Iragarkia
30. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 13koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Burlatako Hilarion Eslava Musika Eskola entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Burlatako Hilarion Eslava Musika Eskola entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008712012007) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko urriaren 22an sartu zena, eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2012ko martxoaren 9an izenpetu eta 2013ko abenduaren 23an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 13an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
HILARIÓN ESLAVA MUSIKA ESKOLAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
I. KAPITULUA
Eremuak
1. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen hau Burlatako eta Atarrabiako “Hilarión Eslava” musika eskolaren eremuan aplikatuko da. Hitzarmen honetan, Hilarion Eslava Musika Eskolari, hemendik aurrera, Musika Eskola deitzen ahal zaio, enpresaren alderdia identifikatzeko ondorioetarako.
2. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorio ekonomikoak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu.
Hitzarmen honen indarraldiak 2013ko abenduaren 31ra arte iraunen du. Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertzen da hitzarmen hau salatuta gelditzen dela sinatzen den egunetik beretik.
Hitzarmen berria sinatzeko negoziazioak 2013ko urriaren lehenbiziko egunetan hasiko dira.
3. artikulua. Langile eremua.
Lan hitzarmen kolektibo honek, eskolak kontrataturik, Burlatako eta Atarrabiako Hilarión Eslava Musika Eskolan lan egiten duten langile guztiak hartzen ditu, hau da, finkoak eta aldi baterakoak.
II. KAPITULUA
4. artikulua. Batzorde paritarioa
Hitzarmen hau sinatu eta ondoko hilabete naturalean, Batzorde Paritario bat eratuko da; Burlatako eta Atarrabiako udalek ordezkari bana izanen dute, eta erakunde sindikal sinatzaileak, berriz, bi.
Batzorde horren eginkizunak izanen dira hitzarmenean ezarritakoaren interpretazioa, arbitrajea eta jarraipena, baita adiskidetzea ere, haren menpe jartzen diren gatazketan, banakakoak edo kolektiboak izan.
a) Funtzionamendurako erregelamendua.
Ordezkaritzetako edozeinek eskatzen dion aldiro bilduko da batzordea, gai-zerrendako gaiak zehazturik. Erabakiak aho batez hartuko ditu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du, egoera aurkezten zaionetik hasita.
b) Eginkizunak
1. Batzorde honi esleitzen zaizkio hitzarmenaren interpretazioa, jarraipena, ikuskatzailetza eta edukiaren garapena, sortzen diren gatazkei buruzko aldez aurreko azterketa eta erabakia, arazoei irtenbidea emateko prozeduretan, eta, premiazkoa denean, hitzarmenaren edukia osatzea, hitzarmenean bertan ezarritakoari jarraikiz.
2. Hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka kolektibo agertu aitzin, hala aurretiazko erreklamaziokoa edozein administraziori edo lan administrazioko agintaritza eskudunari, nola organo jurisdikzional eskudunari zuzendua, auzia batzorde paritarioaren esku jarriko da.
3. Bi alderdiek hitzartzen dute ezen, kasu guztietan, desadostasunak konpontzeko egin beharreko prozesuak, lan baldintzak ez aplikatzeagatik sor daitezkeenak barne (Langileen Estatutuaren 82-3 artikulua), Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetzea izanen direla. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik berari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.
III. KAPITULUA
Langileen sailkapena
5. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren diziplina eta antolamendua Musika Eskolaren beraren ahalmenak dira eta Langileen Estatutuan eta hitzarmen kolektibo honen aplikazio funtzionalaren eremuan sartutako enpresei aplikatzen zaizkien gainerako lege xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.
II. TITULUA
Langileak
I. KAPITULUA
Langileen sailkapena
6. artikulua. Talde eta kategoria profesionalak.
Hitzarmen honen aplikazio eremuaren barrenean dauden langileak, euren titulazioaren eta eskolan egiten duten benetako lanaren arabera, ondoko talde profesional hauetako batean, eta haren barrenean, kategorietako batean sailkatuko dira:
1. taldea.–Irakasleak: irakasle titularra.
2. taldea.–Administrari-ofiziala, administrari laguntzailea eta etxezaina.
3. taldea.–Garbitzaileak.
7. artikulua. Kategorien definizioa.
7.1. Irakasle titularra: aplikagarri den legeriak eskatzen dituen baldintzak betez eta hartan ezarritako titulazio akademikoa duela, irakasle lanetan aritzen dena programak behar bezala garatuz, zentroak ezarritako esparru pedagogiko eta didaktikoaren barrenean.
Administrazio-langileak: Zuzendaritzaren menpean, bulegoko edo kontabilitateko lanak egiten dituena.
Etxezaina: Zuzendaritzaren menpe zuzenean, eskolako beharrei kasu eman, bisitei harrera egin eta eskolako gela eta guneak zaintzeaz arduratzen dena.
Garbitzaileak: Eskolako garbiketaz arduratzen direnak.
7.2. Irakaskuntzaz kanpoko langileen igoera.–D eta E mailetako langileak C eta D mailetara igo daitezke, hurrenez hurren, antzinatasuneko 5 urte bete ondoren, baldin eta behar den titulazioa badute, eta 8 urteren buruan titulazio hori ez badute.
8. artikulua. Aldi baterako kategoria funtzionalak.
Eginkizunen araberako kategoriak honako hauek dira: zuzendaria, ikasketaburua eta ikasketen idazkaria.
