27. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 13koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Barbataingo Eduardo Albeniz, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Barbataingo Eduardo Albeniz, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100532012013) aztertu da, erregistro honetan 2013ko azaroaren 28an sartu zena, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkarien zati batek (UGT eta NA) 2012ko azaroaren 28an izenpetua eta 2013ko abenduaren 20an zuzendua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 13an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

EDUARDO ALBENIZ, S.A. ENPRESAREN
HITZARMEN KOLEKTIBOA (IFZ: A-31075906)

1. artikulua. Eremu funtzionala.

Eduardo Albéniz, S.A. sozietatearen Barbataingo (Nafarroa) lantokirako hitzarmen kolektibo honetan:

–Baldintzak ezartzen dira lantoki horretako lan harremanak arautzeko, lehentasuna izanen dutenak lan arloko gainerako arauen gainetik.

–Langileen delegatuek sinatu dute, langileak ordezkatuz, baita enpresako zuzendari nagusiak ere, enpresa ordezkatuz, elkarri aitortuta zilegitasunez solaskide egokiak direla.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Eduardo Albéniz, S.A.ren lantokian izanen da aplikagarria. Haren kokalekua Comarca 2 industrialdea, A kalea, 31 da, Barbatainen (Nafarroa).

3. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen kolektibo honek eragina du aipatu lantegian gaur egun edo etorkizunean beren zerbitzuak ematen diharduten eta lan kontratu bidez Eduardo Albéniz, S.A. enpresarekin lotura duten langile guztiengan.

Horren barnean, hitzarmen honek indarra hartu baino lehen kaleratutako langileak sartzen dira, enpresak berriro hartu beharko balitu epai judizial irmo baten ondorioz.

Bazter uzten dira hitzarmen kolektibo honek indarra hartzen duen egunean erretiro partzialean dauden langileak.

4. artikulua. Denbora-eremua.

Hitzarmen kolektibo honek 5 urteko indarraldia izanen du, 2014ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitarte. Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen hau salatutzat jotzen da sinatzen den egunetik beretik iragartzen da.

24 hilabeteko aurreraeragina ezartzen da, hitzarmenaren indarraldia bukatzen denetik aurrera; epe horretan, hura berritzeko akordiorik ez bada, soldatak izozturik mantenduko dira. Aurreraeragina bukatutakoan ere ez bada berritzeko akordiorik, soldata guztiak %5 murriztuko dira.

Aurreko paragrafoan xedatuaren ondorioetarako, soldata izanen da langilearen ordainsari osoa, soldataren kontzeptu guztien batuketa (oinarrizko soldata, jardueraren osagarria, antzinatasuna, mozkinen paga eta “ad personam” osagarria).

5. artikulua. Konpentsazioa eta absortzioa.

Hitzarmen honen hobekuntzek multzo bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa, baina konparazioa urteko guztirakoari begira eginen da, errendimendu normalean eta asistentzia osoa izanik.

Aurrerantzean, aldaketa ekonomikoak dakartzaten xedapenek eraginkortasuna izanen dute baldin eta, batera hartuta eta hitzarmen hau egin baino lehenagotik daudenei gehituta, hitzarmen honen guztizko maila gainditzen badute urtealdietan.

6. artikulua. Lanbide mailak.

Hitzarmen honi lehen lanbide sailkapenak deitzen ziren lanbide mailak aplikatzen ahalko zaizkio. Maila horiek Arte Grafikoen, Paper eta Kartoiaren Manipulazioaren, Argitaletxeen eta Industria Osagarrien arloko Estatuko Hitzarmenean onetsi dira, eta honela banatuta daude: 6 arlo, 24 lanbide talde, 36 lanbide maila eta 19 soldata maila.

Gai horren inguruan sortzen diren zalantzak eta eztabaidak Batzorde Paritarioak ebatziko ditu.

7. artikulua. Urteko lanaldia.

Hitzarmen honen indarraldiko bost urteetan, urteko lanaldi baliozko eta benetakoa 1.720 ordukoa izanen da.

8. artikulua. Lan egutegia.

a) Enpresak urtarrilean eginen du lan egutegia, Langileen Estatutuaren 34. artikuluko 6. atalean ezarritakoari jarraituz, eta lantoki guztietan jarriko du ikusgai.

Urteko egutegi horretan, enpresako zuzendaritzak eguneko lanaldia bere kabuz ezarri ahal izanen du, legezko muga errespetatuz, enpresako produkzioaren gorabeherak kontuan hartuta. Hitzarmen kolektibo honetan ezarritako urteko gehieneko lanaldia errespetatuko du.

Artikulu honetan ezarritakoa betez lanaldia zehazten denean, inoiz ezin izanen dira lan txandak eta abar aldatu, eta indarra duten legezko xedapenei jarraituz zehaztuko dira urteko oporrak.

b) Egutegia moldatzea. Enpresako zuzendaritzak egutegiaren edozein aldaketa aurretiaz jakinarazi behar die langileen legezko ordezkariei, idatziz, gutxienez 24 ordu lehenago.

Ezarritako lanaldia gaindituz gero (egunean 9 ordu gehienez), enpresako zuzendaritzak hurrengo 90 egun naturalen barnean atseden denbora emanen du ordainetan. Ezarritako lanaldiaz gaineko lanordu bakoitzeko atseden ordu bat hartuko da.

