea, edo auditore batzuk, kontuen egoera egiaztatzeko.
c) Aurrekontuen likidazioa ezagutzea eta, behar denean, behin betiko onestea, baita mugaegunera iritsitako ekitaldi bakoitzeko gastuen, inbertsioen eta diru-sarreren kontuen likidazioa ezagutzea eta behin betiko onestea ere.
d) Ezartzen diren kuotak erabakitzea.
Inskribatzeko kuota gehienez ere tramitazio-kostuak adinakoa izanen da.
e) Ondasun higiezinak eta horien gainean eratutako eskubide errealak erabiltzeko egintzak baimentzea, eta gauza bera inbentarioan balio nabarmeneko gisa sailkatutako gainerako ondare-ondasunekin ere.
f) Elkargoaren bat-egitea, xurgatzea, banantzea edo desegitea sustatzea, eta, behar denean, egokitzat jotzen dituen ordezkaritzak ezartzea, eta horien mugapea, jarduteko arauak eta eskumenak zehaztea.
g) Gainera, Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiaren menpe jartzen dituen bestelako gaiez ere arduratuko da, dela Gobernu Batzordearen beraren ekimenez edo dela barne erregelamenduaren araubidean ezarritako elkargokide kopuruak hala eskaturik.
h) Elkargokide guztientzat jokatzeko kode deontologiko bat egitea. Kode horretara telematikoki sartzen ahalko da, edo Leihatila Bakarraren bidez.
28. artikulua. Aktak.
Batzar Nagusiaren bilkuren akta eginen da, eta zentsuan inskribatutako elkargokide guztiei bidaliko.
29. artikulua. Batzar Berezia.
Batzar Nagusia ohiz kanpo elkartuko da Gobernu Batzordeak hala erabakitzen duenean edo idatziz hala eskatzen denean, hain zuzen ere zentsuko elkargokideen %10ek gutxienez, betiere sinadurak egiaztaturik.
30. artikulua.
Beharrezkoa izanen da elkargokideen Batzar Nagusiaren erabakia hileko edo hiruhileko kuota handitzeko edo aldatzeko, estatutu hauen 27-d) artikuluan adierazitako baldintzetan. Halaber, Batzar Nagusi Bereziaren deialdia beharko da Elkargoaren ondareko ondasun higiezinak besterentzeko edo horiei kargak ezartzeko edo era guztietako derrama nahiz ekarpen berezi ezartzeko elkargokideei.
31. artikulua.
Orobat, nahitaezkoa izanen da elkargokideen Batzar Nagusiaren erabakia, bai bilkura arruntean bai berezian, Gobernu Batzordeak ekitaldirako aurkezten duen inbertsio programa onesteko; Batzorde Iraunkorrak garatuko edo gauzatuko du programa hori.
32. artikulua. Gobernu Batzordea.
Batzar Nagusiaren erabakien organo betearazle eta kudeatzaile den aldetik, eta Elkargoaren administrazioaren garapen iraunkorrerako organo ere den aldetik, Gobernu Batzorde bat izanen da, gutxienez bost kide eta gehienez bederatzi izanen dituena. Batzordeburua, batzordeburuordea, diruzaina eta kontularia izanen ditu karguak. Batzordekide kopuru hori Batzar Nagusiaren erabakiz handitzen edo txikitzen ahalko da, zentsuan inskribatutako gehienek hala aholkatzen badute, baina inoiz ez da izanen bost baino gehiago. Idazkariak hitza izanen du baina botorik ez baldin eta Elkargoaren zerbitzuko pertsona kontratatu batek betetzen badu kargu hori, eta ez elkargokide hautetsi batek.
33. artikulua. Karguak.
Gobernu Batzordeko karguek lau urte iraunen dute, eta bi urtetik behin karguen erdiak berrituko dira. Lehenbiziko berritzean batzordeburua, idazkaria (hautatutakoa bada), kontularia eta batzordekide bakoitiak berrituko dira, eta, bigarrenean, lehendakaria, diruzaina eta batzordekide bikoitiak.
34. artikulua. Elkargokidetzako beharkizunak.
Gobernu Batzordeko kide guztiek jardun beharko dute lanbidean, eta hala dela frogatu beharko dute. Hala ere, batzordekideen laurden bat gorde daiteke jardunean ez dauden elkargokideentzat. Elkargoaren zerbitzurako kontratatutako pertsona batek betetzen badu idazkari kargua, ez da beharrezkoa izanen jardunean den elkargokidea izatea. Nolanahi ere, batzordeburuaren kargua, beti, lanbidean jardunean den batek bete beharko du.
Gobernu Batzordea gutxienez ere hiru hiletik behin bilduko da.
Gobernu Batzordeko kide guztiek izanen dute honetarako eskubidea:
a) Bilkuretako gai zerrenda duen deialdia garaiz hartzea.
b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.
d) Galde-eskeak egitea.
e) Esleituak dituzten eginkizunak betetzeko behar den informazioa lortzea.
Gobernu Batzordeko edo Batzorde Iraunkorreko kideek ezin izanen dute beretako hartu kide anitzeko organo horiek aitorturik dituzten eginkizunak, salbu organoak berak espresuki esleitzen badizkie, baliozko moduan hartutako erabaki baten bidez, kasu zehatz baterako.
f) Ekitaldi ofizial eta solemne guztietan, Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kide guztiek jarria izanen dute, beren karguaren ezaugarri, zilarrezko domina bat, obala, lanbidearen ikurra duena, lepoaren inguruan, kolore nazionalen koloreak dituen zetazko kordoiarekin.
35. artikulua. Eskumenak.
Honako hauek dira Gobernu Batzordearen eskumenak:
1. Batzar Nagusiaren bileretara dei egitea eta gai zerrenda prestatzea.
2. Barneko araudiaren erregelamendua egin edo alda dezala proposatzea Batzarrari.
3. Aurrekontuei buruzko txostenak egitea, kuota arruntak eta bereziak proposatzea eta balantzeak, kontuak, inbentarioak, urteko memoriak eta jarduteko planak egitea, Batzar Nagusiaren menpe jartzeko. Legeak ezarritako moduan egin beharko da urteko memoria, eta jendaurrean jarri beharko da web orriaren bitartez, urte bakoitzeko lehen seihilekoan.
4. Profesionalen eta Elkargoari dagozkion interesak defendatzea, bere eremuan Elkargoaren ordezkaritza osoa gauzatuz, galarazi gabe ahalmen guztiak edo batzuk eskuordetzea.
5. Estatutu hauekin eta diziplina erregelamenduarekin bat, bidezko diren zehapen guztiak erabakitzea eta aplikatzea.
6. Elkargoari dagozkion eginkizunak erabiltzea, baldin eta ez badira Batzar Nagusiarenak soilik, eta, behar denean, Batzar Nagusiak adierazitako ildo orokorrak garatzea.
36. artikulua. Batzorde Iraunkorra.
1. Batzorde Iraunkorra honako hauek osatzen dute: batzordeburua, batzordeburuordea, diruzaina, kontularia eta idazkaria.
2. Elkargoko Gobernu Batzordeak izendatuko ditu Batzorde Iraunkorreko kideak, eta Gobernu Batzordeari dagokio kargu horien amaiera, berritzea eta ordeztea erabakitzea. Kontrakorik erabaki ezean, Batzorde Iraunkorrean kargua uztea eta Gobernu Batzordean kargua uztea batera gertatuko dira.