Enpresako zuzendaritzak aukeraturiko irakasleek beteko dituzte postu horiek, karguetan mantentzen dituzten denboran. Kategoria hauek ez dira kontsolidatzen ahal.
Haren jarduna zuzendariak zuzendu, bideratu eta gainbegiratuko du, eskolako titularren aginduz.
II. KAPITULUA
Kontratazioa eta enpresa uztea
9. artikulua. Kontratazioa.
Hitzarmen honek ukitzen dituen langileak unean-unean indarra duten legezko modalitateetako edozeinen bidez kontratatzen ahalko dira.
Halaber, kontratuaren ezaugarriei eta betebeharrei dagokienez, indarra duten legezko xedapenei men eginen zaie.
Kontratuaren iraupenari buruz modalitate berezirik hitzartu ez baldin bada, langileak finkoak izanen dira enpresan, jarduera aldi baterako dela egiaztatzen duen probarik izan ezik.
Halaber, lan kontratu idatzia ez duten langileak eta, legezko luzapen guztiak eginak, enpresan lanean segitzen dutenak, langile finkoak izanen dira.
Aldi baterako kontratuak legeak ezartzen duen gehieneko denborarako egin ez badira eta, bukatutakoan, inork haien amaiera iragarri ez edo luzapen zehatza egiteko akordiorik izan ez baina langileak lanean segitzen badu, kontratua automatikoki luzatuko da legeak uzten duen gehieneko denbora bete arte.
Enpresak behar baldin badu eta, Patronatuaren iritziz, langileek baldintza guztiak betetzen badituzte, lehen-lehenik lanaldi partzialeko modalitatean kontratatutako langileei euren lanaldia luzatzeko aukera eskainiko zaie.
10. artikulua. Probaldia.
Hitzarmen honen aplikazio eremuaren arabera kontratatzen diren langileek probaldi bat izanen dute, kategoria profesionalaren arabera, honenbestekoa:
a) 1. multzoko langileak: lau hilabete.
b) 2. multzoko langileak: bi hilabete.
Probaldiak balio izanen du antzinatasunaren ondorioetarako.
11. artikulua. Lanpostu hutsak.
Eskolako lanpostu hutsak ondoko egoera hauetan sortuko dira:
a) Lan harremanak bukatu ondotik langilearen baja gertatzean.
b) Plantilla handitzean.
Oro har, sortzen diren lanpostu hutsak enpresak berak dituen langile boluntarioekin beteko dira. Langileen legezko ordezkariei entzun ondoan, enpresak erabakiko du langileen artean behar diren baldintzak betetzen dituen inor ote dagoen.
12. artikulua. Lana borondatez uztea.
Enpresarentzako zerbitzua nahita utzi nahi duen langileak enpresari jakinaraziko dio, idatzirik, abisua emateko epe hauek betez:
a) Irakasleak: hilabetea.
b) Gainerako langileak: hamabost egun.
Langileak aldez aurretik abisu emateko duen betebehar hori betetzen ez badu, enpresaburuak eskubidea izanen du haren likidaziotik 2 eguneko lansaria kentzeko atzeratzen den egun bakoitzeko, eta gehienez ere aurretik abisu emateko ezarritako egunei dagokiena.
Enpresak abisua behar den denboran eta moduan jasotzen baldin badu, langileari likidazioa emateko obligazioa izanen du elkarren arteko lan harremanak bukatzen diren egunean berean. Obligazio hau betetzen ez baldin bada, langileak eskubidea izanen du jaso behar duen likidazioaz gainera haren %20ko kalteordaina kobratzeko.
III. TITULUA
Lan baldintzak
I. KAPITULUA
Lanaldia
13. artikulua. Irakasleen lanaldia.
Eskolan aritzen diren irakasleek lanaldi hau izanen dute:
Astean 33 ordu. Lanaldia astelehenetik larunbatera izanen da, honela:
a) 24 irakastordu ikasleekin zuzenean.
b) Zentroan egon beharreko eta irakastordu ez diren sei ordu, irakasleen talde lanean, koordinazioan, ikasleekin eta gurasoekin harremanetan eta berariazko beste zenbait lanetan aritzeko.
c) Zentroan zuzenean lan egiteko orduez gainera gelditzen diren asteko orduak, irakaskuntzako jarduerak prestatzeko (eskola-orduetakoak eta bestelakoak), lanbide prestakuntzan sakontzeko eta, oro har, irakaskuntzaren eginkizunetan aritzeko erabiliko dira, eta ez dira nahitaez zentroan egon beharrekoak.
Lanaldi partzialeko irakasleek irakastordu ez diren orduetatik dagokien denbora eman beharko dute zentroari laguntzeko lanetan. Zentroan nahitaez egotekoak ez diren orduen kopurua kontratuan finkatuko da.
Zuzendari karguan ari denak 8 irakastordu gutxiago izanen ditu. Ordu horiek zuzendaritza lanetarako erabiliko ditu. Ikasketaburuak eta idazkariak 4 irastordu gutxiago izanen dituzte.
14. artikulua. Irakaskuntzaz kanpoko langileen lanaldia.
Eskolan aritzen diren irakaskuntzaz kanpoko langileek, astean, lanaldi hau izanen dute:
Zentroaren beharrak betetzeko, asteko lanorduen kopurua gainditzen duten orduak, atsedenaldiaren ondorioetarako, bi halako neurtuko dira, urteko kopurua gainditu gabe.
