2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA
Aldaketa, Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Jurramendiko Mankomunitateak, 2013ko azaroaren 22ko batzar orokor arruntean, bertzeak bertze, aldaketa onetsi zuen Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bateginean.
Erabakia 2013ko abenduaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean entitatearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lizarran, 2014ko urtarrilaren 13an.–Mankomunitateko burua, Pedro Mangado Pinillos.
ORDENANTZA, HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUENA
Modu berrian idaztea honako artikulu hauek:
7. artikulua. Definizioak.
Apirilaren 21eko 10/1998 Legearekin bat, definizio hauek ematen dira:
“Hondakina”: edozein gai edo gauza, lege horren eranskinean agertzen diren kategorietan sartua, bere jabeak botatzen badu, bota nahi badu edo botatzera beharturik badago. Betiere halakoxeak dira Europako Hondakinen Zerrendan bildutakoak ere (Mankomunitatearen otsailaren 8ko 304/2002 Agindua).
“Hiri hondakinak edo Udalarenak”: etxebizitza partikularretan, saltokietan, bulegoetan eta zerbitzuetan sortuak, bai eta arriskutsuaren kalifikazioa ez dutenak eta haien izaera edo osaketa dela-eta, aipatutako toki edo jarduerek sortutakoekin parekatu daitezkeenak ere. Era berean, hiri hondakinak dira honako hauek:
–Eremu publikoak, berdeguneak, jostetaguneak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak.
–Etxeko animalia hilak, bai eta bazter utzitako altzariak, trasteak eta ibilgailuak.
–Etxeetako eraikitze eta berritze obra txikietatik heldu diren hondakin eta zaborrak.
“Hondakin arriskutsuak”: Europako Hondakinen Zerrendan hala agertzen direnak, baita horiek eduki dituzten ontziak ere, Europako Batasunak bere araudietan arriskutsutzat jotzen dituenak ere araudi horretan edo nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoarekin bat Gobernuak erabaki ditzakeenak.
“Hondakin organikoak”: ordenantza honi dagokionez organikoak dira hartzidura edo desegite prozesu azkar batean abia daitezkeen hondakin guztiak, eta betiere “biohondakinak”.
(...)
19. artikulua. Erabiltzailearen betebeharrak.
18. artikuluan eta kapitulu honetako hirugarren sailean ezarritakoez gain, erabiltzaileak, orokorrean, betebehar hauek izanen ditu:
1. Jurramendiko Mankomunitateak hondakinetarako kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko araudiari jarraikiz. Aipatu edukiontziak Jurramendiko Mankomunitatearenak izanen dira, salbuespen batez, alegia, zerbitzu teknikoen iritziz eta hondakin produkzio handiarengatik, zentro ekoizleak haiek erostera behartzen badira, halakoetan Mankomunitateak ezarritako edukiontzi motakoak izan eta arau teknikoak bete beharko baitituzte, entitate honek haiek bildu eta garbitzeko dituen bitartekoekin bat etor daitezen. Hondakinak edukiontzien barnean utzi beharko dituzte erabiltzaileek, eta erabili ondoan estalkiak itxi. Debekaturik dago bilketa elementu hauek uzteko dauden eremuen inguruan hondakinik uztea.
(...)
4. Debeku da handizkako hondakin organikoak botatzea. Erabiltzaileak ongi itxitako poltsa hermetikoetan sartu beharko ditu hondakinak, deus zikin ez dezaten. Orobat. debeku da likidoak edo likidotzen ahal diren produktuak edukiontzietara botatzea.
(...)
21. artikulua. Sailkako bilketa sistema.
1. Aitzineko artikuluan aurreikusitakoa bete dadin, Jurramendiko Mankomunitateak hasieratik bereizien sailkako bilketa egiteko sistema ezarri du, erabiltzaile guztiak behartzen dituena. Hona hemen:
Ontzien eta gainerakoen (ez organikoak) hondakinetarako edukiontziak: mota guztietako ontzi eta bilgarriak, gai plastiko ferrikoak edo bertzelako osagai mistokoak, hala nola tetrabrikak, eta bertzelakoak. Bertze hondakin batzuk, bertze bilketa berariazkoa ezarrita ez dutenak. Edukiontzi honek bereizgarri edo tapi horia du edo, kasu batzuetan, laranja.