3. Batzorde Iraunkorrean kargu bat hartzeko, merkataritza agente gisa jardunean egon behar da, salbu Elkargoaren zerbitzuko pertsona kontratatu batek betetzen badu idazkari kargua, eta ez elkargokide hautetsi batek.
4. Batzorde Iraunkorra gutxienez ere hilabetean behin bilduko da.
37. artikulua. Eskumenak.
Batzorde iraunkorrak eginkizun hauek ditu:
1. Gobernu Batzordearentzat lanak prestatzea.
2. Espedienteetan, tramite erabakiak hartzea.
3. Gobernu Batzordeak edo Batzar Nagusiak eskuordetzen dizkion eginkizunak betetzea.
4. Elkargoa administratzea eta kudeatzea, Gobernu Batzordeak ezartzen dituen mugekin.
5. Oro har, Gobernu Batzordearen erabakiak betearaztea. Presazko egoeretan, Elkargoaren araubide egokirako behar dena erabakitzea. Halakoetan, horren berri emanen zaio Gobernu Batzordeari, egiten den lehenbiziko bileran, eta, behar denean, hark berretsi edo baliozkotu beharko du: oso mugatuki erabili beharko da ahalmen hau, eta, ahal dela, aldez aurretik Gobernu Batzordeko kideei horren berri emanez.
38. artikulua.
Elkargokideen Batzar Nagusiaren erabakia beharko da estatutu hauen edozein artikulu berritzeko edo aldatzeko; berrikuntza ez da indarrean sartuko harik eta Elkargoen Kontseilu Nagusiak onartzen duen arte.
39. artikulua. Deialdia.
Deialdia, bai batzar arrunterako bai berezirako, idatziz bidali beharko zaie elkargokide guztiei, hamabost egun lehenago, barnean dela eguneko gai zerrenda. Hartan, landu beharreko gaiak egonen dira, eta ezin izanen da erabakirik hartu gai zerrendan ez dagoen gai bati buruz. Batzar Nagusi Berezietan, deialdiaren zergati diren gaiak bakarrik landuko dira.
40. artikulua. Proposamenak.
Hala nahi duten elkargokideek, proposamenak egiten ahal dizkiote Batzar Nagusiari, gutxienez batzarra baino bost egun lehenago, eta horretarako, gutxienez, hamar elkargokideren sinadura beharko da. Salbuespena dira proposamen intzidentalak edo ordenarekin lotutako gaiak, bertaratutako edozeinek aurkeztuak Batzordean berean.
41. artikulua. Bozketak.
Bozketak arruntak eta izendunak izanen dira, edo isilpekoak, boto-txartelen bidezkoak, hala erabakitzen duenean Batzordera bertaratuen herenak edo batzordeburuak hala proposatzen duenean.
42. artikulua. Ordezkaritza.
Batzar Nagusietan, Gobernu Batzordeetan edo Batzorde Iraunkorrean, organo horretako kide batek beste bat ordezka dezake, bilera bakoitzerako eskuordetze berezi idatziaren bidez, eta inork ez du izanen eskuordetze bat baino gehiago.
Eztabaidatzen den edozein gai onartzeko, beharrezkoa izanen da boto eskubidea izanik bertaratu direnen erdien gehi baten aldeko botoa, salbu beste ehuneko bat finkaturik duten kasuetan.
Kuota arruntak edo bereziak ordaindurik ez dituzten elkargokideek ez dute boto eskubiderik.
Buruak ezartzen duen moduan eta ordenan eginen dira bozketak, eta hark erabakiko du eskua jasoz den, izenduna edo isilpekoa, salbu pertsonak ukitzen badira: halakoetan beti isilpekoak izanen dira.
Bertaratuen herenak gutxienez eskaturik, bozketak izendunak edo isilpekoak izan daitezke, salbu aurreko kasua, isilpekoetarako.
43. artikulua. Gobernu organoen bilkurak.
1. Gobernu organoaren bilkura guztietara idazkaria joanen da, edo haren eginkizunak betetzen dituena, eta dagokion akta eginen du. Bilkura bukaeran onets dezake akta organoak berak, edo horretarako izendatutako artekariek hogeita hamar eguneko epean, edo hurrengo bilkuran onets daiteke. Hartu diren erabaki zehatzei buruzko ziurtapena egin dezake idazkariak, galarazi gabe ondoren akta onetsi behar izatea.
2. Organoko kideek eskatuta, beren kontrako botoa, abstentzioa eta horretarako arrazoiak edo aldeko botoaren esanahia adieraziko dira aktan. Orobat, edozein kidek eskubidea du bere mintzaldia edo proposamena osorik transkriba dadin eskatzeko, baldin eta bertan edo Kontseiluko buruak dioen epean aurkezten badu bere mintzaldia zuzen islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.
3. Gehiengoaren erabakiarekin ados ez dauden kideek boto partikularra ematen ahal dute idatziz, 48 orduko epean, eta erabakiari erantsiko zaio.
4. Organoko kideek kontrako botoa eman edo abstenituz gero, ez dute erabakien ondoriozko erantzukizunik izanen.
5. Akta onetsi aitzin harturiko erabakien ziurtagirietan, espresuki adieraziko da hala hartu direla.
44. artikulua. Elkargoko lehendakaria eta lehendakariordea.
1. Elkargoko lehendakariak honako ahalmenak eta eskudantziak izanen ditu:
a) Elkargoaren ordezkaritza erabiltzea, duen kargua dela-eta eta galarazi gabe Gobernu Batzordearen ordezkaritza kolektiboa.
b) Elkargoaren zuzendaritza bere gain hartzea, baita Elkargoaren zerbitzuenak ere, gai batzuek hala eskatzen dutenean, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen arauekin bat.
c) Batzorde Iraunkorrerako eta Gobernu Batzorderako deialdia egitea.
d) Elkargoko gobernu organoak eta haren batzordeek egiten dituzten bilkuretan buru izatea.
e) Bai Gobernu Batzordean bai Batzorde Iraunkorrean, behar denean berdinketak hausteko botoa izatea, bilkurara bertaratutako kideen bozketetan berdinketarik bada.
f) Aktak, ziurtapenak, txostenak, zirkularrak eta arau orokorrak sinatzea edo “ontzat emana”rekin baimentzea, bietarik behar dena.
g) Elkargoaren funtsen kargura egin beharreko ordainketak agintzea eta kontuetako edo gordailuetako funtsen erabilera baimentzea, bere sinadura diruzainaren sinadurari gehituz.
h) Eginkizun zehatzak lehendakariordeari eskuordetzea.
2. Lehendakaria ordeztea dagokio lehendakariordeari, hura ez dagoenean, eri denean edo kargua hutsik dagoenean, lehendakariaren ahalmen eta eskudantzia berberekin, baita lehendakariak esleitzen edo eskuordetzen dizkion Elkargoko zereginak betetzea ere.
45. artikulua. idazkaria.