Irakaskuntzaz kanpoko langileen lan egutegia, ahal izanez gero, irakasleen egutegiari egokituko zaio eta Zuzendaritzak gainbegiratuko du.
15. artikulua. Lanaldia neurtzea.
Zentroan egote hutseko orduak ez dira lanordutzat hartuko.
Enpresaren edo Zuzendaritzaren eta langilearen artean zentroan lehenbizikoen eskura egoteko akordioa baldin badago, ordu horiek ez dira egote hutsekotzat hartuko.
16. artikulua. Aparteko orduak.
Hitzarmen honetan ezarritako lanaldia gainditzen duten orduak apartekoak izanen dira. Aparteko orduak egiteko proposamena egitea Musika Eskolari edo zentroko zuzendaritzari dagokio eta libreki onartzea edo ezestea, berriz, langileari. Bestela, estatuko hitzarmenean adierazten denari kasu eginen zaio.
Aparteko orduen gehieneko muga paratzeko legeetan ezarritakoari men eginen zaio.
Egindako aparteko orduen konpentsazioa honela eginen da:
–Ordubete eta berrogeita bost minutu lanegunetan lan egindako ordubete bakoitzeko.
–Bi ordu igande edo jaiegunetan lan egindako ordubete bakoitzeko.
II. KAPITULUA
Oporrak eta baimenak
17. artikulua. Urteko oporrak.
Udan: Ikasturtea bukatuta, irakasleek bi hilabeteko oporraldia izanen dute, uztailean eta abuztuan, nahiz eta abuztuan langile horiek zuzendaritzak eskuratzeko moduan egon behar duten, antolakuntza arloan gertatzen diren beharrei aurre egiteko.
Aste Saindua eta Eguberriak: Garai horietan, irakasleek eskola egutegi ofizialean ikasleentzat ezartzen den oporraldi berbera izateko eskubidea izanen dute.
Beste jaiegun batzuk: Musikaren Patroiaren egunean, Nafarroan jaieguntzat hartzen diren egunetan edo Musika Eskolak jaiegun gisa aldarrikatzen dituenetan festa hartzeko eskubidea izanen dute.
18. artikulua. 1. Irakaskuntzaz kanpoko langileek, Aste Santuan, gutxienez sei egun naturaleko atsedenaldia izateko eskubidea izanen dute, eta Eguberrietan, zortzi egun naturalekoa edo gehiagokoa.
2. Irakaskuntzaz kanpoko langileek lau opor egun izanen dituzte urtean zehar: bi egun zentroko titularrak zehaztuko ditu eta beste biak langileak, 14. artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.
19. artikulua. Lizentzia ordainduak, baimen ordainduak eta norberaren aferetarako lizentzia ordaindu gabeak.
Lizentzia ordainduak, baimen ordainduak eta norberaren aferetarako lizentzia ordaindu gabeak eskatzeko eta, hala balegokio, haiek emateko edo ukatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren III., IV. eta V. kapituluetan ezarritakoari jarraituko zaio, errege dekretu horren 15. eta 30. artikuluetan ezarritakoari izan ezik.
20. artikulua. Lanaldiaren murrizketa
Musika Eskolako langileen lanaldia murrizteko, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatuari jarraituko zaio.
III. KAPITULUA
Eszedentziak
21. artikulua. Eszedentzia borondatezkoa, nahitaezkoa edo berezia izan daiteke, hurrengo artikuluetan ezartzen den moduan.
Kasu guztietan, langileak ez du lansaririk jasotzeko eskubiderik izanen, eskubide sindikalei buruzko kapituluan ezarritakoa izan ezik.
22. artikulua. Nahitaezko eszedentzia.
Nahitaezko eszedentzia hartzeko arrazoiak honako hauek dira:
a) Lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izanagatik.
b) Eritasunarengatik, aldi baterako ezintasunaren lehenbiziko hemezortzi hilabeteak pasatutakoan eta langileak egoera horretan segitzen duen bitartean, nahiz enpresak ez kotizatu.
c) Probintzian edo eremu zabalago batean eginkizun sindikaletan aritzeagatik, baldin eta langilearen sindikatuak hitzarmen honen negoziazio esparruan legezko ordezkaritza nahikoa badu.
d) Lanbidean sakondu nahi duten irakasleendako ikasturte bateko atsedena, zentroan hamar urtean aritu ondotik. Hobekuntza egin beharra zentroa hezkuntza berrikuntzetara egokitzearen ondorioa baldin bada, zentroan aritutako denbora lau urtera murriztuko da.
23. artikulua. Nahitaezko eszedentzian dagoen langileak lanpostua erreserbatzeko, egoera horretan egon bitartean antzinatasuna kontatzeko eta, bukatutakoan, zentroan sartzeko eskubidea izanen du.
Eszedentzia ekarri zuen arrazoia desagertuta, langileak 30 egun natural izanen ditu ikastetxera itzultzeko, eta hala egin ezean, behin betiko baja emanen zaio bertan.
Nahitaezko eszedentzia besterik gabe eman behar da, behar diren frogagiriak aurkeztu ondoren.
24. artikulua. Borondatezko eszedentzia.
Borondatezko eszedentzia ere ematen ahal zaio langileari, aurretik idatziz eskatu baldin badu. Zentroan, bederen, bi urteko antzinatasuna daukaten eta aurreko lau urteetan eszedentziarik hartu ez duten langile guztiei ematen ahal zaie.
