26. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22/2014 FORU AGINDUA, urtarrilaren 21ekoa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako 2014. urteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, bere jarduketa programen artean, haur eta familiei oinarrizko arreta emateko programa bat du.

Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean ezartzen denez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eginkizunen artean adingabeak sustatzea eta babestea daude.

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen uztailaren 25eko 75/2012 Foru Dekretuak xedatzen duenez, Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzari dagokio Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, lagu ntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea bete eta gara dadila sustatzea.

Azkenik, Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluak Gizarte Politiketako kontseilariari esleitzen dio aipatu departamentuaren aurrekontuen kontura emanen diren diru-laguntzen deialdia egiteko eskumena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako diru-laguntzen 2014ko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. 115.954 euroko gastua baimentzea, 2014ra arte luzatu den 2002ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko funtsa, Adingabeen esparruko diru-laguntzen deialdia “ izeneko 930005 94200 4819 231702 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 21ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Xedea eta aplikazio eremua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen babesaren arloan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea 2014. urterako.

Diru-laguntza horien bidez, bultzatu nahi da adingabeen babesaren eta babesgabetasun arriskuaren prebentzioaren arloan aritzen diren elkarteek eta gainerako entitateek programak eta ekintzak egin ditzatela talde horien premiei erantzuteko.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.

1.–Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak ekintza hauetarako diru-laguntzak emanen ditu:

a) Abegi-familiak sentsibilizatzea, prestatzea eta laguntzea.

b) Familia adoptatzaileak sentsibilizatzea, prestatzea eta laguntzea.

c) Babesgabetasun arrisku arina/moderatua duten adingabeentzako esku-hartze terapeutikoak eta gizarte eta hezkuntza arlokoak, eta/edo babesgabetasun arriskua sor dezaketen egoerei aurrea hartzea helburu dutenak, zehazki, egoera horietan dauden adingabeen bizi baldintzak hobetzera (lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio programa eta ekintzak eginez) zuzendutako programak.

2.–Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen arabera babesik gabeko egoeran ez dauden haur edo nerabeentzako programak edo ekintzak ez dira diruz lagunduko, ezta adingabeen babesgabetasun egoerei aurrea hartzea helburu ez dutenak ere.

3.–Era berean ez dira lagungarritzat jotzen Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak deialdi hau argitaratzen den unean garatzen dituen ekintzak, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren arabera horrelakoak eskaintzera beharturik ez badago, prestazio bermatuak izateagatik.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta konkurrentzia.

1.–Entitateek deialdi honetako bigarren oinarriko lehen atalean adierazitako ekintzen barnean sartutako programa bakar baterako diru-laguntza jasotzen ahalko dute.

2.–Hona hemen programa bakoitzerako aurreikusitako zenbatekoak guztira:

a) Abegi-familiak sentsibilizatu, prestatu eta laguntzeko: 25.000 euro.

b) Familia adoptatzaileak sentsibilizatu, prestatu eta laguntzeko: 25.000 euro.

c) Babesgabetasun arrisku arina/moderatua duten adingabeentzako esku-hartze terapeutikoak eta gizarte eta hezkuntza arlokoak, eta/edo babesgabetasun arriskua sor dezaketen egoerei aurrea hartzea helburu dutenak, zehazki, egoera horietan dauden adingabeen bizi baldintzak hobetzera zuzendutako programetarako (lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio programa eta ekintzak eginez): 65.954 euro.

3.–Aurreko ataleko a) eta b) letretan aurreikusitako kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez ere 15.000 eurokoa izanen da urtean.

Aurreko ataleko c) letran aurreikusitako kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez ere 16.120 eurokoa izanen da urtean.

4.–Nolanahi ere, diru-laguntza emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako krediturik izatea.

5.–Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

6.–Programetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, kreditu-geldikina aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da, modu proportzionalean banatuz programa bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren arabera.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak diru-laguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira.

5. Betebeharrak.

1.–Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta bidezkoak diren erregistroetan inskribatuta egotea.

b) Diru-laguntza jasoko duen jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen xedea babesgabetasun arriskuan dauden adingabeekin edo babesgabetasuna prebenitzearekin lotutako jarduerak prestatzea dela espresuki agertzea estatutuetan.

e) Xedeak lortzeko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea, eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta esku hartzeko gaitasuna frogatzea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetako batean ez egotea.

