30. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUES

Erregelamendu organikoaren behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2013ko abenduaren 12an egin osoko bilkuran, Udalaren erregelamendu organikoa onestea erabaki zuen; 2014ko urtarrilaren 2ko osoko bilkuran, berriz, erregelamendu horren 104. artikulua aldatzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da erregelamendu organikoaren testua, aipatu diren osoko bilkuretako erabakiekin bat.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2014ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, José Alfonso Etxeberria Goñi.

EGUESIBARKO UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eguesibarko Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko aitortzen dion ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du, erregelamendu honen bidez, bere antolaketa eta bertan ezartzen diren organo oinarrizko nahiz osagarrien funtzionamendu araubidea arautzea.

2. artikulua. Udal antolaketa honako organo hauen arabera egituratuko da:

a) Gobernu eta administraziorako organo oinarrizkoak dira:

–Udaleko osoko bilkura.

–Tokiko Gobernu Batzarra.

–Alkatetza.

–Alkateordeak.

–Kontuen Batzorde Berezia.

–Informazio batzordeak.

b) Gobernu eta administrazioko organo osagarriak dira:

–Zinegotzi eskuordetuak.

–Bozeramaileen Batzarra.

–Udal taldeak.

–Kontseilu sektorialak.

c) Udalaren tutoretzarepan daude udal zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketa moduen titularrak, baita udal zerbitzu publikoetako entitateak eta kudeaketa organoak ere.

3. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.

4. artikulua. Eguesibarko Udalak arlo honetan legedi honi jarraituko dio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren arabera.

b) Erregelamendu Organikoa.

c) Udal ordenantzak.

LEHEN TITULUA

Osoko Bilkura

I. KAPITULUA

Osaketa eta eraketa

5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkateak egiten du buru.

6. artikulua. Hauteskundeei buruzko legediaren aurreikuspenen arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta halaberean eginen Udalbatzaren Osoko Bilkuraren eraketa.

II. KAPITULUA

Bilkuren araubidea

7. artikulua. Osoko bilkurak hiru motatakoak izan daitezke:

a) Arruntak.

b) Bereziak.

c) Berezi eta presakoak.

8. artikulua.

1. Bilkura arruntak dira aldizkakotasuna ezarria dutenak. Aldizkakotasun hori Osoko Bilkurak bilkura berezian hartutako erabakiaren bidez finkatuko da. Bilkura berezi horretarako deia alkateak edo buruak eginen du, Udala eratzeko bilkura egin eta hogeita hamar eguneko epean, eta ezin izanen ditu gainditu apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 46.2.a) artikuluak aipatzen dituen mugak.

2. Bilkura bereziak dira alkateak halakotzat deitzen dituenak bere ekimenez edo Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskaturik. Zinegotzi bakoitzak ezin ditu hiru baino gehiago eskatu urtean. Horrela izanez gero, gehienez ere hamabost egun baliodunean berandutuko da bilkura, eskatzen denetik hasita. Ekimena izan dutenek proposatutako gai zerrenda sartuko da deialdian, eta udalburuak zilegi izanen du beste gai batzuk ere sartzea, bilkurarako dei egin dutenek onartuz gero.

Aipatu zinegotzi kopuruak eskatutako osoko bilkura berezirako deia dagokion epean egiten ez badu udalburuak, epe hori bukatu eta bosgarren egun baliodunerako dei eginen da automatikoki, hamabietarako; Udalbatzako idazkariak horixe jakinaraziko die kide guztiei, aipaturiko epea bukatu eta biharamunean. Udalburua edo legezko ordezkoa ez dagoenean, Osoko Bilkura legez eratutzat joko da erregelamendu honen 18. artikuluan ezarritako quoruma biltzen denean; halakoetan, Udalbatzako kide bertaratuetako zaharrena izanen da burua.

3. Bilkura berezi eta presazkoak dira alkateak edo udalburuak deitzen dituenak, gaiaren presa dela-eta ezin denean bilkura berezirako deia egin gutxienez bi egun baliodun lehenago, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eskatzen duen moduan.

Kasu horretan, gai zerrendako lehen puntua izanen da Osoko Bilkurak presari buruz hartzen duen erabakia. Osoko Bilkurak gehiengo soilez presarik ikusten ez badu, amaitu eginen da bilera jarraian.

4. Bilkura berezietarako deialdiak arrazoitua izan behar du.

9. artikulua.

1. Osoko bilkura arrunten eta presakoak ez diren berezien deialdia gutxienez ere bi egun baliodun lehenago egin behar da; landuko diren gaien zerrenda igorri behar da, behar den zehaztasunez.

2. Legez ezarritako arrazoiengatik, osoko bilkurak lehenbiziko deialdian egiterik izaten ez bada, bilkurak bigarren deialdian eginen dira lehenbizikoa egin eta bi egun baliodun geroago, harendako ezarritako ordu berean.

3. Bigarren deialdirako ohartarazpena (tokia, eguna eta ordua) lehenbizikorako gai zerrendarekin eta deialdiarekin batera helaraziko zaie zinegotziei.

10. artikulua. Bilkura berezietan gai zerrendako gaiak baizik ez dira aztertuko; salbuespena, presakoak izatea, Udalbatzako kide guztiak bertan egotea eta aho batez horixe erabakitzea.

Onarturiko presazko kasuetan izan ezik (arrazoitu egin behar dira eta Udalbatzak gehiengo osoz berretsi behar du), gai zerrendako gaiak soilik aztertuko dira bilkura arruntetan.

III. KAPITULUA

Bilkura arruntetako gai zerrenda

11. artikulua. Bilkuretako gai zerrenda alkateak zehaztuko du, idazkariak lagunduta. Halaber, Gobernu Batzarreko kideen laguntza ere izan dezake eta, egokia iruditzen bazaio, Udalbatzako taldeen bozeramaileei kontsulta egin.

Zinegotziek Udaleko Idazkaritzan utzi beharko dituzte defendatu nahi dituzten proposamenak eta/edo mozioak, osoko bilkura egin baino hiru egun baliodun lehenago.

12. artikulua. Gai zerrendan sartutako gaien dokumentu guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarri izan behar dutenez, zinegotzien eskura egonen dira, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan.

Hortaz, Udalbatzako kide guztiek aukera izanen dute dokumentazio hori aztertzeko eta are hura osatzen duten agirien kopiak eskuratzeko. Guztiarekin ere, jatorrizkoak ezin izanen dira eskura jarri diren toki horretatik atera.

Osoko bilkuretako gai zerrenda Ibarreko Kontzeju guztietako buruei bidaliko zaie, herriko komunikabide sozialei helaraziko zaie eta Udaletxeko iragarki oholean jarriko da.

Bilkura arruntetako gai zerrendan atal hauek agertuko dira beti:

a) lehen atala, aurreko akta onesteari buruzkoa;

b) atal bat, Udaleko gobernu organoen kontrolari buruzkoa, zeinari erantsiko baitzaizkio Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiak eta alkateak eta, hala denean, zinegotzi eskuordetuek emandako ebazpenak, aurreko bilkura arruntetik egun horretara bitartekoak;

c) mozioei buruzko atal bat;

d) azken atala, galdera eta erantzunei buruzkoa.

Bilkura arruntetan, Udalbatzako gainerako organoen kontrolari buruzko atalak izaera propioa eta ebazpen ataletik bereizia izan beharko du, eta haren funtzionamenduan eta, hala denean, erregulazioan modu eraginkorrez bermatu beharko da udal talde guztien parte-hartzea eskari, galdera eta mozioak egiten direnean.

IV. KAPITULUA

Bilkura egiteko baldintzak

13. artikulua. Udalak Udaletxean eginen ditu bere bilkurak, edo, ezinbesteko kasuetan, horretarako bereziki egokitutako eraikinetan, baina orduan deialdian jaso beharko da hala dela.