9. artikulua. Oporrak.

a) Urteko oporraldia hogeita bost lanegunekoa izanen da.

b) Oporrak hartzeko garaia enpresako zuzendaritzaren eta langilearen artean adostuko da, eta oporraldia bi zatitan hartzea ere adosten ahal dute. Adostasunik izan ezean, hurrengo irizpideak erabiliko dira:

c) Enpresako zuzendaritzak oporrak hartzea eragotzi ahal izanen du enpresaren produkzio handieneko sasoian, langileen legezko ordezkariekin hitz egin eta gero.

d) Enpresako zuzendaritza eta langileen legezko ordezkariak ados jarrita, langile guztien oporraldiak finkatzen ahal dira, txandak hurrenez hurren antolatuta edo lan jarduerak erabat etenda, kontserbazioa, konponketak eta antzeko lanak salbuetsiz.

e) Opor txandak ezartzen badira, famili ardurak dituzten langileek lehentasuna izanen dute eskola-umeen oporraldietan oporrak hartzeko.

f) Aldeak ados jarri ezean, jurisdikzio eskudunak finkatuko ditu opor egunak eta haren erabakiari ezin izanen zaio errekurtsorik egin. Sumarioa eta lehentasunezkoa izanen da prozedura.

g) Oporren egutegia enpresa bakoitzean ezarriko da. Langileak bi hilabete lehenago gutxienez jakinen du oporrak noiz hartu.

h) Oporraldia edo oporraldiaren zati bat eta amatasun baja batera suertatzen badira, langileak amatasun baja medikoaren aurreko azken egunetan hartu ahal izanen ditu oporrak, edo alta medikoaren ondotik, langilearen hautura, dagozkion opor egun guztiak agortu arte, baita hurrengo 18 hilabetean ere oporraldiaren urtea bukatu ondotik, alderdiek ez baldin badituzte beste egun batzuk adosten.

10. artikulua. Ordainsariak.

10.1. Ordainsariak eta soldataren igoerak.

Hitzarmen kolektibo honek indarra hartutakoan, ondoko honi jarraituko zaio:

a) Egungo langileak.

a-1) Soldata murrizteko banakako akordioa sinatu zuten langileak:

–2014an eta 2015ean: hitzartutako soldatek bere horretan jarraituko dute, aldagarria kobratzeko aukera barne.

–2016an: %5eko igoera aplikatuko da soldatan.

–2017an: %4ko igoera aplikatuko da soldatan.

–2018an: Nafarroan aurreko urtean izandako benetako KPIa aplikatuko da.

a-2) Soldata murrizteko akordioa sinatu ez zuten langileak:

–2014an eta 2015ean: soldata murrizteko akordio hori sinatu izan balute izanen zuketen ordainsariak izanen dituzte, aldagarria kobratzeko aukera barne.

–2016an: %5eko igoera aplikatuko da soldatan.

–2017an: %4ko igoera aplikatuko da soldatan.

–2018an: Nafarroan aurreko urtean izandako benetako KPIa aplikatuko da.

Ulertzen da igoera horiek langile bakoitzak jasotzen duen ordainsari osoari aplikatzen zaizkiola, hau da, soldataren kontzeptu guztien batuketari (oinarrizko soldata, jardueraren plusa, antzinatasuna, mozkinen paga eta “ad personam” osagarria).

b) Hitzarmenak indarra hartu ondoren lanean hasten diren langileak.

Ondoko ordainsari osoa jasoko dute:

–Lehenengo urtea: lanbide maila bereko langileen ordainsari osoaren %70.

–Bigarren urtea: lanbide maila bereko langileen ordainsari osoaren %85.

–Hirugarren urtea: lanbide maila bereko langileen ordainsari osoaren %100.

–Hurrengo urteetan: a-1) atalean zehazten diren soldata igoera aplikatuko zaizkie.

10.2. Pagen kopurua.

Urteko soldata 12 pagatan ordainduko da.

10.3. Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula.

Indarra duen araudiari jarraituko zaio.

11. artikulua. Aldi baterako ezintasuneko osagarriak.

Edozein arrazoirengatik (eritasun arrunta, lanbide eritasuna, laneko edo lanetik kanpoko istripua eta haurdunaldiko arriskua) aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek hitzarmeneko soldataren %100 jasoko dute baja egunaren biharamunetik aurrera, enpresak osatuko baititu Gizarte Segurantzak kontzeptu horiengatik ematen dituen prestazioak.

Osagarri horretarako eskubidea izateko, behar den garaian eta moduan aurkeztu behar dira alta agiriak, baja agiriak eta baja berrestekoak, indarra duen legerian ezarritakoa betez.

12. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak borondatezkoak izanen dira langileentzat. Salbuespenezko eta premiazko kasuetan bakarrik egin ahal izanen dira; halako kasuetarako, ordutegi malguak ezartzeko aukera izanen da.

Langileak diruz kobratuko ditu aparteko orduak, edo, bestela, langilearen hautura, konpentsazio atsedenaldia hartu ahal izanen du, langileen ordezkariekin langile guztientzat hitzartu beharrekoa.

13. artikulua. Aurrerakinak eta kitoak.

Langileak eskubidea izanen du egindako lanaren kontura aurrerakinak jasotzeko, soldataren %90ko muga gainditu gabe. Aurrerakinaren eskabidea formalizatzen denean gauzatuko da eskubide hori.