1. Gobernu Batzordeko kide bat izan daiteke idazkari, edo Elkargoaren zerbitzuko pertsona bat; kasu horretan, parte hartzen duen gobernu organoetan hitza izanen du, baina botorik ez, eta Gobernu Batzordeak izendatuko du eta kargutik kenduko.
2. Honako hauek dira Elkargoko idazkariaren eginkizunak:
a) Bilkuretara joatea, hitza eta botoa izanik, salbu aurreko atalean aurreikusitako kasuetan.
b) Kide anitzeko organoetako bilkuretarako dei egitea, organoaren lehendakariak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.
c) Kide anitzeko organoko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.
d) Arazoak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.
f) Aktak eta gutun ofizialak idaztea, Elkargoaren lan administratiboak zuzentzea eta agiriak artxibatzea eta zaintzea.
g) Elkargoko zerbitzu guztien burutza zuzenekoa eta berehalakoa gauzatzea, baita horiei atxikitako pertsonena ere.
h) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.
3. Gobernu Batzordeak erabakiko du idazkaria aldi baterako ordeztea, kargua hutsik dagoenean, ez dagoenean edo eri denean.
46. artikulua. Diruzaina eta kontularia.
1. Diruzainari dagozkio korporazioaren funtsen zaintza eta erantzukizuna, kobrantzak eta ordainketak egitea edo gauzatzea, horretarako eginez kutxako liburua eta baimenduz funtsen erabilera, lehendakariaren sinadurarekin batera. Diruzainaren kargua hutsik dagoenean, ez dagoenean edo eri dagoenean, erregelamenduz ezartzen denak edo direnek ordezten ahalko dute.
2. Kontulariari dagozkio kontularitza agiri guztiak ikuskatzea eta balantzeak, kontuak, aurrekontuak egitea, baita Batzorde Iraunkorrak edo Gobernu Batzordeak manatzen dion edonolako azterketa ekonomikoa egitea ere, ondoren Gobernu Batzordeak azter eta formula ditzan.
3. Gobernu Batzordearen erabakiz pertsona bakar batek har ditzake diruzain eta kontulari karguak, eginkizun guztiekin.
VIII. TITULUA
Egintzen eta erabakien eraginkortasuna
47. artikulua. Publizitatea, baliozkotasuna eta jakinarazpena.
1. Elkargoko organoek hartutako erabakiak, salbu diziplina araubidea aplikatuz ezartzen direnak –horiek ez dira betearaziko ez publiko eginen irmoak ez diren bitartean–, betearaztekoak izanen dira hartzen diren unetik beretik, eta beharkizun bakarra izanen da jakinaraztea edo publiko egitea, behar denean, salbu erabakien ezaugarriek berek adierazten badute eraginkortasunerako epeak edo baldintzak badirela.
2. Elkargoko erregelamenduak eta horien aldaketak, eta edukiagatik eta eraginen neurriagatik horien baliokide izan daitezkeen gainerako erabakiak, Elkargoko buletinean edo zirkularrean argitaratu eta hogei egun naturalera sartuko dira indarrean, salbu espresuki besterik ezartzen bada.
3. Ebazpen eta erabaki partikularrak edo elkargokideen eskubideak eta interesak ukitzen dituztenak jakinarazi egin beharko dira. Egintza eman eta hamar eguneko epean egin beharko da jakinarazpena. Jakinarazteko erabilitako bideak aukera eman behar du honako hauek egiaztatzeko: interesdunak edo bere ordezkariak jaso duela, eta jakinarazitako egintzaren data, identitatea eta edukia. Bidezko diren errekurtsoak eta horiek jartzeko epeak ere adieraziko dira.
48. artikulua. Errekurtsoak.
Elkargoak emandako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Kontseilu Nagusiari zuzendua, baldin eta arlo horretako foru legeriak ez badu sistema berezi bat ezartzen. Elkargokideek edo partikular interesdunek aurkez dezakete errekurtsoa, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, baldin egintza espresua bada. Hala ez bada, hiru hilabetekoa izanen da epea, eta isiltasunak eragina izan eta biharamunetik hasita hasiko da zenbatzen.
Errekurtso horien ebazpenek barneko bide korporatiboa amaituko dute.
49. artikulua.
Kontseilu Nagusiak emandako erabakien aurka berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke Kontseilu Nagusian berean.
Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, baldin egintza espresua bada. Hala ez bada, hiru hilabetekoa izanen da epea, eta ustezko egintza izan eta biharamunetik hasita hasiko da zenbatzen.
Kide anitzeko organoek emandako egintzak, elkargoen funtzionamenduaren antolamenduari lotuak, diziplinaren arloan, eta zuzenbide administratiboaren menpe daudenak, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurritzen ahalko dira.
Ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratu, harik eta aurkeztutako errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo haren ustezko ezespena gertatu arte.
50. artikulua. Aplikatu beharreko legedia.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusi bezala formalizatuko, tramitatuko eta ebatziko dira errekurtso guztiak, bai gora jotzekoak bai berraztertzekoak.
Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren araberakoa izanen da Administrazioarekiko auzi-errekurtsorako legitimazio aktiboa.
IX. TITULUA
Elkargoko Gobernu Batzordeko kideen hautaketa
51. artikulua.
Elkargoko Gobernu Batzordeko karguak hautaketa bidezkoak izanen dira, eta ordezkaritzan izanen dute jatorria, printzipio demokratiko argienekin bat, elkargokide guztien zuzeneko bozketa libre eta isilpeko bidez, betiere beren eskubideak erabiltzeko egoeran badaude, beren eginbeharrak beterik, eta Elkargoak ezarritako espediente baten menpe egon gabe.
52. artikulua.
Hautatua izateko, elkargokideak hautesle izan behar du, Elkargoan gutxienez ere urtebeteko antzinatasuna izan, eta erregelamenduz ezarritako arau eta baldintzekin bat aldarrikatua izanen da.
53. artikulua.
Elkargokide hautesleek pertsonalki emanen dute botoa sekretuki, edo postaz eta Hauteskunde Batzordeak erabakitzen duen moduan. Horretarako, hark idatziko ditu hauteskundeetarako egoki diren arauak, deialdi bakoitza arautuko dutenak, botoa emateko.
54. artikulua. Deialdia.
Kontseilu Nagusiak adieraziko ditu hauteskundeetarako deialdiaren datak, Espainiako Elkargo guztietarako, baldin eta ekitaldi horretan Gobernu Batzordearen berritze partziala edo erabatekoa badagokio. Hauteskundeak baino gutxienez hogeita hamar egun natural lehenago eginen da deialdia.
55. artikulua. Zerrendak.
Deialdia argitaratzearekin batera, Elkargoko idazkariak aginduko du Elkargoko egoitzetan argitara daitezela boto eskubidea duten elkargokideen zerrendak. Deialdia noiz argitaratzen den, aurreko hilabete naturaleko lehen egunean inskribaturik dauden elkargokideak sartuko dira zerrendetan.
Interesdunek errekurtsoa jar dezakete zerrendan sartzearen edo kanpoan uztearen aurka, deialdia argitaratu eta 3 eguneko epe luzaezinean, eta 2 egunen buruan ebatziko du Elkargoko Hauteskunde Batzordeak, eta ez da geroagoko errekurtsorik izanen.