14. artikulua.

1.–Bilkuretan esaten dena behar bezala aditzeko, sistema magnetofonikoak paratzen ahalko dira, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztien grabaketa magnetofonikoak egiteko baimena emanen da.

2.–Tokiko udalbatzetako kideek bilkura publikoen soinu grabaketak egiten ahalko dituzte, Udalbatzako buruari horren berri aldez aurretik emanda.

15. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal duten gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

16. artikulua. Bilkurak ikustera joaten direnak horretarako ezarri den tokian egonen dira Osoko Bilkuren Aretoan, eta ez dute bilkuretan parte hartzerik izanen; alkateak, aparteko kasuetan, edozein arrazoi dela-eta bilkura normal egitea eragozten duen herritar oro aretotik kanporatzen ahalko du. Hala ere, osoko bilkura arrunta bukatuta, kontsulta txanda irekiko da bertan dagoen jendearendako, Udalaren intereseko gai zehatzei buruz. Txanda horretatik kanpo, eta bilkura bukatu bitarte, ikusleak isilik egonen dira, osoko bilkura eteten denean eta alkateak berariaz baimentzen duenean izan ezik.

17. artikulua. Bilkura oro, arrunta nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.

18. artikulua. Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren herena bertaratu beharko da (gutxienez 3 kide izanen dira beti). Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Nolanahi den ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.

19.1. artikulua. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari. Alkateak isunak paratzen ahal dizkie ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.

2.–Isunaren zenbatekoa osoko bilkurarako dietaren %50a izanen da, dedikazio esklusiboko edo partzialeko zinegotziak izan, edo bertaratzeagatik ordaintzeko sistemari atxikiak.

V. KAPITULUA

Bilkuren nondik norakoa

20. artikulua. Ezin izanen da erabakirik hartu bilkura arruntetako gai zerrendan agertzen ez diren gaiei buruz, ez badira behintzat presakotzat jotzen Udalbatza osatzen duten kideen gehiengo osoak aldeko botoa emanda.

Gai zerrendan sartu gabeko gaiak direnean eta horiek Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren aginduzko txostena behar dutenean, eta horiek berehala ematerik ez dagoenean, buruari eskatu beharko zaio azterketa geroratu eta mahaian utz dezala hurrengo bilkurara arte.

Eskaera hori aintzat hartzen ez denean, idazkariak espresuki agerraraziko du aktan.

21. artikulua. Bilkurei hasiera emateko, buruak galdetuko du ea Udalbatzako kideren batek oharren bat egin behar dion aurreko bilkurako aktari, hots, deialdiarekin batera banatuari. Oharrik egiten ez bada, onetsitzat joko da. Oharrik bada, eztabaidatu eta bidezkoak diren zuzenketak eginen dira.

Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitezko hutsak baino ezin dira zuzendu.

Akta bakoitzean aurrekoaren irakurketa eta onespena aipatzean, egindako ohar eta zuzenketak agerraraziko dira.

Gai zerrendako puntu bakoitzari dagokionez, lehenik kasuan kasuko Informazio Batzordeak emandako irizpena irakurriko du idazkariak, osorik edo zati bat, edo, batzorde horren irizpena ez duen presako gai bat bada, Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena irakurriko du. Edozein talderen eskariz, Batzordearen txosten edo irizpeneko edo espedienteko hainbat zati osorik irakurriko dira, hobeki ulertzeko komenigarria dela uste bada.

Udalbatza berritzen den aldiro, kideek bilkura berezia egin beharko dute karguak utzi aitzin egindako azken bilkuraren akta onesteko xede bakarraz.

Horixe bera eginen da Gobernu Batzarrarekin.

Bilkura horiek, AFEren 36. artikuluari jarraikiz, Udal berria eratu aurreko hirugarren egunean eginen dira.

22. artikulua. Irizpena edo proposamena irakurri ondoren, zinegotziek hitz egiteko txanda irekiko da, eta, hitza inork eskatzen ez badu, gaiari buruzko bozketa eginen da.

Baiespenez onetsitzat joko dira eragozpenik edo kontrakorik sortzen ez duten alkatearen proposamenak. Bestelakoetan, bozketa eginen da, hurrengo bi artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Zinegotziek irizpenetan, ebazpenetan edo mozioetan dauden proposamenei buruzko zuzenketak aurkez ditzakete, bai idatziz eta bilkura hasi aitzin bai proposamenak eztabaidatu bitartean. Zuzenketa horiek gehitzekoak edo ordeztekoak izan daitezke.

Gehitzeko zuzenketen bidez puntu berriak eransten zaizkio erabakirako proposamenari. Horregatik, eta bozketa bateratua aho batez onartzen ez bada behintzat, puntuz puntukoa izanen da bozketa.

Ordezteko zuzenketek erabakirako proposamena osorik aldatzea edo puntuetako batzuk aldatzea dakar, eta osoko bilkuran aztertu beharreko irizpen edo mozioaren aurretik eztabaidatuko dira eta horien gaineko bozketa eginen.

Hasierako proposamenaren edukia indargabetu dezaketenez, aurkezleari aukera ematen zaio gai eztabaidatu eta bozketa egin aurretik kentzeko, bai hasierakoari bai zuzenketari berari dagokionez.

24. artikulua. Gai zerrendako hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak. Hori hala izanik ere, Alkatetzak gaien hurrenkera aldatzen ahalko du, edo gai bat kendu onespenerako gehiengo berezia behar denean eta gehiengo hori ezin denean lortu gai zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean.

Edozein zinegotzik eztabaida aldian eska dezake gai zerrendako espedienteren bat kentzeko, dokumentuak edo txostenak gehi dakizkion, bai eta espedientea mahai gainean geldi dadila ere, horren gaineko eztabaida hurrengo bilkuran egiteko. Bi kasuetan, eskaerari buruzko bozketa eginen da, eztabaida bukatu eta gaiaren funtsari buruzko bozketa egin aurretik. Gehiengo soilak eskaeraren aldeko botoa ematen badu, ez da erabaki proposamenaren gaineko bozketa egin beharko.

Eztabaida sorrarazten duten gai zerrendako puntuetan, gaiak lehenbizi eztabaidatu eginen dira eta gero bozkatu.

Eztabaidan, Udalbatzako talde politikoetako zinegotziek edo bozeramaileek Burutzaren baimena beharko dute hitza hartzeko, eta txandaka hitz eginen dute alde eta kontra, eskatu duten hurrenkeran. Elkarri uzten ahalko diote dagokien txanda, eta Udalbatzari hitz eginen diote beti, eta ez pertsona bati edo Udalbatzako alde bati.

1. Eztabaida bultzatzen bada, alkateak edo buruak antolatuko ditu parte-hartzeak, arau hauei jarraikiz:

a) Proposamena azalduz eta justifikatuz hasiko da eztabaida, horren ardura izanik Udal Gobernuko taldea osatzen duten zinegotzietakoren batek, proposamena edo mozioa sinatzen duten zinegotzietakoren batek, bere izenean edo taldearenean edo udal organo proposatzailearenean.

Gehienez ere hamar minutu izanen dira azalpen hori egiteko.

b) Horren ondoren, talde guztiek, izendatzen duten zinegotziaren bitartez, lehen txanda izanen dute, gehienez ere bost minutukoa. Osoko bilkuran ordezkaritza txikiena dutenak hasiko dira eta ordezkaritza handiagoa dutenek jarraituko dute, talderen batek espresuki uko egin ezean. Hitz egiteko txanda horri uko egiteak ez dakar bigarren txandari uko egitea.

c) Parte-hartzeren batean bera aipatzen dutela uste duenak aipamenen txanda eska diezaioke alkateari edo buruari; txanda hori labur eta zehatza izanen da, gehienez ere minutu batekoa.

d) Talderen batek eskatzen badu, bigarren txanda izanen da, 2 minutukoa. Parte-hartze horren hurrenkera lehen txandarako ezarritako bera izanen da. Txanda hori agortutakoan amaitutzat jotzen ahal du eztabaida alkateak edo buruak, eta zinegotzi txostengilearen parte-hartzearekin itxiko da, non bere proposamena berretsi edo aldatuko duen, laburki.

