Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Ordenantza, baratze solidarioen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Uharteko Udalak, 2013ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea baratze solidarioen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 12an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onesteko agindu da.
Uharten, 2014ko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Iñaki Crespo San José.
UHARTEKO BARATZE SOLIDARIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
Proiektatutako udal baratze solidarioak aisialdirako eskaintza bat bezala planteatu dira, hala nahi duten Uharteko herritarrentzat. Lurra lantzeko eta bertatik jasotzen diren onurak kontsumo pertsonalerako erabiltzeko aukera izanen dute. Aisialdirako eta ongizatea bermatzeko aukera bezala ere planteatu dira, eta bazterkeria egoeran dauden sektoreen gizarteratzea sustatzeko baliagarriak izanen dira. Orokorrean herritar guztiei zuzendutako jarduera ireki bat da, baina gizarteko talde behartsuenek lehentasuna izanen dute. Naturarekiko errespetua sustatzearen aldeko apustua da, naturaren aberastasuna baloratzen ikasteko modu bat, eta gure lurrarekiko loturetara itzultzeko.
Natura errespetatzeko modu bat da, bertatik fruituak lortzeko, nekazaritza ekologikoan eta naturarekiko errespetuan oinarrituz. Orobat, ekonomikoki larri dauden pertsonen familiei laguntzeko modu bat da, urtean baratze bakoitzeko 30 euro ordainduz. Udalak aldatu eta/eguneratu dezake kanon hori gainerako tasa eta prezio publikoak bezala.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da aisialdirako udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea. Baratze solidarioen erabiltzaileek zein Uharteko Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza aplikatuko zaie, hitzarmenaren arabera, helburu horretarako Uharteko Udalari lagatako jabetza partikularreko lurzatiei. Eranskinean heldu den planoan ageri dira (1. eranskina).
3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.
1. Uharteko Udalak, sustatzailea izanik, eginen ditu ordenantza honek ukitutako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.
2. Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta baratzeen eta haiei modu orokorrean lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.
3. Instalazioen zaintza, konponketa eta mantentze-lanak eta horien erabilera zuzen egiten dela ziurtatzeaz arduratuko dira erabiltzaileak, eta haien ardura izanen da instalazioak egoki erabiltzea, eta baratzeak eta haiei lotutako azpiegiturak zaintzea, konpontzea eta mantentzea baldin erabilera ez bada behar den bezalakoa izan.
4. Udal albinteen zerbitzua edo Udalak horretarako izendatutako edo jarritako beste edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.
5. Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.
6. Gainera, erabiltzaileak berak ere instalazioak ongi erabiltzeaz arduratuko dira.
7. Erabiltzaileak izanen dira burututako ekintzen erantzuleak, eta Udalak haiengana joko du edozein ez-betetze, jarduketa edo informazio jakinarazteko.
II. KAPITULUA
Eskuratzeko baldintzak eta adjudikazio prozedura
4. artikulua. Baldintzak.
1. Adinduna izatea edo emantzipatua egotea.
2. Udalerrian erroldatua egotea 2013ko urtarrilaren 1etik.
3. Eskatzaileak udalarekiko gastuak egunean eduki beharko ditu; hau da, ezin izanen ditu eduki ordainketak egiteke, eta/edo horiek ordaintzeari buruzko akordioren bat egon beharko da.
4. Kontzesio hartzaile bakoitza baratze baten erabiltzaile izan daiteke gehienez.
5. Familia unitate bereko bi kide edo gehiago erabiltzaile edo kontzesio hartzaile bakartzat hartuko dira; beraz, baratze bakar bat familia unitate bakoitzeko.
6. Lehentasuna izanen du nekazaritza ekologikoak.
7. 7. artikuluan izendatutako taldeek lehentasuna izanen dute adjudikazioan.
III. KAPITULUA
Dokumentazioa
5. artikulua. Eskatzailearen izaeraren egiaztagiria.
Eskatzaileak bere nortasuna egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko du: NANa.
6. artikulua. Erroldatzea.
Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da eta etenik gabe mantendu beharko da baratzeen erabileraren kontzesioak iraun bitartean.
