1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
112/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “Eurotransbio 2012: Early invasive fungal infection detection with terahertz sensor systems (EIFFEL)”.
Ramón Gonzalo García jaunak, Unibertsitateko katedradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikiak eta “Eurotransbio 2012: Early invasive fungal infection detection with terahertz sensor systems (EIFFEL)” proiektuaren arduradunak, “Proiektuko laguntzaile” gisa, proiektu hori garatzeko ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetara deitzeko egin duen proposamena ikusirik.
Kontuan hartuz proposamenak Ikerketa Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman duela.
Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak proposatuta, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak urtarrilaren 22an emandako 66/2013 ebazpenak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta funtzioak zehazten dituenak, eskuordetutako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “Eurotransbio 2012: Early invasive fungal infection detection with terahertz sensor systems (EIFFEL)” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.
Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.
Hirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 29an.–Ikerketako errektoreordea, Alfonso Carlosena García.
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea proiektuko laguntzaile gisa “Eurotransbio 2012: Early invasive fungal infection detection with terahertz sensor systems (EIFFEL)” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaile horien lan kontratazioa egiteko gero.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 48. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa, eta xede hau izango du: Bakterio laginen prestaketa. Bakterio mota desberdinen portaeraren karakterizazioa THz-n. Emaitzen azterketa. THz detektagailuen diseinuko euskarria. Mahats landareak THz-n duen portaeraren azterketa.
Maila profesionala: Proiektuko laguntzailea.
Iraupena: 2015eko abenduaren 31ra arte.
Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez izatea kontratua iraungitzeko zioa izango da.
Lanaldi-mota: Osoa.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira.
b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.
c) Graduatu, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulu ofiziala edukitzea. Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.
b) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.
2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.
3.–Eskaerak.
Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Eskaera-eredua helbide honetan dago: www.unavarra.es, “Lehiaketa eta kontratuak/Langileak/Irakasle-ikertzaileen eskabideak” izeneko atalean, Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera idazpuruaren azpian.
Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:
–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitae, egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Administrazio eta Kudeaketa eraikina, beheko solairua, Arrosadiko Campusa, 31006 Iruñea), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
Eskatzaile bakar bat ere baztertua ez bada, lehiaketa publikoan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.2. Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
4.4. Izangaiak Hautaproban onartutakoen zerrendan sartzea, bai 6.2 oinarriak aipatutako hautaproba gainditu duten pertsonen zerrendan ere, ez du ekarriko inolako ere unibertsitateak aitortzea deialdiko oinarrietan eskatutako baldintza orokorrak edo bereziak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.5. Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa prozesua.
Izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta ondoren zehaztuko den baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Balioespen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Baremoa
1. atala: Ikasketa-espedientea (gehienez 20 puntu).
Izangaiaren ikasketa espedientea espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, gehienez ere 4 punturekin. Ikasketa espedientearen batez besteko nota 5 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren titulazioa Biologia bada, eta 0,1 faktorearekin bestelako titulazioak badira. Gainera, Enologiako Lizentziatura edukitzea balioetsiko da, gehienez ere 5 punturekin.
2. atala: Esperientzia (gehienez 60 puntu).
–Balioespen Batzordearen iritziz deialdi honen xedearekin zerikusia duten berrikuntza eta garapen proiektuetan parte hartzeagatik, gehienez ere 5 puntu nazioarteko proiektu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu proiektu nazional bakoitzeko.
–Bekadun/kontratatu gisa goi maiztasuneko (Terahertz) gailuen fabrikazio eta muntaketaren esparruan eta/edo terahertzen mailan lagin biologikoen edo mahats landarearen karakterizazioan egindako jarduerak burutzeagatik, betiere, Balioespen Batzordearen iritziz, proiektuaren zereginak betetzeko ezagutzak hartu badira, gehienez ere 20 puntu kontratua izan duen urte bakoitzeko, edo gehienez ere 10 puntu bekaren onuradun izan den urte bakoitzeko.
3. atala: Beste merezimendu batzuk (gehienez 20 puntu).
–HFSS, Ansoft-Designer, ADS, Matlab simulazio elektromagnetikoko softwarea erabiltzen jakitea: gehienez 5 puntu.
–Balioespen Batzordearen iritziz deialdi honetako xedea den kontratuaren jarduerekin harreman duten ikastaroak: 2 puntu 10 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko.
–Ingeles, frantses, aleman eta italierako ezagupenak: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasotako mailen arabera, honela balioetsiko dira: 1 puntu (A1 maila), 2 puntu (A2 maila), 3 puntu (B1 maila), 4 puntu (B2 maila) eta 5 puntu (C1 maila).
–Aldizkarietako argitalpenak eta hitzaldiak, Balioespen Batzordearen arabera deialdiaren xedearekin zerikusia daukatenean: gehienez 5 puntu nazioarteko artikuluengatik; gehienez 3 puntu nazioarteko hitzaldiarengatik; gehienez 3 puntu nazioko artikuluarengatik eta gehienez puntu 1 nazioko hitzaldiarengatik.
Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 2. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 1. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, zozketaren bidez ebatziko dira.
Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batez bestekoa izango da.
6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.
6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetan sortutako kontratazio zerrendak proiektuaren amaiera egunera arteko indarraldia izango du.
7.–Balioespen batzordea.
Batzordeburua: Ramón Gonzalo García jauna, Unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia, Ikerketa errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Iñigo Ederra Urzainqui jauna, Unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Batzordekidea: Jorge Teniente Vallinas jauna, Unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
–Balioespen batzorde ordezkoa:
Batzordeburua: Ignacio Matías Maestro jauna, Unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Idazkaria: Juan Carlos Iriarte Galarregui jauna, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Batzordekidea: Francisco J. Arregui San Martín jauna, Unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.
8.–Norberaren datuak babestea.
Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.
Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak erakunde horri lagatuko zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo iragartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Balioespen Batzordeak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean hilabete bateko epean ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gorako errekurtsoa ebazten duen erabakiaren aurka zilegi da Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean.
Iragarkiaren kodea: F1401629