Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRURTZUN
Udal igerilekuen funtzionamenduaren erregelamendua. Behin betiko onespena
Irurtzungo Udalak, 2013ko azaroaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu erregelamendua. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, erregelamendu hori behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testu osoa:
IRURTZUNGO UDALA
“Itxesia” udal igerilekuak
BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Erregelamendu honen xede nagusia Udalaren “Itxesia” kirol instalazioen erabilera arautzea da.
Udalaren kirol instalazioak dira, bai igerilekuak, tenis pistek, askaldegiak eta berdeguneek osatzen duten eremua, bai kirolean, jarduera ludikoetan eta, oro har, gorputza lantzen aritzeko gainerako eremuak.
Horien barnean sartuko dira, halaber, aipatutako jarduerei loturik eta aurreko paragrafoan azaldu diren instalazioetan kokaturik dauden ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.
2. artikulua. Instalazioetan sartzen ahalko dira Irurtzungo Udalak horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzen dituztenak.
3. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kiroletan aritu eta/edo jarduerak egiteko.
4. artikulua. Udalak zehaztuko du, Kirol Batzordeak proposaturik, instalazioak zein alditan egonen diren itxita, udaldiaren iraupena zein izanen den eta zer ordutan irekiko diren jendearentzat.
5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, Udalak onetsia, erabiltzaileek ongi ikusteko moduko tokian, ondoko jakingarri hauek azaltzeko:
–Instalazioa erabiltzeko prezioak.
–Jardueraren ordutegia.
–Erabiltzaileen kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.
–Egiten diren zerbitzuak edo programak.
–Instalazioaren arduradunaren izena.
–Kirol arduradun teknikoen izenak.
Kontsultatu ahal izateko eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat.
II. KAPITULUA
Abonatuak
6. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, “Udalaren kiroletako abonatu txartela” eduki behar du, eta Udalak finkatzen dituen kuotak ordainduak izan behar ditu.
Abonatuek sarrera librea izanen dute instalazioetan.
7. artikulua. Abonatu motak.
7.1. Abonatu motak eta horiei dagozkien kuotak erregelamendu honen I. eranskinean aipatzen direnak izanen dira.
7.2. Irurtzungo Udalak ezartzen dituen kuotak ordainduko dituzte abonatuek.
8. artikulua. Kuotak itzuliz gero, interesdunari jakinaraziko zaio eta, jakinarazi eta 15 eguneko epean ordainketa egiten ez badu, abonatuari baja emanen zaio eta zeuzkan eskubide guztiak galduko ditu.
9. artikulua. Baja eman nahi duen abonatuak idatziz jakinarazi beharko die Udaleko administrazioko langileei.
Abonatu txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, berehala eman beharko zaio horren berri Udalari.
Beste txartel bat egiteko 3 euro ordaindu beharko dira.
10. artikulua. Udaldiko bonuak ez dira izendunak izanen, edonork erabiltzen ahal baititu banan-banan.
11. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:
11.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu txartela erakutsita azken ordainagiriarekin batera, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.
11.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.
11.3. Kirol ikastaroetan izena ematea, Udalak haietarako onesten duen araudiarekin bat.
11.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea, jarduera hauetarako:
–Igeriketa ikastaroak.
–Aisia jarduerak.
11.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.
12. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaileentzat, oro har, ezartzen diren beharkizunak betetzera.
III. KAPITULUA
Abonatu gabeak
13. artikulua. Abonatu ez direnak honako modu honetan soilik sartzen ahalko dira kirol instalazioetan:
–”Eguneko sarrera” edo “15 eguneko bonua” erosita.
–”Kirol ikastaroren” batean izena emanda.
13.1. Eguneko sarrerak aukera ematen du instalazioa egun osoan erabiltzeko.
13.2. Kirol jardueraren batean inskribaturik dauden abonatu gabeek ezarri den tasa ordainduko dute, eta bakar-bakarrik sartzen ahalko dira jarduera horrek dirauen bitartean.