Elkargoak bere Hauteskunde Batzordea izendatuko du, eta batzordeburu batek, idazkari batek eta batzordekide batek eratuko dute, Elkargoko hautesleen zentsuko elkargokide guztien artetik zozketaz atereak. Organo hori Gobernu Batzordeaz independentea izanen da, eta, eskuordetzaz, hauteskunde aldi bakoitzean eskumenak jasoko ditu, hauteskunde tramiteen jurisdikzioan izaten diren auzi guztiak ebazteko.
Zozketaz ateratako elkargokideen edo beren ordezkoen artean ezin bada Hauteskunde Batzordea eratu, kideek ez onartzeagatik edo ez bertaratzeagatik, Gobernu Batzordeko kideekin osatzen ahalko da; horretarako zozketa eginen da, hauteskunde prozesuan bateraezintasunik ez dutenen artean.
56. artikulua. Aldarrikatzea.
Hauteskundeak egiteko ezarritako eguna baino gutxienez hogei egun natural lehenago aldarrikatuko dira Gobernu Batzordeko kide izateko izangaiak. Hautatuak izan nahi duten elkargokideek eskatuko dute izangai aldarrikatuak izatea, eta horretarako gutuna baliatuko dute, hamar elkargokidek eta aurkezten den izangaiak sinatua.
57. artikulua. Hauteskunde kanpaina.
Hauteskundean izangai gisa parte hartzeko eskaerak behar bezala jasota, eta behin egiaztaturik hautatuak izateko beharkizunak betetzen direla, aurreko artikuluan aurreikusitako epean formalki aldarrikatuak deklaratuko ditu Hauteskunde Batzordeak. Izangai bakoitzaren hauteskunde kanpaina ezin izanen da hasi haren aldarrikapena egin arte, eta hautaketa egintza baino hogeita lau ordu lehenago bukatu beharko da. Hala, aldarrikatutako bakoitzari aukera berdintasuna eskaintzeko moduan garatu beharko dira.
Izangai bakoitzaren kargura izanen dira pubilizitatea eta propaganda.
Erregelamenduz edo kargua hutsik egoteagatik berritu beharreko kargu bakoitzeko izangai bakar bat aldarrikatzen bada, hauteskundeen deialdia etenik geldituko da, eta izangaiak hautetsi aldarrikatuko dira.
58. artikulua. Bozketa lekua.
Elkargoaren helbidean eginen da hautaketa egintza, eta izan daitezkeen boto-emaile kopurua kontuan harturik, zenbait mahai eratu daitezke, deituren ordena alfabetikoen arabera banatuak, hautaketa errazteko.
59. artikulua. Hauteskunde mahaia.
Hauteskunde mahaiak, edo, aurreko artikuluekin bat, botoa ematea errazteko eratu daitezkeen besteek, mahaiburu bat eta bi alboko izanen dituzte, Elkargoko zentsuko kide guztien artetik zozketaz atereak. Halaber, ordezko kopuru bat ere zozketaz aterako da, zozketan aukeratzen direnek uko egiten badiote edo ezin badute ere.
60. artikulua. Artekariak.
Izangaiek eskubidea izanen dute artekari bat edo bi izendatzeko, horietako bakoitza idatziz, zentsuko elkargokideen artetik, baldin eta korporazioko eginbeharrak beterik badituzte. Artekariak hautaketan egonen dira, mahaian. Hautaketa egiteko ezarritako ordua baino gutxienez hogeita lau ordu lehenago izendatu beharko dira artekari horiek, eta epe hori iraganik ez da onartuko artekariak izendatzerik.
61. artikulua. Bozketa.
Gobernu Batzordeak deialdiaren iragarkia bidali beharko die elkargokide guztiei, eta hartan adieraziko da zer egunetan eginen den hautaketa, argi esanez zer ordutan hasi eta bukatuko den bozketa. Bukatutakoan, postaz bidalitako gutun-azalak irekiko dira, eta boto-kontaketa egiaztatuko da. Boto-kontaketaren akta eginen da, eta mahaiburuak eta albokoek sinatuko dute, baita nahi duten artekariek ere.
62. artikulua. Boto-txartelak.
Boto-txartelak zuriak izanen dira, eta hartan guztiz argi agertuko dira hautatzeko izangaien izen-deiturak, bai Gobernu Batzordeko buru izateko bai kide izateko, eta ez da onartuko bete beharreko kargu kopurua baino gehiago, eta ez da onartuko izangaiaren identitatea zalantzan jar dezakeen zuzenketarik edo ezabaketarik.
63. artikulua. Boto-kontaketa eta akta.
Boto-kontaketa bukaturik, lehendakariak hautetsi deklaratuko ditu boto gehien lortu dituzten izangaiak, eta akta eginen da, 61. artikuluan ezarritako moduan, eta berehalakoan erreko edo guztiz suntsituko dira hautestontzian sartutako boto-txartelak eta postaz jasotakoak.
64. artikulua. Karguaz jabetzea.
Hauteskundeak egin eta hamabost eguneko epean izangai hautetsiek jabetza hartuko dute, eta horietakoren bat ez bada jabetza hartze horretara aurkezten, edo hautetsi izateari uko egiten badio, boto kopuruan hurrengo dagoen izangaia aldarrikatuko da.
Boto berdinketarik badago, Elkargoan antzinatasun handiena duen izangaia hautatuko da beti.
65. artikulua. Karguetarako izendapena.
Behin Gobernu Batzordeko kide berriak partez edo erabat berritu beharreko karguez jabeturik, Gobernu Batzordeak osoko bilkura eginen du, bozketa bidez izendatzeko Batzorde Iraunkorreko karguak bete behar dituztenak.
Batzorde Iraunkorrean hutsik dauden karguak izendatzeaz gain, Batzorde Iraunkorreko gainerako karguak ere kentzen eta izendatzen ahalko ditu, aurreko lerroaldeko ahalmena erabiliz.
66. artikulua. Hauteskunde partzialak.
Baldin eta Gobernu Batzordearen berritze normala edo partziala egin den azkeneko alditik karguren bat hutsik gelditzen bada, Gobernu Batzordeak aukera dezake hauteskunde partzialetarako deia egitea, berritze normalaren zikloa bukatu arteko aldirako, edo kargu huts hori behin behinekoz betetzea, antzinatasunik handiena duten elkargokideen artean, betiere ezintasun fisikorik ez badago hori betetzeko.
X. TITULUA
Gobernu Batzordeko karguak uztea
67. artikulua. Kausak.
Elkargoko Gobernu Batzordeko kide guztiek kargua utziko dute beren hautaketako agintaldia bukatutakoan, non ez dituzten berriz ere hautatzen.
Halaber, kargua uzten ahal dute borondatez, Gobernu Batzordeak onarturik, Elkargoko lehendakariak proposatuta.
Orobat, Gobernu Batzordeko karguak automatikoki utziko dira interesdunak lanbideko jardunean aritzeari uzten dionean, edo Elkargoan baja eskatzen duenean.
68. artikulua.
Aurreko artikuluan aipatutako arrazoiez gain, Gobernu Batzordeko kideek beren karguak utz ditzakete beren eginkizunak bertan behera uzten dituztenean, kargua ez delako behar den dedikazioz eta maiztasunez betetzen.