Eszedentzia hau hilabete lehenago eskatuko da, aurreabisu baten bitartez.
Eszedentzia ikasturteko lehenbiziko hilabetean hasiko da, bestelako akordiorik lortu ezik.
Borondatezko eszedentziarako baimena, gutxienez, ikasturte baterako emanen da eta, gehienez, bost ikasturterako. Lehenbiziko urtean lanpostuaren erreserba izanen da.
Lanera itzultzeko, eszedentziaren urtebetea bukatu baino hamabost egun lehenago jakinarazi behar da. Epe hori pasatutakoan, lanpostua libreki betetzen ahalko da eta eszedentziako langilea lanera itzultzen ahalko da bere kategorian lanpostu huts bat dagoenean. Eszedentzia bukatu eta handik urte batera, eskubide hori galduko du.
25. artikulua. Eszedentzia berezia.
Interesatuak eskatuta, eszedentzia berezia emanen da seme-alaba bakoitza zaintzeko, berezko seme-alaba zein adoptatua izan, baita harrera iraunkorra edo adoptatu aurrekoa egiten denean ere.
Seme-alabak zaintzeko eszedentzia berezi hau hiru urtekoa izanen da gehienez, semea edo alaba jaiotzen denetik edo, hala dagokionean, ebazpen judiziala edo administratiboa ematen denean. Hiru urteetan lanpostua gordeko da.
Orobat, zilegi izanen da eszedentzia berezia hartzea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza ahaide bat zaintzeko, adina, istripu bat edo eritasun bat dela kausa berez baliatzen ez bada eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko lan-kontratuko langileen Lan Hitzarmenaren arabera, lan ordaindurik egiten ez badu.
IV. KAPITULUA
Eguneratzea eta hobekuntza
26. artikulua. Eguneratze eta hobekuntza ikastaroak.
Enpresan lanbide hobekuntza eta sustapena erdiesteko asmoz azterketa ofizialak egin behar dituenean, langileari horretarako baimena emanen zaio, ordaindua, baina justifikatu beharko ditu matrikulatu izana eta azterketa edo azterketak egin izana.
27. artikulua. Prestakuntza.
Hitzarmen hau 2011ko Etengabeko Prestakuntzaren gaineko III. Akordio Nazionalari atxiki zaio.
Etengabeko Prestakuntzaren gaineko Akordio Nazionalaren berariazko planei jarraikiz prestatutako ikastaroetan, enpresaburuek prestakuntza horretarako behar diren lanorduak eman beharko dituzte, lansariak murriztu gabe.
Langileak, gainera, zentroan berean egiten diren hobekuntza ikastaroetako tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira.
Prestakuntza beharren diagnostikoa eginen da, langileen beharrak identifikatzeko, gero lanpostuari dagozkion lanak hobeki egiteko.
Diagnostikoan aurkitzen diren beharrei erantzuteko moduko Prestakuntza Plana prestatuko da eta, urtero, plana gauzatzeko diru-kopuru bat bermatuko. Prestakuntza plan hori langileen ordezkariekin negoziatuko da.
Urteko aurrekontu berezi bat esleituko da, zerbitzuaren antolaketa beharrak direla eta, prestakuntza jasotzeko zailtasunak izan ohi dituzten langileek planean bildutako ekintzetara joateko aukera izan dezaten. Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.
Prestakuntzan erabilitako orduak (20 gehienez edo dagokion zati proportzionala lanaldi partzialeko kontratuetan) urteko lanaldia kontatzeko aintzat hartuko dira, ondoko arau honen arabera: lan ordutegiaren barrenean egindako prestakuntza ekintzetako ordu guzti-guztiak hartuko dira lanordutzat eta lan ordutegitik kanpo egindako ekintzetan, berriz, orduen %50. Ordu horien partez egun osoak emanen dira, langileak aukeratzen dituenean, urteko lanorduen kontura, betiere zerbitzu beharrek horretarako aukera ematen badute.
28. artikulua. Euskara.
Musika eskolako langileetan hala eskatzen duten irakasleak zein administrazio arlokoak Udalaren Euskara Zerbitzuak urtero prestatzen duen euskalduntze plangintzan sartuko dira. Plangintza hori Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du oso-osorik eta hartan sartzen ahal dira Udalaren eta haren erakunde autonomoen langileak.
V. KAPITULUA
Hobekuntza sozialak
29. artikulua. Erretiroko saria.
Langileek jubilazioko sari bat jasotzeko eskubidea izanen dute, hiru ohiko soldata adinakoa, betiere enpresan hamabost urteko antzinatasuna dutela frogatuz gero.
30. artikulua. Langileen seme-alabendako laguntza.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtero 405,44 euroko familia laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute 0 eta 18 urte bitarteko seme-alaba bakoitzeko. Jaso beharreko dirua eskatzailearen lanaldiaren araberakoa izanen da.
Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.
Laguntza hau irailean kobratuko da, justifikatu ondotik.
Horrez gainera, zentroan ikasten duten langileen seme-alabek ez dute tasarik ordaindu beharko.
31. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileei behar den osagarria ordainduko zaie lanean arituz gero hilabete arrunt batean kobratuko zuten lansariaren %100 egin arte, 18 hilabetez gehienez.
