27. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Euskararen ordenantza. Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2013ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharte Arakilgo Udalaren Euskararen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia 2013ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 12an. Jendaurreko epea iragan baita haren aurkako alegaziorik aurkeztu gabe, argitara ematen da haren behin betiko testua, ondorio juridikoak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Uharte Arakilen, 2014ko urtarrilaren 20an.–Alkate udalburua, Javier Rodríguez Astiz.

UHARTE ARAKILGO UDALAREN EUSKARAREN ORDENANTZA

Sarrera

Euskara Sakanako biztanleen berezko hizkuntza izan da antzinatik, nahiz gaur egun hizkuntza hori kinka zailean egon.

Euskara, zerbitzu hizkuntza izateaz gain lan hizkuntza ere izatea lortu nahi du Uharte Arakilgo Udalak.

Ordenantza honen bitartez Uharte Arakilgo Udalak tresna egokia sortu du euskararen erabilera sustatu eta arautzeko.

Ordenantza honek izaera juridikoa du.

I.–Aplikazio eremua.

1. artikulua. Ordenantza hau Uharte Arakilgo Udalean eta haren menpeko entitate eta zerbitzuetan aplikatuko da.

II.–Hizkuntzen erabilera orokorra.

2. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak, oro har, bere harremanetan euskara edo gaztelania erabiliko du, hurrengo artikuluetan zehazten den moduan.

III.–Barneko erabilera.

3. artikulua. Barneko administrazio egintzak euskaraz edo hizkuntza bietan eginen dira. Ahal den neurrian euskara lehenetsiko da eta ahal den guztietan euskara erabiliko da.

4. artikulua. Udaleko organoek erabiltzen dituzten barne inprimakiak euskaraz ere eginen dira.

5. artikulua. 1. Bulego, gela eta Udaleko beste tokietako errotulu eta bereizgarriak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

5.2. Inprimakietako menbreteak, gomazko zigiluak, tinbre-zigiluak eta antzeko beste elementuak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

6. artikulua. Programa informatikoak eta Uharte Arakilgo Udalaren bulegoetan erabiltzeko eskuratzen diren materialak, ahal den neurrian, euskaraz edo hizkuntza bietan egonen dira.

7. artikulua. Udalak hirugarrenei kontratatzen dizkien ikerlanak, proiektuak eta antzeko lanak euskaraz edo hizkuntza bietan aurkeztuko dira.

IV.–Erakundeekiko harremanak.

8. artikulua. Euskara hizkuntza ofiziala duten administrazio edo erakunde publikoei Udalak euskaraz edo hizkuntza bietan bidaliko dizkie agiriak.

9. artikulua. Euskara hizkuntza ofiziala duten administrazio edo erakunde publikoei Uharte Arakilgo Udalak eskatuko die agiriak euskaraz edo hizkuntza bietan bidal diezazkiotela.

V.–Administratuekiko harremanak.

10. artikulua. Sakanako udalei hizkuntza bietan bidaliko zaizkie mezuak edo jakinarazpenak, bai eta euskara hizkuntza ofiziala duten edo euskarak bizirik dirauen eskualdeetako pertsona fisiko eta juridikoei ere.

Norbaitek Uharteko Udalarekiko harremanetan euskara erabili nahi duenean eskubide hori bermatuko zaio.

11. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak euskaraz nahiz gaztelaniaz onartuko ditu pertsona fisikoen komunikazioak.

12. artikulua. Herritarrei ematen zaizkien inprimakiak euskaraz edo hizkuntza bietan egonen dira.

13. artikulua. Uharteko Udaleko langileak normalean euskaraz zuzenduko zaizkie erabiltzaileei.

Hala ere, elkarrizketa hasiz gero, erabiltzaileek aukeratutako hizkuntzan mintzatuko dira.

VI.–Oharrak, argitalpenak eta jendaurreko egintzak.

14. artikulua. Uharteko Udalaren eta haren menpeko erakunde edo zerbitzuen xedapenak, aldizkariak, kartelak, oharrak eta antzekoak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira.

15. artikulua. Uharte Arakilgo Udalaren eta haren menpeko erakunde edo zerbitzuen iragarkiak eta publizitatea betiere euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira.

16. artikulua. Uharteko Udaleko kargudunek ahal den neurrian euskara erabiliko dute jendaurreko jardunean.