7. artikulua. Lehentasunezko talde batekoa izatea.
Lehentasunezko adjudikaziorako eskubidea duten pertsonek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan egotea egiaztatzeko, Uharteko eta Esteribarko Mankomunitateko oinarrizko gizarte zerbitzuek emandako txostena aurkeztuko dute.
–Langabezia egoera ziurtatzeko, Lan Institutu Nazionalaren Dokumentua, luzaroko langabezia egoera eta PCEa egiaztatzeko eskaera datarekin
–Desgaitasuna egiaztatzeko, horren gaineko ziurtagiria aurkeztu beharko da, dagokion organismoak emana, gutxienez %33ko desgaitasuna egiaztatzen duena.
Genero indarkeriaren biktima izatea modu hauetakoren baten bidez frogatuko da:
- Genero indarkeria egoerak egon izana egiaztatzen duen epai judiziala.
- Biktimaren alde emandako babes-agindua.
Epaia zein babes-agindua interesdunak lehentasun-eskubidea eskatu aurreko bi urteetan emandakoak izanen dira.
Era berean, oinarrizko gizarte zerbitzuen edo zerbitzu espezializatuen txostenaren bidez egiaztatu ahal izanen da, genero indarkeria egon dela egiaztatzen badute. Baldintzetako bat behar bezala egiaztatuta ez badago, Udalak horretarako beharrezkoa den dokumentazioa eska dezake, baita esleipena eman ondoren ere.
Jasotako datuetako bat edo aurkeztutako dokumentu bat faltsua bada, prozeduratik kanpo geldituko da berehala, interesdunak esan beharrekoa entzun ondoren.
IV. KAPITULUA
Esleitzeko prozedura
8. artikulua. Eskaerak.
1. Udalak esleipenaren xede diren baratzeen adjudikazio-prozedurari ekinen dio, horri buruzko Alkatetza Dekretua iragarki oholean eta Udalaren Web orrian argitaratu ondoren.
2. Hautaketan parte hartzeko, dagokion eskaera bete beharko da, baita eskatutako dokumentuak erantsi ere.
9. artikulua. Hautatzeko eta esleitzeko irizpideak.
1. Baratze solidarioak talde behartsuenei emateko esleipen irizpideak ezarri dira.
2. Horrela, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonek, langabeek, erretiratuek, pentsiodunek, desgaitasuna duten pertsonek eta genero indarkeriaren biktimek lehentasuna izanen dute esleipenean. Hala ere, lurzati batzuk erreserbatuko dira gutxienez talde bakoitzerako, eta ordenantzan jasotakoa betetzen duten eskatzaile potentzialak badaude, talde guztien presentzia bermatuko da.
3. Zotz eginen da lurzatien banaketan, une bakoitzean diren eskatzaileen arabera.
4. Lurzatien esleipena eta banaketa zozketa publiko bidez eginen da, 1. atalean ezarritako taldeetako eskatzaileen artean. Eskatzaile bakoitzari baratze bat emanen zaio lantzeko.
5. Lurzati kopurua baino onartutako eskatzaile gehiago badago, eskatzaile izan nahi dutenen poltsa bat sortuko da, zozketaren ondoriozko ordenaren arabera.
6. Lurzatia esleituta, erabiltzaileak dagokion kontratua sinatuko du eta Uharteko Udalaren eta esleipen hartzailearen arteko kontratuan zehazten diren erabilera eta funtzionamendu arauak bete beharko ditu.
7. Lurzatien banaketa eginik 1. atalean ezarritako irizpideen arabera, okupatu gabeko lurzati batzuk geldituz gero, modu proportzionalean banatuko dira, sortutako talde bakoitzaren kopuru osoaren arabera.
V. KAPITULUA
Baratzeak eremu antolatuetan erabiltzeko baimenak arautzea
10. artikulua. Aprobetxamendurako epea.
1. Lurraren aprobetxamendua edota erabilera urte natural baterako emanen da. Luzapenak urtero eskatu beharko dira, esleipenarekin jarraitu nahi bada.