Era berean, nahitaezkotzat jotzen denez Gobernu Batzordeko eta Batzorde Iraunkorreko bileretara joatea, ulertuko da karguari uko egin zaiola baldin eta segidako hiru bilkuretara joaten ez bada, edo aldizkako bostetara, urtebeteko epean, absentzia behar bezala justifikatu gabe. Kasu horretan, aski izanen da Elkargoko lehendakariaren ofizio bat, interesdunari adierazten diona erregelamenduaren araberako kargu-uztea, behar den arretarik ez duen kargua hutsik geldi dadin, eta kargua erregelamenduz aurreikusitako moduan betetzen ahalko da.
Halaber, eginkizunak behar ez bezala betetzeagatik ere utz daiteke kargua.
Ulertuko da eginkizunak ez direla behar bezala betetzen baldin eta Elkargoaren ospearen kontra betetzen badira, edo haren ekonomia eta ondare interesen kaltetan, edo interesdunek irabazi bidegabea lortzeko asmoz.
69. artikulua. Kargua uzteko eta zehatzeko espedientea.
Aurreko artikuluak aipatzen dituen arrazoiengatik kargu-uztea erabakitzeko, espediente bat instruitzea nahitaezkoa izanen da, Gobernu Batzordearen erabakiz. Espedientearen instrukzioa bukaturik, Elkargoen Kontseilu Nagusiari igorriko zaio, eta hark behin betiko ebatziko du.
Elkargoko lehendakaria bada inkulpatua, espedientea eratzeko erabakia Gobernu Batzordeko kideen bi herenek erabakiko dute, eta Kontseilu Nagusiari komunikatuko, hark lehendakaritzaren eginkizunak bertan behera uztea erabaki dezan. Lehendakariordeak ordeztuko du, eta hari egokituko zaio orduan espedientea instruitzea. Bukatutakoan, berriz ere Kontseilu Nagusiari igorriko zaio, behin betiko ebatz dezan.
XI. TITULUA
Bidaia eta ordezkaritza gastuak
70. artikulua.
Elkargoko baliabide ekonomikoek ahalbidetzen badute, Gobernu Batzordeak erabakitzen ahalko du lehendakariari eta sinadura-karguei ordezkaritza gastuak esleitzea. Frogagiriz egiaztatu beharko dituzte gastu horiek.
71. artikulua. Gastuak itzultzea.
Gobernu Batzordeko karguen titularrei, edo beste edozein elkargokideri, ohiko helbidetik kanpo gestio bat egitea esleitzen bazaie, behar bezala justifikatutako gastuak itzuliko zaizkie, esleitutako gestioa egiteko izan badituzte, edo dietak, eta zenbatekoak Gobernu Batzordeak onetsitako aurrekontuetan adierazitakoak izanen dira, eta norberaren ibilgailua erabili bada, ohiko kilometrajea.
Elkargoak inoiz ez du ordainduko Gobernu Batzordeko kide batek etxetik Elkargoaren egoitzarainoko edo alderantzizko joan-etorriarengatik izandako gastua.
XII. TITULUA
Espezializatuen atalak
72. artikulua. Izaera.
Gobernu Batzordearen eta bereziki haren buruaren organo laguntzaile gisa, Elkargoak espezializatuen atalak eratu ditzake, horietan multzokatuz industriako edo merkataritzako adar batean ordezkaritza edo agintaldia duten merkataritza agenteak. Elkargoak eska dezakete dagokien atalean edo ataletan inskribatzeko, beren berariazko jardueraren edo jarduera nagusiaren arabera. Horretarako Elkargoari komunikatuko diote, non eguneraturik egonen baita atalen osaera, eraginkorrago lantzeko eta banatzeko elkargokide bakoitzaren espezialitate profesionalari dagokion gaia.
73. artikulua. Sailkapena.
Elkargoan atal hauek eratzen ahalko dira:
I. Elikadura eta edariak.
II. Etxerako gauzak (sukaldeko tresneria, etxetresnak...).
III. Aisia (kiroleko gauzak, jokoak, jostailuak...).
IV. Bitxigintza, imitaziozko bitxiak, erlojugintza, optika.
V. Produktu kimikoak eta mediku-bisitariak.
VI. Ehungintza eta larruak (ehunak, oihalak, oinetakoak...).
VII. Papera eta kartoia (lehengaiak, argitalpenak, enbalajeak).
VIII. Makina handiak (makina-erreminta motordunak...).
IX. Burdineria eta erreminta txikiak.
X. Eraikuntza, herri lanak eta instalazioak.
XI. Mineralak, metalurgia (siderurgia, txatarra galdatzea...).
XII. Zerbitzu ematea (publizitatea, finantza zerbitzuak...).
XIII. Zura, altzariak eta dekorazioa.
Bestalde, atal bakoitzean produktu taldeak edo azpiatalak izanen dira, Gobernu Batzordeak ezartzen duenaren arabera.
Gobernu Batzordeak sailkapen hau aldatzen ahalko du, hala aholkatzen dutenean merkatuek, teknologia berriek edo bestelako faktore batzuek.
74. artikulua. Kideak eta funtzionamendua.
Espezializatuen atalek atalburu bat eta idazkari bat izanen dituzte, atal horretako kideen bozketa zuzeneko eta isilpeko bidez aukeratuak, Gobernu Batzordeko karguetarako erregelamendu honetan aurreikusitako moduan. Kargu horiek lau urte iraunen dute, eta bi urtetik behin karguen erdiak berrituko dira. Gobernu Batzordeak eskaturik bilduko dira atal horiek, edo atal horietako buruek eskaturik, komeni adina aldiz.
Gobernu Batzordearen aholkulari gisa, buruei –zeinak beren atalen ordezkari izanen baitira, eta koordinazio lana eginen baitute, horien eta Elkargoko gainerako organoen artean– dei egiten ahal zaie, Gobernu Batzordearen aholkulari gisa, beren bileretara, behar denean, hitzarekin baina botorik gabe.
Ulertuko da beren karguei uko egiten dietela baldin eta urtebetean hiru aldiz joaten ez badira bilkuretara, absentzia behar bezala justifikatu gabe.
Atalak idatzizko deialdi bidez eginen dituzte bilerak, baldin eta atalburuak proposatzen badu edo kideen bostenak idatziz eskatzen badute, betiere sinadurak egiaztatu ondoren. Nolanahi ere, urtean bitan gutxienez bilduko dira, hots, seihileko natural bakoitzean behin, eta bilkuraren akta eginen da, eta Gobernu Batzordean irakurriko.
Elkargoaren egoitzan eginen dira atalaren edo azpiatalen bilkurak, bilerak egiteko eguna eta ordua idatziz eskatu ondoren, eta hamabost eguneko epea izanen da gutxienez horren berri emateko.
Elkargoko lehendakariak eta/edo hark izendatutako Gobernu Batzordeko kide batek eskubidea dute bilera horietara joateko.
Urtea bukatutakoan, nahitaez, txosten bat eginen da, bileretan gauzatutako jarduera azalduko duena, eta horren laburpena irizpidetzat hartu dezake Gobernu Batzordeak urteko memoria idazteko.
75. artikulua. Eginkizunak.
