26. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 7a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Ediktua. 282/2012 prozedura arrunta

María Ángeles Ederra Sanz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.

Aditzera ematen dut: 282/2012 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan epaia eman da eta irmo geratu da. Hona hemen horren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

“645/2013 epaia.

Lehendakaria: Ignacio Merino Zalba jauna,. Magistratuak: Antonio Rubio Pérez jauna, María Jesús Azcona Labiano andrea.

Iruñean, 2013ko ekainaren 7an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratu jaunek osatutakoak, 282/2012 errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Honako honen aurka sustatu zen errekurtsoa: Antsoaingo Udalaren ordenantza fiskal baten onespena, hots, hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek herriko jabari publikoaren zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalarena (2012ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 6an). Ondokoak izan dira alderdiak: errekurtsogilea, France Telecom España, S.A., Ana Muñiz Aguirreurreta prokuradore andreak ordezkatua eta Esther Zamarriego Santiago legelari andreak zuzendua, eta demandatua, Antsoaingo Udala, Francisco Javier Echauri Ozcoidi prokuradore jaunak ordezkatua eta Blas Ignacio Otazu Amatriain legelari jaunak zuzendua.

Epaitza:

1. Partez baiesten dugu France Telecom España, S.A.k prozesuan duen ordezkariak ebazpen honen idazpuruan aipatzen den ordenantzaren kontra egindako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta ordenantza hori deuseztatzen dugu zuzenbidearen araberakoa ez izateagatik.

2. Deuseztapenari buruz ohartarazpen hauek egiten dira:

a) Ordenantzaren 2. artikuluko 1. ataleko azken intzisoa, honako hau esaten duenean: ‘haien titular nor den ere, betiere herritar guztiei edo frankori eragiten dieten hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egiten badituzte’.

b) Ordenantzaren 4. artikuluko 3) ataleko azken intzisoa, honako honi dagokionez: hornidurak egiteko baliatzen diren sareen titular ez diren enpresa edo entitateak izatea subjektu pasibo, nahiz eta sare horietan sartu, erabili edo elkarri konektatzeko eskubideen titularrak izan, telefonia mugikorreko enpresei dagokienez.

c) Ordenantzaren 6. artikulua, tasa finkatzeko aplikatu behar den zenbatekoa ezartzeko sistema edo prozedura jasotzen duena.

Berretsirik eta bere horretan gelditzen da artikulu horietako gainerako zatia, baita ordenantza bereko gainerako artikuluak ere, zuzenbidearen araberakoak baitira.

3. Alderdietako inor ez dugu kostuak ordaintzera kondenatzen.

Ebazpen honen aurka ezin da errekurtsorik jarri.

Beraz, epai honen bidez, behin betiko epaituz, hori aldarrikatu, agindu eta sinatzen dugu (epaiaren ziurtapena autoei erantsiko zaie).

Eginbidea: Iruñean, 2013ko ekainaren 10ean. Nik, María Ángeles Ederra Sanzek, idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean epai hori eman didatela, behar bezala sinatuta, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtapena erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 20an.–Salako idazkaria, María Angeles Ederra Sanz.

Iragarkiaren kodea: J1400939