Enpresak azken kitatzearen agiriaren kopia emanen dio langileari, hura sinatu baino 24 ordu baliodun lehenago. Baldintza hori bete ezean, kontratuaren desegiteak ez du indarrik izanen.

14. artikulua. Antzinatasuna.

Hitzarmen honen eraginpeko langile bakoitzak eskubidea izanen du aldian aldiko igoerak izateko jardunaren urte bakoitzeko. Bi hirurteko izanen dira, %5ekoak, eta ondotik, %5eko bosturtekoak, oinarrizko soldataren gainean kalkulatuak.

15. artikulua. Erretiro aurreratua.

Indarreko araudiak xedatzen duenari jarraituko zaio langileak erretiro aurreratua eskuratzeko bete behar dituen baldintzei dagokienez.

Aurreko paragrafoan bezala erretiro aurreratua hartzen duten langileen ordezkapenak enpresaren funtzionamenduari kalte egiten badio, enpresak erretiro aurreratua ez aplikatzeko eskabidea aurkeztu beharko dio hitzarmena interpretatzeko batzorde paritarioari, auzia ebatz dezan. Batzorde paritarioak bi hilabeteko epean ebazpenik ematen ez badu, erretiro aurreratua kentzea ez dela bidezkoa ulertuko da.

Erretiro partziala lortzeko indarra duen araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langileek eskubidea izanen dute erretiroa eskatzeko eta egoera horretan jartzeko, eta enpresak ez du aukera hori ukatzen ahalko. Erretiro partziala duen langileari erretiro osoa hartzeko geratzen zaion denborarako haren lanaldia osatzeko errelebo kontratua egiten bada, errelebista ez da zuzenean enpresako langile finko bihurtuko denbora horren buruan edo beste langileak erretiro osoa hartzen duen urtearen amaieran.

Aurreko lerroaldean aipatutako kasuetan, lanaldi partzialeko lan-kontratua egitean, enpresako zuzendaritza eta langilea ados jarri ahal izanen dira, urtean egin beharreko lanordu guztiak denbora tarte jakinetan egiteko eta urtean edo dena delako epe laburragoan jaso beharreko ordainsari guztiak lanaldi trinko horietan kobratzeko.

16. artikulua. Istripu asegurua.

Enpresak istripuentzako aseguru kolektiboa kontratatuko du poliza enpresako langileentzat, laneko istripuaren ondoriozko heriotzako eta ezintasun iraunkorreko arriskuak estaliko dituena, kapital hauekin:

–Heriotza, 31.491,27 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.

–Baliaezintasun handia, 37.789,52 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.

–Erabateko ezintasun iraunkorra, 31.491,27 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.

–Ezintasun iraunkor osoa, lan kontratua eten gabe, 15.745,64 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko, eta kontratua amaituz gero, 20.994,18 euro.

Jarduneko langileek izaniko lan istripuetan izanen dituzte ondorioak polizek; hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egunera hartuko dute indarra.

Izaniko istripuak bide ematen badio prozesu judizial bati eta, horren arabera, enpresa behartua bada langileari edo honen eskubidedunei kalte-ordain bat pagatzera, horrela hitzarturiko aseguruaren ondoriozko dirua epaian ezarririko kopuruaren kontu izanen da.

Hitzarmen honetan itundutako kapitalak hurrengo hitzarmen kolektiboan eguneratuko dira, hitzarmen honen indarraldiko urteetako KPIen guztizko igoeraren arabera.

Enpresak sinatutako polizaren kopia emanen die urtero langileen ordezkariei.

17. artikulua. Lizentziak.

Hitzarmen honen menpeko langile guztiek eskubidea izanen dute ondoren azaltzen diren kasuetan baimen ordainduak izateko, behar bezala justifikaturik, hala tokatzen denean:

a) Hamabost egun natural, ezkonduz gero edo langilearen helbideari dagokion Bikote Egonkorren Udal Erregistroan inskribatuz gero, Bikote Egonkorrei buruzko Foru Legean eta udal bakoitzeko araudi indardunean ezarritakoarekin bat.

Bateraezinak izanen dira bikote egonkorra erregistroan inskribatzearen ondoriozko lizentzia eta ezkontzaren ondoriozkoa, eta, hala, lizentzia bat erabiltzeak bestea deuseztatuko du.

b) Hiru egun natural, semea edo alaba jaiotzean edo adoptatzean.

Gainera, behar den denbora emanen da seme edo alaba baten jaiotza eta horien nahiz aita edo amaren heriotza Erregistro Zibilean inskribatzeko, betiere ondoko baldintza hauek betetzen badira: horiek langilearekin bizitzea, erregistro hori aurretik egiterik ez izatea aipatu den bi eguneko absentzia egun ez-baliodunetan gertatu delako, eta betiere Erregistro Zibileko inskripzio hori langilearen eginbeharra izatea eta aipatutako bi eguneko epe horretan legeari jarraikiz ezin egin izan duela frogatzea.

c) Odol edo ezkontza bidezko ahaidetasuneko bigarren gradura arteko ahaideen eritasun larria edo operazio kirurgikoa (gutxienez ospitalizazioa behar duena) edo heriotza: bi egun natural. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada, epea lau egunekoa izanen da. Bidaiatzat 100 km baino gehiagoko bidea joko da, joanekoa eta etorrikoa batu gabe, eta kasu horretan egunetako bat gutxienez laneguna izanen da; bidaia 400 km-tik gorakoa bada, baldintza berberetan, bi izanen dira lanegunak.