2.–Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

6. Programa gauzatzeko epea.

Laguntzaren xede diren programak (2014. urtean egin behar dira) gauzatzeko epea urtebetekoa da. Edozein egunetan hasten direla ere, diruz lagundutako jarduerek 2014ko abenduaren 31 baino lehen bukatuta egon behar dute.

7. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Karlos III.aren etorbidea 36, 2. eskuina, Iruña), Gizarte Politiketako Departamentuaren Erregistroan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskabideek posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak bete beharko dituzte.

8. Dokumentazioa.

Eskaera egiteko eskabide orokorra aurkeztu beharko da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatua, espresuki adierazita zein programatarako den. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

–Entitatearen estatutuak.

–Diru-laguntzaren eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

–Kasuan kasuko inskripzioak bidezko diren erregistroetan egin direla frogatzen duten agiriak: Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen erregistroko inskripzioa, edo dagokion beste edozein inskripzio.

–Identifikazio fiskaleko txartela.

–Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, agerrarazten duena ez entitatea, ez administratzaileak edo ordezkariak ez daudela diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

–Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ziurtagiriak Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badituzte edo administrazio honek dagoeneko badauzkan datuak badira, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori adieraziz.

b) Diru-laguntza eskaeraren xede den programaren gaineko memoria teknikoa, programaren deskribapena eta ondoko datu hauek zehazturik:

–Helburuak.

–Zein giza-talderi zuzentzen zaizkion ekintzak.

–Eginen diren jardueren eta haien metodologiaren azalpena.

–Laguntza emanen zaien pertsonen kopuruaren kalkulua, eta ekintzen bidez lortu nahi diren emaitzen aipamena.

–Ekintza/Programa horretara bideratuko diren langileak eta baliabideak.

–Lan egutegia. Ekintzak diru-laguntza eskatzen den urte berean egin beharko dira.

–Ebaluazio sistema.

–Programaren/Ekintzaren justifikazioa.

–Eta programa baloratzeko interesgarriak izan daitezkeen gainerako gorabehera guztiak.

c) Dokumentazio ekonomikoa:

–Programaren aurrekontu orokorra, kontzeptuz kontzeptu: egin beharreko ekintza zehatzak, ekintzak eginen dituzten langileak eta ekintzari lotutako gastu orokorrak.

–Programa garatu ahal izateko eskatzen den zenbateko zehatza, zeinak ezin izanen baititu gehieneko kopuru hauek gainditu: 15.000 euro a) eta b) programen kasuan, eta 16.120 euro c) programaren kasuan.

–Hala denean, programa osoa finantzatzeko dauden beste baliabide batzuk.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

1.–Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzaren Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalari esleitu zaizkio diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko aurreikusitako eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

Instrukzio organoak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten eta arlo ekonomikoko beste baten laguntza izaten ahalko du.

2.–Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean okerra zuzen dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3.–Eskaeren balorazioa Batzorde Tekniko batek eginen du. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren zuzendariordeak, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Ataleko buruak eta Adopzioaren eta Familia-harreraren Ataleko buruak.

4.–Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.

10. Balorazioa.

1.–Entitate eskatzaileek aurkeztutako programak baloratzeko honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa. 15 puntu gehienez, honela banaturik:

–Entitatearen helburuak, 5 puntu gehienez.

–Haurraren eta nerabeen babesaren arloan aurretik duen esperientzia, 5 puntu gehienez.

–Herri, probintzia edo bestelako mailetan hezkuntzaren, gizartearen eta osasunaren esparruko bestelako entitate eta elkarteekin lankidetza eta koordinazioa, 5 puntu gehienez.

b) Programen balorazioa, 45 puntu gehienez, 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukia kontuan hartuta. Zehazki:

–Programaren kalitatea, 35 puntu gehienez.

–Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, 10 puntu gehienez.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk, 40 puntu gehienez.

–Aurreko urteetan egindako programen jarraipena, 15 puntu gehienez.

–Oinarrizko zerbitzu komunitarioek egindako beste programen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea, 5 puntu gehienez.

–Programa zein neurritan egokitzen den xedeko populazioaren beharrei, 5 puntu gehienez.

