27. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Ordenantza fiskal orokorra. Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2013ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharte Arakilgo Udalaren Ordenantza fiskal orokorra. Hasierako onespenaren erabakia 2013ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 12an. Jendaurreko epea iragan baita haren aurkako alegaziorik aurkeztu gabe, argitara ematen da haren behin betiko testua, ondorio juridikoak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Uharte Arakilen, 2014ko urtarrilaren 20an.–Alkate udalburua, Javier Rodríguez Astiz.

UHARTE ARAKILGO UDALAREN ORDENANTZA FISKAL OROKORRAREN TESTUA

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

Xedea.

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea. Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

Zergaren orokortasuna eta interpretazio murriztailea.

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta toki ogasunei buruzko foru legediak -halakorik beharrezkoa ez izateagatik ordenantza partikularrik onetsi ez den kasuetan-, agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa, guztion betebeharra da, eta ukitzen ditu pertsona fisiko zein juridiko oro, eta bai eskubide eta betebehar fiskalak dituzten nortasun juridikorik gabeko subjektuak ere.

Ezin izanen dira aplikatu foru lege batean espresuki ezartzen diren hobari fiskalak baizik, eta, era berean, ez da onartuko inolako analogiarik, zergapeko egintzaren edo zerga salbuespen edo hobarien eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Aplikazio esparrua.

3. artikulua. Ordenantza fiskalak Uharte Arakilgo udalerri osoan ezarriko dira, indarra hartzen duten unetik beretik, indargabetu edo aldatzen diren arte.

II. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

Zergapeko egintza.

4. artikulua. Zergapeko egintza izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko betebeharra sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak osatuko du zergapeko egintzaren zehaztapena, lokabetasunerako arrazoiak zein diren eta zerga ordaindu beharra zer baldintzetan sortzen den aipatuz.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zergapeko egintzak jarraitutasunez gertatzen badira.

5. artikulua. 1. Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, Legearen arabera zerga-prestazioak betetzeko obligazioa duena, zergaduna edo haren ordezkoa izateagatik.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, Legearen arabera zergapeko egintzatik sortutako tributuaren zama bere gain hartzen duena.

Zergadunaren ordezkoa da, Legearen aginduaren ondorioz, haren ordez zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera behartuta dagoen subjektu pasiboa.

2. Zergapeko egintza bati titular bi edo gehiago batera egokitzeak berekin ekarriko du horiek elkarrekin beharturik izanen direla, Udal Ogasunari begira, salbu eta Legeak, tributua erregulatzean, kontrakoa ezartzen badu.

Zerga erlazioaren aldaezintasuna.

6. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu. Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

Helbide fiskala.

7. artikulua. Pertsona fisikoendako zerga ondorioetarako helbidea bere ohiko bizitegia izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, bere egoitza soziala, betiere bertan baldin badago zentralizatua haren administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza kokatzen den tokira igorriko dira afera horiek.

Udal administrazioak beren egoitza fiskala aitor dezaten eskatzen ahal die subjektu pasiboei. Subjektu pasibo batek helbidea aldatzen duenean, tributu administrazioari jakinarazi beharko dio, horretarako aitorpen berezia eginez. Administrazioari dagokionean, helbide aldaketak ez du ondoriorik sortuko zerga aitorpen hori aurkezten ez deino. Administrazioak egiaztapen egokiaren bitartez zuzentzen ahal du subjektu pasiboen egoitza fiskala.

Karga-oinarria.

8. artikulua. Tributuei buruzko ordenantzetan, zorra zehazteko oinarritzat zerga-oinarriak hartzen direnean, horiek zehazteko behar diren bitartekoak eta metodoak paratuko dira.

9. artikulua. Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian, hala egokituz gero, eginiko murrizketen emaitza, murrizketa horiek tributua arautzen duen legean edo dagokion ordenantza fiskalean xedaturik daudenean.

Kuotaren zehaztapena.

10. artikulua. Tributu-kuota hauetako bat izanen da, dagokion ordenantza fiskalaren arabera:

a) Horretarako ezarritako kopuru finkoa.

b) Tarifa bat aplikatzearen ondoriozko kopurua.

c) Bi prozedura horiek batera aplikatzearen ondoriozko kopurua.

d) Oinarriari karga-tasa bat aplikatzearen ondoriozko kopurua.

e) Kontribuzio berezietan, subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarriaren zati bat egotzi, hori arautzen duen ordenantzan jasotako banaketa irizpideei jarraituz, eta horren ondoriozko kopurua.