Eritasuna larritzat hartzeko beharrezkoa izanen da sendagileak hala deklaratzea.

Salbuespen gisa, aitaren, amaren, ezkontidearen edo seme-alaben ebakuntza kasuetan, betiere langilearekin bizi badira eta bi eguneko ospitalizazioa behar ez bada, behar horri erantzuteko ezinbestekoa den denborarako emanen da baimen ordaindua, lanegun bat gehienez, eta erabilitako denbora justifikatu beharko da zirujauak ontzat emandako frogagiria aurkeztuz.

Garaia baino lehen jaiotako umeen kasuan edo, beste edozein arrazoirengatik, erditzearen ondotik ospitalizaturik egon behar duten umeen kasuan, amak edo aitak eskubidea izanen dute lantokia ordubete uzteko. Frogagiria aurkeztu beharko dute. Orobat, lanaldia gehienez lau ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzioan murriztuko zaie. Baimen hori hartzeko, Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Lizentzia hori, gertaera eragileak irauten duen bitartean, lanaldi osotan erabiltzen ahalko da.

d) Seme-alaben jaiotza -b) letra-, aitaren, amaren, ezkontidearen edo seme-alaben ebakuntza (gutxienez bi eguneko ospitalizazioa behar duena) -c letra- izaten denean, aurreko ataletan ezarritako epe orokorrak (hiru eta bi egun, hurrenez hurren) luzatzen ahalko dira, gehienez hiru egun gehiago, baldin eta ahaidea langilearekin bizi bada, laguntza berezia behar badu eta laguntza hori eman diezaiokeen beste pertsonarik ez badu. Epe horren luzapena ezin izanen zaio joan-etorrietarako ezarritako lau eguneko epeari metatu.

e) Osasun Publikoaren Zerbitzuko mediku espezialista baten kontsultara joateko 16 urtetik beherako semea edo alaba edo desgaitasun neurologiko edo sentsoriala duen adinez nagusiko semea edo alaba laguntzera, egun horretarako hitzordua badute, beharrezkoa den denbora, hori guztia frogatuta.

f) Egun bat ohiko bizilekuz aldatzeagatik.

g) Odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidetasuneko edo adopzio ahaidetasuneko ahaide zuzenen (aitona-amonak, gurasoak, seme-alabak eta bilobak) eta anai-arreben ezkontza: egun bat.

h) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

i) Norberaren kontuetarako, bi egun hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzean. Enpresak eta langileak itunduko dute langileak egun horiek hartuko dituen edo diru konpentsazioa jasoko duen. Azken kasu horretan, langileak eguneko soldata arruntaz gain jaso beharreko kopurua ere itundu eginen da. Egun horiek hartzeko, gutxienez 24 ordu lehenago abisua eman beharko zaio enpresako zuzendaritzari.

j) Ezkontidearen, aitona-amonen, gurasoen, seme-alaben eta iloben kirurgia anbulatorioa: egun bat.

c) letran ezarritako salbuespenarekin, artikulu honetan araututako lizentziak horiek sortzen dituen egoera gertatzen denean hartuko dira, alde batera utzita jaiegun batean edo lanekoa ez den egun batean gertatzen den. Dena den, odol edo ezkontza bidezko edo adopzio bidezko ahaidetasuneko lehen graduko ahaideen kasuetan, ordaindutako baimenak lanegunak izanen dira.

Artikulu honetan aipatzen diren lizentzia ordainduak izatezko bikoteei ere aplikatuko zaizkie. Aplikazio horretarako baldintza izanen da langileak enpresari jakinaraztea, idatziz edo bikotearen bizikidetza eta identifikazioa frogatzen dituen beste edozein bideren bitartez, eta 30 eguneko gabezialdia izatea. Hori guztia, egunen batean izatezko bikoteen erregistro ofizial bat sortu ezean, orduan bertan ezarritakoari jarraikiz eginen baita bikotearen bizikidetzaren eta identifikazioaren egiaztapena.

Ezkontidea aipatzen denean, ezkontza bidezkoa ez ezik bikote egonkorra ere jasotzen da, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean ezarritako legezko baldintzei jarraikiz, eta izatezko bikoteen erregistro ofizialean inskribatuta egotearen ziurtagiriaren bidez frogatuko da egoera hori.

Haurrari bularra emateko baimenean, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoan, emakumezko langileak aukera izanen du lizentzia artikulu horretan adierazi bezala hartzeko edo amatasun baimena beste hamabi lanegun gehiago luzatzeko.

18. artikulua. Eszedentziak.

18.1. Borondatezko eszedentziak.

18.1.1. Borondatezko eszedentzia arrunta.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea dute borondatezko eszedentzia izateko, bi hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez.

Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta bi urte igaro eta gero.

Eszedentzia idatziz eskatuko da eta zertarako den azalduko da nahitaez. Enpresak baiezkoa emanen du hilabeteko epean, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Eszedentzian dagoen langileak eskubidea izanen du, enpresatik kanpoko beste edozein langileren gainetik, bere kategoriako lanpostuak edo parekoak betetzeko kontratazio berriak egiten direnean enpresara itzultzeko.