32. artikulua. Aseguruak.
Zentroak bi aseguru poliza izan behar ditu hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztien erantzukizun zibilaren eta gizabanakoen istripuen estaldura bermatzeko.
Enpresak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean alta emanak dituen langile guztiek aseguraturik behar dute izan, eta hala frogatu beharko hilabeteroko TC-2 kotizazio buletinekin.
Eszedentziako langileak neurri honetatik kanpo egonen dira, eszedentzia nahitaezkoa edo borondatezkoa izan.
Erantzukizun zibila: aseguratuei, soilik euren jardun profesionalean ari direla, gertatzen ahal zaizkien kasuak, fiantza eta defentsa kriminala eta bazterketa barne. Kanpo utzi dira:
a) Ibilgailuen arloko aseguruek estaltzen ahal dituzten arriskuak.
b) Poliza honek estaltzen dituen kalte materialetatik edo gorputz kalteetatik zuzenean heldu ez diren edozein kalte inmaterial.
c) Aseguru konpainiek kanpoan utzitako arriskuak.
Langile finko guztiek banakako bizi aseguru bat izanen dute, 30.000 eurokoa, heriotza, lanerako ezintasun iraunkor osoa eta erabateko ezintasun iraunkorra estaltzeko. Estaldura horiek ezin dira metatu.
Aseguru hau kontratatzeko, langileak behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Enpresak langile guztiendako aseguru poliza bat kontratatuko du, izengabekoa, aurrekoarekin bateraezina izanen dena, lan istripuen ondoriozko arriskuak estaltzen dituena:
–Erabateko ezintasun iraunkorragatik, 45.000 euro.
–Ezintasun iraunkor osoagatik, 32.180 euro.
–Lan istripuaren ondoriozko heriotza: 45.000 euro.
Polizaren ondorioetarako, infartua gorputz-lesio gisa hartuko da, legez eskumena duen organoak lan istriputzat jotzen duen kasuetan.
Ez dago eguneko kalte-ordainik lanorduak galtzeagatik. Aseguru honen eskubideak bateragarriak dira beste edozeinekin.
Artikulu honetan aipatutako diru-kopuru guztiak urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.
33. artikulua. Segurtasuna eta higienea.
Langile guztiek urtean azterketa mediko bat egiteko eskubidea dute, legeetan ezarritako probak bilduko dituena.
Langileek osasun azterketen emaitzak ezagutzeko eskubidea dute.
Urteko azterketa medikoa Patronatuaren kargura eginen da.
34. artikulua. Laneko arropa.
Zentroak, urtean behin, hala eskatzen duten langileei lanean aritzeko behar den arropa emanen die, eta lanaldian jantzi beharko dute.
35. artikulua. Osasun laguntza
3.000 euroko poltsa eratu da, langileen edo baliabide materialen faltagatik, Nafarroako Gobernuaren menpeko osasun zentroetan hartu ezin diren osasun prestazioen ondorioz langileek edo haien menpe dauden seme-alabek eragindako gastuak ordaintzeko
Gastuen itzulketa kasuan kasuko urtean bederatzi hilabeteko edo hortik gorako kontratua duten langileek eskatzen ahalko dute, pertsona bakoitzeko urteko osasun gastuak 300,51 eurotik gorakoak izan badira, ez bestela.
Urteko abenduaren 1a bitarte aurkezten diren fakturak onartu eta tramitatuko dira. Interesatuek behar bezalako ordainagiriak aurkeztuta, abenduko edo urtarrileko hilekoarekin ordainduko dira.
Hona hemen gastuen itzulketan aplikatuko diren kontzeptuak eta tarifak:
Ortopedia: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estalpean dauden produktu ortoprotesikoen katalogoagatik, %75 itzuliko da, dagokion fakultatiboak aginduz gero.
Halaber, portzentaje berean ordainduko da audifonoen kostua, 901,52 euro bakoitzeko gehienez ere, eta urte naturalean bat onuradun bakoitzeko (edo bi, bi belarrietan behar izanez gero).
Optika: Graduatutako bi betaurreko pare ordainduko dira, gehienez, onuradun eta urte natural bakoitzeko, muga hauekin haietako bakoitzean: 240,40 euro kristalen balioan eta 27,05 eustoinarenean.
Lentilla graduatuen balioaren %75 ordainduko da, edozein tankeratakoak direla ere; 240,40 euro, gehienez ere, onuradun eta urte natural bakoitzeko.
Odontologia: Odontologiako gastu guztietatik, kontsultak eta kirurgia barne, kostu guztiaren %60 ordainduko da.
Aipatu diren kopuruak gehienekoak dira, izan ere, poltsan dagoen diruarekin aurkezten diren gastu guztiak ordaintzerik ez badago, banaketa proportzionala eginen da.
IV. TITULUA
Ordainsariak
36. artikulua. Kontzeptuak.
Hitzarmen honen aplikazio esparruko irakasleen soldatak ondoko kontzeptuak izanen ditu: oinarrizko soldata, lanpostuko osagarria eta, hala balegokio, antzinatasuna, parekatzeko osagarria eta eginkizunen araberako kategoriako plusa.
Irakasleen erreferentziako oinarrizko soldata 1.552,86 eurokoa da, ondorioak izanik 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera. Oinarrizko soldata hori erabiliko da irakasle kontratu berrien soldatak kalkulatzeko, irakasle guztien lanpostuko osagarriari dagozkion zenbateko guztiak kalkulatzeko eta parekatzeko osagarriari dagozkion zenbateko guztiak kalkulatzeko, hala balegokio.