25. artikulua. Alkateak eztabaida bukatutzat jotzen ahalko du Udalean ordezkariak dituzten talde politiko guztiak mintzatutakoan, eta Udalbatzaren ebazpenak neurri gabe atzeratzen dituzten gorabeherak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.

26. artikulua. Alkateak idazkariaren parte-hartzea eska dezake, edo beste funtzionario batzuk bilkurara joan daitezela eta bertan parte har dezatela, aholku teknikoak behar direnean edo zenbait kontzeptu argitu behar izanez gero.

27. artikulua. Osoko bilkura arruntean Udaleko gobernu organoen kontrolari eta fiskalizazioari buruzko atala ongi gara dadin, zinegotzi guztiek beren esku izanen dute Alkatetzak azken bilkura arruntaz gero emandako ebazpenen zerrenda, bai eta hark edo Osoko Bilkurak eskuordeturik kide bakarreko organoek edo kide anitzekoek emandakoena ere.

Zinegotzi guztiek ebazpen zehatz bati buruzko argibideak eskatzen ahal dizkiote gobernu organo eskudunari; horiek bilkuran berean ematen ahal dira edo erantzuna geroratu, ahoz edo idatziz emateko hurrengo bilkura arruntean.

28. artikulua. Galde-eskeak alkateari edo edozein zinegotzi eskuordeturi eginen zaizkio, eta udal jardunari dagozkion kontuei buruzko erantzunak biltzeko erabiliko dira. Galdera hartzen duenak istanteko erantzun dezake edo idatziz, behar bezalako argibideak emateko datuak lortutakoan egiteko.

29. artikulua. Gai zerrendan agertzen ez den mozioren bat Udalbatzari zuzenean jakinarazi nahi bazaio, eta egileak Udaleko Erregistro Orokorrean aurkezten badu bilkura egin baino 8 ordu lehenago gutxienez, ez da beharrezkoa izanen presa justifikatzea, eta zuzenean ekinen zaio bozketari.

8 orduko gutxieneko hori bete gabe aurkezten badira mozioak, beharrezkoa izanen da presa justifikatzea.

Udalbatzari horren berri eman ondotik, egileak aferaren presa alegatu eta justifikatu beharko du eta, orduan, Udalbatzak, gehiengo soilaren quorumarekin, presakoa den ala ez erabakiko du. Ez da presako moziorik onartuko bilkura berezietan.

Presakoa dela onartuz gero, auziaren funtsa ebatziko da eta, alderantziz bada, Udalbatzak beste bilkura baterako atzeratzea erabakiko du.

Mozioak direnean eta haien gaineko testu alternatiboak aurkezten direnean, Osoko Bilkurak izanen du eskumena erabakitzeko, testuaren edukia ikusirik, hura mozio berri bat bezala tramitatuko behar den eta, beraz, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz, edo zuzenketa bat bezala tramitatu behar den eta, beraz, 25. artikuluan adierazten denari jarraikiz. Aurkezleak etenaldia eskatzeko eskubidea izanen du.

30. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legediaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta administrazio prozedurari buruzko legedian eta Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzko Legean ezarritako arrazoiak tartean badira.

Halakoetan, interesduna aretotik aterako da gai horri buruz eztabaidatu eta bozketa egiten den bitartean, Udalbatzako kide gisa dagokion jarduketa eztabaidatzen denean izan ezik, orduan bertan egon eta bere burua defendatzeko eskubidea izanen baitu.

31. artikulua. Udalbatzako buruari dagokio bilkuretan hurrenkera zaintzea, eta zilegi izanen du Udalbatzako kideei ohartaraztea kasu hauetan:

a) Udalbatzari edo bertako kideei, erakunde publikoei edo beste edozein pertsona edo entitateri buruzko begirunerik gabeko hitzak esan edo kontzeptuak adierazten dituztenean.

b) Etenak eragiten dituztenean edo bilkuretako ordena beste edozein modutan nahasten dutenean.

c) Hitza erabili nahi dutenean eman ez zaienean edo kendu ondoren.

Bilkura berean hiru ohartarazpen egin ondoren, bigarrenean adieraziz hirugarren deiak ondorioak izanen dituela, Udalbatzako buruak zinegotziari agintzen ahalko dio bilkura aretoa utz dezala.

Bertaratu diren ikusleen jarrerak ordena urratzen badu edo ikusle horiek behar den jendetasunik erakusten ez badute, Alkatetzak aretoa erabat edo hein batean husteko agindua ematen ahalko du, eta bilkuraren jarraipenari buruzko erabakia hartuko du. Arrazoi horrengatik edo beste edozeinengatik bilkura ez ohiko moduan eteteak hura amaitutzat jotzea ekar dezake; halakoetan, beste bilkura baterako dei eginen da erabakitzeke utzitako gaia lantzeko, atea itxita beharrezkoa bada.

32. artikulua. Ikusleek eta Udalbatzako kideek, bilkura garaian, ezin izanen dute pankartarik, ikurrik edo bestelako adierazpiderik erakutsi iraingarriak badira, Udalbatzako kideek esaten dutena atseginez hartu ala ez, ezta beste edozein edukiri buruzkoak ere. Halakoak agertzen badira, udalburuak kentzeko aginduko du.

Alde horretatik, atseginik eza erakusten duten adierazpenak izanen dira talde politikoak, udal taldeak, pertsonak edo kargu publikoak zuzenean eta pertsonalki irainez aipatzen dituztenak; muturreko egoeretan, alkateak aginduko du osoko bilkura atea itxita egin dadila, erabakiak eragozpenik gabe hartu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Erabakiak nola hartu

33. artikulua. Bozketetan erabakiak gehiengoz hartuko dira, bilkura lehen edo bigarren deialdian egin, eta legeak boto gehiago eskatzen dituenetan izan ezik. Bozketa hasitakoan ezin izanen da eten, arrazoia edozein delarik ere.

Erabakiak, oro har, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira. Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean lortzen da gehiengo soila. Gehiengo osoa, berriz, baiezko botoak Udalbatzako zinegotzien legezko kopuruaren erdia baino gehiago direnean.

34. artikulua. Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da. Gai baten gaineko eztabaida hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.

Bozketaren emaitza berdinketa bada, beste bozketa bat eginen da, eta berdinketak bere horretan badirau, behar den quoruma gehiengo soila bada, alkatearen botoak erabakiko du bozketa, kalitatezko botoa baitu.

35. artikulua. Bozketak honelakoak izanen dira:

a) Bozketa arruntak baiezko, ezezko edo abstentzioko zeinu konbentzionalen bidez egiten direnak dira.

b) Bozketa izendunak, berriz, deituren alfabetozko hurrenkeran deituta egiten dira, eta azkena udalburua izan ohi da beti; zinegotzi bakoitzak, deitzen dutenean, ozenki esaten du bai, ez edo abstenitu egiten naiz.

c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean.

36. artikulua. Erabakiak hartzeko bozketa arrunta erabiliko da, osoko bilkurak, halako kasu jakin baterako, bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean izan ezik. Bozketa izenduna edozein zinegotzik eska dezake, puntu zehatzaren gaineko eztabaida hasi baino lehen beti.

Zinegotziek beren botoa aktan jasotzeko eskatzen ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten.

Nolanahi den ere, zinegotzi guztiek bermaturik dute beren botoaren funtsa aktan azaltzeko eskubidea.

37. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duen martxoaren 12ko 11/2013 Foru Legean xedatutakoarekin bat, zinegotziek beren botoa beste zinegotzi baten esku utz dezakete Eguesibarko Udaleko osoko bilkuran, honako kasu hauetan:

a) Bere amatasunaren kariaz, erditu ondoko sei astean bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Amatasuneko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen boto-eskuordetzea egiteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Ezgai egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasotzen duena.

Osoko bilkuretan soilik eskuordetzen ahalko da botoa, eta zinegotzi bakoitzak gehienez ere boto bat har dezake.

Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

Boto-eskuordetzea egiteko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

38. artikulua. Osoko Bilkurak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituzten erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan aurreikusi bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere.

39. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabaki eta aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.

40. artikulua. Udalbatzaren erabakiei buruzko akta onetsi aitzin ere luzatzen ahalko dira haien gaineko egiaztagiriak, betiere inguruabar edo salbuespen horietaz ohartaraziz eta behar den aktan onetsiko dena ukatu gabe.

BIGARREN TITULUA

Tokiko Gobernu Batzarra

41. artikulua. Alkateak eta zinegotzien legezko kopuruaren herenak, gehienez ere, osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Alkateak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu zinegotzi horiek eta horren berri emanen Osoko Bilkurari.

Batzarrean ordezkaritzarik ez duten udal taldeetako ordezkari bat gonbidatu gisa ager daiteke, hitza izanik baina botorik ez.

42. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak hamabostean behin eginen dira gutxienez.

43. artikulua. Alkateak eginen du bilkuretarako deia, gutxienez 24 ordu lehenagotik, baina, salbuespen gisa eta presako arrazoiak daudenean, epe hori laburtzen ahalko da.

Alkateak bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu deialdian, baita gai zerrenda ere.

44. artikulua. Gai zerrendan sartutako aferei buruzko jatorrizko espedienteak Udalbatzako Idazkaritzan utzi beharko dira deia egiten den unetik beretik, Batzordeko kideen eskura egon daitezen.

45. artikulua. Gai zerrendako puntuak beste hurrenkera batean aztertzen ahalko ditu Alkatetzak edozein unetan, aldez aurretik justifikatuta.

46. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrean eginen. Dena den, Udalbatzaren iragarki-oholean ikusgai jarriko dira gai zerrenda eta hartzen diren erabakien laburpena, eta bilkuraren ondoko hamar eguneko epean akta onetsiaren kopia igorriko zaie zinegotzi guztiei.

47. artikulua. Bilkurak legez egiteko ezinbestekoa izanen da gehiengo osoa izatea bertan, eta quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdia eginen da, ordu bat geroago; orduan nahikoa izanen da kideen herena bertaratzea eta, edonola ere, hiru kide gutxienez.

Nahitaezkoa da Udalbatzako alkatea eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan egotea.

48. artikulua. Alkateak erabakita, eta kide guztiak bertan egonik, aitzinetik deirik egin gabe biltzen ahalko da Tokiko Gobernu Batzarra, betiere berandu gabe ebatzi beharreko aferak eztabaidatzeko. Halakoetan, behar bezala arrazoitu beharko da presa hori.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, presako bilkura bereziak egiten ahalko dira, deialdirik gabe, Udalbatzako kide guztiak eta idazkaria bertan direla, eta kideek aho batez erabakitzen badute bilkura egitea.

49. artikulua. Gai zerrendako gai zehatz batzuk aztertzeko, alkateak Udalbatzako teknikariak edo arlo horretako adituak agertzeko baimena eman dezake.

Era berean, alkateak Batzarraren bilkuretara gonbida ditzake Udalbatzako kideak, Batzarreko kideak ez izan arren erantzukizunak badituzte aztertuko diren gaiei dagozkien arloetan.

50. artikulua. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzten dituen eskumenak ezin izanen dira ez alkateordeen ez bestelako administrazio organoen esku utzi.

51. artikulua. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena berriz beren gain hartzen ahalko dute noiznahi. Hala ere, horiek berriz hartzeko ebazpena idatziz egin beharko da eta Udalbatzako Osoko Bilkurari jakinarazi.

Era berean, 10 eguneko epea egon beharko da eskumena berreskuratzeko ebazpena ematen denetik benetan eskumena hartu arte, eskumenak berreskuratzearen xede bakarra izan ez dadin ebazpen zehatz bat galaraztea, eskumena jatorriz aitortua duen organoarendako komenigarria ez delako.

52. artikulua. Eskuordetzan emandako eskumenak berreskuratzen direnean, jatorriz eskumen hori berea duen organoak organo eskuordeak emandako ebazpenak berraztertu ditzake, betiere erabaki edo egintza administratiboak berraztertzeko ezarriak diren kasuetan eta baldintzetan.

53. artikulua. Jatorriz eskumena berea duen organoak hura eskuordetzan ematen duenean, badu aukera zehazteko eskuordetze hori erabiliz ematen diren ebazpen guztiak hari jakinarazi behar zaizkiola. Eta zehazten ahal du, orobat, garrantzia duten halako erabaki batzuk bere menpe daudela edo aitzinetik jakinarazi behar zaizkiola.

54. artikulua. Eskumena denbora mugarik gabe eskuordetzan uzten dela ulertuko da, esku ematen duen organoak besterik esan ezean edo denbora muga eskumenaren nolakotasunetik beretik datorrenean izan ezik.

55. artikulua. Kapitulu honetan aurreikusi ez den orotan, aurreko kapituluan osoko bilkuretarako ezarritako arau orokorrak aplikatzen ahalko dira.

56. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumenen esparruan hartzen dituen erabakiak Osoko Bilkurak hartutakoak bezain eragingarriak izanen dira. Osoko Bilkurak ez du zertan erabaki horiek berretsi, Batzorde horrek, Osoko Bilkuraren eskuordetzeari jarraikiz eta presako arrazoiak direla bide, Udalbatza osoaren eskudantziak hartzen dituenean izan ezik.

HIRUGARREN TITULUA

Batzordeak

I. KAPITULUA

Informazio batzordeak

57. artikulua. Osoko Bilkurak, eraketa bilkuraren ondoko hogeita hamar eguneko epean, Informazio Batzorde Iraunkorren sorrerari eta osaerari buruzko ebazpena emanen du, Alkatetzaren proposamenari jarraikiz.

Horren ondoren, Osoko Bilkurak, gehiengo soilez, batzorde iraunkor eta orokor horiek sortzen eta aldatzen ahalko ditu, bai eta gai zehatz batzuei buruzko batzorde berezi batzuk sortzea erabaki ere.

58. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da informazio batzordeak osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi agertzen ahal da edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baino boto eskubiderik ez.

Burutzak herritar edo interesdunen bat gonbida dezake batzordeetara agertzeko eta dagokion afera gehienez ere 15 minutuz azaltzeko. Azalpen denbora amaitutakoan aretotik aterako da.

Kontzejuetako buruek batzordeetan parte hartzea eskatzen ahalko dute, batzorde horietan Kontzejuari lotutako gaiak aztertzen direnean.

59. artikulua. Informazio Batzorde Iraunkorrek hilean behin eginen dituzte bilkura arruntak (betiere bilkura egiteko gairik bada); batzorde bakoitzaren aldizkakotasun zehatza eta eguna eta ordua ezarriko dira, eraketa bilkuran.

Bilkura bereziak egiten ahalko dira buruak horixe erabakitzen duenean edo kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskatzen duenean.

60. artikulua. Informazio Batzordeen eginkizunak dira Osoko Bilkurak erabaki beharreko gaiak aztertu, prestatu eta haien gaineko txostena ematea eta haiei buruz nahitaez egin beharko zaie kontsulta. Osoko Bilkurak presakotzat jotzen dituen gaiak beste salbuespenik ez dago horretarako. Eginkizun berak betetzen ahal dituzte alkateak edo Tokiko Gobernu Batzarrak horren eskea egiten dienean.