Jarduera hori amaitu ondoren, pertsona horiek ezin izanen dute jarraitu instalazioak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzen.
Aurreko lerroaldean ezarritako arauak bete ezean, pertsona horiei ohartarazpena eginen zaie, eta berriro ere hutsegite berdina egiten badute, jardueran baja emanen zaie, hartan jarraitzeko eskubide oro galduko dute eta ezin izanen dute kuota itzultzeko eskatu.
Udalak finkatuko ditu abonatu gabeek instalazioak erabiltzeko prezio publikoak.
IV. KAPITULUA
Instalazioen erabileraren gaineko araudia
14. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak:
14.1. Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.
14.2. Gainerako abonatu edo erabiltzaileekin begirunez jokatzea.
14.3. Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.
14.4. Instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta jarraibideak onartu eta betetzea.
14.5. Kirol Batzordeak proposaturik Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.
14.6. Udalaren kirol instalazioen barrenean, helduek arduratu beharko dute beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz.
14.7. Adin nagusiko erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta beren ardurapean dituzten adingabeek erregelamendu honetako arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausteak egiten badituzte.
14.8. Erabiltzaileek onartu beharko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertu edo hondatzen badira.
14.9. Instalazioaren erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte ireki eta ixteko orduak, eta ezin izanen dira, inolaz ere, ixteko ordua baino denbora gehiago gelditu.
14.10. Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.
14.11. Txartela aurkeztea Udalaren kirol instalazioetan sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetan sartzean txartela aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.
15. artikulua. Zerbitzu eremua.
15.1. Zerbitzu eremua esaten zaion aldean sartzen dira askaldegia, armairuak, dutxak, zerbitzuak eta botika-kutxa.
15.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan ariz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz.
–Erabat debekatuta dago igerilekuen eraikinaren barnean erretzea.
15.3. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak etab.
15.4. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.
15.5. Gainerako erabiltzaileak ere beti errespetatu beharko dira.
15.6. Telefonoa publikoa izanen da, eta izanen du funtzionatzeko sistema bat, Udalari deien kostua eskuratzeko manera emanen diona.
15.7. Botika-kutxa bat izanen da erabiltzaileen eskura, eta langile espezializatuen ardurapean egonen da igerilekuen bainu ordutegian.
15.8. Txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.
16. artikulua. Igerilekuak.
Igerilekuak erabiliko dira bainatzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea. Alde horiek errespetatu egin beharko dira beti.
Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta bainulari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.
Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasi, ekipamendua gaizki erabili eta/edo erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak baldin badira.
Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; adingabekoen gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak, bereziki igeri egiten ez badakite.
Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.
16.1. Urgunea, sarbidea eta egonaldia.
–Erabiltzailea ezin da igerilekuan sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.
–8 urtetik beherakoak ezin izanen dira igerileku olinpikoan bainatu, arduradun batekin batera ez badabiltza behintzat.
–Haurrentzako putzuan haur txikiak soilik ibil daitezke.
–Igerilekuen eremuan sartu aurretik oinak garbitzeko putzutik pasatu beharko da, eta bainujantzian sartu.
–Ezin izanen dira igerilekuetan ibili eritasun infekto-kutsakorren bat, zauri irekiak etab. dituztenak. Erabiltzaileren batek halako infekzioa duelako susmo sendoa badute instalazioetako langileek, medikuaren baimen idatzia aurkezteko eskatzen ahalko diote, igerilekuan sartu ahal izateko.
–Nahitaezkoa da dutxatzea bainua hartu baino lehen.
–Nahitaezkoa da txanoa janztea.
–Nahitaezkoa izanen da haurrek, oso txikiak izan arren, pixoihala edo galtzazapia erabiltzea.
–Debeku da laster, jauzi edo bultza egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileentzat gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi, eta oro har gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza.
–Debeku da igerilekuaren eremuan jatea.