Tributu-zorra.

11. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutze interesa, sorrarazten den aldi horretan indarra duena.

c) Tributuei buruzko 13/2000 Lege Orokorraren 52. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Tributu-zorra ordaintzeko erantzukizuna.

12. artikulua. Erantzukizuna tributu-zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta. Ordea, premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari Ordenantza honen 17. artikuluaren 1) atalean araututako kasuan.

13. artikulua. Tributuei dagokien arau-hauste baten egile edo laguntzaile diren pertsonek orok elkarrekin eta batera erantzun beharko diete tributu obligazioei.

14. artikulua. Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute entitate horien tributu obligazioetan, bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

15. artikulua. 1. Pertsona juridikoek burututako arau-hauste arinen erantzule subsidiarioak nahiz tributu-zor osoaren erantzule, arau-hauste larriak direnean, haien administratzaileak izanen dira, baldin eta asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, horiei dagozkien egitekoak ez badituzte burutu, hautsitako tributu obligazioak betetzeko, edota beren menpekoei utzi badiete arauak hausten, edota arau-haustea ahalbidetu duen erabakirik hartu badute. Halaber, administratzaileek erantzun beharko dute subsidiarioki, beren jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoek ordaindu gabeko tributu obligazioen kasuan.

2. Porroten, lehiaketen, elkarteen, eta, oro har, edozein entitateren sindikoak, kontu-hartzaileak edo likidatzaileak erantzule subsidiarioak izanen dira, baldin eta, asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, ez badituzte beharrezkoak diren gestioak egiten, egoera horien aurretik sorrarazi eta subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen tributu obligazioak arras bete daitezen.

16. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatzen ahalko zaie horietako edonori.

17. artikulua. 1. Tributu-zorra ordaintzeko jardute administratiboa erantzuleengana bideratu ahal izateko, egintza administratibo bat egin beharko da, non erantzukizuna adieraziko baita eta horrek noraino hartzen duen zehaztuko, interesdunari entzutea eman eta gero. Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, eta une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen dira.

Erantzuleari borondatezko epe bat emanen zaio, ordaintzeko, eta behin hori iraganik ordaindu ezbadu, premiamendu bidezko diru-bilketak aurreikusten duen %20ko errekarguari ere erantzun beharko dio, eta zorra aipatu bide hori erabiliz galdatuko zaio.

2. Jardute administratiboa erantzule subsidiarioengana bideratu ahal izateko, aurretik adierazi beharko da zordun nagusiari kobratu ezin izan zaiola, ezta gainerako erantzule solidarioei ere, hori guztia adierazi aurretik hartzen ahal diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

Tributu-zorraren iraungipena.

18. artikulua. 1. Pertsona fisikoen edo juridikoen ustiapen eta jarduera ekonomikoen ondorioz sortutako tributu-zorrak eta erantzunkizuna, edo Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluan aipatzen diren entitateenak, eskatzen ahalko zaizkie haien titulartasunean edo jardunean (edozein kontzeptu dela bide) haien ondorengo direnei. Erantzukizun hori ezin zaio eskatu enpresa horien elementu solteak erosten dituztenei, salbu eta elementu solte horien erosketak (eroslea pertsona bakarra nahiz batzuk izanik) aukera ematen badio ustiapenari edo jarduerari jardunean segitzeko.

2. Eskuratzailearen erantzunbeharrak ez dio pagatu beharra kentzen eskualdatzaileari. Biak dira horren erantzule solidarioak. Erantzukizuna eskatzeko prozedura ordenantza honen 17.1 artikuluan ezartzen da.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

19. artikulua. Tributu-zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

20. artikulua. 1. Edonola ere, lau urteko epean preskribatuko dira ondoko eskubide eta ekintzak:

a) Tributu-zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sorrarazi zen egunetik hasita.

b) Likidaturiko tributu-zorren ordainketa eskatzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunean.

c) Tributu arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatu ziren egunean.

