Iragarkia
254. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
598/2014 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez arautzen dira berariazko proba libreak, LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat, Nafarroako Foru Komunitatean.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (hemendik aurrera LOE) 5.1. artikuluak ezartzen du herritar guztiek izan behar dutela bizitza osoan prestatzeko aukera, hezkuntza-sistemaren barrenean eta kanpoan, garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak, gaitasunak eta konpetentziak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten. 4. idatz-zatian ezartzen du, halaber, administrazio publikoei dagokiela ikaskuntzarako eskaintza malguak sustatzea, hezkuntza sistema titulaziorik gabe utzi zuten gazte eta helduei oinarrizko gaitasunak eta, kasua bada, behar diren titulazioak eskuratzea ahalbidetzeko.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 1. artikuluan ezarrita dagoenez, Legearen helburua da, funts publikoak jasotzen dituen prestakuntza eskaintzak sustatu dezala heziketa bizitza osoan zehar izan dadila, eta, halaber, pertsonen helburu diferenteetara eta haien egoera pertsonal eta profesionaletara egokitu dadila.
Hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak, 3. artikuluan, hezkuntza sistemako lanbide heziketako printzipio eta helburu orokorren artean, ezartzen du sustatuko duela heziketa bizitza osoan zehar izatea, eta erraztu eginen duela pertsonak hainbat prestakuntza eskaintzatara sartzea, eta laguntza emanen ikaskuntza eta bestelako ardura eta jarduerak bateragarri izan daitezen. Halaber, 36. artikuluan xedatzen du hezkuntza administrazioek dutela probra libreak antolatzeko eta deialdia egiteko ardura, beren eskumenen esparruan.
Nafarroan bada jende asko lehen edo bigarren mailako lanbide heziketan ikasten hasi zirenak, garai hartan indarrean ziren ikasketa planen babesean, eta bukatu ez zituztenak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak urteak daramatza hainbat prozesu abiarazten, lanbide heziketako tituluak lor ditzaten ikasle horiek zeinek, lanbide heziketako lehen edo bigarren mailako ikasle zaharrak izanik, ez zituzten ikasketak bukatu. Prozesu horiek eskatzen dute Hezkuntza Departamentuak proba modularren deialdia egin dezala, pertsona horiek beren lehen eta/edo bigarren mailako lanbide heziketako ikasketa osatugabeen baliokidetza lor dezaten, hezkuntza sistemako lanbide heziketako titulazio batekiko (teknikariarena edo goi mailako teknikariarena –bidezko dena–).
Nafarroako Foru Komunitatean LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat berariazko proba libreak arautzeari buruz Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dituen ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Berariazko proba libreak arautzea, LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat, Nafarroako Foru Komunitatean, ebazpen honen eranskin gisa gehitzen diren oinarriekin bat.
2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko azaroaren 18an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.
1. ERANSKINA
Oinarriak
Alderdi orokorrak
1. Xedea.
Ebazpen honen xedea da berariazko proba libreak arautzea, LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat, Nafarroako Foru Komunitatean.
2. Nori dagokion.
Aurreko oinarrian aipatutako probak egin ditzakete pertsona horiek zeinek lanbide heziketako lehen eta bigarren mailako ikasketa osatugabeak egin dituzten lanbide heziketako sistema berria ezarri aurretik, hots, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikotik eratorritako sistema ezarri aurretik, baldin ebazpen honetan ezarritako beharkizun eta baldintza guztiak betetzen badituzte.
3. Eskatzaileen beharkizunak.
Proba hauek egiteko interesa dutenek beharkizun hauek denak bete beharko dituzte:
–Lanbide heziketako lehen edo bigarren mailako ikasketak egin izana Nafarroako ikastetxeetan, betiere Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren ondoriozko lanbide heziketako sistema berria ezarri aurretik, ikasketak bukatu gabe; edo ikasketa horiek beste erkidego batean egin izana eta Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik egotea gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin.
–Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Lanbide Heziketako eta orientazioko Zuzendariordetza Nagusiaren ebazpen bat lortu izana, norberak eskaturik, lanbide heziketako lehen eta/edo bigarren mailako ikasketa osatugabeen eta Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren tituluen arteko baliokidetzari buruz.
4. Probetan izena ematea.
1. Ebazpen honen 2. eranskineko inskripzio eskabidea aurkeztu beharko dute pertsona interesdunek. Argibide eta Agiri Bulegoan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoko fitxan aurkituko dute, “Proba libreak, LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat” izenarekin. Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera zuzenduko da eskabidea.
2. Ondokoen fotokopia sinpleak erantsi beharko zaizkio eskabideari:
a) NANa/Pasaportea/AITa.
b) LHI-n/LHII-n egindako ikasketen ziurtagiria.
c) Erroldaren ziurtagiria, baldin LHI-ko/LHII-ko ikasketak Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko ikastetxe batean egin badira.
d) Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Lanbide Heziketako eta Orientazioko Zuzendariordetza Nagusiak emandako ebazpena, norberaren eskaerari erantzunez, lanbide heziketako lehen eta/edo bigarren mailako ikasketa osatugabeen eta Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren tituluen arteko baliokidetzari buruz, eta, halaber, adierazten duena lanbide heziketako zer modulu gainditu behar dituen.
e) Desgaitasuna izatearen frogagiria, baldin probaren egokitzapenik eskatzen bada.