Beheragoko lanpostu baterako kontratazio berria egiten bada, eszedentzian dagoen langileak aukeran izanen du lanpostu hori hartzea, lanpostuari dagokion soldatarekin batera, edo ez itzultzea eta bere kategoriako lanpostu bat hartzeko lehentasunezko eskubideari eustea.

Itzultzeko eskaera eszedentzia amaitu baino hilabete lehenago egin behar da, beranduenez.

Eskaera hori egiten ez bada edo epez kanpo egiten bada, eszedentzian dagoen langileak galdu eginen du itzulerarako lehentasunezko eskubidea.

18.1.2. Seme-alabak zaintzeko eszedentzia eta ahaideak zaintzeko eszedentzia.

a) Langile guztiek, enpresan duten antzinatasuna gorabehera, hiru urte arteko eszedentziarako eskubidea izanen dute odol-ahaidetasuneko lehen graduko ahaide bat zaintzeko, Gizarte Segurantzak pertsona hori minusbaliatua izan eta zainketa etengabeen beharrean dagoela edo baliaezintasun handiko egoeran dagoela deklaratuz gero.

b) Haurra jaiotzen denean, emakumezko edo gizonezko langileak lau urte arteko eszedentziarako eskubidea izanen du seme edo alaba bakoitza hazteko eta lehen hezkuntzaz arduratzeko, nahitaezko atsedenaldia amaitzen den egunetik hasita.

Atal honetan aipatutako eszedentzia bereziak amaitu baino hilabete lehenago, eszedentzian egondako langileek lanera itzultzeko eskaera eginen dute eta besterik gabe berreskuratuko dute eszedentziaren aurretik izandako lanpostua.

Eszedentzia horiek zein xedetarako eman ziren, beste baterako erabiliz gero, itzultzeko eskubidea galduko da.

Atal honetan araututako eszedentziei aurreko ataleko bigarren eta seigarren lerroaldeetako baldintzak aplikatuko zaizkie.

c) Ezkontidea edo izatezko bikotekidea hil eta 14 urtetik beherako seme edo alabaren bat uzten badu, langileak (emakumezko zein gizonezko) eskubidea izanen du ordaindu gabeko eszedentzia berezia hartzeko. Eszedentzia horrek justifikatua izan behar du. Gehienez hirurogei egun natural iraunen du, heriotzagatiko lizentzia amaitzen denetik hasita, eta langileak idatziz eskatuko dio enpresako zuzendaritzari. Idazkian agertuko da zein egunetan itzuliko den langilea lanpostura, eta itzulera automatikoa izanen da.

18.2. Nahitaezko eszedentzia.

Eszedentzia honek lanpostua gordetzeko eta langilearen antzinatasunari begira denbora kontatzeko eskubidea sortuko du. Langilea lanera joatea galarazten dion kargu publiko bat betetzeko izendatu edo hautatzen dutenean emanen da, edo sindikatu ordezkagarrienetan enpresaz gaindiko kargu baterako hautatzen dutenean, dedikazio osoa eskatzen bazaio.

Eszedentzia egoerak langilea karguan ari den bitartean iraunen du. Kargua utzi eta 30 egun natural igaro baino lehen bere lanpostura itzuli beharko du, legeak itzultzea galarazten dion kasuetan izan ezik.

18.3. Genero indarkeriarengatiko eszedentzia.

Abenduaren 28ko 1/2004 Legearen arabera, genero indarkeriaren biktimek eszedentziarako eskubidea izanen dute. Etenaldia sei hilabetekoa izanen da gehienez hasiera batean, eta luzatu ahal izanen da, babes judizialeko jarduketetan horren beharra ikusten bada, biktimaren babes-eskubidea eraginkorra izan dadin. Kasu horretan epaileak 3 hilabeteko luzapenak agindu ahal izanen ditu, eta gehienez ere 18 hilabete.

Denbora horretan langileak lanbide prestakuntzarako eskubidea izanen du.

18.4. Aldi baterako ezintasunaren gehieneko epea amaitzea.

Gaixotasuna edo istripua izan eta Gizarte Segurantzari buruzko Legean ezarritako prestazioak jasotzeko eskubidea duten langileei dagokienez, arlo horretan indarra duten xedapenetan ezarritako epea amaitu eta baldintzak betetzen direnean, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrean ezarritakoa beteko da.

19. artikulua. Lanaldiaren murrizketa.

Legezko zaintza dela eta, langileren batek sei urtetik beherako haurren bat bere kargu izanez gero, Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan aipatzen den lanaldi murrizketa haurrak 10 urte egin arte luzatuko da.

Ahaideak edo seme-alabak zaindu behar dituen langileari lanaldia murrizten zaionean, langileak eskubidea izanen du lanaldi murrizketaren ordutegia ezartzeko, eta, txandaka lan egiten badu, ordutegi hori txanda bakarrean ezartzeko.

Enpresak langilea kaleratuz gero (bidezko kaleratze objektibo eta kolektiboa barne), lanaldi osoari dagokion soldata hartuko da kontuan kalte-ordainak kalkulatzeko.

20. artikulua. Gurasoen atsedenaldia.

Seme edo alabaren bat behar baino lehenago jaiotzen bada edo erditu ondoko beste edozein arrazoirengatik ospitalean egon behar badu, aitak eta amak etenaldia izateko duten eskubidea ospitalean alta eman ondotik zenbatzen ahalko da. Zenbaketa horretatik kanpo gelditzen dira erditu ondoko lehenbiziko 6 asteak, denbora hori ama bizkortzeko baita.

