1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
5E/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Bizkarreta-Gerendiaingo nekazaritza finka batean hondakin inerteak isurtzeko proiekturako, Erroibarko udal-mugartean. Erroibarko Udalak sustatu du.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Proiektuaren xedea da Bizkarreta-Gerendiaingo hiriguneko uren hornidurarako, saneamendurako eta bestelako zerbitzuetarako hodien sareak berritzeko lanen ondoriozko hondakin inerteak eta Done Jakue bidea udalerritik igarotzen den tartean zolatzeko obren ondoriozkoak isurtzea eta biltzea. Indusketa lanetatik sortutako soberakinak 3.519 m³-koak dira, gehi eraispenaren ondoriozko 858 m³ hormigoi eta harri.
Isurketa Erroibarko udal-mugarteko 7. poligonoko 1073. lurzatian eginen da. Bizkarreta-Gerendiain kontzejuaren jabetza da. Lurzatiaren azalera osotik 1.700 m² okupatuko dira lur hondakinak uzteko. Horren ondorioz, lurzatia 2 m altxatuko da batez beste, eta 3H/2V-ko malda duen ezponda eratuko da, mendi-hegalaren joerari jarraikiz. Dagoeneko, lurzati horretan utzi dira isurketa hau egiteko proposatutako gunearen ondoan eraikitako simaurtegiko obren ondoriozko lur soberakinak.
Isurketa eginen den eremuaren iparraldean, Done Jakue bidea dago, eta tartean, landaretza naturaleko zuhaiztia, pantalla gisa egiten duena bistarako. Lurzatia landaretza erruderalaz eta nitrofiloaz estalirik dago, eta ez dauka espezie berezirik. Ingurumenari dagokionez, ez da nabarmendu beharreko beste baliorik aurkitu. Alabaina, bizigunetik eta Done Jakue bidetik gertu dagoenez, beharrezkoa da paisaia ahalik eta gehien integratzeko neurriak hartzea, ikusizko eragina minimizatzeko.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Bizkarreta-Gerendiaingo nekazaritza finka batean hondakin inerteak isurtzeko proiekturako, Erroibarko udal-mugartean. Erroibarko Udalak sustatu du.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:
–Indusketatik ateratako lurrak baizik ez dira isuriko Erroibarko 7. poligonoko 1073. lurzatian (LER 170504 kodea). Gainerako hondakinak sortzen dituenak horien kudeaketa zuzenaz arduratu beharko du eta Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak ezarritako erantzukizunei aurre egin beharko die.
–Lanak egiten hastean, okupatu beharreko azalerak modu argian seinalizatu eta mugatuko dira. Beharrezkoa izanen da makineria egokiarekin egindako lana, malda apaleko ezponda lortzeko (22,5º-koa edo txikiagoa, edo 2H/1V-koa).
–Malda homogeneoko gainazala bakarra izanen dute ezponda sortu berriek, ertz zuzenik izan gabe malda desberdineko gainazalen artean. Halakorik sortuz gero, biribildu egin beharko dira erliebe berria naturalizatzeko, batez ere lurzati mugakideak ukitzen dituzten tokietan.
–Adierazitako topografia lortutakoan, gainazalak finduko dira material lodiak (30-40 cm-tik gorako diametroa dutenak) kenduta, eta kalitateko lurra palaz zabalduko da. Azkenik, lurrak behar adinako kalitatea ez badu edo sakonekoa bada, medeagarri organikoak ekarriz hobetuko da.
–Done Jakue bidearekin muga egiten duen landaretza guztia errespetatuko da.
–Azkenik, ezpondaren gainazala landareztatuko da, eskualdekoak diren belar espezieen hazi nahaste bat ereinda.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Erroibarko Udalari eta Aezkoa-Kintoa aldeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 16an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1400828