3. Hezkuntza Departamentuak edozein unetan eskatzen ahalko die eskabidearekin batera aurkeztutako jatorrizko dokumentazioa edo horren fotokopia konpultsatuak. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.
4. Eskabidea, erantsitako agiriekin batera, Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Nafarroako Gobernuaren gainerako edozein erregistro bulegotan (horien zerrenda 2013ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 13an, argitaratu zen) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.
Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskaera telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
5. Berariazko Proba Libreen Batzordea.
Ebazpen honen xede diren probak egiteko Berariazko Proba Libreen Batzorde bat eratuko da, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Ataleko hiru kidek osatua:
–Atalburua, batzordeburu arituko dena. Horretaz gain,
–Ataleko bi kide; bat idazkari arituko da eta bestea batzordekide. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu.
6. Prozedura.
1. Inskripzioak egiteko eskabideak epe hauetan aurkeztu beharko dira:
a) Ekainaren 1etik abenduaren 31ra.
b) Urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra.
2. Prozedura honi jarraituz tramitatuko dira eskabideak:
a) Batzordeak epe hauetan aztertu eta ebatziko ditu eskabideak:
–Ekainaren 1etik abenduaren 31 bitarte aurkeztutako eskaerak hurrengo urtarrilaren lehen hamabostaldian ebatziko ditu batzordeak.
–Urtarrilaren 1etik maiatzaren 31 bitarte aurkeztutako eskaerak ekainaren lehen hamabostaldian ebatziko ditu batzordeak.
b) Eskabideak azterturik, onartutako eta onartu ez direnen behin-behineko zerrendak eginen ditu, arrazoiak azalduta. Zerrenda horretan adieraziko da zer moduluren probetarako onartu diren, zer ikastetxetan eginen diren probak eta zer egunetan eginen diren.
Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan argitaratuko da zerrenda hori, eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoko fitxan, “Proba libreak, LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat” izenekoan.
Behin-behineko zerrenda hori argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako.
c) Parte-hartzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik, erreklamazioak aurkezteko, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Ataleko Berariazko Proba Libreen Batzordeari zuzenduak, 4. oinarrian aurreikusitako tokietako edozeinetan, ebazpen honen 3. eranskineko ereduaren arabera.
d) Batzordeak, hala behar denean, erreklamazioak baietsirik, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalak onartuen eta onartu gabeen behin betiko zerrenda eginen du, arrazoia zein den adierazita.
Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g, Iruña) argitaratuko da behin betiko zerrenda hori, eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoko fitxan, “Proba libreak, LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat” izenekoan.
Behin betiko zerrenda hori argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako.
e) Salbuespenez, batzordea atal honetako a) letrako epeetatik kanpo elkartzen ahal da, LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat berariazko proba libreak egiteko inskripzio-eskabideak aztertzeko eta ebazteko.
7. Matrikulazioa.
Probak egiteko matrikulazioa bi epetan eginen da:
a) Eskabidea ekainaren 1etik abenduaren 31ra aurkeztu dituzten izangaiek otsailaren 1etik 15era, biak barne, eginen dute matrikula, azterketa eginen den ikastetxeetan. Aurreko oinarrian aipatutako behin betiko zerrendan adieraziko dira ikastetxe horiek.
b) Eskabidea urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra aurkeztu dituzten izangaiek irailaren 1etik 15era, biak barne, eginen dute matrikula, azterketa eginen den ikastetxeetan. Aurreko oinarrian aipatutako behin betiko zerrendan adieraziko dira ikastetxe horiek.
8. Inskribatzeko tasak.
Lanbide modulu bakoitzerako, probetan inskribatzeko tasak honako hauek dira:
–Tarifa arrunta: 10 euro.
–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 5 euro.
–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doan.
9. Proben prestaketa, egitura eta edukiak.
1.–Azterketa egiten duen ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak izendatuko du LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreen irakasle arduradunak.
2.–Proben ardura duten irakasleek eginkizun hauek izanen dituzte:
–LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreetan matrikulatutako pertsonei aholku ematea.
–Prozesua antolatzea eta kudeatzea oinarri hauetako 4. eta 5. ataletan azaldutako irizpideekin bat, baita Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalak ezar ditzakeen orientabideekin bat ere.
–Probak prestatzea.
–Izangaiek egiten dituzten probak kalifikatzea.
–Kalifikazioen erregistroko agiriak betetzea.
–Emandako kalifikazioei izangaiek egiten dizkieten erreklamazioak ebaztea.
–Ikastetxeko zuzendaritzak esleitzen dien beste edozein, betiere bere jarduketa eremuaren barnean, helburuak behar bezala betetzeko.