21. artikulua. Lana uztea.

Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, idatziz, aurreabisurako epe hauek betez:

a) Teknikariak, administrariak, informatikako langileak eta komertzialak: hilabete.

b) Gainerako langileak: 15 egun.

c) Kualifikazio gabeko langileak eta lanerako prestakuntzakoak: 7 egun.

Langileak aurretik abisua emateko baldintza hori behar den epean betetzen ez badu, enpresak likidaziotik kentzen ahalko dio egun bateko soldataren zenbatekoa, atzerapen egun bakoitzeko.

Enpresak abisu hori behar den epean jasotzen badu, langileari likidazioa ordaindu beharko dio epea amaitutakoan. Enpresak obligazio hori betetzen ez badu, langileak eskubidea izanen du egun bateko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko, aurreabisuko egun kopuruaren mugarekin betiere.

22. artikulua. Lan arriskuen prebentzioa.

Enpresa behartua dago behar diren neurriak hartzera, enpresaren zerbitzuko langileen bizimoduan, integritatean eta osasunean eragina izan dezaketen arriskuen prebentzioaren antolakuntza ahalik eta hoberena eta guztiz eraginkorra izan dadin. Horretarako, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea, hori garatzeko erregelamenduak eta arlo horretan indarra duten gainerako arau aplikagarriak beteko ditu, legezko arau horietan jasotakoa langileen gutxieneko eskubidetzat jotzen baita. Beraz, arriskuen ebaluazioa eta horren araberako prebentzio jardueraren plangintza burutu beharko dira, bai eta enpresan prebentzioa kudeatzeko beste jarduketa guztiak ere. Ondorio horietarako, behar diren prestakuntza ikastaroak programatuko dira langileentzat.

Enpresa eta langileen ordezkariak bat datoz aitortzean langileen osasuna eta segurtasuna babestea oinarrizko eta lehentasunezko helburua dela hitzarmen hau sinatu duten alderdientzat. Bi aldeek uste dute hori lortzeko beharrezkoa dela lantoki bakoitzean prebentziozko ekintzak ezarri eta planifikatzea, xede bakarra lortzeko: arrisku iturriak ezabatzea, arriskuaren ebaluazioa, murrizketa edo kontrola direla medio.

Horretarako, enpresako zuzendaritzak eginbehar hauek izanen ditu:

–Arriskuak saihestea.

–Saihestu ezin diren arriskuak ebaluatzea.

–Arriskuei hasiera-hasieratik aurre egitea.

–Lana enpresari egokitzea, bereziki lanpostuen ikuskerari dagokionez, baita lanerako eta produkziorako ekipamendu eta lan-metodoen hautapenari dagokionez ere; horrela, batez ere, lan aspergarri eta errepikakorra leunduko da eta osasunean duen eragina gutxituko.

–Teknikaren bilakaera kontuan hartzea.

–Arriskugarria dena arrisku txikiko edo arriskurik gabeko beste zerbaitekin ordeztea.

–Prebentzio jarduera planifikatzea.

–Balizko larrialdiak planifikatzea.

–Langileei ondoko gaiei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea: langileen segurtasun eta osasunaren kontrako arriskuak, enpresa osoari eragiten diotenak nahiz lanpostu edo eginkizun mota bakoitzari dagozkionak.

–Arriskuei aurre egiteko aplika daitezkeen babes neurriak eta jarduerak.

–Larrialdietan erabili beharrekoak.

–Langile bakoitzari zuzenean jakinaraztea zein arrisku dituen bere lanpostuan edo eginkizunetan, eta arrisku horietarako zein babes eta prebentzio neurri erabili behar diren.

–Istripuak ikertzea.

–Langileen osasuna zaintzea. –Enpresak urtero osasun azterketa eginen die langileei, horretarako antolatutako zerbitzuen edo lan-istripuetarako mutuen bitartez.

Enpresaren barnean bereizi egin behar dira haurdun dauden langileentzat arrisku berezia duten lanpostuak eta langile horientzako ordezko lanpostuak. Ordezkari sindikalek horretan aktiboki parte hartu behar dute. Legeak langileei laneko arropa emateko agintzen duen kasuetan, langile haurdunei beren egoerarako arropa egokiak emanen zaizkie, inola ere ez arropa deseroso edo estuegiak.

23. artikulua. Prebentzioko delegatuak.

Hitzarmen kolektibo honetan, prebentzioko delegatuak eta langileen delegatuak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea zaindu, kontrolatu eta garatzeko organo eskudunak dira, bakoitza bere ordezkaritza-eremu funtzional eta geografikoetan eta bere funtzionamendu erregelamenduan ezarritako eremuan. Ordezkaritza organo horietan parte hartzen duen alderdiren batek laneko arriskuen arloan, langileen osasuna babesteko helburuz, prebentziozko neurri eta praktikak proposatzen dituenean, enpresako zuzendaritzak gauzatu egin beharko ditu.

Ordezkaritza organo horiek eskumen eta ahalmen hauek izanen dituzte: azaroaren 8ko 31/1995 Legeak eta harekin bat datozen arauek prebentzioko delegatuei, segurtasun eta osasun batzordeei, enpresa batzordeei eta hitzarmen kolektibo hau sinatu duten aldeen artean Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 35.4 artikuluaren babesean eratzen ahal diren ordezkaritza organoei ematen dizkietenak.