–Ezin dira erabili erabiltzaileen segurtasunerako arriskutsuak diren elementu edo gauzak, arriskutsuak berez edo hautsiz gero.
–Debeku da gainerako erabiltzaileentzat trabagarri diren elementuak sartzea (baloiak, koltxonetak, hegalak, urpean ibiltzeko betaurrekoak etab.), kirol instalazioak antolatzen dituen josteta jardunaldietan edo berariazko ikastaroetan izan ezik.
–Igeri egiteko betaurrekoak erabil daitezke.
–Debeku dira higienearen aurkako portaerak, baita uraren kalitatea txartzen ahal dutenak ere.
–Debeku da igerilekuen nasetan erretzea.
–Igerilekuetako dutxetan ezin da xanpurik edo gorputza garbitzeko beste edozein produkturik erabili.
–Igerilekuen nasetara ezin da eskuoihalekin edo bainu-txabusinekin pasatu, kirol jardueretan edo ikastaroetan eta eguraldiarengatik komeni denean izan ezik. Halakoetan, aulki batzuk jarriko dira behar horri erantzuteko.
–Berariazko eremu batzuk jarriko dira bai igeri egiteko ekipamenduentzat bai ikastaro egileentzat, kortxo-ilaraz markatuta.
–Igerilekuen barnean robota dagoenean ezin izanen da bainatu.
–Debeku da igerilekuak eta ingurunea bereizten dituen hesiaren gainetik jauzi egitea.
16.2. Bainu aldea.
–Erabiltzaileak erabiliko ditu beste xede batzuetarako (ikastaroak, entrenamendua...) mugaturik ez dauden parteak.
–Izena eman dutenek eta ikastaroetan soilik erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).
–Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.
–Bainu libreko erabiltzaileek ezin izanen diete ikastaro egileei edo igerilariei agiraka egin, bultzatu edo traba egin.
16.3. Ikastaroak eta entrenamenduak.
Programaturiko jardueraren batean izena eman duten erabiltzaileek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.
–Denek bete beharreko arauak.
- Debeku da era guztietako animaliak sartzea, berariazko lizentzia bat baimendurik izan ezik (itsu-txakurrak). Gida-txakurrak.
- Debeku da 8 urtetik beherako haurrak sartzea beren gurasoekin edo arduradun batekin batera ez badaude.
- 8 urtetik beherako haurrak abonatu ahal izateko, agerrarazi beharko da badela instalazioan abonatutako adin nagusiko bat, haurraz arduratuko dena.
- Jendetasuneko gutxieneko arauak betez jokatu beharko dute denek.
- Debeku da instalazioetako ezein eremutan sartzea txartela eta horrekin batera ordainagiria edo sarrera aurkeztu gabe.
–Ordutegiak.
- Igerilekuak goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:30era arte egonen dira irekita.
- 21:00etan berdegunea utziko da eta 21:30ean aldagelak itxiko dira.
- Taberna gutxienez ere 22:00ak arte egonen da irekita.
- Igerilekuetako tabernara joateko soilik sartu nahi bada udal instalazioetan, doan izanen da astelehenetik ostiralera 12:00etatik 16:00ak arte eta 20:00etatik aurrera, baina ez hala jaiegunetan eta asteburuetan, orduan tabernara joan nahi duenak sarreraren prezioa ordaindu beharko baitu (20:00etatik aurrera izan ezik), instalazio guztiak erabiliko balitu bezala.
–Kiroldegiko pistak.
- Ezin izanen da pista horiek hondatu ditzaketen jokoetan aritu. Pista erabiltzeko ordua erreserbatu beharko da.
- Pistak erabiltzen dituztenak saiatuko dira han daudenek txandaka erabiltzen.
- Pistak gehienez ere ordubeterako alokatuko dira, eskaeren hurrenkeran. Norbaitek erabili nahi dituenean pistak libre badaude eta beste erreserbarik ez badago, erreserbarik gabeko denbora horretan erabiltzeko eskaera egiten ahalko da.