Halaber, alkatearen, Tokiko Gobernu Batzarraren eta eskuordetzeak dituzten zinegotzien kudeaketaren jarraipena.

Osoko Bilkurari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta Alkatetzari erabakitzeko ematen zaizkien gaien azterketa eta irizpena da informazio batzorde iraunkor hauen egitekoa. Azken bi kasu horietan, bi organo hauek haren eskuordetzaz aritzen direnean, eta Udalbatzaren Osoko Bilkuraren esku ez dauden beste gaiei dagokienez ere jardun dezakete, organo eskudunak irizpena eskatzen dienean.

61. artikulua. Ezein batzordek ezin du eztabaidatu beste baten eskumenekoak diren gaiei buruz, arazo komunak ez badira behintzat. Hala ere, bi informazio batzorde edo gehiago biltzeko deia egin daiteke, gai komunei buruz eztabaidatzeko.

62. artikulua. Informazio batzordeetarako deia alkateak edo burutza eskuordetzaz jasoa duen zinegotziak eginen du; horiek, halaber, bilkura berezi edo presakoetarako deia egiten ahalko dute. Batzordekideen laurdenak eskatzen duenean ere egiten ahalko da deia, deialdiaren arrazoiak azalduz gero.

Deialdia eta horri erantsitako agiriak gutxienez ere bi egun baliodun lehenago bidaliko zaizkie, presako arrazoiak izan ezik, aztertu beharreko gaiak jasoko dituen idazki baten bidez, Udalbatzako kide guztiei, baita Kontzejuetako buruei ere, beraiei dagozkien gaiak aztertu behar badira.

Deialdi arruntetan eta presakoetan komunikazio bide arruntak ez ezik telematikoak ere erabiliko dira. Horretaz gainera, baita telefonoa, SMSak, faxa edo antzekoak ere.

63. artikulua. Bilkura bakoitzeko, akta bat idatziko da, bertaratutako kideen izenak, aztertutako gaiak eta emandako irizpenak jasoko dituena. Aktei hurrenkeraren araberako zenbakia jarriko zaie artxibatzeko, eta irizpenen sorburu izan diren espedienteei, bakoitzari bere irizpena erantsiko zaio.

64. artikulua. Alkatea batzorde guztien berezko burua da, eta batzordeetan benetako buru izanen da alkateordea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

65. artikulua. Batzordeek aukera izanen dute edozein funtzionario edo arloko erantzule den Udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan, baita teknikariak, aholkulariak edo adituak agertzeko ere.

66. artikulua. Udalbatzako idazkaria batzordeetakoa ere izanen da, eta alkateak zilegi izanen du, idazkariak dioena entzun ondoren, benetako idazkari Toki Administrazioaren zerbitzuko funtzionario edo langile bat izendatzeko.

II. KAPITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

67. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia informazio batzorde iraunkor gisa arituko da Ogasunaren arloan.

68. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia Ogasun arloko informazio batzorde iraunkorreko kideek osatuko dute.

69. artikulua. Batzorde honen eginkizuna da aurrekontua kudeatzeko kontu orokorrak eta ondareko kontuak aztertu eta haien gaineko txostena ematea. Horretarako, Alkatetzak hiru hilean behin eta, betiere, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, eginkizun hori betetzeko behar diren agiriak eman beharko ditu.

70. artikulua. Buruak toki entitatearen egoeren eta kontuen gaineko txostena emanen du dagokien ekitaldiaren ondoko martxoaren 31 baino lehen. Erakunde autonomoenak eta merkataritza sozietateenak, horien kapitala harena denean osorik edo gehienbat, hasiera batean horien organo eskudunek eman eta proposatuak, toki entitateari igorriko zaizkio epe berean.

Kontu-hartzailetzak eratutako kontu orokorra Kontuen Batzorde Bereziari igorriko dio ekainaren 1a baino lehen Udalbatzako buruak, txostena egin dezan.

Kontu orokorra, Kontuen Batzorde Bereziaren txostenarekin batera, Udaletxeko iragarki oholean jarriko da hamabost egun baliodunean, eta epe horretan interesdunek bidezkoak iruditzen zaizkien erreklamazio edo alegazioak aurkezteko aukera izanen dute, Batzorde bereziak, horiek aztertu eta beharrezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ondoren, beste txosten bat eginen du.

Batzorde bereziaren txostenekin eta aurkeztu diren erreklamazio eta alegazioekin batera, kontu orokorra Udalbatzako Osoko Bilkuraren esku jarriko da, irailaren 1a baino lehen onets dadin, bidezkoa izanez gero.

Behar bezala onetsitako kontu orokorra Foru Komunitateko Administrazioari igorriko zaio, onetsi eta hamabost eguneko epean.

71. artikulua. Batzordeak, edozein bilkuratarako, alkatea eta aztertu beharreko gaiaz arduratzen diren udal teknikariak agertzeko eska dezake, bilkuran erabili beharreko agirietako informazioa osatzeko.

72. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia, udal aurrekontuaren eta ondarean kudeaketa kontrolatu eta fiskalizatzeko xedea baitu, gutxienez ere urtean behin bilduko da Udalaren kontu orokorraren berri emateko, nahiz eta batzorde horren eraketa bilkuran gehiagotan bilduko dela ezartzen ahal den.

Haren funtzionamendua gainerako informazio batzordeenaren antzekoa izanen da.

Nolanahi den ere, Osoko Bilkurak urteko kontuak onetsitakoan, Kontuen Batzorde Bereziak horren gaineko nahitaezko irizpena emanen du eta, horrekin batera, bukatutzat emanen da urte horretako bilkuren aldia.

IV. TITULUA

Alkatetza

I. KAPITULUA

Alkatea

73. artikulua. Alkatea da Udalbatzako burua, eta honako eskudantziak ditu beti:

a) Udal gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Udala ordezkatzea.

c) Osoko bilkuretan, Tokiko Gobernu Batzarretan, eta beste edozein udal organotan, deialdiak egin eta haietan buru izatea, 11/1999 Legean eta hauteskundeei buruzko legedi orokorrean aurreikusitako kasuetan izan ezik; eta haietan guztietan berdinketak erabakitzea, kalitatezko botoaren bidez.

d) Udal zerbitzu eta obrak zuzendu, ikuskatu eta sustatzea.

e) Bandoak ematea.

f) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenen mugen barnean, kreditu-eragiketak hitzartzea, lege sektorialetan aipatutakoak izan ezik eta betiere aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten %10 baino handiagoa. Diruzaintzako kreditu eragiketak, ordea, bere eskumenekoak izanen dira, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada aurreko ekitaldian likidaturiko diru-sarreren %15 baino handiagoa; ordainketak agintzea eta kontuak azaltzea; hori guztia Toki Ogasunei buruzko Legean xedatutakoari jarraikiz.

g) Lan publikoaren eskaintza onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

h) Langile guztientzat buru nagusia izatea, eta haien izendapena eta zehapenak erabakitzea, baita Udalbatzako funtzionarioak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratudunak iraiztea ere, eta horren berri osoko bilkuran ematea, azken bi kasu horietan, egiten den hurrengo bilkuran.

i) Udaltzaingoan buru egitea.

j) Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, betiere Osoko Bilkurak berariaz esleituak ez baditu, baita hirigintzaren kudeaketarako eta urbanizazio proiektuetako tresnen onespena ere.

k) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Udala defenditzea bere eskumeneko gaietan, baita beste organo batean eskuordetuak dituelarik ere; eta presakoa denean, Osoko Bilkuraren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan Osoko Bilkurari berari eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

l) Osoko Bilkurari kaltegarritasunaren deklarazioa proposatzeko ekimena, Alkatetzaren eskumeneko alorretan.

m) Hondamendiak edo ezbehar publikoak edo horrelakoak gertatzeko arrisku larria dagoenean, berak hartzea, bere erantzukizunpean, behar diren neurri egokiak, eta Osoko Bilkurari horien berri berehala ematea.

n) Agintariei eginiko desobeditzeak edo udal ordenantzei eginiko arau-hausteak zehatzea, beste organo batzuen eskudantzia denean salbu.