Enpresak gertakizun arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren kudeaketa ekonomikoa edo laneko gertakizunengatiko aldi baterako ezintasunaren kudeaketa aldatu edo mutualitatearen batekin berriro itundu nahi badu, edo kanpoko entitate baimendu batekin ituna egin nahi badu, kanpoko prebentzio zerbitzu gisa jardun dezan, aldez aurretik horren berri eman beharko dio kasuan kasuko esparruan eskumena duen ordezkaritza organo sozialari.

24. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak eta hura garatzen duten erregelamenduek aurrerapen nabarmena ekarri dute laneko osasun kontuetan, lehengo egoeraren aldean. Enpresak eta langileen ordezkaritzak uste dute lege esparru orokor hori edukitzea berez elementu positiboa dela, laneko osasunari buruzko politika orokorra garatzeko bide ematen baitu, eta lehentasunezko xedetzat hartu dute, lanaren beste edozein alderdiren gainetik, langileen osasuna zaintzea eta laneko arriskuei aurrea hartzea.

Horrenbestez, aplikatzekoak izanen dira laneko segurtasun eta osasunari buruz indarra duten eta nahitaez bete behar diren legezko xedapen guztiak. Erakunde eskudunek zehazten dituzten aplikazio eta balorazio irizpideei jarraituko zaie. Istripuren bat gertatzen denean, haren kopia bat emanen zaio istripua izan duen langileari eta beste bat segurtasun eta osasun arloko delegatuari; horrek konfidentzialtasunari eutsi eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean ezarritakoa bete beharko du.

25. artikulua. Osasun azterketa.

Enpresak urtero osasun azterketa egiteko eskatu beharko dio erakunde ofizial eskudunari, enpresako langileek nahi badute.

26. artikulua. Eskubide sindikalak.

Arlo honetako arau orokorrak aplikatuko dira eta ondoko eskubideak onartuko:

a) Enpresetako langileek eskubidea dute lanorduetatik kanpo lantokian bildu eta batzarrak egiteko, lanari buruzko arazoak jorratzeko, enpresak aurretik baimena ematen badu.

Halaber, langileek urtean 2 ordu hartu ahal izanen dituzte lan ordutegiaren barnean batzarrak egiteko, gehienez ere ordu erdi egunean, eta batzarra egin baino 24 ordu lehenago abisua emanda.

b) Langile bat arrazoi ideologiko, sozial edo sindikalengatik atxilotuta egoteagatik lanera joaten ez bada, ez du kobratzeko eskubiderik izanen baina ez zaio hutsegitetzat hartuko lanera ez joatea, baldin eta gerora karguetatik absolbitzen badute edo auzia artxibatzen bada. Alabaina, ondorio guztietarako, lanera agertu gabe emandako denbora hori ez da lan denbora gisa zenbatuko.

c) Enpresako langileen ordezkarien ordu sindikalak hiruhilekoetan metatu ahal izanen dira.

27. artikulua. Hizkuntzak.

Enpresak matrikula eskubideak ordainduko ditu langileek euskara ikastaroak egin ditzaten zentro publikoetan edo AEK-k onartutako zentroetan. Betiere langileak, ikastaroa amaituta, gaitasun agiria (gainditu izanaren agiria) aurkeztu beharko dio enpresari.

Ikastaro horiek lanorduetatik kanpo eginen dira.

Modu berean jokatuko da beste hizkuntza batzuk ikasten direnean, enpresaren jarduerarekin zerikusirik baldin badute.

28. artikulua. Langabeziaren kontrako neurriak.

Langile baten kontratua bi urte arteko aldirako eteten denean eta lanpostua gordeta daukanean, enpresako zuzendaritzak langile horrek utzitako hutsunea betetzeko ordezko langile bat kontratatu beharko du, ordeztuaren lanbide kualifikazio berekoa eta lanpostuan aritzeko behar adinako lanbide gaitasuna duena betiere.

29. artikulua. Aldi baterako laneko enpresak.

Hitzarmen honetako baldintza guztiak aplikatuko zaizkie aldi baterako laneko enpresek hitzarmen honen aplikazio eremuan Eduardo Albéniz S.A.ko instalazioaren barnean zerbitzuan jartzen dituzten langileei.

30. artikulua. Lanbide Prestakuntza.

Enpresak prestakuntza ikastaroen kostu osoa ordainduko die langileei. Aldez aurretik enpresaren oniritzia beharko da, eta langileak frogatu egin beharko ditu ikastaroaren kostua eta asistentzia.

Ikastaroaren edukia enpresaren jarduerarekin zerikusirik izanez gero, enpresak nahitaez eman beharko du oniritzia.

Prestakuntzako ikastaroetan eman beharreko denbora langilearen kargura izanen da soilik, langileak eta enpresako zuzendaritzak besterik itundu ezean. Betiere, enpresa langilearekin batera ordutegia moldatzen saiatuko da, langileari ikastarora joateko erraztasunak emateko.

Eduardo Albéniz S.A. eta interesa duten sindikatuak, ados jarrita, ikastaro horiek sustatzen saiatuko dira, gaur egun dauden edo aurrerantzean ezar daitezkeen bideak eta aukerak baliatuz.