Lanpostuko osagarria eratzen da, ondorioak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera dituela; helburua da irakaslearen lanpostuaren zailtasun tekniko berezia konpentsatzea. Osagarri hori portzentaje bat izanen da irakaslearen erreferentziako oinarrizko soldataren gainean. Ezartzen da haren balioa oinarrizko soldataren %2,5 izanen dela.
Parekatzeko osagarria eratzen da, ondorioak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera dituela; helburua da “ad personam” baldintzak ez dituzten irakasleen ordainsariak hurbiltzea horiek dituztenen ordainsarietara. Osagarri hori portzentaje bat izanen da irakaslearen erreferentziako oinarrizko soldataren gainean. Ezartzen da haren balioa oinarrizko soldataren %2,5 izanen dela.
Irakasle ez diren langileak, administrazioko langileak, etxezaina eta garbiketako langileak C, D eta E mailetan egonen dira, hurrenez hurren, eta haien soldatan lansari kontzeptu hauek sartuko dira:
Oinarrizko ordainsari pertsonalak: oinarrizko soldata eta, hala badagokio, antzinatasuna.
Ordainsari osagarriak: lanpostuko osagarria, mailako edo taldeko osagarria eta, hala dagokionean, arriskuko osagarria.
Ondorioak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanik eta helburua lanpostuen erantzukizuna konpentsatzea eta ordaintzea izanik, eskolazainaren eta garbitzaileen lanpostuko osagarriak %0,5 handitzen dira D eta E mailetako ordainsarien gainetik hurrenez hurren, eta administrari ofizialaren lanpostuko osagarria %3 handitzen da C mailako ordainsariaren gainetik.
Ondorioak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanik eta helburua lanpostuen nekagarritasuna, toxikotasuna eta/edo arriskua konpentsatzea izanik, arriskuko osagarria sortzen da, eskolazainaren eta garbitzailearen lanpostuetan aplikatzekoa; hurrenez hurren, D eta E mailetako ordainsarien %2,5eko balioa dauka.
Aurretik ezarritako igoerek (lanpostuko osagarria kasu guztietan, irakasleak parekatzeko osagarria eta eskolazainaren eta garbitzaileen arriskuko osagarria) xurgatu edo konpentsatuko dute hitzarmen honen indarraldian soldatan gerta daitekeen edozein igoera edo murrizketa, horren arrazoia izan akordioa, legezko berrikuntza, epai judiziala edo Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitaterako moldatzen dituen ekainaren 11ko 12/2010 Foru Legea aplikatzeari buruzko beste edozein erabaki.
Aurreko puntuetako aldaketen ondorioetarako data 2011ko urtarrilaren 1a izanen da. Ordaindutako ordainsarietatik aldaketa horien ondoriozko ordainsarietara doan aldea 2011ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura ordainduko da.
Soldatak hilabetea amaitu eta hurrengoaren lehen bost egunetan ordainduko dira, lanorduen barrenean. Ordainketa eskudirutan, bankuko txeke bidez, transferentziaz edo bestelako sistema baten bidez eginen da, langileekin ados jarri ondotik.
37. artikulua. Soldaten berrikuspena.
2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, Musika Eskolako langileen ordainsariak Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean administrazio publikoetako funtzionarioentzat eta estatutupeko langileentzat ezarritako irizpideen arabera berrikusiko dira.
38. artikulua. Eginkizunen araberako kategorien plusa.
Eginkizunen araberako aldi baterako kategorietan aritzen diren langileek, dagozkien gainerako ordainsariez gainera eta kategorian jardun bitartean, ondoko diru kopurua jasoko dute:
Destinoko
Zuzendaria: soldata gordinaren %30, 14 hileko soldatatan banatua.
Ikasketaburua: soldata gordinaren %15, 14 hileko soldatatan banatua.
Idazkaria: soldata gordinaren %15, 14 hileko soldatatan banatua.
39. artikulua. Aparteko pagak.
Langileek, hilabetetik goitiko mugaegunaren aldizkako osagarri bezala, aparteko bi eskersari jasoko dituzte, horietako bakoitza oinarrizko soldatagatik, kasuan kasuko osagarriengatik, antzinatasunagatik eta eginkizunen araberako kategoriaren plusagatik hilabete batean jasotzen duten soldata adinakoa.
Aparteko paga horiek ekainean eta abenduan ordainduko dira.
40. artikulua. Antzinatasuna.
Eskolako langile finko eta aldi baterakoei, antzinatasuna finkatzearen ondorioetarako, eskolan lan egindako denboraz gainera, lehendik edozein administrazio publikotan lan egindakoa ere aintzat hartuko zaie, behar bezala frogatuz gero.
Betetako hirurteko bakoitzeko, langileak eskubidea izanen du eranskineko lansari tauletan adierazten den dirua jasotzeko.
Hirurteko bakoitza betetzen den hilabeteko nominan ordainduko da diru hori.
Diru zenbateko hori hilabeteko soldatekin (hamabi) eta aparteko pagekin batera (bi) ordainduko da eta dagokion soldatari gehituko zaio.
41. artikulua. Aurrerakinak.
Langileak eskubidea izanen du bere lanaren kontura aurrerakinak jasotzeko, hilabeteko soldataren % 90eko muga gainditu gabe.