ñ) Obra kontratuak, hornidurakoak, zerbitzuetakoak, zerbitzu publikoak kudeatzekoak, administrazio kontratu bereziak, eta kontratu pribatuak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta 6 milioi euro baino gehiagokoak direnean ere, horien artean urte anitzetakoak ere sartzen baitira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere (Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 3/2011 Legearen Testu Bategineko 2. xedapen gehigarria).

o) Obra edo zerbitzuen proiektuak onestea, kontratazioa egin edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

p) Ondasunak eta eskubideak erostea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, hiru milioi euro baino gehiago ere, baita ondasunaren besterentzea ere, ez aipatu portzentajea ez zenbatekoa gainditzen ez badute, kasu hauetan:

1. Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan aurreikusita badago.

2. Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan aurreikusi ez bada.

q) Lizentziak ematea, alor horretako legeek Osoko Bilkurari edo Tokiko Gobernu Batzarrari berari ematen ez badiote eskumen hori.

r) Udalaren erabakiak argitaratzeko eta betetzeko agintzea eta betearaztea.

s) Legeek espresuki ematen dizkioten gainerakoak eta Estatuaren edo autonomia erkidegoen legediak udalari eman eta udalaren beste organo batzuen eskuetan uzten ez dituenak.

74. artikulua. Alkateak izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean.

Orobat, alkateari dagokio Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatu eta kentzea.

75. artikulua. Alkateak Tokiko Gobernu Batzarreko kideen edo alkateordeen esku utz ditzake beste inoren esku uzten ahal diren eskudantziak, eta aurrekoa gorabehera, halako zeregin jakin batzuk edozein zinegotziren esku uzten ahal ditu, organo horretakoa izan ala ez.

76. artikulua. Alkateak, osoko bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta Nazioko Gobernuaren baimena izanik, herriari kontsulta egiten ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, betiere Toki Ogasunari buruzkoak ez badira eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen arlo horretako legedian xedatuari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Alkateordeak

77. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean.

78. artikulua. Alkateordeek, izendapenaren hurrenkeraren arabera, alkatea ordezten dute hura ez dagoenean, kanpoan edo eri delako.

79. artikulua. Alkateak askatasunez erabakiko du alkateordeen kopurua, betiere zinegotzien legezko kopuruaren herenaren mugaren barnean.

80. artikulua. Alkateak alkateordeak izendatzen dituen ekitaldi berean zehaztuko du zer eskumenetarako eskuordetzen dituen. Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.

Alkateak alkateordeen esku utzitako eginkizunak kentzen ahalko dizkie noiznahi eta berriz bere gain hartu.

81. artikulua. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, hurrenkeraren arabera dagokion alkateordeak ordeztuko du, bertan bada.

82. artikulua. Nolanahi den ere, alkateordeek beren kudeaketaren azalpenak eman beharko dizkiote Tokiko Gobernu Batzarrari edo eskumenak beren gain utzi dituen organoari.

III. KAPITULUA

Alkatearen aurkako zentsura mozioa

83. artikulua. Alkatearen aurkako zentsura mozioa hauteskundeen araubide orokorraren legedian ezarritako moduan aurkeztu, tramitatu eta bozkatuko da.

IV. KAPITULUA

Konfiantza-galdea

84. artikulua. Alkateak konfiantza-galdea aurkezten ahal dio Osoko Bilkurari, honako afera hauetako edozein onetsi edo aldatzeko:

a) Urteko aurrekontuak.

b) Erregelamendu organikoa.

c) Ordenantza fiskalak.

d) Udal esparruko planeamendu orokorrerako bitartekoen tramitazioari bukaera emateko onespena.

Aurreko zenbakian aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-galdea aurkezten bada, Osoko Bilkuraren gai zerrendako behar den puntuan berariaz agertuko da inguruabar horri. Erabaki horietako edozein hartzeko Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketa, dena den, jendaurreko deiaren sistema izendunaren bidez eginen da.

85. artikulua. Konfiantza-galdearen funtzionamenduak ondoko arauei jarraituko die:

a) Konfiantza-galdea aurkezteko ezinbestekoa izanen da erabakia aldez aurretik osoko bilkuran eztabaidatu izana eta onesteko beharrezkoa den gehiengoa lortu ez izana.

b) Konfiantza-galdeak ez baditu lortzen erabakia onesteko behar adina aldeko boto, alkateak, besterik gabe, kargua utziko du, eta jardunean ariko da, bere ordezkoak karguaren jabetza hartu arte. Konfiantza-galdearekin lotutako erabakiaren inguruko bozketa egin ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako berariazko deirik egin gabe, eta bertan hautatuko da alkate berria, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Legearen 196. artikuluko arauekin bat.

c) Aurreko zenbakian aurreikusitako hori ez da aplikatuko konfiantza-galdea urteko aurrekontuen onespenarekin edo aldaketarekin lotuta dagoenean. Halako kasuetan, konfiantza-galdearen kontrako bozketa egin eta hilabeteko epean ez bada zentsura-moziorik aurkezten, alkategaia ere proposatuz, edo zentsura-mozioak ez badu aurrera egiten, ulertuko da konfiantza eskaini dela eta proiektua onetsi.

d) Alkateak konfiantza-galde bakarra egiten ahal du urtean, agintaldiaren hasieratik hasita, eta gehienez ere bi agintaldi osoan. Udalbatzaren agintaldiaren azken urtean ez da konfiantza-galderik proposatzen ahal.

e) Konfiantza-galde bati lotutako aferaren bat onestearen aldeko botoa ematen duten zinegotziek, bozketa egin eta gutxienez ere sei hilabeteko epean, ezin izanen dute zentsura-moziorik aurkeztu afera hori proposatu zuen alkatearen kontra.

f) Era berean, aurreko idatz-zatian aipatu epean, zinegotzi horiek ezin izanen dute konfiantza-galde horri loturiko aferaren kontrako botorik eman, betiere bozketa baldintza beretan egiten bada. Kontrako botorik emanez gero, baliogabetzat hartuko da.

V. TITULUA

Bozeramaileen Batzarra

86. artikulua. Bozeramaileen Batzarra organo osagarri bat da, eta haren osaera, eginkizunak, eskumenak eta funtzionamendu araubidea hurrengo artikuluetan azaltzen dira.

87. artikulua. Bozeramaileen Batzarrak kontsulta eginkizunak baizik ez ditu, eta honako hauek osatuko dute: alkateak, batzarburu gisa, eta Udaleko talde politikoen bozeramaileek. Bozeramaile titularrak ez daudenean ordezkoak aritu daitezke.

88. artikulua. Bozeramaileen Batzarra buruak deitu ondoren bilduko da. Batzarreko buruak bere ekimenez egin dezake deia, edo gutxienez bi bozeramailek eskatuta edo Udalbatzako kideen herena gutxienez ordezten duen bozeramaile batek eskatuta.

89. artikulua. Bozeramaileen Batzarra entzuten ahal da osoko bilkuretako gai zerrendaren eta bilkura bereziak egiteko daten gainean. Nahitaez entzunen da bilkura arrunten data eta orduen aldaketen gainean, baita iritzi eta adierazpen politikoak eman behar direnean udal taldeen presako erantzuna eskatzen duten gertaera garrantzitsuen aurrean.