31. artikulua. Emakumeak kontratatzeko ekintza positiboa.

Lanpostua eskuratzea: kontratazioak egiten direnean, hautagaien lanbide kualifikazioa antzekoa izanik, gizon bakoitzeko bi emakume kontratatuko dira.

Barne igoera: enpresaren barnean ezin izanen da langilerik diskriminatu ideologia, erlijioa, arraza, sexua, afiliazio politiko edo sindikala eta antzeko arrazoiak direla eta. Lanpostua eskuratzeko berdintasunaren printzipioa errespetatuko da enpresako lanpostu guztietan.

Horretarako, beheko lanpostu eta/edo kategorietan lantokiko prestakuntza sustatuz barne igoera erraztuko da, emakume gehiago daudelako beheko lanpostuetan goikoetan baino. Barne igoera horren bidez, kategoriak sexuaren arabera bereizteari utzi nahi zaio.

32. artikulua. Sexu jazarpena.

Hutsegite oso larritzat joko da sexu jazarpena, alegia, langileek hitzen bidezko erasoak zein eraso fisikoak egitea, edozein dela ere enpresan edo lantokian betetzen duten lanpostu, kargu edo zerbitzua, asmo sexual nabarmenez pertsonen duintasunari eta intimitateari erasotzen zaienean. Hortaz, erabat debekaturik dago enpresa antolatu eta zuzentzeko jardueretan, lan-harremanetan edo lan-harremanen ondorioz inorenganako sexu jokabide iraingarria edo biktimak nahi ez duen sexu jarrera agertzea, enpleguari eta lan baldintzei eragiten dien egoera eta/edo biktimaren kontrako giro laidogarri, mehatxuzko eta umiliagarria sortuz.

33. artikulua. Kontratazioa.

Praktikaldiko lan kontratuak. Praktikaldiko lan kontratuen ordainsariak 10.2-b) atalean zehaztuak izanen dira, hau da, hitzarmen honek indarra hartu ondoren egiten den kontratu berrientzat egiten direnak bezalakoak.

Langile kualifikatu gabeen kontratuak. Kualifikaziorik gabeko langileen kontratazioa sustatzeko asmoz, horien ordainsariak izanen dira enpresako ordainsari txikienak baino %20 txikiagoak.

Behin-behineko kontratuak, produkzioaren inguruabarrengatik. Produkzioaren inguruabarrengatiko aldi baterako kontratuen gehieneko iraunaldia amaiturik (hamabi hilabete, hemezortzi hilabeteko tartean), kontratu horiek mugagabe bilakatuko dira, haiek eragin zituzten arrazoiek irauten badute.

34. artikulua. Mugigarritasun funtzionala eta maila-igoerak.

Enpresak, beharrezkoa denean, goragoko maila bateko lanetan jartzen ahal ditu langileak, eta aldaketa egiteko arrazoiak desagertzen direnean lehengo lanpostura itzuliko dira.

Aldaketa hori ez da izanen eten gabeko lau hilabeterako baino denbora gehiagorako, ez bada behintzat gaixotasun, haurdunaldi, laneko istripu, lizentzia eta eszedentzia kasuetan ordezkapenak egiteko, halakoetan inguruabar horiek bukatu arte luzatuko baita egoera.

Langile batek goragoko maila bateko lanak lau hilabetez baino denbora gehiagoz egiten dituenean, aurreko atalean aipatutako kasu bereziak izan gabe, goragoko maila hori finkatuko da. Kasu horretan, maila goragoko lanetan diharduten bitartean, langile horien ordainsaria maila horretako langileen batez bestekoari dagokiona izanen da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Hitzarmen hau interpretatzeko Batzorde Paritarioa eratzen da, bi pertsonak osatua; haietako bat enpresako zuzendaritzak izendatuko du, hura ordezkatzeko, eta bestea, berriz, langileen ordezkariek izendatuko dute, haiek ordezkatzeko. Honako hauek dira haren helburuak:

–Hitzarmen honen interpretazioaren inguruko zalantzak eta interpretazioak ebaztea, eta bertan dauden erabakiak betetzen diren begiratzea.

–Lanbide prestakuntzako programa prestatzea Administrazio Publikoarekin lankidetzan.

–Eta alderdiek interesgarri iritzitako beste gai guztiak.

Batzorde paritarioa biltzeko, aski da hura osatzen duten bi alderdietako batek eskatzea.

AZKEN XEDAPENA

Legezkotasuna

Enpresako hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez den orotan, ondokoari jarraituko zaio: lan arloko araudi indarduna, Arte Grafikoen, Paper eta Kartoiaren Manipulatuen, Argitaletxeen eta Industria Laguntzaileen Estatuko Hitzarmen Kolektiboa, Langileen Estatutua eta gainerako lege aplikagarriak, baita enpresak eta langileak edozein gairi buruz sinatutako edozein akordio edo kontratu ere, baldin eta hitzarmen honetan xedatuaren kontra egiten ez badu.

Barbatainen (Nafarroa), 2013ko azaroaren 28an sinatua.

Enpresaren aldetik: Fco. Javier Téllez Moreno, zuzendari nagusia. Langileen ordezkariak: Juan José Rodríguez Castillo, Gabriel Legarra Merino eta Fernando Barbarin Lucia.

Iragarkiaren kodea: F1400753