–Gai organikoendako edukiontzia: biohondakinak (sukaldeetatik eta janari hondarretatik heldu diren gai organikoak, lorezaintzako hondarrak, kimatzeak etab.), zurgintzako zerrautsak, kafe hondarrak, sukaldeetako paper zikinak, paperezko ezpainzapi edo zapiak, eta oro har, konpostatzen ahal diren produktuak.
Edukiontzi horrek bereizgarri edo tapaki marroia edo berdea du, biltzeko zer altzari dauden edo edo bilketa sistema zein den, alde bikoa edo gibelekoa.
Paperarendako edukiontzia (urdin metalikoa): kartoi eta paper garbia horretarako bereizten den edukiontzi urdin metalikoan utziko da.
Berinarendako edukiontzia (“igloo” motakoa): botilak, poteak eta beirazko potoak, gisa horretako ontziak sartuko dira edukiontzi mota hauetan.
2. Debeku da etxeko hondakin arriskutsuak (pilak, olioak, fluoreszenteak, pinturak, disolbatzaileak, bateriak, botikak eta hondakin arriskutsuei buruzko aradiak araututako gainerakoak) edukiontzi mota guztietara botatzea, Jurramendiko Mankomunitateak entitate eskudunekin haren kudeaketaz laguntza eskaintzen ahal badu ere, indarra duen araudiari jarraikiz.
Hondakin horiek eta haien ontziak Jurramendiko Mankomunitateak horretarako paratzen dituen garbiguneetan utzi beharko dira.
3. Edukiontzietan, hondakinak utziko dira isurkirik ez eragiteko eta edukiontzia edo eremu publikoa ez zikintzeko maneran. Horretarako, poltsak erabiliko dira, hondakin organikoen kasuan estankoak izanen direnak eta arrunt itxiak. Hondakinak, gaizki aurkezteagatik, kanpora erortzen badira, erabiltzaile eragilea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea. Ez da inola ere baimenik emanen hondakinak pakete edo kaxa barnean uzteko.
4. Kartoizko ontzi handietako hondakinak tolestu eta hautsi beharko dira utzi aitzin. Plastikorik, zurik, metalik eta abarrik gabe joanen dira papera eta kartoia.
5. Beirazko ontziak poltsarik, taparik edo tapoirik gabe utziko dira.
6. Jurramendiko Mankomunitateak zehapena ezarriko die bere jokabidea dela medio edukiontziak jaso edo bere lekuan paratzeko zerbitzua eragozten dutenei, baita aitzineko artikuluetan ezarritako betebeharretako edozein betetzen ez dutenei ere.
IV. KAPITULUA
Bertzelako hondakinen bilketa bereziak
4. ATALA
Etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra tikietatik heldu diren obra hondakinak
35. artikulua. Aplikazio eremua:
Honi dagokionez, eta Foru Komunitatean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei buruzko araudiarekin bat, etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldeko garrantzi txikikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.
Ordenantza hau obra mota hauetatik heldu diren obra-hondakin guztiei aplikatuko zaie.
36. artikulua. Hondakinak botatzeko tokiak.
Jurramendiko Mankomunitateak gisa honetako hondakinak botatzeko toki berariazkoak ezartzen ahal ditu, interesdunek toki horretan berean eta zuzenean bota ditzaten obra hondakinak, behar den tasa aitzinetik ordainduta. Gisa hartara galaraziko da inork kontrolik gabe botatzea, toki baimendu gabeetan, jabari publikoko lurrak behar ez bezala okupaturik, zoladura hondatuz edo eremu publikoa zikinduz.
Obra mota hauetatik hondakin mota hauek onartuko dira Mankomunitateko herrietan dabiltzan garbiguneetan, 300 Kg baino gutiago badira. Hondakin horiek garbiguneetara ekarriko dira zuretatik, metaletatik eta plastikoetatik bereizirik.
Obra mota honen hondakinek 300 Kg baino gehiago egiten badute, hondakinaren ekoizleek beren kasa kudeatzen ahalko dute sektoreko enpresekin, eskualdean EEHak tratatzeko dabiltzan instalazioetan trata daitezen.
Jurramendiko Mankomunitateak estaldura teknikoa emanen du eta gastuak sorraraziko ditu kudeaketa, bilketa eta tratamenduagatik, ekoizleak horrela eskatzen duenean.
Iragarkiaren kodea: L1400519