Buruak Bozeramaileen Batzarrari kontsulta diezaioke Udalbatzarentzat garrantzizkoa eta/edo presakoa den beste edozein gai.

Bozeramaileen Batzarrerako deia bozeramaileek eskaturik egiten denean, aztertu beharreko gaia edo gaiak zehaztu beharko dituzte proposatzaileek.

Organo honen funtzionamendua AFLak organo osagarrietarako eta, subsidiarioki, beharrezkoetarako ezartzen dituen zehaztapenei lotuko zaie.

90. artikulua. Bozeramaileen Batzarraren bilkuretara idazkari nagusia ere deitzen ahalko da.

Bozeramaileen Batzarrari eginkizun hauek esleitzen zaizkio:

a) Alor, informazio batzorde edo kontseilu sektorialek helarazitako gaien artean hautatu eta txostena egitea, gero osoko bilkurako gai zerrendan sartzeko.

b) Udal taldeen ordezkariek osoko bilkuran planteatu behar dituzten mozioak eta proposamenak jaso eta aztertzea.

c) Iritzi eta adierazpen politikoak adostea udal taldeen presako erantzuna eskatzen duten gertaera garrantzitsuen aurrean.

d) Alkateak edo Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumeneko gaietan iritzia eskatzen diotenean, gai horiei buruz eztabaidatzea.

e) Legeek esleitzen dioten beste edozein.

91. artikulua. Buruak nahi badu Bozeramaileen Batzarrean aztertutako gaien akta egitea, Udaleko idazkaria izanen da fede-emailea.

Bozeramaileen Batzarrak hartzen dituen erabakiek irizpenen forma hartuko dute. Udal organo betearazleei igorriko zaizkie, Udal Idazkaritzak horretarako eginen dituen aktetan jasoak.

VI. TITULUA

Udal taldeak

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

92. artikulua. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, udal talde politikoak osatuko dituzte, Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin bat etorriko direnak.

Udalbatzako kideak hautatu zituzteneko hauteskunde formazioan sartzen ez badira edo beren jatorrizko taldea uzten badute, atxiki gabeko kidetzat jo eta Talde Mistora pasatuko dira. Jatorrizko taldea utzi dutela ulertzeko, horren berri emanen duen idazki bat aurkeztu beharko dute Udaleko Erregistro Orokorrean.

93. artikulua. Zinegotziak udal talde politikoei atxikitzeko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Udal talde politiko bat eratuko da Udalean ordezkaritza izan duen hauteskunde zerrenda bakoitzeko. Udalkidea zein hauteskunde zerrendatan zegoen, hari dagokion talde politikoan egon beharko du, Talde Mistoa izan ezik.

b) Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak badu eskubidea zinegotzi hori, Udalbatzako jardueretan, taldetzat hartua izateko.

c) Zinegotziak ez dira aldi berean talde batean baino gehiagotan egoten ahal.

d) Talde Mistoa automatikoki eratuko da kasu hauetan: zinegotziak hasiera batean zeuden taldetik kanporatzean, zinegotziek beren jatorrizko taldea uztean edo udal taldeen etenaldiari edo desegiteari buruzko ebazpen judizialak Udalari jakinaraztean. Sorrarazten duten inguruabar horiek gertatzen direnean, horren berri emanen dio Alkatetzak Udalbatzari, egiten den lehenbiziko osoko bilkuran. Edozein arrazoirengatik etenaldia kentzen bada, etenaldi haren ondorioz talde mistoan sartutakoak udal talde bereizi gisa arituko dira berriz ere.

94. artikulua. Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, eta Udala osatu ondoko bost egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritzan aurkeztuko da.

Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke. Talde Mistoko kideek bozeramailearen izendapena eta izan litezkeen ordezkoena jakinarazi beharko dute, eraketaren berri Osoko Bilkurari eman eta bost eguneko epean.

Aipatu diren epeak bete ondoko lehen bilkuran, alkateak Osoko Bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.

Udalbatza eratzeko bilkuraren ondotik zinegotzi bilakatzen direnek, zer zerrendatan hautatu diren, harexeri dagokion taldean sartu beharko dute edo, bestela, Talde Mistoan. Lehen kasuan bost egun balioduneko epea izanen dute, karguaren jabetza hartzen dutenetik, kasuan kasuko taldean sartu direla egiaztatzeko; horretarako erabiliko den idatzia alkateari zuzenduko zaio eta kasuan kasuko bozeramaileak sinatuko du. Aurreko lerroaldean aurreikusten den taldean sartzen ez badira, besterik gabe Talde Mistoan sartuko dira.

95. artikulua. Taldeetako zinegotziek osatutako kide anitzeko organo guztietan ordezkatuko dituzten kideak izendatu behar dituzte udal taldeek, bozeramaileak Alkatetzari igorritako idazki baten bidez; ordezkoak ere izendatuko dituzte, hala behar denean.

96. artikulua. Eguesibarko Udalaren antolaketa administratiboaren ahalbide funtzionalen neurrian, udal taldeek langela edo lokal bat izanen dute Udaletxean beren bilerak egiteko eta herritarrak hartzeko, eta komunikazioak jasotzeko postontzia ere izanen dute.

Udal talde bakoitzak bi laguntzaile izenda ditzake gehienez. Izendapena izenduna izanen da, eta edozein unetan izendatu eta kentzen ahalko dira udal taldeko bozeramaileak udal erregistroan idazkia aurkeztuz.

Eskumen hau izanen dute: beren taldeko zinegotziek aldez aurretik eskatutako agiriak jasotzeko eskubidea.

II. KAPITULUA

Talde Mistoa

97. artikulua. Udal talde bakoitzak bi laguntzaile izenda ditzake gehienez. Izendapena izenduna izanen da, eta edozein unetan izendatu eta kentzen ahalko dira udal taldeko bozeramaileak udal erregistroan idazkia aurkeztuz.

Eskumen hau izanen dute:

1.–Taldeak udaletxean duen langelan sartzea.

2.–Beren taldeko zinegotziek aldez aurretik eskatutako agiriak jasotzeko eskubidea.

98. artikulua. Talde Mistoa atxiki gabeko zinegotziek osatuko dute, batera harturik. Atxiki gabeko kideen eskubide ekonomiko eta politikoak ez dira izanen jatorrizko taldean segitu izan balute izanen zituzketenak baino handiagoak.

99. artikulua. Talde Mistoak gainerako udal taldeen eskubide eta betebehar berberak edukiko ditu. Hala, beste eskubide batzuen artean, Talde Mistoko kideek eskubidea izanen dute ordezkari bat eta ordezko bat izendatzeko batzordeetan edo beste edozein organotan, gainerako taldeen baldintza beretan, Udalean idazki bat aurkeztuz.

Talde Mistokoak ados jartzen ez badira kide anitzeko organo horietako kideak izendatzeko, Alkatetzak bertako zinegotziak banatuko ditu batzorde eta organoetan, partaidetzan berdintasunari eutsiz beti.

VII. TITULUA

Toki entitateen Udalbatzetako kideen estatutua

I. KAPITULUA

Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak

100. artikulua. Zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretan parte hartzea eta, erregelamendu honetan zehazten diren modalitateetan, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren beste ordezkaritza organo batzuetan.

b) Udalaren aurrekontuaren kargura jasotzea dagozkien ordainsariak, kalte-ordainak eta sari ekonomikoak.

c) Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, Udalaren gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.

d) Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legedi orokorrean ezarritako baldintzetan.

e) Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.

f) Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, bere karguari edo ordezkaritzari dagozkien kontuez jarduteko.

101. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren beste xedapen batzuek berariaz aipatuak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretara joatea, baita bestelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.

b) Interesen erregistroan beren ondareen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legedian eta erregelamendu honetan aurreikusitako baldintzetan.

c) Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, erregelamendu honek aurreikusten duen gisara.

d) Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea.

e) Udalerritik kanpoko ateraldiak, astebetetik goitikoak, Alkatetzari jakinaraztea.

Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legediak baimendutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak

102. artikulua. Udalbatzaren Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izanen duten dedikazio erabatekoa edo partziala, zehaztu ere xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta norberaren erantzukizunari dagozkion ordainsari edo kalte-ordainak.

103. artikulua. Edozein zinegotzi dedikazio erabateko nahiz partzialerako izendatzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio, onets dezan. Dedikazio erabatekoaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio eta eskubidea izanen du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.

Dedikazio erabatekoak esan nahi du alkatea edo zinegotzia bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emanen dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi asmoko bestelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egiten dietenak. Norberaren edo familiaren ondarearekin ikusteko duten bazterreko jarduerak beste salbuespenik ez da onartuko.

104. artikulua. Dedikazio erabatekoa edo partziala aitortua ez duten zinegotziek diru konpentsazioak jasoko dituzte kide direneko udal organoetan parte hartzeagatik, udal aurrekontuan ezarritako moduan.

Finkatzen diren diru konpentsazioetarako eskubidea izateko, ezinbesteko baldintza izanen da kasuan kasuko deialdiko gai zerrendan sartuta dauden eta aztertzen diren puntuen %50ean baino gehiagotan parte hartzea.

105. artikulua. Aipatu kopuruek ez dituzte gaindituko, osorik zenbatuta, aurrekontuan ezarritako gehiengoak eta, inolaz ere ez, arlo horretako legedi orokorrak xedatutakoa.

III. KAPITULUA

Informazioa izateko eskubidea

106. artikulua. Zinegotziek eskubidea dute beren karguan aritzeko beharrezkoa den informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aitzinean, bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak deusetan ukatu gabe.

107. artikulua. Aitzineko zenbakian xedatutakoak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jotzen ahalko du funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. Funtzionario orok eskaera hori errazteko obligazioa du, zuhurtziagatik edo bestelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean izan ezik. Halakoetan, alkateak behar den administrazio departamentuari informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.

108. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi delegatuak ondoko kasuetan baizik ezin du eskaera ukatu:

a) Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola, ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

b) Gaiak herritarren segurtasunari edo babes zibilari dagozkienean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritzen ahal dela aurreikusten delako.

c) Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legedi orokorrean zehaztutako gaiak. Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak zinegotziren batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.

109. artikulua. Agiriak edo informazioa eskatzen bada, eskaera aintzat hartu beharko da. Informazioa ukatzen bada, arrazoiak azaldu beharko dira beti.

110. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo udal egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartzen ahalko dira, baina inolaz ere udal egoitzetatik atera, zainketaren ardura duen funtzionarioa izanik erantzulea.

IV. KAPITULUA

Interesen erregistroa

111. artikulua. Interesen erregistroari dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 75.7 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

VIII. TITULUA

Herritarren informazioa eta parte-hartzea

I. KAPITULUA

Herritarren eskubideak: informazioa eta parte-hartzea

112. artikulua. Herritar, egoiliar eta pasadizoko guztiek, ondoko eskubide hauek dituzte, hala legedi orokorrean nola erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan:

a) Udal aferei buruz informazio zabala, unean unekoa eta objektiboa jasotzea, eta horretarako udal informazioa emateko egoki iruditzen zaizkion bideak sortu eta egokituko ditu Udalak, Herritarren Parte-hartze Batzordearen proposamenak aintzat hartuta.

b) Udaleko informazio eta dokumentazio politikoa, edo beraiekin ikusteko zuzena duena eskuratzea, eta haien kopiak eta egiaztagiriak lortzea, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz eta, informazioa xede komertzialetarako eskatzen denean, Udalak ezartzen dituen mugak begiratuz.

c) Udal agintariei edo Udalaren bidez Estatuko agintariei eskaerak egiteko eskubidea erabiltzea.

d) Udalaren osoko bilkuretara eta beste gobernu organoen bileretara agertzea, betiere hala zehazten denean. Parte hartzeko eskubidea ere badute, erregelamendu honek zehazten den gisara.

113. artikulua. Herritarrek erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, jendeak parte hartzeko dauden bideak ere erabil ditzaketelarik.

II. KAPITULUA

Informazioa kontsultatu eta eskuratzea

114. artikulua. Herritar guztiek publikotzat jotzen diren udal agiriak eta zuzenean interesatzen zaizkienak eskuratzeko eskubidea dute, baita haien kopia eta egiaztagiriak lortzeko ere.

115. artikulua. Ez dira inolaz ere publikotzat joko jendearen intimitatea ukitzen ahal duten agiriak, eta tituluan eskubidearen mugez edo zinegotzien informazioaz ezarri diren beste kasu batzuk.

116. artikulua. Agiri historikoak edo udal artxiboan nahiz erregistroetan bildutakoak eskuratzeko muga bakarra Konstituzioaren 105. artikulua garatzen duen legedian oro har ezarritakoa da.

117. artikulua. Herritar orok badu eskubidea zuzenean eta pertsonalki ukitzen duten agiriak eskuratzeko, publikotzat joak ez izan arren, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz.

118. artikulua. Gobernu organoen erabakiak eta ebazpenak eskuratzeko, Udalbatzako idazkariari aurkeztutako eskabidearen bitartez tramitatuko da eskaera. Gainerako kasuetan, alkateari, alkateordeei edo dagokion arloko eskuordeei eskatuko zaie informazioa.

119. artikulua. Kontsultatzeko eskaera egindakoan, berehala eta beranduenez ere hamar egun balioduneko epean emanen da baimena. Epe hori iraganik ez bada berariazko erantzunik, baimena eman dela ulertuko da.

120. artikulua. Nolanahi ere, baimena ukatzeko, aplikagarria den legedian edo erregelamendu honetan zehaztu kasuetan oinarrituriko arrazoiak beharko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren parte-hartzea

121. artikulua. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko. Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legedi orokorrean aurreikusitako baldintzetan emanen zaio erantzuna.

122. artikulua. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkezten ahal dizkio bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erakunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmo duen jakinaraziko dio haren egileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organotako gai zerrendan sartzen bada, kide anitzeko organo horretako buruak proposamen egileari dei egiten ahal dio bilkurara agertzeko, proposamenaren defentsan parte har dezan. Udalbatzako idazkariak proposamenari dagokion bilkuraren akta igorriko dio haren egileari.

123. artikulua. Udalaren Erregistroan inskribatutako herritarren elkarteetako batek Udaleko osoko bilkuran azalpenak eman nahi baditu gai zerrendako puntu baten inguruan, eta aurretik puntu hori tramitatzean interesdun gisa parte hartu badu, alkateari eskatu beharko dio, osoko bilkura hasi baino 48 ordu lehenago.

Alkateak baimena emanda, elkarteak, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia adierazten ahalko du, gai zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketa, eztabaida eta bozketaren aitzin, zehaztuko den denbora tartean.

Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak edo, bestela, horren Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek, horretarako espresuki izendatuta.

124. artikulua. Udalak herritarren parte-hartzea erraztu eta bultzatuko du, indarra duen legediak ezarritako baliabideen bitartez.

IV. KAPITULUA

Kontseilu sektorialak

125. artikulua. Udaleko Osoko Bilkurak kontseilu sektorialak eratzea erabaki dezake, udal kudeaketan parte-hartzea, informazioa, kontrola eta proposamenak ahalbidetzeko, Udalaren eskumeneko jarduketa sektoreei dagokienez.

126. artikulua. Kontseilu sektorialen eginkizunak, osaera eta funtzionamendu araubidea Osoko Bilkurak arautuko ditu, hala behar denean, dagokien erregelamenduzko araudiaren bitartez.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1400365