2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AIEGI
Udal ordenantza, aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Udalak, 2013ko azaroaren 27ko osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, eta 2013ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an, ostegunarekin.
Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren edukiaren aurka.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada.
Horrenbestez, bidezko da ordenantza horren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunetara hartuko du indarra.
Aiegin, 2014ko urtarrilaren 15ean.–Alkate udalburua, Esperanza Gastea Hernández.
ORDENANTZA, AIEGIKO UDALERRIAN MUGIKORTASUN MURRIZTUA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELA EMATEA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, norbanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, norbanako edo talde haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean.
Konstituzioaren 49. artikuluak ezartzen du botere publikoek aurreneurri-, tratamendu-, bizkortze- eta gizarteratze-politika eginen dutela elbarri fisikoentzat, zentzumen-elbarrientzat eta elbarri psikikoentzat; horiei, eurek behar duten arreta berezia emanen zaie, eta bereziki babestuko dira, Konstituzioaren I. tituluak herritar guztiei ematen dizkien eskubideak egikaritu ahal izateko.
Hartara, ikuspegi arauemaile batetik, 1982ko martxoaren 23an orduko Gorte Nagusiek Minusbaliatuak Gizarteratzeko 13/1982 Legea onetsi zuten; lege ingurumari garrantzitsu horren osagarria izan da, berrikitan, Ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeria ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea. Hartan agertzen diren bi kontzeptu hauen inguruan ardazten dira gai honi buruzko gaur egungo berrikuntzak: bata, bizimodu beregaina, pertsona hauek komunitatean modu aktiboan parte har dezaten; eta bestea, ororen irisgarritasuna, esan nahi baita, inguruek, produktuek eta zerbitzuek bete behar duten baldintza, jende guztiarendako ulergarri, erabilgarri eta egingarri izan daitezen.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluak (abenduaren 19ko 19/2001 Legeak aldatu baitzuen) aditzera ematen du zein diren, lege honi dagokionez, udalerrien eskuetan uzten diren eskumenak; zehatz-mehatz, hala dio haren b) atalak: “Zirkulazioko Udal Ordenantzen bidez, herri barruko bideetako erabilpenak arautu behar dituzte, eta hiru puntu ezkondu ondo: berdin banatu behar dituzte erabiltzaile guztien artean aparkalekuak; ibilgailuen trafikoa nahitaez erraza izan behar da, betiere oinezkoak kaleetatik ibili ahal izateko moduan, eta aparkaldi mugaturako neurriak ere ezarri behar dituzte, aparkaldiak txandaka egingo direla bermatzeko. Gainera, bereziki erreparatuko diete ibilgailuak erabiltzen dituzten mugikortasun urriko ezinduen beharrei, horien gizarteratzea errazteko.”
Minusbaliatuak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak 60. artikuluan dioenez, udalek neurri egokiak hartu beharko dituzte mugitzeko arazo larriak dituzten elbarriek ibilgailua aparkatzeko erraztasuna izan dezaten, eta agerian da lege hori tresna eraginkorra dela gizartean eta lanean integratzeko, garraio publikoa erabiltzeko mugikortasun arazo larriak dituen jende askori espazio eta zerbitzu komunitarioak eskura jartzen dizkielako haietara ibilgailu partikularretan, zein bere kabuz, iristen direnean, eta ailegatzen diren tokian aparkatzeko txartelaren abantailen onura hartzen dutela.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da aparkatzeko txartela sortzea, desgaitasuna izanik mugikortasun murriztua duten pertsonek gidatzen dituzten ibilgailuetarako edo horiek garraiatzen dituztenerako; txartel hori Europar Batasunaren Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman Gomendioari egokituak izanen dira, eta estatu kideek elkarri onartutako eredu europar bakar baten araberakoa, titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz. Orobat arautu da aparkatzeko txartel hori emateko eta hura erabiltzeko prozedura.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Ordenantza hau Aiegiko udal mugape guztian aplikatuko da; bertan arautzen dira desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela erdiesteko egin behar diren tramiteak, baita horiek aparkatzeko jarri diren espazioak erabiltzeko baldintzak ere.
Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazio publikoek desgaitasuna izanik mugikortasuna murriztua dutenei aparkatzeko ematen dizkieten txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Aiegiko Udalaren lurralde eremuan.
3. artikulua. Aparkatzeko txartelen kontzesioa. Eskumena.
Alkate udalburuari dagokio eskumena, aparkatzeko txartela emateko eta gai honen gaineko zehapen ahalmena erabiltzeko.
4. artikulua. Mugikortasun murriztua dutenek aparkatzeko erreserba berezien sorrera.
Mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko erreserba bereziak sortzen ahalko dira, aparkatzeko txartela berezia badute, eta inguruabar hauei begiraturik:
a) Premia pertsonalari erantzutea, ukituaren bizitokiaren edo lantokiaren ondoan.
Udal bulegoan aurkeztuko dira mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko tokiak sortzeko erreserba berezien eskaerak, eta Alkatetzaren ebazpenaren bidez sortuko dira, aurreko paragrafoko inguruabarrei begiraturik.
Erreserbak ez dira modu esklusiboan erabiltzeko, ezta norbanako batek eskatuak direnean ere; aldiz, mugikortasun murriztua duen edonork erabiltzen ahalko ditu, aparkatzeko txartel berezia izanez gero.
Udalak beretako gordeko du erreserbak kentzeko, lekuz aldatzeko edo espazioz nahiz denboraz murrizteko eskubidea, erabiltzen ez badira edo hiriko trafikoaren garapen zuzenari kontra egiten badio.
Mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko erreserbatzen diren espazioak seinalatuko dira; horretarako, irisgarritasunaren nazioarteko ikurra paratuko da lurrean eta zutikako seinale bat ere bai, ikusteko maneran, mugikortasuna murrizturik ez duten pertsonen ibilgailuak aparkatzea debekatzen duena.
5. artikulua. Eskubidearen titularrak.
Mugikortasun murriztua duten pertsona desgaituek aparkatzeko txartela eskuratu eta erabiltzeko eskubidearen titular izateko, Aiegiko udalerrian bizi beharko dute edo lanpostua bertan izan, eta mugikortasunean ondorio larria eragiten dien urritasun fisiko edo psikikoa izan.
Ordenantza honi dagokionez, mugikortasun murriztutzat jotzen da mugitzeko zailtasuna edo ezintasuna izatea garraio kolektiboak erabiltzeko; haren gradua minusbaliotasuna dela-eta eskumena duen erakundeak luzaturiko ziurtagirian agertu beharko da.
6. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.
Europar Batasunaren erabakian zehazturik daude aparkatzeko txartelen ezaugarriak.
Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
6.1. Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo mugikortasun murriztuko titularrak berak gidatu beharko du.
6.2. Txartela aitzineko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.
7. artikulua. Txartela eskuratzeko baldintzak.
Aparkatzeko txartela eskuratzeko, behar den eskaera egiteaz gain, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Aiegiko Udalean erroldatuta egotea.
b) Dagokion organoak aitorturik eduki beharko dute %33ko edo horitik gorako desgaitasuna.
c) Adina 3 urtetik gorakoa izatea.
d) Osasun egoera dela edo beste arrazoi batzuk direla-eta, etxetik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez bizitzea.
e) Mugikortasun murriztua: garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasuna edo ezintasuna zehazten duen baremoa agertuko da desgaitasunaren ziurtagirian. Beharrezkoa izanen da baremo hori positiboa izatea eta A edo B kategorietan sartzea, edo gutxienez 10 puntu lortzea mugikortasunaren baremoko D, E, F, G eta H atalen batura eginez.
8. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.
8.1. Administrazio zerbitzuen lana izanen da prozedura bideratu eta tramitatzea eta alkatearena, berriz, txartela ematea.
8.2. Eskaera.
A.–Aiegiko Udalaren web orriaren bidez edo udal bulegoetan (Oinarrizko Gizarte Zerbitzua) eskuratu ahalko da eskaeraren inprimaki normalizatua. Hura betetakoan Aiegiko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aurkeztu beharko da, eskatzen diren agiriekin batera.
Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatu ahalko du. Ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.