Atal espezializatuek eginkizun hauek bete behar dituzte:
a) Aldian behin bilera egitea, atalaren xede den edo diren artikuluen merkatuari buruzko iritziak trukatzeko, bildutako esperientzien berri emanez, baita merkatu horren egoerari eta gorabeherei buruzko iritziak trukatzeko ere.
b) Atal bakoitzaren merkatuari edo adarrari buruzko datu, estatistika eta abarri buruzko txostenak egitea Gobernu Batzordearentzat, irizpide izan dadin Gobernu Batzordearentzat, Elkargoak berezkoak dituen helburuak betetzeko.
c) Ordezkaritza kontratuen ereduak proposatzea espezialitate bakoitzerako edo espezialitate multzo bakoitzerako, jakingarri izatearen ondorioetarako bakarrik.
d) Atalaren interes zehatzentzat edo Elkargoaren interes orokorrentzat ontzat hartzen den beste edozein ekimen; horretarako Elkargoko lehendakariari horren berri emanen zaio.
XIII. TITULUA
Ordezkaritzak
76. artikulua.
Estatutu hauen 3. artikuluan adierazten denarekin bat, beren zentsuetan 25 elkargokide baino gehiago dauden herrietan ordezkaritzak ezar daitezke, eta horien arduradunek etengabeko harremana izanen dute Elkargoko Gobernu Batzordearekin; klandestinitate, bateraezintasun, merkataritzako zintzotasun falta salaketak edo bestelakoak tramitatuko dituzte. Orobat, kuotak kobratzeaz ardura daitezke, salbu Elkargoak beste sistema bat ezartzen badu horiek jasotzeko.
Elkargoko Gobernu Batzordeak egiten dituen bileretara ordezkariak joan daitezke, hitzarekin baina botorik gabe, lehendakariak dei egiten dienean.
77. artikulua.
Ordezkaritzako elkargokideen kopuruaren arabera komeni bada, ordezkaritzako batzorde bat eratu daiteke. Buru bat, idazkari bat, diruzain bat eta hiru batzordekide izanen ditu.
Behar den herrian bizi diren elkargokideen bozketa isilpeko bidez aukeratuko da ordezkaritzako batzordea, eta egiten dituen bileren berri emanen dio Elkargoko Gobernuko Batzordeari. Halaber, eskuordetze bidez, Elkargoko Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu.
XIV. TITULUA
Batzorde Lagungarriak
78. artikulua. Osaera.
Gobernu Batzordearen Batzorde Lagungarriak ere eratu daitezke Elkargoan, Gobernu Batzordeko kideek osatutakoak, edo Elkargoko lehendakariak erabakita horiei atxikitako elkargokideek osatutakoak. Horietan, Gobernu Batzordeko kide direnek izanen dute botoa, eta gainerakoek hitza izanen dute bakarrik.
79. artikulua. Sailkapena.
Batzorde Lagungarri horiek, galarazi gabe gehiago izatea edo beste batzorde batzuekin osatzea, honako hauek izanen dira gutxienez:
a) Onarpena, klandestinitatea eta bateraezintasunak.
b) Kultura profesionala: prestakuntza eta argitalpenak. Elkargoaren liburutegia-buletina.
c) Kontuak eta aurrekontuak berrikusteko batzordea.
d) Deontologiako, diziplina araubideko eta zehapenetako batzordea.
80. artikulua.
Gobernu Batzordeko kide bat izan daiteke batzorde horietako bakoitzeko buru, Elkargoko lehendakaritzak eskuordeturik, salbu lehendakaria bera bertaratzen bada. Langileen eta Zerbitzuen Batzordearen lehendakaritza beti idazkariari egokituko zaio.
81. artikulua.
Batzorde Lagungarriek idazkari bat izenda dezakete, eta halaber, ezarri dezakete Elkargoko funtzionario batzuk batzorde horietara atxikitzea, hain zuzen ere egiten diren bileretan beren presentzia beharrezkotzat jotzen diren funtzionarioak. Horietan hitza izanen dute baina botorik ez, eta informazioa emateko hartuko dute parte, horretarako dei egiten dietenean.
XV. TITULUA
Langileak eta zerbitzuak
82. artikulua.
Elkargokideen eta Elkargoko Gobernu Batzordearen zerbitzurako, bere bulego administratiboa antolatuko da.
83. artikulua.
Gobernu Batzordearen erabaki bidez xedatutakoari egokituko zaio langileen eszedentzien, ordainsarien eta diziplinaren araubidea, lan arloko legeekin kontraesanean ez dauden kasuetan.
84. artikulua.
Idazkaria izanen da Elkargoko langileen buru, baita hari dagozkion zerbitzuen buru ere, edo eritasun, dimisio, absentzia, kargu uzte eta abarretan idazkaria ordezten duen kidea.
85. artikulua.
Gobernu Batzordeak askatasuna izanen du lan ordutegia ezartzeko, legezko lanaldiaren mugen barnean. Halaber, Gobernu Batzordeari egokituko zaio, idazkariak proposaturik, honako hauek onartzea: aurrerakinen esleipenak, sariak eskudirutan, ohorezko sariak eta bestelako ordainsari bereziak, emandako zerbitzuengatik.
86. artikulua.
Gobernu Batzordeak horretarako adierazitako ordutegiari eta baldintzei egokituko zaizkie liburutegiko zerbitzuak, langela, ikastaroak, ordezkaritza eskaintzak, etab. Betiere elkargokide guztien onerako eraginkorrenak diren arauetan oinarrituko da.
Aholkularitza juridikoaren zerbitzua plantillakoa izan daiteke edo kontratatua, zerbitzuak alokatzeko araubidean. Lehenbiziko kasuan, ezarriko da legelariak Elkargoko bulegoetan egon beharra duela nahitaez, eta, bigarren kasuan, legelari horren bulegoan edo estudioan.
87. artikulua.
Plantillako langileei ezin zaie beren kargua kendu behar den espedientea instruitu gabe, interesdunari entzutea barne dela. Gobernu Batzordeak ebatzi beharko du.
XVI. TITULUA
Elkargoaren araudi ekonomikoa
88. artikulua. Mantentze kuotak.
Elkargokideen kargura eginen da Elkargoaren mantentze ekonomikoa, hileko edo hiruhileko kuota ordainduz. Batzar Nagusiak ezarriko du kuota hori, Gobernu Batzordeak proposatuta, eta, betiere, Kontseilu Nagusiak ezarriko du elkargokide guztiei eskatu beharreko gutxieneko kuota, Kontseiluaren Batzar Nagusiaren erabakia betez.
Inskribatzeko kuota gehienez ere tramitazio-kostuak adinakoa izanen da.
89. artikulua.
Elkargoaren baliabideetatik nahitaez portzentaje bat kenduko da, Elkargoko arauek adierazten dutena, Kontseilu Nagusia mantentzeko. Elkargoa beharturik dago Kontseilu Nagusiari ekarpenak hiruhileko mugaeguna iraganik pagatzera, hurrengo hiruhilekoko lehenbiziko hamabost egun baliodunen barnean.
90. artikulua.
Gobernu Batzordeak izanen du kontuen auditore bat izendatzeko ardura. Auditorea izanen da urteko kontuak aztertzeko arduraduna. Auditoreak egindako txostenaren berri emanen da elkargokideen Batzar Nagusian.