–Aurkeztutako programaren berrikuntza, besteak beste helburuei, edukiei, metodologiari edo programan erabilitako baliabideei dagokienez, 15 puntu gehienez.

2.–Ondoko entitate hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Ekintzen programa 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukiaren araberakoa ez dutenak (diru-laguntza eskaeraren xede den programaren deskribapena eta haren gaineko memoria teknikoa).

b) Hamargarren oinarriaren lehen ataleko b) letran aurreikusitako programaren kalitatearen balorazioan 25 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

c) Deialdiaren guztirako balorazioan 50 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

3.–Onartzen diren entitateen zerrenda eginen da, puntuazioaren araberakoa, eta bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko da.

4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:

a) 86 puntu edo gehiago: diruz laguntzen ahal diren gastuetarako eskatutakoaren %100.

b) 75 puntu edo gehiago, baina 86 puntu baino gutxiago: diruz laguntzen ahal diren gastuetarako eskatutakoaren %90.

c) 60 puntu edo gehiago, baina 75 puntu baino gutxiago: diruz laguntzen ahal diren gastuetarako eskatutakoaren %75.

d) 50 puntu edo gehiago, baina 60 puntu baino gutxiago: diruz laguntzen ahal diren gastuetarako eskatutakoaren %50.

5.–Diru-laguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

11. Ebazpena.

1.–Prozeduraren instrukzioa eginda eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio ebazpena ematea.

2.–Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3.–Ebazpenean, gutxienez, diru-laguntza jasotzen duten eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

12. Ordainketa.

1.–Programa burutu dela frogatzen denean ordainduko da, oro har, diru-laguntza. Horretarako, aldez aurretik, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak justifikatu beharko dira, 14. oinarrian ezarritako moduan.

2.–Nolanahi ere, 2014ko urtarriletik ekainera bitarte izandako gastu diruz lagungarriak 14. oinarrian ezarri bezala justifikatzen dituzten entitateei lehen ordainketa bat eginen zaie uztailaren 15a baino lehen.

13. Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak gauzatzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen ditu, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuradunak urtero memoria tekniko bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruzkoa.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza zein programa eta jardueratarako ematen den, horiek deialdiaren oinarrien arabera gauzatzea, ez baita zilegi diru hori beste helburu batzuetarako erabiltzea.

b) Jarduera egin dela eta diru-laguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak bete direla justifikatzea, jarduera bukatu eta hilabeteko epean, eta betiere 2014ko abenduaren 31 baino lehen.

c) Zigilua ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Entitateak programaren diru-sarreren eta gastuen balantzea aurkeztuko du justifikaziorako eta, harekin batera, diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data eta zenbatekoa.

Zerrenda horrekin batera frogagiriak aurkeztu beharko dira (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta haien fotokopia bat erantsita aurkeztuko dira. Frogagiri guztietan honako hauek agertuko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa eta ordainketa-modua; eta ordaindu izanaren frogatzen duen dokumentua erantsita eduki behar dute.

h) Memoria teknikoa aurkeztea. Bertan, gutxienez, honako datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen eta programaren identifikazioa.

–Lortutako helburuak.

–Parte hartu edo onura lortu duen giza taldea.

–Egindako jardueren azalpen laburra, honako hauek jasoz: edukiak, metodologia, bilakaera denboran eta beste erakundeekin izandako koordinazioa.

–Proiektua gauzatzean izandako zailtasunak.

–Proiektuaren balorazioa, ebaluaziorako ezarri ziren irizpideen araberakoa.

i) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

j) Programa egiteko hornitzaileen kontratazioa 12.000 eurotik goitikoa bada, diru-laguntzaren onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen.

Horretarako, entitateak aski izanen du proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, hori egiterik dagoenean.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.

15. Itzulketak.

1.–Betebeharrak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.–Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzeak berarekin ekarriko du diru-laguntzako kopuruak itzultzea, foru agindu horren 8.2 artikuluan ezarritako portzentajean. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

16. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

Beste laguntza edo diru-sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio.

17. Gardentasuna.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak, diru-laguntzak emateko jakinarazpena egin ondoko hilabetean, Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko duen zerrenda batean jarriko ditu diru-laguntzen onuradunak, laguntzen zenbatekoak eta araudi erregulatzailea.

18. Errekurtsoak.

1.–Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

2.–Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

19. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 21ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1401168