2. Esleipena bukatu aurretik, baratzea beste urtebetez erabiltzen jarraitu nahi duen erabiltzaileak beste idazki bat aurkeztu beharko du Udalean, urte horretako irailean. Lehenbiziko aldiz egiten ez bada, eta ikuskaritzaren aldeko txostena izanez gero, Udalak erabiltzaileari jakinaraziko dio eskaera epearen barrenean egiteko. Epe hori igarota eskaera egiten ez badu, baja izanen da. Bi urtez irailean eskaerarik egin ezean ere, baja izanen da.
3. Ikuskaritzaren txosten negatiboa edo aurkakoa ematen bada, eta dagokion eskaera egiten ez bada, baja izanen da.
4. Lurzati bat 3 urtez erabili ahal izanen da gehienez, eskaera berririk ez dagoen egoeretan salbu. Hala badagokio, urtero luzatuko da eskaera berriak izan arte, eta Udalek berariaz eta idatziz baimendu beharko ditu.
5. Epea amaitutakoan, erabiltzaile bakoitzak hutsik eta garbi utzi beharko du baratzea.
6. Arrazoirik gabe baratzea bertan behera uzten bada (edo arduradunek baliozkotzat jotzen ez dituzten arrazoiengatik) 2 hilabetetik gorako epean, baratzea erabiltzeko aukera galdu eginen da.
11. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.
1. Baratzea erabiltzeko baimena ez da inolaz ere lurraren jabetza ematea. Erregistroan zer titular duen, haren jabetzakoa izanen da lurra.
2. Erabiltzaileak ezin izanen du lurzatiaren egitura aldatu, ezta elementu osagarririk gehitu ere.
3. Espresuki debekatuta dago etxolak, etxetxoak, eserlekuak, tresnak gordetzeko kutxak eta abar eraikitzea edo materialak, arropak edo baimenduta ez dagoen edozein elementu gordetzea, udalak berariaz horretarako emandako baimenik ezean.
4. Baratzea titular bakar bati emanen zaio eta horrek ezin izanen dio hirugarren bati laga edo eman, inola ere. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, bertze pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, kontzesioa bertzerik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.
5. Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo ez bazaio interesatzen, Udalaren esku utzi beharko du.
6. Baja emateko arrazoia izanen da erabiltzailearen heriotza, eta baratzea libre geldituko da Udalak erabiltzeko.
7. Erabiltzaileak ezin izanen du inola ere laga, zergapetu edo kostu bidez edo doan eduki erabileraren ondoriozko eskubiderik. Eskubide horiek ezin izanen zaizkie inolaz ere hirugarren pertsonei transmititu.
8. Esleipen-hartzaileek ura, ongarria, tresnak eta orokorrean edozein elementu erabiltzearen inguruan arduradunek ezartzen dituzten arauak betetzeko konpromisoa hartzen dute.
9. Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute jardueraren arduradunek ematen dizkieten jarraibideak betetzeko, ordena, estetika orokorra eta baratzeen funtzionamendu egokia ziurtatze aldera.
12. artikulua. Eremu antolatuen erabilera.
1. Erabiltzaileak izanen dira baratzeen berezko instalazioen mantentze-lanen eta zaintzaren arduradunak, baita inguruko erabiltzaileentzako eremu partekatuenak ere.
2. Baratzea entregatzen den unean berezkoak diren instalazioak zein diren zehaztuko da, horiek egoera onean geldi daitezen edozein arrazoirengatik baja ematen bada. Aurreko erabiltzailea izanen da kasu horretan erantzulea instalazioetan gauzak falta badira, edo horietan kalteak badaude. Horri dagokionez, Udalak fidantza bat eska dezake, erabileran gertatzen diren kalte posibleetarako, eta ez da bueltatuko horren gaineko aldeko udal txosten bat eman arte.
3. Ez da inola ere onartuko lurzatian animaliarik egotea, haztea edo horien inguruko ustiapenik burutzea.
4. Ezin da paisaia hondatzen duen elementurik jarri, ezta dauden instalazioak aldatzen dituenik ere, hala nola bidoiak, depositu osagarriak, txapak, banagailuak edo antzekoak, ez bada nekazaritza ekologikoaren araberako eta Udalaren baimenarekin.