2. Orobat, lau urteren buruan preskribatuko da beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean.

3. Preskripzioa eteten denean, etendura gertatzen den egunean hasiko da lau urteko epea.

21. artikulua. 1. Aurreko artikuluaren 1. atalak aipatzen duen preskripzio epea honakoetan eteten da:

a) Edozein administrazio-ekintza egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dagoela, kreditu edo eskubide hori aitortu, erregularizatu, ikuskatu, segurtatu, egiaztatu, likidatu edo jasotzeko asmoz.

b) Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

c) Subjektu pasiboak tributu-zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

2. Aurreko artikuluaren 2. atalaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fedemailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

22. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

23. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

Gerora etorritako kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez badago, prozedura exekutiboa irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko titulu exekutiboak luza daitezen ordainezintasuna deklaratu zen momentuan zeuden kobrantza egoera berean.

III. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak.

24. artikulua. 1. Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren ekintzak eta ez-egiteak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

2. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako ekintzak edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

3. Legez arau-haustetzat hartzen diren egintzek edo egin gabe utzitakoek honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbesteko kasua delarik.

c) Erabakia anitzen artean hartua delarik, botoa gorde zutenentzat edo erabakia hartu zeneko bileran egon ez zirenentzat.

4. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kasuetan, subjektu pasiboen edo gainerako behartuen tributu egoera erregularizatzean, tokatzen diren kuota eta errekarguez gain, dagokion berandutza korritua eskatuko da.

5. Toki administrazioak arau-hausteei Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela deritzen kasuetan, jurisdizio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua, eta ez dio administrazio prozedurari segidarik emanen agintari judizialek epai sendoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Fiskaltzak espedientea itzultzen ez duen bitartean.

Epaileek zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.

6. Deliturik antzematen ez bada, toki entitateak segida emanen dio zehapen espedienteari epaitegiek frogatutzat jo dituzten gertaerak oinarritzat harturik.

25. artikulua. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

26. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeaketan edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu-obligazio edo betekizunak ez konplitzea, arau-hauste larriak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

27. artikulua. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea tributu-zor osoa, edo haren parte bat.

b) Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio jardunbidearen bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

Zehapenak.

28. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onura edo itzulkinen zenbatekoaren gainean.

29. artikulua. 1. Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300,50etik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3. Arau-hauste larriei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik 150era bitartekoa, 31. artikuluan aipatutako gutitzea deusetan galarazi gabe.

Orobat, zilegi izanen da berandutze interesak eskatzea borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

Zehapenak mailakatzea.

30. artikulua. 1. Tributu zehapenak mailakatzeko honakoak hartuko dira kontuan:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren.

b) Toki entitatearen ikerketa lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien.

c) Arau-hausterako iruzurrezko baliabideak erabili diren edo hura bertze pertsona baten bitartez egin den.

d) Aitorpenik aurkeztu ez ote den edo aitorpen faltsu, osagabe edo zehaztugabeak aurkeztu ote diren, horrek tributu-zorra gutitzea badakar berekin.

e) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez ote duen edo berandu bete ote duen.

f) Zerga kudeaketarako zer-nolako munta duten eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek eta, oro har, ez betetzea eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak.

2. Mailakatzeko irizpideak aldi berean aplika daitezke.

3. Tributu arloko arau-hauste larrien zehapenen zenbatekoa %30 gutituko da subjektu arau-hausleak edo, hala balitz, erantzuleak egiten zaion arautze proposamenarekin bat datorrela adierazten duenean. e) eta f) letretan aipatzen diren irizpideak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez dira erabiliko. d) letran aipatzen den irizpidea arau-hauste larriei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez da erabiliko.

Zehapen prozedura.

31. artikulua. Tributu arloko zehapenak ezartzeko espedientea ez da izanen subjektu arau-hauslearen tributu egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta bertze bat, eta hartan interesdunari entzunaldia emanen zaio.

Zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berberek.

Zehapena gutitzea.

32. artikulua. 1. Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da edo preskripzioz.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legaziodunei transmitituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik bertze bati transmitituko.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

Tributu kudeaketa hasteko moduak.

33. artikulua. Ordainarazpenen kudeaketa ondokoen bidez hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Ikerketa bidez.

Tributu aitorpena.

34. artikulua. a) Tributu-aitorpentzat hartuko da zergapeko egintza baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zergapeko egintza biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren hartu-agiria emanen zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Froga agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den bertze arrazoiren batengatik.

Aitorpena nahitaez aurkeztu beharra.

35. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zergapeko egintza gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste soiltzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Aurkezpenaren ondorioak.

36. artikulua. a) Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez du erran nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

b) Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago ematea ere bai, eta orobat aurkitu diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpenaren likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

c) Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

Tramitatzeko epeak.

37. artikulua. a) Ordenantza partikularretan tramite bakoitza egiteko zein izanen diren bete beharreko epeak adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren egunera arteko denbora; betiere hori galarazteko behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Ikuskatze kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

b) Administrazioak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten dela, baina, hala ere, interesdunei kexa erreklamazioa aurkezteko baimena ematen die.

c) Tramitazio akatsen kontrako kexa erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, akats horiengatik prozedura gerarazten bada, jarritako epeak hausten badira edo arazoa behin betiko ebatzi aitzin konpon daitezkeen tramiteak egiten ez badira. Kexa baiesten bada, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekiko da, horretarako arrazoirik izanez gero.

Ikerketa eta ikuskapena.

38. artikulua. Udal administrazioak ikertuko ditu zergapeko egintza osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

39. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko diren beste aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.

40. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskatze lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zergapeko egintzarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

41. artikulua. a) Ikuskatze jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan ondoko hauek zehaztuko dira:

–Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.

–Zergapeko egintzaren funtsezko elementuak eta hura subjektu pasiboari atxikitzekoak.

–Bidezko jotzen diren tributu egoerak.

–Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

b) Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonarik izenpetzen ez badu, dagokion espedientea irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari bere alegazioak aurkez ditzan hamabortz eguneko epea emanen zaio.

c) Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa.

42. artikulua. a) Toki entitateen ikerketa lanari salaketa batek ematen ahal dio hasiera. Salaketa paratzeak ez du galarazten Administrazioari laguntza emateko obligazioa, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

c) Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Ordainarazpenen likidazioa.

43. artikulua. a) Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du: likidazioa eginen da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

b) Behin betikotzat hartuko dira:

–Zergapeko egintzaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

–Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

c) Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

44. artikulua. a) Likidazioak egiterakoan administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz, egiten den likidazioarekin batera.

45. artikulua. a) Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

–Haien funtsezko elementuak.

–Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

–Tributu-zorra ordaintzeko tokia, epea eta modua.

b) Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu-zorra ordaintzera.

c) Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

d) Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza saihestu badute, salbu eta Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatuz epe horretan arau bidezko protesta egin bada.

46. artikulua. Subjektu pasibo baten gaineko ordainarazpenen likidazioa eta diru-bilketa egintza bakarrean bateratzen ahal dira, eta kasu horretan ondokoak eskatuko dira:

–Likidazioan jaso beharko dira kontzeptu bakoitzeko oinarriak eta tasak edo kuotak, halako eran non bateratzen diren likidazioak oro zehazturik eta banakaturik geratuko baitira.

–Diru-bilketan bereizirik jaso beharko dira kontzeptu bakoitzari dagozkion zorrak, eta horiek batuz finkatuko da ordainarazi beharreko zor bateratua.

Zergadunen erroldak.

47. artikulua. Ordenantza partikularrean berean zehazten diren kasuetan, udal administrazioak, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenaren ondoan, dagozkion zergadunen erroldak prestatuko ditu. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

48. artikulua. a) Zergadunen zentsua eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

b) Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen mudantzaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

49. artikulua. Zergadunen zentsuek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

V. KAPITULUA

Diru-bilketa

Printzipio orokorrak.

50. artikulua. Diru-bilketaren kudeaketa da udal ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

51. artikulua. a) Diru-bilketa egin daiteke:

–Borondatezko aldian.

–Derrigorrezko aldian.

b) Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko ordainketaren aldian, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere eginbeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

52. artikulua. Udalaren baliabideen bilketa eginen da udal diruzaintzaren edo ezartzen diren banketxeen bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

Zorren sailkapena diru-bilketari doakionean.

53. artikulua. a) Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

b) Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

c) Jakinarazpen gabeko zorrak dira bana-banako jakinarazpenik behar ez dutenak, subjektu pasiboek aurretik ezagunak dituzten zergadun zentsuetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuetan, behin zentsu, errolda edo matrikula hartan alta hartuaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez horren berri emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin-berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

d) Norberak likidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

Ordaintzeko tokia.

