2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Aldaketak Tuterako Trafikoari buruzko ordenantza orokorrean. Behin betiko onespena
Tuterako Udalak, 2013ko urriaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen Tuterako Udalaren Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorreko aldaketak. Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2013ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 13an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epea alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganda, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu dira. Ondotik heldu den eranskin bakarrean bildu da testua.
Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.
ERANSKINA
“Tuterako Udalaren Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorreko” 76. artikuluaren aldaketa, honela izanen baita:
“76. artikulua. Zehapenak.
Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu duen azaroaren 23ko 18/2009 Legearen 71.4 artikuluak ezartzen du ezen zirkulazio arauak hiri bideetan hausten direnean tokian tokiko alkateari dagokiola haiek zehatzea, hiri bide diren zeharbideetan gertaturikoak barne.
Zirkulazio arauak hausteagatik instruitzen diren zehapen espedienteak azaroaren 23ko 18/2009 Legearen III. kapituluan ezarritakoaren arabera tramitatuko dira, onestekoa den Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamenduaren arabera ere, zeina lege berria garatzeko aldarrikatuko baita, 18/2009 Legeko azken xedapenetan seigarrenak ezarritakoarekin bat,
Udaltzain burua izanen da trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko instruktorea.
Zehapenak honelakoak izanen dira, arau-haustearen larritasunaren arabera:
–Arau-hauste arinak:
a) 60 euroko isuna.
1.–Bide publikoetan aparkatzea horretarako eskatzen den derrigorrezko tiketa izan gabe, Udalaren 12. Ordenantza Fiskalak arautzen duen tasa ordaindu beharrak hala eskatzen baitu (Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorraren 46.1 artikulua).
2.–Tiketa manipulatuta edo faltsututa dagoelarik aparkatzea, Udalaren 12. Ordenantza Fiskalak aparkatu ahal izateko tasa ordaindu behar dela ezartzen duen kaleetan (Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorraren 46.3 artikuluan jasoa).
3.–Eremuko bizilagunendako erreserbaturik dauden kaleetan aparkatzea (Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorraren 48. artikulua):
–Bizilagunen eremu horretan aparkatu ahal izateko ezinbestekoa den baimenaren frogagiririk gabe.
–Eremu horretan aparkatzeko baimenik ematen ez duen bizilagunaren agiria erabiltzea.
–Aparkatzen den unean indarrean ez dagoen bizilagunaren agiria erabiltzea.
b) 80 euroko isuna:
Bide Segurtasunari buruzko Legean edo Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrean arintzat jotako gaineko arau-hausteen kasuan, bai eta aurreko lerroaldean jasotzen ez diren Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorreko arau-hauste arinendako, 60 euroko isunen kasuetan.
–Arau-hauste larriak: 200 euroko isuna.
–Arau-hauste oso larriak: 500 euroko isuna.”
Tuteran, 2014ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Luis Casado Oliver.
Iragarkiaren kodea: L1400502