13. artikulua. Mugen eta sarbideen mantentze-lanak.
1. Udalak baratzeari jarritako mugak errespetatuko dira denbora guztian.
2. Ezin dira aldatu lurzatien jatorrizko trazadurak, ezta ondoko lurzatiekin lotu ere.
3. Ezin dira lurzatiak itxi hesi, harri, adreilu, bloke eta inolako eraikuntza-elementurekin.
4. Baratzeetako lurzatiak zabalik egonen dira, eta ezin izanen dira elkarren artean itxi, ez hesola ezta bestelako elementuekin, Udalaren baimenik izan ezean.
5. Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbideak egoki mantentzeaz eta horretarako behar diren mantentze-lanak eginen ditu aldian-aldian.
6. Udalak egoki jotzen duenean eta, nolanahi ere, urtero, instalazioak aztertuko dira. Erabiltzaileei eskatuko zaie dauden kalteak edo hondamenak konpontzea edo atontzea. Erabiltzaile bakoitzak jarritako fidantza erabil dezake Udalak aipatu kalteak edo hondamenak konpontzeko, baldin Udalak ezarritako epean erabiltzaileak konpondu edo moldatzen ez baditu.
14. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.
1. Uharteko Ureztatzaileen ubidetik hartu beharko da ureztatzeko ura.
2. Ezin da ura hartzeko instalazioa aldatu edo manipulatu, Udalaren baimenik gabe. Arau hori ez betetzea bajarako arrazoia izanen da.
3. Ezin da putzurik zabaldu, ezta kanpoko bilketarik egin ere, Udalaren baimenik gabe.
15. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa.
Instalazioen funtzionamendua laborantza ekologikoaren irizpideetan oinarrituko da, ahal dela.
16. artikulua. Hondakinen tratamendua.
1. Esleipen-hartzaileek egoki kudeatu beharko dituzte sortzen diren hondakinak eta landare-hondakinak finkaren barrenean konpostatu beharko dituzte.
2. Zaborra inguruetan horretarako ezarritako lekuren batean utziko da, eta lurzatietan ezin izanen da hondakinik egon.
17. artikulua. Antolatutako eremuen ikuskaritza.
Instalazio guztiak, pertsona bakarrak zein taldeka erabiltzekoak, ikuskatzera joan daitezke noiznahi horretarako izendatutako udal langileak, araudia behar bezala betearazten ote den egiaztatzeko. Hortaz, Udalak horretarako eskumena izanen du eta erabiltzaileak ezin izanen dio, inolaz ere, ikuskapenari kontra egin.
18. artikulua. Kontzesioa suntsiarazteko arrazoiak.
Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, kontzesioa suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:
–Borondatezko baja, erabiltzaileak berak eskatuta.
–Salmenta zuzena egitea.
–Titularraren heriotza edo baliaezintasuna.
–Ikuskaritzaren aurkako txostena izatea, eta erabilera berriztatzea epearen barrenean eskatu ez izana.
–Kontzesioak irauten duen bitartean, ikuskaritzaren aurkako bi txosten izatea.
–Berriztatze-eskaera ez egitea ezarritako epean, udal errekerimendu espezifikoaren ondoren.
–Lurraren erabilera beste pertsona bati lagatzea edo ematea, Udalaren baimenik gabe.
–Udalak adosten dituen udal ikuskaritzetan lagundu nahi ez izatea.
–Dagoen ureztatze-sistema aldatu edo manipulatzea, Udalaren baimenik gabe.
–Arrazoirik gabe baratzea bertan behera uztea (edo arduradunek baliozkotzat jotzen ez dituzten arrazoiengatik) 2 hilabetetik gorako epean.
–Ordenantza honetako IV. kapituluaren arabera, arau-hauste oso larri bat egitea edota larritasun gutxiagoko hainbat metatuta izatea. Ordenantza honetako arau-hausteak eta zehapenak.
–Halaber, ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek laga zaien lurraren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute, eta Udalak erabileraren lagapena baliogabetu ahal izanen du ordenantza honetan ezarritako eran, izan daitezkeen erantzukizunez aparte. Gainera, ez dute beste baratze bat eskuratzeko aukerarik izanen.