B.–Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:
a) Eskabidea.
b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.
c) Karneterako argazki bat.
d) Desgaitua dela egiaztatzen duen ebazpenaren fotokopia.
e) Erroldaren ziurtagiria.
f) Ibilgailuaren dokumentazioa: gidabaimenaren fotokopia eta IATaren txartelarena.
g) Eskatzailearen gidabaimena, indarrean izanez gero.
8.3. Aiegiko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, aurkeztutako dokumentazioa azterturik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio aparkatzeko txartela emateko eskumena duen organoari, gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu ere, aparkatzeko txartelaren eskaerari Udaleko erregistroan sarrera eman zaionez geroztik.
8.4. Aparkatzeko txartela onarturik, titularrari aurkeztuko zaio sina dezan; gero, interesdunari edo haren ordezkariari emanen zaio.
9. artikulua. Balioaldia.
Txartelaren baioaldia bertan zehaztuko da; titularraren adina zein den eta mugikortasunaren gaineko irizpenak ezarritako baldintzak zein diren, horren araberakoa izanen da.
Titularra 18 urtetik beheitikoa bada, balioaldia 2 urtekoa izanen da. Alabaina, mugikortasun murriztuaz irizpenean ezarritako iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balioaldia.
Txartelaren titularrak 18 urtetik 65 urte bitarte baditu, 5 urteko balioa izanen du.
Titularrak 65 urtetik goiti baditu, txartelaren balioaldia 10 urte izanen da.
Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, titularraren adina edozein izanik ere, noiz arteko ezintasuna duen, ordu arteko balioa izanen du.
10. artikulua. Txartela berritzea.
1. Iraungi baino hilabete lehenago egin beharko du eskaera titularrak, aurrekoaren epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.
2. Berritzeko eskabidea ordenantza honen 8.2 artikuluan xedatuari jarraikiz eginen da.
3. Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, txartel berria emanen zaio titularrari, zaharra utzi ondoren.
4. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.
5. Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Aiegiko Udalak txartel zaharraren iraungitze data berarekin luzatuko du berria.
6. Orobat berrituko da ibilgailuaren titulartasunaren kasuetan edo hura aldatzen denean.
11. artikulua. Zenbatekoa.
Txartela doakoa izanen da eskatzailearendako.
12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Ordenantza honek ezarritakoari kontra egiten dioten eginak eta ez eginak arau-hauste izanen dira eta behar bezala zehatuko dira.
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Egindako arau-hausteak delitu edo hutsegite itxura badu, horren berri emanen zaio Fiskaltzari, ekintza penalik abiarazi behar ote den.
Aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiltzeak hura kentzea ekarri ahalko du, legozkeen erantzukizun administratibo, zibil edo penalak batere ukatu gabe.
12.1. Arau-hauste arinak.
Hauek izanen dira arau-hauste arinak:
1.–Txartela osoki ikusteko maneran ez paratzea.
2.–Txartelean paperen bat edo beste zeren bat paratzea, haren daturen bat ezkutatzen duena.
3.–Herri honen barnean bizilekua aldatuz gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
4.–Ibilgailua aparkatzeko toki batean utzi, hala etorkikoa nola helmugakoa, eta 96 orduko epean handik ez mugitzea.
5.–Ordenantza honetako beste edozein arau-hauste, larria edo oso larria ez bada.
12.2. Arau-hauste larriak.
Hauek izanen dira arau-hauste larriak:
1.–Titularra ez den beste norbaiti txartela lagatzea, mailegatzea edo uztea.
2.–Mugikortasunean hobekuntzarik izanez gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
3.–Txartela ez itzultzea, horretarako errekerimendua egin bazaio.
4.–Minusbaliatuen aparkatzeko txartela erabiltzea, haren titularra izan gabe.
5.–Izatez nahiz zuzenbidez bizilekua aldatuz gero herri honetatik kanpora, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.
6.–Txartela erabiltzea indarra galdu duenetik hiru hilabete baino gehiago iraganik. Halakoetan, agintaritzako agenteek txartela kendu ahalko diote badaezpadako neurri gisa, harik eta titularrak frogatzen duen arte ezin izan duela epearen barnean berritu.
7.–Urtean hiru arau-hauste arin egitea.
12.3. Arau-hauste oso larriak.
Hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:
1.–Txartel faltsutu eta/edo manipulatu bat erabiltzea, hortik etor daitezkeen erantzukizun penalez aparte.