42. artikulua. Gidabaimena.
Lantokian sartzeko gidabaimena izatea eskatu zitzaien langile guztiei hura berritzeko gastuak ordainduko zaizkie, baita ibilgailuak erabili eta gidatzeko aginduta duten langileei ere. Laguntza kalkulatzeko, baimena berritzeko kostu ofiziala baino ez da aintzat hartuko, kudeatzaileen komisiorik, zehapen errekargurik eta bestelakorik gabe.
V. TITULUA
Eskubide sindikalak
43. artikulua. Bazterkeriarik ez.
Langilerik ez da baztertua izanen bere afiliazio sindikalarengatik; bere iritziak libreki adierazten ahalko ditu eta laneko edo gizarte intereseko argitalpenak argitaratu eta banatzen ahalko ditu, enpresari jakinarazita eta lanaren jarduna deusetan ukitu gabe.
44. artikulua. Langileen ordezkarien ordezkaritza.
Langileen ordezkariek elkarrekin eramanen dute langileen ordezkaritza enpresaren aurrean, eta langileen batzordeen eskumen berberak izanen dituzte.
45. artikulua. Biltzeko eskubidea.
Zentroko langileak bertan biltzeko eskubidea bermaturik dago, jarduera galarazten ez den bitartean eta, betiere, indarra duten legeekin bat.
Bilera baino lehen patronatuko zuzendariari edo ordezkariari jakinaraziko zaio, behar den denborarekin, eguneko gai-zerrenda eta enpresakoak ez diren zenbat lagun etorriko diren bilerara adierazita.
46. artikulua. Sindikatuko kuota.
Sindikatuetako langile afiliatuek eskaturik, enpresak langileen soldatatik kenduko du dagokien sindikatuko kuotaren zenbatekoa, eta sindikatuak emanen duen bankuko kontusailean sartuko da.
Langileen baimen idatzian, deskonta daitekeen diru zenbatekoa adieraziko da.
47. artikulua. Hitzarmena negoziatzeko lan absentziak.
Langileek hautatutako ordezkariek, zentroan jardunean badaude eta negoziazio batzordeko kide izendatuak izan badira, abisua eman eta justifikatu ondotik, lantokia uzten ahalko dute, lansaria izateko eskibidearekin, hitzarmen berrien negoziazioetan parte hartzeko edo Interpretazio, Bitartekotza, Arbitraje eta Jarraipen Batzordearen bilkuretara joateko.
VI. TITULUA
Diziplina araubidea
48. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak.
Hutsegiteei eta zehapenei dagokienez, lan arloan indarra duten legeetan ezarritako araubide orokorra aplikatuko da.
Enpresa bakoitzak bere barne araubideko erregelamendua prestatzen ahal du eta hartan gauzatu zer diren hutsegiteak eta zein zehapen dagozkien. Hori horrela izanik, ondoko hauek hartuko dira kontuan:
A.–Hutsegite arinak:
a) Hogeita hamar eguneko epean lanpostura hiru aldiz berandu iristea, justifikatu gabe.
b) Hogeita hamar egunean behin lanera ez etortzea, justifikatu gabe.
c) Hogeita hamar egunean klasea ordua baino lehenago bukatzea bi aldiz, justifikatu gabe.
d) Baja agiria dagokion garaian ez aurkeztea, bidezko arrazoia izanik lanera huts egiten denean, non ez den begibistakoa ezinezkoa izan dela.
e) Zabarkeria kalifikazioak emateko orduan (hitz emandako egunean ez aurkeztea), asistentzia kontroletan eta ikasleen diziplina kontuetan.
B.–Hutsegite larriak:
a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea, justifikatu gabe.
b) Hogeita hamar egunean lanera behin baino gehiagotan eta lau baino gutxiagotan lanera ez joatea, justifikatu gabe.
c) Irakaskuntzaren arloko betebeharrak, indarra duen legeriaren arabera, ez betetzea.
d) Zentroan lankideekin jendaurrean, ikasleen edo haien familiakoen aurrean, eztabaidatzea mespretxua erakutsiz.
e) Irain larriak ikasleari berari edo haren familiakoei.
f) Hutsegite arin bera errepikatzea hirurogei egunean.
C.–Hutsegite oso larriak:
a) Hogeita hamar eguneko epean bederatzi alditan baino gehiagotan berandu iristea lanera, justifikatu gabe.
b) Hogeita hamar eguneko epean hiru egun baino gehiagotan lanera ez joatea, justifikatu gabe.
c) Irakasle eginkizunak arrazoirik gabe eta behin eta berriz abandonatzea.
d) Errespetu falta larriak eta tratu txarrak, hitzezko zein egitezko, zentroko hezkuntza komunitateko edozein kideri.
e) Irakaskuntzaren arloko betebeharrak modu larrian bete gabe uztea, indarra duen legeriaren arabera.
f) Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, lehenbizikoa egin ondoko sei hilabeteren barnean egiten bada.
49. artikulua. Preskripzioa.
Langileen hutsegiteak preskribatuko dira: hutsegite arinak hamar egunen buruan, larriak hamabost egunen buruan eta oso larriak berrogeita hamar egunen buruan, enpresa hutsegitearen berri izan duen egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
50. artikulua. Zehapenak.