IV. KAPITULUA
Zerbitzu komunen erabilera eta mantentze-lanak
19. artikulua. Erantzukizuna.
Aisialdiko baratzeen jarduerarekin lotutako zerbitzu komunen eremuaren garbiketa, mantentze-lan, gainbegiratzea eta kudaketa erabiltzaileek eginen dute.
20. artikulua. Instalazio komunen garbiketa
1. Erabiltzaileak arduratuko dira instalazio komunen garbiketaz. Hala ere, Udalak gainbegiratze-lanak eginen ditu, horretarako egunen eta orduen kontrola eskatuz.
2. Udalak uste badu garbiketa lanak ez direla egin, dagokion bezala jardun eta erabiltzaileei eskatuko die horiek burutzeko eta, hala badagokio, Udalari aurkeztutako bermeak erabiliko ditu aipatu kalte edo hondamenak konpontzeko, erabiltzaileek ez badituzte konpontzen edo moldatzen Udalak horretarako jarritako epean.
V. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
21. artikulua. Erantzukizuna.
Araudi honetan aurrekusitakoaren aurkako ekintza edo omisioek erantzukizun adminitratiboa sortuko dute, bide penal, zibil, edo bestelakoak baztertu gabe.
22. artikulua. Arau-hauste motak.
1. Erantzukizun administratiboa izanen dute artikulu honen ataletan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituztenek:
A) Arau-hauste arinak dira:
–Baratzearekin jarraitzea, behin horren baja jakinarazita.
–Auzokide izateari uztea eta baja ez eskatzea.
–Baratzearen instalazioak eta bere sarbideak ez mantentzea.
–Baratzekoak ez diren landaketak egitea, adibidez, frutarbolak, zuhaixkak etab., edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.
–Baratzea ixtea Udalaren baimenik gabe edo/eta baimenduta ez dauden elementuekin.
–Baimendu gabeko tokietan ibilgailuak aparkatzea.
–Ureztatzeko ura edo ondasunak kentezea beste erabiltzaileei, horien baimenik gabe.
–Ureztatzeko ura kanpotik hartzea, Udalaren baimenik gabe.
B) Arau-hauste larriak dira:
–Baimendu gabeko elementuak paratzea, besteak beste, txabolak, berotegiak, txapak, bidoiak, gordailuak etab.
–Baratzeari datxezkion udal ondasunei kalte egitea edo horiek lapurtzea.
–Baratze edo alor bakoitzari jarritako mugak aldatzea.
–Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.
–Ureztatzeko sarea aldatu edo manipulatzea, udal baimenik gabe.
–Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.
–Erabiltzaileek baratze ludikoen instalazioen barrenean dituzten betebeharrak ez betetzea.
–Baimendu baino pisu handiagoa duten ibilgailuekin ibiltzea.
–Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.
–Udal ondasunak kendu edo baratzeetako instalazio partekatuetan kalteak eragiltea, horien balioa 500 eurotik gorakoa ez den kasuetan.
–Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea.
C) Arau-hauste oso larriak dira:
–Legez kanpoko landare edo laboreak jarri edo lantzea.
–Udal ondasunak kendu edo baratzeetako instalazio partekatuetan kalteak eragitea, horien balioa 500 eurotik gorakoa den kasuetan.
–Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Udalak kontzesio baliogabetzea erabaki badu.
–Hutsegite larriak behin eta berriz egitea.
23. artikulua. Arau-hausteak errepikatzea.
1. Arau-hausteak behin eta berriz egitea gogorki zigortuko da, eta antzekotasun koadro hau ezarriko da egindako arau-hauste kopuruaren eta motaren artean, horien araberako zigorrekin.
Arau-hauste kopurua eta mota. Antzekotasuna eta ezarritako zehapena:
–Hiru arin berdin larri bat eta 50 euroko zehapena.
–Bi larri berdin larria + bi arin; berdin bi arin eta oso larria berdin kanporatzea + 500 euro.