–Berdegunea.
- Higieneagatik, erabat debekatuta dago inguru horretan jatea.
- Ezin izanen da kristalezko ontzirik, botilarik edo bestelakorik erabili.
- Zigarrokinak, bilgarriak etab. paperontzietara bota beharko dira, eta zigarroak behar bezala itzalita.
- Eremu horretan jokoetan arituz gero, jokatzeari utzi beharko zaio erabiltzaileei eragozpenak sortzen bazaizkie (baloiak, erraketak etab.).
- Edozein oinetako motarekin sartzen ahalko da eremu horretan.
- Aulki eta hamaka txikiak jartzerik izanen da.
–Askaldegia.
- Errekiak, parriladak etab. horretarako prestatutako barbakoetan egin beharko dira.
- Nork bere mahai eta aulkiak eramaten ahalko ditu askaldegira, baldin eta egunean berean eramaten badira.
- Eguzkitakoak edo itzala egiteko beste gailu batzuk paratzen ahalko dira.
- Erabiltzaileek garbitu egin behar dute erabilitako eremua.
–Terraza-taberna.
- Inork okupatua ez duen aulki edo mahai oro libre dagoela ulertuko da.
- Erabiltzaileei eskatzen zaie bazkalorduetan aulki eta mahairik ez hartzeko kartetan aritzeko, eguzkia hartzeko etab., bazkaldu nahi dutenek erabili ahal ditzaten.
- Tabernan (eskatuz gero), terrazako eremu bat erreserbatzen ahalko da, betiere nahiko mahai libre gelditzen badira, bai eguzkitan bai itzaletan, gainerako erabiltzaileek erabili ahal izateko.
- Edonork erabil dezake terrazako zerbitzua (aulkiak, mahaiak...), nahiz eta taberna ez erabili.
–Aldagelak.
- Erabiltzaileei eskatzen zaie aldagelak txukun erabiltzeko, batez ere garbiketari dagokionez.
- Goizeko 11:00etatik gaueko 21:30era arte egonen dira irekita.
- Nahitaezkoa da txankletak edo bainuko oinetakoak erabiltzea.
–Arauak ez betetzea.
- Alkateak edo, bestela, Kirol Batzordeko buruak zilegi izanen du arauak betetzen ez dituenari zehapena ezartzea bazkide txartela kenduz edo instalazioetan sartzea aldi batez edo betiko debekatuz.
- Arauak irekita daude, haietan bildu ez den edozein arazori dagokionez. Horiek Udalak aztertuko ditu eta bidezkoa den ebazpena emanen du.
- Erreklamazio orriak daude, instalazioen eta zerbitzuen funtzionamenduari buruzko kexak edo iradokizunak jasotzeko.
- Sinatuta aurkeztu behar dira (NANa edo antzekoa eta izen irakurgarria jarrita), eta sorosleei edo instalazioetako langileei eman, eta horiek, berriz, igerilekuen arduradunari edo Kirol Batzordeko buruari emanen dizkiote; instalazioetako iradokizunen postontzian ere uzten ahal dira.
V. KAPITULUA
Zehapenen araubidea
17. artikulua. Hutsegite arina.
Hutsegite arinen jakinarazpena ohartarazpen idatziaren bitartez eginen da, eta bertan zehaztuko dira arrazoia eta hutsegitearen eguna.
–Hutsegite arinak dira:
- Instalazioa garbi ez edukitzea.
- Ezarri diren eremuetatik kanpo erretzea.
- Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.
- Gainerako abonatuak ez errespetatzea.
- Igerilekura kaleko arropa eta oinetakoak jantzita sartzea.
- Bainua hartu baino lehen ez dutxatzea.
- Txankletarik edo bainurako txanorik ez erabiltzea.
- Lasterka ibiltzea, jauzi edo bultza egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileendako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi, eta oro har gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza.