54. artikulua. a) Udal administrazioaren aldeko zorren diru-sarrera bertako kutxan eginen da, non eta ordainarazpen bakoitzari dagozkion ordenantza partikularrak espresuki agintzen ez duen diru-sarrera udal zerbitzu ezberdinetan eratutako kutxetan egin daitekeela edo egin behar dela.

b) Era berean, bankuetan nahiz aurrezki kutxetan Udalaren alde irekitako kontuetan ere sartzen ahal da tributu-zorra, ordaindu behar duenak ordenantza honen 57. artikuluan aipatutako bitartekoren bat erabiliz.

Ordaintzeko epeak.

55. artikulua. Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

1. Jakinaraziak, jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

2. Epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuen kasuan, bana-banako jakinarazpena beharrezkoa ez dutenetan, aurreko zenbakian adierazitako epean; borondatezko ordainketarako epearen lehenbiziko eta azkeneko egunak zehaztuko dira, tributu horiei dagozkien kuotak onesten dituen ebazpenean.

Kobratzeko epea zein den multzoka jakinaraziko da, eta horretarako beharrezko ediktuak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Herriko Etxeko iragarki oholean.

3. Subjektu pasiboak berak autolikidatutako zorrak, dagozkien aitorpenak aurkezterakoan ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen ordenantzak seinalatzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar egun balioduneko epean, zergapeko egintza sortzen den egunetik aurrera.

Interesak eta errekarguak.

56. artikulua. Derrigorrezko aldiaren hasierak errekargu bat sorrarazten du, zeinak sartu ez den zorraren zenbatekoaren %20 joko baitu, bai eta zor horri dagozkion berandutza korrituak ere.

Tartean, eten, geroratze edo zatiketarik ez dagoenean, ordaindu gabeko tributu zorra ordaintzen baldin bada premiamenduzko probidentzia jakinarazi baino lehen, errekargua %10ekoa izanen da, eta ez dira eskatuko epe exekutiboa hasten denetik sorrarazitako berandutza korrituak.

57. artikulua. 1. Berandutza korritua galdatuko da egintzaren exekuzioa eteten den kasuetan, bai eta geroratzeetan, zatiketetan edo edozein motako luzapenetan ere.

2. Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien diru-sarrerei, haiek epetik kanpo baina aldez aurretik errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik at eta aurreko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, %20ko errekargua ezarriko zaie; horiei bertze zenbait kasutan ezar zitezkeen zehapenak ez zaizkie paratuko, baina bai, ordea, berandutza korrituak. Hala ere, diru-sarrera edo aitorpenaren aurkezpena egiteko borondatezko epea amaitu eta ondoko hiru, sei edo hamabi hilabeteetan egiten bada diru-sarrera edo aurkezten bada aitorpena, errekargu bakarra aplikatuko da, hurrenez hurren %5, %10 edo %15ekoa, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen berandutza korritua eta zehapenak.

Errekargu horiek premiamendu errekarguarekin batera galdatzen ahalko dira, baldin eta tributua ordaintzera beharturik daudenek ez badute dirua sartzen aitorpen-likidazioa edo epetik kanpoko autolikidazioa aurkeztearekin batera.

Ordaintzeko modua.

58. artikulua. Tributu-zorren ordainketa eskudirutan eginen da edo, bertzenaz, efektu tinbratuen bitartez, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzan xedatzen den bezala. Berariaz xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da.

59. artikulua. 1. Tributu-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Indarra duen dirua.

b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan toki entitateak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordainketa gutunaren bidez.

2. Aitzineko atalean erranagatik ere, zilegi da tributu-zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea; horrela, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dute, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta aurrekontu eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratze hori zein zerga kontzeptutarako den.

Ordainketa geroratzea eta zatikatzea.

60. artikulua. Geroratzea edo zatikatzea eskatzeko zer baldintza behar diren, haiek erdiesteko zer jardunbide segitu behar den, zer berme eta bertzelako baldintzari iritzi zaien beharrezko, hori dena, udal aurrekontuak betearazteko oinarrietan jasoko da.

VI. KAPITULUA

Errekurtsoak

61. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean udal ebazpenen aurka egiteko orokorrean ezarri diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita.

62. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesdunen eskubidea errekurtsoa aurkezteko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

63. artikulua. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela-eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat aurkezteko, galdatutako kopurua aitzinetik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesdunak ez badu udal diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi %25, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal orokor hau eta toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1400882