2. Errepikatzeagatik jarritako zigorrak metagarriak dira, hau da hirugarren arau-hauste arina eginez gero horrengatiko kargua ordaindu beharko da (20-50 euro), errepikatzeagatik jarritako 150 euroez gain.
3. Bi urtez arau-hausterik egin ezean, ulertuko da erabiltzaileak ez daukala aurretik burututako arau-hausterik, eta ez dira kontuan izanen aurretik egindakoak.
24. artikulua. Zehatzeko prozedura.
1. Uharteko Udalari dagokio zehapen prozedurak hastea, instruitzea eta ebaztea.
2. Udal Bulego Teknikoak edo zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bestelako agiri publikoren batean bidezko lege betekizunak betez formalizatzen badira, deusetan ukatu gabe administratuek beren eskubide eta interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.
3. Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, Administrazioak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.
4. Delitua edo hutsegitea dagoela iruditzen ez bada, Administrazioak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.
25. artikulua. Isunen taula.
1. Aurreko artikuluetan aipatzen diren arau-hausteek zigorra izanen dute, eragindako kalteen arabera eta hala badagokio, sortutako arriskuaren eta eragilearen asmoaren arabera. Hauek izanen dira isunak:
–Arau-hauste arinak: 20 eurotik 50 eurora bitarteko isuna.
–Arau-hauste larriak: 51 eurotik 150 eurora bitarteko isuna.
–Arau-hauste oso larriak: 151tik 300 eurora bitarteko isuna. Gainera, kanporatu eginen da zuzenean (12. artikulua, kontzesioa bertan behera uzteko arrazoiak).
2. Udalak adierazitako zehapenak jarriko ditu, kontuan izanda kontsumo prezioen indizearen aldaketa.
3. Gertaera berbera legeria espezifiko batean baino gehiagotan aurreikusita badago, zenbateko handiagoaren xedapen zehatzailea aplikatuko da.
4. Zehapena jarri arren, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke berak aldatu edo kaltetutako egoera bere onera ekartzeko, baita eragindako kalteak ordaintzeko ere.
26. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.
Aurreko artikuluetan jasotako arau-hausteen preskripzio-epea lau urtekoa izanen da larrien eta oso larrien kasuan, eta urtebetekoa arinen kasuan.
27. artikulua. Kalte-galeren indemnizazioa.
1. Udal baratzeetan edo horiei erantsitako instalazioetan kalte egiten duten lagun guztiek kalte-ordaina eman beharko dute, bidezko diren isunez aparte.
2. Leku edo instalazio horietan egindako kalte-galeren zenbatekoa Udalak zehaztuko du.
3. Balorazioak salatutakoari helaraziko zaizkio, bere balorazioa egin dezan edo bidezko alegazioak aurkez ditzan.
4. Zehapen-espedienteari bukaera emanen dion ebazpenean azalduko da kalte-ordainei buruzko erabakia eta eragindako kalte eta galerak adieraziko ditu.
5. Kalte-galerak ordaintzeko erabakiak legez ezarritako epeetan bete behar dira; errekurtsoa aurkeztu arren, aurka egindako egintza ez da geldiaraziko, non ez duen kontrakoa agintzen organo eskudunak, betiere antolamendu juridikoari jarraikiz.
6. Kalte-ordaina adierazitako epearen barrenean ordaintzen ez bada, Udalak premiamendu bidez ordainaraziko du.
28. artikulua. Kalteak konpontzea presako egoeretan.
Segurtasunagatik edo udal organo eskudunaren ebazpenean behar bezala frogatutako bestelako arrazoiengatik, kalte-galeren zuzentzea ezin bada atzeratu, berehala zuzendu ahal izanen dira eta horren ordaina eskatu kaltearen eragileari, betiere aldez aurretik aitzineko artikuluetan aipaturiko zehapen-espedientea irekiz edo jurisdikzio arruntera joz.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenbizikoa.–Erabiltzaile bakoitzak 50 euroko fidantza ordaindu beharko du Udal honetan, instalazioetan gertatzen diren kalteak ordaintzeko.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du jendaurrean edukitzeko arauzko epea iragan eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
Iragarkiaren kodea: L1400269
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