- Ezarritako eremutik kanpo jatea.
- Erabiltzaileen segurtasun fisikorako arriskutsuak diren elementu edo gauzak erabiltzea, arriskutsuak berez edo hautsiz gero.
- Gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten gauzak sartzea (baloiak, koltxonetak, hegalak, urpeko betaurrekoak eta abar).
- Higienearen aurkako portaerak, baita uraren kalitatea txartzen ahal dutenak ere.
- Igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.
- Ikastaro egileei edo igerilariei agiraka egin, bultzatu edo traba egitea.
- Langile arduradunen aginduei kasu ez egitea.
18. artikulua. Hutsegite larria.
Hiru hilabeteko epean 3 hutsegite arin baino gehiago egitea (ez litzateke hobe igerilekuaren urteko irekitze aldian jartzea) hutsegite larria izanen da.
Alkatetzak du hutsegite larriaren ondoriozko zehapena jartzeko eskumena. Hutsegite larriak aldi baterako kanporatzea dakar; zehazki, hiru egunetik hilabetera bitarte. Astebetera bitarte kanporatzeko zehapena jarri behar denean ez da beharrezkoa izanen Udaleko Kirol Batzordea biltzea. Astebetetik gora kanporatu behar denean, aldiz, Udaleko Kirol Batzordearen proposamenari jarraituko zaio. Hutsegite larrien jakinarazpena idazki baten bidez eginen da, hartu-agiria barne, non zehaztuko baitira arrazoia, hutsegitearen data eta erabakitako zehapena.
–Hutsegite larriak dira:
- Materialetan edo instalazioetan beretan kalteak egitea.
- Instalazioetako langile arduradunak ez errespetatzea.
- Drogak hartu direla edo alkohola edan dela nabarmen erakutsiz sartzea instalazioetan.
19. artikulua. Hutsegite oso larria.
Hutsegite oso larria egitearen ondoriozko zehapena instalazioetatik hilabete baterako baino luzaroago kanporatzetik abonatu izaera galtzera bitartekoa izanen da. Udaleko Kirol Batzordearen erabakiz ezarriko dira zehapenak. Idatziz jakinaraziko dira, hartu-agiria barne, arrazoia, eguna eta erabakitako zehapena zehaztuta.
–Hutsegite oso larriak dira:
- Instalazioetan sartzeko txartelak edo bertako giltzak faltsutzea.
- Instalazioko materiala edo beste erabiltzaileen ondasunak lapurtzea eta ebastea.
- Instalazioko erabiltzaileei edo bertako langileei erasotzea.
- Instalazioen barnean drogak saldu edo kontsumitzea.
- Inor edozein arma mota aldean daramala instalazioetan sartzea.
AZKEN XEDAPENA
Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
2014. urterako abonatu motak eta tarifak
–Urteko kuota, 5 urtera bitarte: 0 euro.
–Urteko kuota, 5 urtetik 14ra bitarte: 54 euro.
–Urteko kuota, 14 urtetik 18ra bitarte: 65 euro.
–Urteko kuota, 18 urtetik 65era bitarte: 86 euro.
–Urteko kuota, 65 urtetik gorakoak (Irurtzunen edo Arakilen erroldatuak): 0 euro.
–Sarrera, 14 urtetik beherakoak: 4 euro (astegun eta jaiegunetan).
–Sarrera, 14 urtetik gorakoak: 6,50 euro (astegun eta jaiegunetan).
–Sarrera, 65 urtetik gorakoak (Irurtzunen edo Arakilen erroldatu gabeak): 3 euro.
–15 eguneko bonuak, 14 urtetik beherakoak: 30 euro.
–15 eguneko bonuak, 14 urtetik gorakoak: 48 euro.
Udalak urtero alda ditzake bonu motak eta dagozkien tarifak.
Irurtzunen, 2014ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Juan José Iriarte Vitoria.
Iragarkiaren kodea: L1400665
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