2.–Bi urtean hiru arau-hauste larri egitea.
12.4. Hutsegiteen preskripzioa.
Arau-hauste arinak hiru hilabetean preskribatuko dira, larriak sei hilabetean eta oso larriak urtebetean.
Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen.
Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. Orobat etenen da preskripzioa, horren jakinarazpena egiten badu agintaritzaren agente batek.
Preskripzioak jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.
12.5. Zehapenak.
Arau-hauste arin bat egiteagatik, zehapena 100 euroko isuna izanen da.
Arau-hauste larri bat egiteagatik, zehapena 200 euroko isuna izanen da. Halaber, txartela aldi baterako kentzea ekartzen ahalko du, gehienez ere hiru hilabetez, hain zuzen ere.
Arau-hauste oso larri bat egiteagatik, zehapena 1.000 eurorainoko isuna izanen da, eta zehatuek txartel berria eskatu beharko dute.
Garabiak eraman ahalko ditu leku erreserbatu batean aparkaturik dauden ibilgailuak, aparkatzeko txartelik ikusgai ez badute edo txartelaren datu guztiak ikusteko maneran ez badaude. Ibilgailua altxatokitik eramateko, aitzinetik behar den tasa ordaindu beharko da ibilgailua kendu, egon eta gordetzeagatik; tasa horrek ez du inondik ere zehapen izaerarik.
12.6. Zehapenen graduazioa.
Zehapenen zenbatekoa honen araberakoa izanen da: egitatearen larritasuna eta garrantzia, arau-hausleak gai horretan dituen aurrekariak edo behin baino gehiagotan egin ote duen, zuzenean nahiz zeharka egin duen kaltea, eta proportzionaltasun irizpidea.
Salaketa egiten duen udaltzainak emanen du salatzen diren egitateen eta horren inguruko xehetasunen berri, zehapena behar bezala mailakatzeko.
12.7. Zehapenen preskripzioa.
Zehapenen preskripzio epea urtebete izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.
Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ahal ez zaizkion arrazoiengatik.
13. artikulua. Zehapen prozedura.
Alkateak ezarriko ditu zehapenak, kontuan harturik ordenantza honetan ezarritakoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean zehapen prozeduraz agertzen diren arauak, haietaz gero egin diren aldaketak eta haien erregelamenduzko garapena.
Prozedura hasi zenetik urtebete iragan eta ez bada zehatzen duen ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.
Prozedura geldiarazten bada jurisdikzio penalak egitateen berri izateagatik, iraungitze epea eten eginen da, eta berriz ere hasiko da beste urtebeteko iraungitze epea, ebazpen judizialaren organo eskudunari jakinarazi ondoan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ordenantza honek indarra hartzean Aiegiko Udalak emaniko aparkatzeko txartela duten guztiek eguneratu eginen dute, berritzea behar duten heinean.
AZKEN XEDAPENA
Indarra hartzea
Behin betiko onetsi ondoan, ordenantza honek Nafarroako Aldizkari ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunera hartuko du indarra.
APARKATZEKO TXARTELAREN ESKAERA, DESGAITASUNA DUTENENTZAT. AIEGIKO UDALA
Eskatzailearen datuak:
Izen-deiturak
NANa ..................................., telefonoa
Helbidea
Herria .................................., posta kodea
Helbide elektronikoa
AZALTZEN DUT:
Aiegiko Udalean eskaera egin nahi dudala desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela eskuratzeko.
Hitz ematen dut horretarako eskatutako agiri guztiak aurkeztuko ditudala, eskaera hori baloratu ahal izateko.
Aurkezten ditudan agiriak:
Eskaera.
Eskatzailearen NANaren fotokopia.
Karneterako argazki bat.
Desgaitua dela egiaztatzen duen ebazpenaren fotokopia.
Erroldaren ziurtagiria.
Ibilgailuaren dokumentazioa: gidabaimenaren fotokopia eta IATaren txartelarena.
Eskatzailearen gidabaimena, indarrean izanez gero.
Aiegin, 20...ko ............aren ......(e)an.
Sinadura
AIEGIKO UDALA.
Iragarkiaren kodea: L1400638