91. artikulua. Bestelako diru-sarrerak.
Halaber, Elkargoaren diru-sarreren artean azaldu daitezke zerbitzuak emateagatik jasotzen dituen eskubideak, elkargokideek edo hirugarrenek eskatuta, edo emandako ziurtapenengatik jasotakoak. Orobat, Elkargoaren diru-sarreren artean azalduko dira Elkargoaren aldeko era guztietako dohaintzak, jaraunspenak edo oinordetzat utzitakoak, baita bere ondarearen errenta edo interes gisa jasotakoak ere.
Nafarroako Elkargoak inola ere ezin izanen du ezarri lan profesionalak ikus-onesteko betebeharrik.
XVII. TITULUA
Diziplinako hutsegiteak
92. artikulua.
Lanbide Elkargoei buruzko 2/1974 Legearen 6. artikuluko g) atalean ezarritakoarekin bat, Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialari dagokio diziplina-erantzukizunak eskatzeko eskumena, elkargokideek elkargokide gisa dituzten betebeharretan hutsegiterik egiten badute, galarazi gabe eska dakieken erantzukizun zibila edo penala.
93. artikulua.
1. Zigor arloko zehapena jaso duten egitateak ezin izanen dira zehatu, baldin eta berberak baldin badira subjektuak, ekintzak eta oinarriak.
2. Zehapena ezartzeko prozedura hasirik, instruktoreak uste baldin badu ustezko hutsegitea delitua edo falta penala izan daitekeela, berehalakoan emanen dio horren berri espedienteari hasiera ematea agindu duen organoari, horren berri eman diezaion ministerio fiskalari eta diziplinako prozedura eten dadin, harik eta epai irmoa izan arte prozesu penalean.
3. Diziplinako espedientearen tramitazioa berriz abiaturik, aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuko etenaldiaren ondoren, ematen den ebazpenak erabaki judizialaren egitate erabakigarriak errespetatu beharko ditu.
94. artikulua. Zehapen espedientea.
Dagokion espedientearen bidez exijituko da diziplinako erantzukizuna, Elkargoak onetsitako diziplina erregelamenduarekin bat. Halako erregelamendurik ez badago, Kontseilu Nagusiak onetsitako diziplinako erregelamenduari egokituko zaio.
95. artikulua. Zehapenen erregistroa.
Lanbide jardueraren ondorioz merkataritza agenteei epaimahaiek ezarritako zigorrak eta zehapenak beren espediente pertsonalean azalduko dira, salbu Gobernu Batzordeak bidegabetzat jotzen badu.
Diziplina zehapen korporatiboak beti jasoko dira elkargokidearen espediente pertsonalean.
96. artikulua. Hutsegiteak.
Zehapenak ekar ditzaketen hutsegiteak honela sailkatzen dira: oso larriak, larriak eta arinak.
1. Hona hemen hutsegite oso larriak:
a) Merkataritza agentearen lanbidean aritzea, edozein modalitatetan, baldin eta, bere eginkizunak betetzean –pribatuak nahiz publikoak izan– hertsapenik erabiltzen badu edo pribilegiorik badu salgaiak saltzeko edo erosteko edo zerbitzuak agintzeko.
b) Zer enpresabururen aginduz diharduen, harekin edo haiekin hartutako betebeharrak ez betetzea, bai leialtasunari dagokionez, bai kontratuaren izaera ekonomikoari eta profesionalari dagokionez.
c) Elkargoko karguak betetzean, botere abusua edo irabazi bidegabea.
d) Lanbide intrusismoa estaltzea edo horren konplize izatea.
2. Hona hemen hutsegite larriak:
a) Kontseilu Nagusiak edo Nafarroako Elkargoak hartutako erabakiak ez betetzea. Erabaki horiek ezin dira izan estatutu hauetan ezarritakoaren kontrakoak.
b) Merkataritza agenteen eremuan lehiatzaile dituenen irudia eta ospe ona nahita kaltetzea.
c) Lehia bidegabea, jurisdikzio eskudunak hala sailkatu ondoren.
d) Bere kideek zer kargutarako aukeratu duten, kargu horrek berezkoak dituen betebeharretan zabar eta interesik gabe aritzea eskuarki.
e) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak nahita urratzea.
f) Urtebetean hutsegite arin bat behin baino gehiago egitea, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
g) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei bere jarduera profesionalari buruzko informaziorik ez ematea.
h) Bezeroari lan profesional bat ikus-onestera behartzeko debekua haustea.
3. Hona hemen hutsegite arinak:
a) Kide anitzeko organoetako bilerak nahita eragoztea.
b) Elkargoak, bere eginkizunak betez, eskatzen dituen datuak edo informazioa ez ematea.
97. artikulua. Zehapenak.
Aurreikusitako arau-hausteen ondorioz ezar daitezkeen diziplina zehapenak honako hauek dira:
1. Hutsegite oso larriengatik:
a) Elkargokide izaera etetea, hiru hilabetetik bi urtera bitarte.
b) Elkargoko organoetan betetzen duen kargua galtzea.
2. Hutsegite larriengatik:
a) Elkargokide izaera etetea, hiru hilabetez gehienez ere.
b) Elkargoko organoetan betetzen duen kargua galtzea.
3. Hutsegite arinengatik:
Ohartarazpen idatzia.
98. artikulua. Organo zehatzaileak.
1. Kasuaren arabera, zehatzeko eskumena erabiltzea Elkargoko Gobernu Batzordeari egokituko zaio, bere elkargokideei dagokienez, edo Kontseilu Nagusiko Batzar Nagusiari. Elkargoko Gobernu Batzordeak edo Kontseilu Nagusiaren batzarrak hartu beharko dituzte sei hilabetetatik gorako etenaldien erabakiak, behar denean, isilpeko bozketa bidez, eta gutxienez ere bertaratutakoen bi herenen botoekin.
2. Organo eskudunek zehatuko dituzte hutsegite arinak, eta, haien izenean, organo horien Batzorde Iraunkorrek. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamenduaren (abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsia) 23. eta 24. artikuluetako prozedura erraztuari egokituko zaio espedientea.
3. Merkartaritza agenteei hutsegite larri edo oso larriengatik ezarritako diziplina arloko erantzukizuneko espedienteetan kondena erabakirik hartzen bada, Gobernu Batzordeak lekukotasuna igorriko dio Espainiako Merkataritza Agenteen Elkargoen Kontseilu Nagusiari.
99. artikulua. Preskripzioa eta birgaitzea.
1. Diziplinako zehapen korporatiboa sorrarazten duten hutsegiteak honela preskribatuko dira: arinak badira, hutsegiteko egitateetatik bi hilabetera; larriak badira, urtebetera; eta oso larriak badira, bi urtera.
2. Zehapena jasotakoek birgaitzea eska diezaiokete zehapena jarri zuen organo korporatiboari. Birgaitzeak berarekin ekarriko du espediente pertsonaleko oharra deuseztatzea.
3. Bere eskumeneko birgaitze espedienteetako ebazpenen lekukotasuna igorriko dio Elkargoak Kontseilu Nagusiari.
100. artikulua. Araubide subsidiarioa.
Kapitulu honetan aurreikusi gabekoan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen IX. Tituluko (zehapenak jartzeko ahalmenari buruzkoa) araubidea aplikatuko da.
