1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
33E/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Esteribarko udal mugapean Zubiri-Zubiri 13,2/20 kV-eko linea elektrikoa aldatzeko. Sustatzailea Magnesitas Navarras S.A. da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Hauxe da proiektatutako jarduketa: Iberdrola S.A.ren jabetzako linea elektriko bat aldatzea. Lineak 27. poligonoko 101. lurzatia igarotzen du airetik, eta Magnesitas de Navarra, S.A.k behar du materialak pilatzeko. Aldatuko den linea elektrikoa 239 metro luze da; gutxi gora behera, 105 metro linea berri eta 130 metro linea zahar, oraingo trazadura aldatuko duena. Lurpeko tartea 300 bat metro da, eta ondokoak gurutzatzen ditu: Zubiriko 27. poligonoko 101. lurzatia, NA-135 errepidea eta Zubiriko hiriguneko tarte bat. Gainera, aldaketak 4 euskarri ukituko ditu.
Espedientean daude ondokoek eman dituzten aldeko txostenak: Esteribarko Udala, Ebroko Ur Konfederazioa eta Sustapen Departamentuko Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusia. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Esteribarko udal mugapean Zubiri-Zubiri 13,2/20 kV-eko linea elektrikoa aldatzeko proiektuari. Sustatzailea Magnesitas Navarras S.A. da.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:
–Aurkeztutako dokumentazioarekin bat eginen dira deribazioko euskarria, lurperatzekoa eta lurpetik airera pasatzekoa, pausalekuen eta isolatu gabeko eroaleen arteko distantziak errespetatuz, euskarri bakoitzerako aurreikusitako konponbideekin. Linea nagusiko zubi lasaiak eta deribazioetakoak isolatu eginen dira. Autobalbulak eta BCAC estalkiak dituzten terminalak isolatu eginen dira.
–Lurpeko linea elektrikoak ez du ukituko Arga ibaiko bazterreko landaredia, ezta Aritzaletako errekakoa ere. Horretarako, obrak hasi aurretik, behar bezala balizatuko da.
–Ibai bazterreko landaredia ahalik eta gutxien ukitzeko, landan egindako zuinketarekin bat gurutzatuko du aireko lineak Arga ibaia, hasieran proiektatutako gunetik 15 bat metro ibaian behera, zuhaitz erori batek utzitako hutsunea aprobetxatuz.
–Zuhaitzak mozteko, Oihanak Kudeatzeko Atalaren baimena beharko da.
–Arga ibaia gurutzatzen duen ibian, hegaztiak babesteko balizak ezarriko dira, 15 metrotik 15 metrora fase bakoitzean, halako moduan non bi balizen arteko proiekzio horizontaleko bistarako tartea 5 metrokoa izanen baita.
–Ordezten den linea elektrikoa guztiz eraitsi beharko da. Arga ibaia gurutzatzen duen aldea haltzekin (Alnus glutinosa) basoberritu beharko da, ibaiaren bi bazterretan.
–Obrei hasiera eman aurretik Aezkoa-Kintoko Basozaintzari abisua eman beharko zaio. Tel.: 948 304 210 / 608 062 679.
–Done Jakue bideari eginen zaizkion ukipenei dagokienez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2013ko abenduaren 13ko txosteneko baldintzen zerrenda bete beharko da.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, azpiegiturari lotutako elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.
–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, NA-135 errepideko ukipenei buruzko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko determinazioak beteko dira, baita Ebroko Ur Konfederazioaren 2013-L-116 txosteneko (2013ko urriaren 29koa) determinazioak ere.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Esteribarko Udalari, Aezkoa-Kintoko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 21ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1401032