Langileek egindako hutsegiteak honela zehatuko dira:
a) Hutsegite arinengatik: hitzezko kargu-hartzea eta, behin eta berriz gertatzen badira, kargu-hartze idatzia.
b) Hutsegite larriengatik: Idatzizko kargu-hartzea. Behin eta berriz gertatzen baldin bada, bost egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia, espediente pertsonalean azalduko dena.
c) Hutsegite oso larriengatik: hamasei egunetik hogeita hamarrera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia, kaleratu aurreko ohartarazpena, enplegu-soldaten etenaldiarekin batera ematen ahal dena, edo kaleratzea.
Zehapen guztiak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari eta haietan agertuko dira zerk sortu zuten eta zein egunetan. Haien kopia langileen ordezkariei, lan batzordeko kideei edo ordezkari sindikalari igorriko zaie.
Sei hilabetean hutsegite arinik eta urtebetean hutsegite larririk ez egiteak espediente pertsonalean dauden maila bereko hutsegiteak ezabatzea ekarriko du.
VII. TITULUA
Enpresaren arau-hausteak
51. artikulua. Zentroetako titularrak eta/edo zuzendariak hitzarmen honetan eta gainerako legezko xedapenetan ezarritakoaren kontra egiten dituzten ekintzak edo ez-egiteak lan arloko arau-haustetzat hartuko dira.
Kontrataturiko langileak, beren ordezkari sindikalen bitartez, ustezko arau-haustea zuzentzen saiatuko dira lehenbizi, zentroko zuzendariarengana eta/edo titularrarengana joz.
Titularrari jakinarazi eta hamar egunean konponbiderik izan ez baldin bada edo konponbidea erreklamazio egilearendako nahikoa ez baldin bada, espedientea irekitzen ahalko da hitzarmenaren Batzorde Paritarioan, honek, gehienez ere hogei eguneko epean, ebazpena eman dezan.
Alderdietako edozeinek Lan Ikuskatzailetzaren edo Lan Ministerioaren Zuzendaritza Probintzialaren irizpena eskatzen ahalko du.
VII. TITULUA
Artikuluak berritzea
52. artikulua. Eskuratutako eskubideak.
Osotasunean hartuta eta, halakoa izanez gero, urteko konputuan langileendako egon daitezkeen egoera hobeak “ad personam” eskubide gisa errespetatuko dira.
53. artikulua. Artikuluak berritzea.
Hitzarmen honi paratu zaion iraunaldia bukatutakoan, aurretik bi alderdietako edozeinek amaiera iragarri ez dien artikulu guztiak automatikoki luzatuko dira, lansarien gainekoak izan ezik.
IX. TITULUA
Lan osasuna
54. artikulua. Lan-osasuna.
Hitzarmen honek Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeari men eginen dio.
Prebentzioko ordezkariak hautatzeko eta Segurtasun eta Osasun Batzordea eratzeko ere lege berari atxikiko zaio.
Lehenengo xedapen gehigarria.–Hitzarmen honetako negoziazio alderdiek Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jartzen ahalko dira, hala nola haren aplikazio erregelamenduaren menpe ere, eta horietatik datozen erabakiek ordezkatutako langile guztiengan izanen dtute eragina. Nolanahi ere, lehenbizi hitzarmen honetako Batzorde Paritariora joko da.
Bigarren xedapen gehigarria.–Prezioa baloratzeko formula (ordu arrunta):
(soldata gordina + eginkizunen plusa + antzinatasuna) 14 hileko soldatatan / urteko lanaldia
Hirugarren xedapen gehigarria.–Hitzarmen hau irekia dago legitimizazio nahikoa duen edozein erakundek atxikimendua adieraz dezan, Langileen Estatutuaren testu bateginaren 87. artikuluari jarraikiz.
Laugarren xedapen gehigarria.–Hitzarmena sinatu duten alderdiei dei egiten zaie 2013ko irailetik aurrera hitzarmena hobetzeko negoziazioekin jarraitzeko.
I. ERANSKINA
Soldaten taulak
Irakasleak
Oinarrizko soldata: 1.552,86 euro.
Antzinatasuna: 39,47 euro/hirurtekoa.
Lanpostuko osagarria: %2,5 oinarrizko soldataren gainean.
Parekatzeko osagarria (hala dagokionean): %2,5 oinarrizko soldataren gainean.
Eginkizunen araberako kategorien plusa:
Zuzendaritza: soldata gordinaren %30, 14 hileko soldatatan banatua.
Ikasketaburutza: soldata gordinaren %15, 14 hileko soldatatan banatua.
Idazkaritza: soldata gordinaren %15, 14 hileko soldatatan banatua.
Irakasle ez diren langileak
KONTZEPTUA | C | D | E |
Hileko soldata gordina | 1.260,23 euro | 1.097,57 euro | 965,40 euro |
Antzinatasuna | 43,78 euro | 38,13 euro | 33,54 euro |
Lanpostuko osagarria (maila bakoitzeko oinarrizko soldataren %) | %17,20 | %8,85 | %13,06 |
Arriskuko osagarria (maila bakoitzeko oinarrizko soldataren %) | %2.5 | %2.5 | |
Mailako edo taldeko osagarria (maila bakoitzeko oinarrizko soldataren %) | %12 | %12 | %15 |
Dedikazioko osagarria (maila bakoitzeko oinarrizko soldataren %) | %4,70 |
Iragarkiaren kodea: F1400754
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
