1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 21ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Zuraren Industriaren sektoreko hitzarmen kolektiboa luzatzeko Akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusirik Nafarroako Zuraren Industriaren sektoreko hitzarmen kolektiboa, aurreraeraginari dagokionez, luzatzeko Akordioaren testua (kode zenbakia: 31004805011981), Erregistroan 2014ko urtarrilaren 17an sartu zena eta entitatearen negoziazio batzordeak 2013ko abenduaren 23an sinatu zuena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 21ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
Iruñean, 2013ko abenduaren 23an.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ZURAREN INDUSTRIAREN SEKTOREKO HITZARMEN KOLEKTIBOAREN NEGOZIAZIOAN LORTUTAKO AURREAKORDIOA
Bildu egin da Nafarroako Foru Komunitateko Zuraren Industriaren sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordea, ondotik adierazten diren pertsonak eta ordezkaritzak dituena:
A) Alvaro Valgañón Villanueva (ADEMANeko aholkulari juridikoa)
B) Alvaro Morlan (ADEMANen izenean)
C) Arturo García (ADEMANeko presidentea)
D) Julian Goñi Corbatón (ACENen izenean)
E) Beatriz Casajús Labairu (ACENeko aholkulari juridikoa)
F) Jose Mejías Sarmiento (UGTren izenean)
G) José Ramón Ibañez (CC.OO. sindikatuaren izenean)
H) Eduardo Makirriain (ELAren izenean)
I) Oscar Kaion Armendáriz (LABen izenean)
ONDOKOA AZALTZEN DUTE
Nafarroako Foru Komunitateko Zuraren Industriaren hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordearen mahaian adostasuna lortu da zenbait puntutan negoziatzaileen artean, eta aintzat hartuta hitzarmenaren mugaeguna gertu dela, 2013ko abenduaren 31, sinatzaileek aurreakordio bat adostu dute honako puntu hauei dagokienez:
–Gaur ituntzen den hitzarmen kolektiboak hiru urteko indarraldia izanen du, hau da, 2014. urtetik 2016.enera bitarte.
–Aurreraeragina: hitzarmena gaur egun indarrean den legeriak ezarritako denbora tartea baino urte bete gehiago egonen da indarrean gehienez ere; legez ezarritako denbora tarte hori urte betekoa izanik, hitzarmena, praktikan, 2018ko abenduaren 31ra bitarte egonen da indarrean.
–Urteko lanaldia ez da aldatuko eta egungo hitzarmenaren testua mantenduko da.
–Soldata igoera %0,85ekoa izanen da hitzarmena indarrean den ekitaldi bakoitzerako, 2014, 2015 eta 2016.
–Enpresentzat aukerakoa izanen da aparteko hiru pagak urteko 12 hilabeteetan hainbanatzea.
Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, hitzarmen kolektibo autonomikoan arautuko da Estatuko Hitzarmen Kolektiboari berariaz utzi ez zaion guztia, hori noski, Langileen Estatutuarekin bat eta alde batera utzita Estatuko Hitzarmenak gai gehiago gordetzeko ezarritakoa, eta lehentasuna hitzarmen autonomikoari emanen zaio Estatuko Hitzarmenaren aurrean.
–Langileen Estatutuaren arabera Estatuko Hitzarmenarentzat berariaz gorde beharrekoak ez diren gaien lehentasun-ordena hau izanen da: Enpresako Hitzarmena, Hitzarmen Autonomikoa eta, azkenik, Estatuko Hitzarmena. Hitzarmen Autonomikoan ituntzen ez den orotan, estatuko hitzarmena aplikatuko da, XII. titulua izan ezik.
–Batzorde misto paritarioari buruzko artikulu bat jasoko da, honela: hitzarmena jarraitu eta interpretatzeko batzorde misto paritario bat eratuko da, eta hitzarmenaren aplikazioan eta interpretazioan planteatzen diren desadostasunez arduratuko da. Hilabeteko epean, erreklamazio edo eskaera bat aurkezten denetik hasita, batzorde misto paritarioak ez badu adostasunik lortzen edo ez badu planteatutako auzien gaineko iritzirik ematen, alderdiek erreklamazioak egin ditzakete Lan arloko Jurisdikzioan, horretarako berariaz araututako prozedura erabiliz.
Batzorde misto paritarioak honako kide hauek izanen ditu: enpresaburuen elkarteko lau kide eta, langileen aldetik, hitzarmena negoziatu duten zentral sindikaletako lau kide ordezkari. Bi alderdiek aholkulariak erabiltzen ahalko dituzte.
Batzordearen irizpenak bi alderdien adostasunarekin emanen dira, alderdi bakoitzaren gehiengoarekin, eta akordio horiek, hitzarmen honen xedapenak bezala, derrigor bete beharko dira.
Batzorde misto paritarioaren helbidea ADEMANen egoitzan kokatzen da, Pedro I.aren kalea, 1. zenbakia, 31007-PK, Iruña, Nafarroa.
–Lehen xedapen iragankorra, soldata-erregimena ez aplikatzeko klausulari buruzkoa, klausula berri batekin ordeztuko da, honako edukia izanen duena: Alderdien asmoa da hitzarmen kolektiboan itundutako edukia betetzea bere indarraldian zehar. Hori horrela, salbuespenez, hitzarmena ez betetzea eragiten duen edozein inguruabar sortzen bada, ordainsarien sistemari eta/edo hitzarmen kolektibo honetan itundutako soldata igoeraren ondoriozko soldataren zenbatekoari dagokionez, enpresak inguruabar horren berri emanen dio batzorde misto paritarioari, konponbide ez traumatikoak bilatzeko xedearekin, planteatutako arazoari aurre egin ahal izateko, eta bi alderdiek konpromisoa hartzen dute akordio batera iristeko ahalegin guztiak egiteko. Gehienez ere 15 eguneko epea iraganda, alderdiek ez badute adostasunik lortu batzordearen barnean, Langileen Estatutuaren 82. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Lan Auzitegian ezarritako arbitraje prozedura aplikatzen ahalko da, bi alderdiek ados jarrita hala eskatzen badute. Nolanahi ere, alderdiek, oro har, alde batera uzten dute nahitaezko arbitrajea.
–Alderdiek hiru hileko epea eman diote elkarri, 2013ko abenduaren 31tik aurrera, hitzarmenaren testu osoa eta behin betikoa adosteko eta hori sinatu, eta gerora, argitaratzeko. Epe horrek dirauen bitartean, egungo hitzarmen kolektiboaren indarraldia luzatuko da, 2014ko martxoaren 31ra bitarte.
Eta hala jasota gera dadin, akordio hau egiten da eta bertaratuek sinatzen dute, Iruñean, 2013ko abenduaren 23an.
Iragarkiaren kodea: F1401059