XVIII. TITULUA
Sariak eta goresmen sariak
101. artikulua.
Elkargoari dagokio, edo Kontseilu Nagusiari, Elkargoak proposaturik (esparru nazionaleko aipamen edo goresmenetarako) sariak edo goresmen sariak ematea elkargokideei edo hirugarren pertsonei, bereziki nabarmendu badira lanbidean edo lanbideari esleitzen zaion eginkizunaren defentsan eta zabalkundean.
102. artikulua. Dominak.
Lanbideko Merezimenduaren Domina izanen da eman daitekeen saria, edozein kategoriatan: urra, zilarra edo brontzea. Horrekin batera diploma emanen da, domina hori emateko Erregelamenduan ezarritako arauekin bat, zeina Kontseilu Nagusiak idatziko baitu edo, tokiko esparruko goresmen sarien kasuan, elkargokideen Batzar Nagusiak onetsitako arauekin bat.
Hil ondoren ere ematen ahalko da domina, interesdunak egindako merezimenduak aintzatesteko, edo lanbide istripuan izandako heriotza kasuetan.
103. artikulua.
Ohorezko Elkargokide edo Merezimenduko Lehendakari izaera ere esleitzen ahalko zaizkie halakoak merezi dituzten elkargokideei edo partikularrei.
XIX. TITULUA
Elkargoko Gobernu Batzordeko egintzen deuseztasuna.
104. artikulua.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62.1. artikuluan aurreikusitako kasuren batean dauden organo korporatiboen egintzak baliogabeak dira eskubide osoz.
105. artikulua.
Egintzak deuseztatzen ahalko dira, baldin eta antolamendu juridikoa nola edo hala urratzen badute, boterearen desbideratzea ere barne dela.
XX. TITULUA
Azken xedapenak
Lehenbizikoa.
Zalantzarik izanez gero, Merkataritza Agenteen Kontseilu Nagusiari dagokio estatutu hauek interpretatzea, eta, horri aditu ondoren, Elkargoaren Batzar Nagusiari.
AZKEN ERANSKINA
Elkargokideen Batzar Nagusiaren garapena
1. artikulua. Elkargoko lehendakaria izanen da autoritate gorena elkargokideen Batzar Nagusian, eta hau izanen du eginkizun:
a) Eztabaidetan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea.
b) Erregelamendua errespetaraztea.
c) Elkargokideen adierazpen askatasunerako eskubidea defendatzea, betiere elkarbizitzako oinarrizko arauen barnean.
2. artikulua. Hitza hartzeko eskaerak idatziz hartuko ditu Elkargoko idazkariak, lehendakariak eskaera-ordena zorrotz errespetatuz eman dezan.
3. artikulua. Elkargoko idazkaria arduratuko da aurreko akta irakurtzeaz, behar izanez gero, eta egiten ari den Batzar Nagusiaren akta egiteaz. Akta hori lehendakariak sinatuko du, “ontzat emana”rekin batera, eta, behar izanez gero, artekariek, eta gero Gobernu Batzordeari igorriko dio, behar diren ondorioetarako.
4. artikulua. Aktaren edo akten irakurketa bukaturik, lehendakariak Batzar Nagusiari galdetuko dio ea aktaren kontrako eragozpenik baden. Akta inork aurkaratzen ez badu, ez osoki ez partez, lehendakariak onesteko aurkeztuko du. Aurkaratzeren bat izanez gero, eztabaida irekiko da, Batzar Nagusiak nahi duena erabaki dezan, eta irakurritako aktan erabakitzen diren zuzenketak idatziko dira egiten ari den Batzar Nagusiko aktan.
Aurrekoa gorabehera, batzarraren bukaeran ere onartu daitezke aktak, edo batzarrak berak izendatutako artekariek onartu ditzakete hala aurreikusten bada; kasu horretan, batzarrean bertaratutakoen gehiengoaren eta gutxiengoaren jarreren edo boto-ildoen artetik izendatuko dira.
5. artikulua. Eguneko gaien zerrendako puntu batean edozein elkargokidek har dezake hitza, eta lehendakariak erantzunen dio, edo hark izendatzen duen Gobernu Batzordeko kideak. Erantzuteko eskubidea erabil dezake elkargokideak, punturen batean erantzun egokirik jaso ez badu ere, edo uste baldin badu beharrezkoa dela zerbait argitzea. Eztabaidatutako gaia erabat argiturik, ezin izanen du eztabaidan berriz ere hitza hartu aipatutako puntuari buruzko diskurtsoan.
6. artikulua. Elkargokide guztiek egin ditzakete proposamenak, idatziz, 40. artikuluan adierazten den moduan; lehendakariak eztabaidagai jarriko ditu, eta bi txanda ezarriko dira alde eta bi kontra, eta bi aldeek zuzenketa egin dezakete.
Lehendakariak beharrezkotzat jotzen badu, Batzar Nagusiari proposatzen ahalko dio hitz egiteko denborak mugatzea.
Halaber, galde-eskeak ere egin ditzakete, eta Gobernu Batzordeak erantzunen du, edo nori zuzentzen zaizkion, pertsona horrek –bilkuran berean edo idatziz, batzarraren ondoko hamar eguneko epean–, baina erantzunak ez du eztabaidarik sortuko.
7. artikulua. Eztabaidetan ikusten bada lehendakariak ez duela bere eginkizuna zuzen eta inpartzial betetzen, edozein elkargokidek du eskubidea lehendakariaren aurkako zentsura botoa eskatzeko.
Lehendakariari egin behar zaio eskaera hori, eta une horretan berean berretsi beharko da, eskua jasotako bozketa bidez, bertaratutako elkargokideen %10en botoekin.
Gai hori planteaturik, aldeko bi txanda eta kontrako bi txanda irekiko dira, eta gero bozketa eginen da.
Zentsura botoak aurrera egiten badu, Elkargoko lehendakariordeak okupatuko du lehendakaritza, eta ondoz-ondotik Gobernu Batzordeko kideek, numerazio ordenaren arabera.
8. artikulua. Bozketak honela egin daitezke:
–Arrunta: “Bai”, “Ez” edo “Abstentzioa” hitzak dituzten errotuluetako bat altxatuz. Errotulu horiek aldez aurretik banatuko zaizkie bertaratuei.
–Isilpekoa: Batzar Nagusiaren heren batek gutxienez beharrezkotzat jotzen duenean eginen da. Hala, bozketa eginen da boto-txartelak banan-banan sartuz hautestontzian, eta idazkariak boto zenbaketako emaitzaren berri emanen du.
9. artikulua. Bozketetan berdinketa izanez gero, errepikatu eginen dira, eta emaitzak bere horretan segitzen badu, Batzar Nagusiko lehendakariak hautsiko du berdinketa bere kalitatezko botoarekin.
Eginbidea: estatutu hauek Nafarroako Merkataritza Agenteen Elkargoaren 2013ko apirilaren 11ko Batzar Nagusi Berezian onetsitako testuaren kopia fidel eta zehatza direla jasota geldi dadin.
Lehendakaria | Idazkaria |
Luis Jesus Herias Embun | Antonio Martinez Rico |
Iragarkiaren kodea: F1400368
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