VII.–Erregistroak.

17. artikulua. Uharte Arakilgo Udalaren Erregistroan, agiriak zein hizkuntzatan aurkezten diren, halaxe eginen dira inskripzioak. Erregistroak luzatzen dituen ziurtagiriak hizkuntza bietan edo euskara hutsean eginen dira.

VIII.–Langileen birziklapena.

18. artikulua. Uharte Arakilgo Udalaren xedea da bere zerbitzuak eta sailak euskaraz edo hizkuntza bietan jarduteko gai izan daitezen.

19. artikulua. Xede hori lortu ahal izateko, Uharteko Udalak lanpostu bakoitzaren hizkuntza eskakizunak zehaztuko ditu.

Hala bada, Udaleko Euskara Batzordeak edo euskara zinegotziak hizkuntza eskakizunak proposatuko ditu, Osoko Bilkurak onets ditzan. Ordenantza hau legez onartutakoan hartuko dute indarra hizkuntza eskakizunek. Hizkuntza eskakizunak onartutakoan, ordenantza honi erantsiko zaizkio.

20. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak bere langileei baimena emanen die euskara ikastaroetara joateko, euskara maila egokia lor dezaten, betiere laneko inguruabarrek ahalbidetzen duten neurrian.

21. artikulua. Dagozkien hizkuntza eskakizunak betetzen dituzten langileak euskaraz ere ariko dira lanean.

Gainerako langileak euskalduntze planaren barnean euskaldundu ahala euskaraz lan egiten hasiko dira, eta dagokien hizkuntza eskakizuna betetzen dutenean euskara hutsean eginen dute lana.

22. artikulua. Lekualdaketa, igoera edo transferentziaren bidez zein bestelako bideetatik Uharte Arakilgo Udalean lanpostua lortu ahal izateko, ezinbestez bete beharko da lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna.

Horretarako, Udaleko plantilla organikoan lanpostu bakoitzaren hizkuntza eskakizuna sartu beharko da. Halaber, urte bakoitzeko lanpostuen zerrenda jaso dadin, urteko lan eskaintza aurkeztuko da epearen barnean, Osoko Bilkurak onets dezan.

IX.–Langile berriak kontratatzea.

23. artikulua. Aurrerantzean Uharte Arakilgo Udalak kontratatzen dituen langileek gai izan behar dute euskaraz nahiz gaztelaniaz lan egiteko.

Hortaz, lan egin ahal izateko, Udaleko eta haren menpeko erakundeetako lanpostuei ezarritako hizkuntza eskakizunak bete beharko dituzte.

24. artikulua. Lanposturen bat bete behar denean, inork ez badu betetzen dagokion hizkuntza eskakizuna, lanpostua hutsik geldituko da eta beste deialdi bat eginen da.

X.–Euskararen erabilera Sakanako udalerrietan.

25. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak behar diren neurriak hartuko ditu euskara gizartean erabil dadin eta, orokorrean, euskararen erabilera areagotu dadin.

Beraz, Uharteko Udalak ahalegin berezia eginen du jendeak euskaraz jakin eta hitz egin dezan ziurtatzen eta sustatzen, gizarteko esparru guztietan euskararen erabilera hedatzeko helburuarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Uharte Arakilgo Udaleko Euskara Batzordeak edo euskara zinegotziak ahalmena izanen du ordenantza hau bete dadin zer-nolako jarraipena egin behar den zehazteko. Edozeri buruzko proposamenak egin ahalko ditu, halaber, ordenantza hau beteko dela bermatzeko.

Bigarrena.–Uharte Arakilgo Udalak onetsitako gainerako ordenantza eta xedapenetan jaso beharko da honako ordenantza honetan ezarritakoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira maila bereko edo beheragoko ordenantzak, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat egiten ez badute edo kontra egiten badute.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar egun iragandakoan.

HIZKUNTZA ESKAKIZUNAK
LANPOSTUA EUSKARA MAILA

Uharte Arakilgo Udaleko lanpostu batean aritzeko ezinbesteko baldintza izanen da lanpostu horri dagokion euskara maila izatea.

Idazkaria - Kontu-hartzailea, C1.

Administrazioko teknikaria, C1.

Zerbitzu anitzetako enplegatuak, B1.

Garbitzaileak, B1.

Iragarkiaren kodea: L1400881