3.–Izendatutako irakasleek Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegokoak izan beharko dute, edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoak, edo bitarteko irakasleak eta espezialistak izanen dira, probak egiten diren ikasturterako izendatuak. Orobat, egoki den heziketa zikloan irakatsiko dute, edo, ezinezkoa bada, indarreko araudiaren arabera irakasteko gaitasuna izanen dute, edo irakasteko gaikuntza, irakasle espezialistei dagozkien moduluetan.
Izendatutako irakasleek konpentsazio ekonomikoak jasoko dituzte, egindako jarduerengatik, giza baliabideen kudeaketarako sisteman ezarritako aldagaien zerrendako kontzeptuengatik.
4.–Probak teoriko-praktikoak izanen dira. Nafarroako Foru Komunitatean indarra duten prestakuntza zikloetako ikasketa planei edo curriculumei eta haien kasuan kasuko gaitasun profesionalei buruzkoak izanen dira edukiak. Probek eduki teorikoak eta praktikoak izanen dituzte, eta, kasuan kasuko ebaluazio irizpideen bitartez, frogatuko da ikasleek ikasketa edo trebetasunei dagozkien emaitzak lortu dituztela, edo, hala balegokie, lanbide moduluari lotutako gaitasunak.
5.–Lanbide moduluetan, haien ezaugarriengatik eta bereizgarritasunarengatik beharrezkotzat jotzen denean, ardura duten irakasleek proba zenbait zatitan antola dezakete, eta zehazten ahal dute, egokitzat jotzen bada, aurreko zatiko edukia gaindituta eduki behar dela hurrengo zatia egiteko. Horren berri emanen zaie, ondoko atalean xedatu bezala, matrikulatutako ikasleei.
10. Proba egokitzea.
LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreetarako egokitzapenak eskatzen ahal dituzte desgaitasuna dutela frogatzen dutenek. Bitarteko arruntekin probak egitea eragozten duen desgaitasuna daukaten eskatzaileek horren berri emanen dute inskripzioa egitean, eta desgaitasun hori frogatzen duen erakunde eskudunak egindako dokumentazioa erantsiko dute eskaeran.
Izena emateko eskabidean proba egiteko eskatzen den egokitzapena adierazi beharko da.
11. Probak egitea.
1. Probak bi alditan eginen dira:
a) Otsailaren 1etik 15era matrikulatu diren izangaiek probak ekainean eginen dituzte.
b) Irailaren 1etik 15era matrikulatu diren izangaiek probak hurrengo urtarrilean eginen dituzte.
2. Ikastetxeko zuzendaritzak prestatuko du behar diren lanbide moduluen berariazko proba libreak egiteko egutegia.
Halako eran prestatuko da egutegia non modulu bakoitzean irakaslanean aritzen diren irakasleen lanbide moduluen ariketak ez baitira finkatuko irakasle horien irakastorduetan. Orobat, saiakerak eginen dira jarduera horiek trabarik ez egiten ikastetxeko gainerako ikasleei.
Probak egiteko egutegia eta, ikastetxeko zuzendaritzaren arabera, izangaiek egin aurretik proben garapenari buruz ezagutu behar dituzten alderdiak ikastetxeko iragarki oholean argitaratuko dira, gutxienez ere proba eguna baino hilabete lehenago.
12. Kalifikazioen ebaluazioa, erregistroa eta argitalpena.
1.–Proba horiek ebaluatzeko oinarria izanen da lanbide modulu bakoitzaren kasuan kasuko ebaluazio irizpideak, ikasketaren emaitzak eta gaitasunak, baita kasuan kasuko gaitasun unitateak eta haiek egiteko irizpideak ere.
2.–Lanbide modulu bakoitzaren ebaluazioaren adierazpena apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 17. artikuluan ezarritako moduan eginen da.
3.–Lortutako kalifikazioen erregistroa apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 27. eta 28. artikuluetan xedatu bezala eginen da, horretan finkatutako ebaluazio agirietan.
4.–Azterketa egiten duen ikastetxeko iragarki oholean kalifikazioak argitaratzea; horixe izanen da kalifikazioak jakinarazteko bide ofiziala.
Kalifikazioak proba bereko zatienak direnean, hartan beharrezkoa bada hurrengo zatia egiteko aurreko zatian proposatutako edukia gainditua izatea, bide berean argitaratuko dira kalifikazioak, hurrengo ariketa egin baino bost egun baliodun lehenago.
13. Kalifikazioen gaineko erreklamazioak.
Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 18. artikuluan eta maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan ezarritako prozeduraren arabera eginen dira kalifikazioen gaineko erreklamazioak. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.
14. Agiri akademikoak.
LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreak egiteko ikasleak matrikulaturik dituzten ikastetxeek ikasketa espediente bana irekiko diete ikasleei.
Ebaluazio agiriak eta ikasketen egiaztagiriak 52/2009 Foru Aginduaren VIII. kapituluan ezarritakoak izanen dira.
15. Proben ziurtapena.
LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreetan izangaiek lortutako kalifikazioak beren ikasketa espedientean jasoko dira.
Gainditutako lanbide moduluen ikasketen ziurtagiria emanen du azterketa egiten duen ikastetxeak, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.
2. ERANSKINA Inskribatzeko eskaera LHIEKO ETA LHIIKO IKASKETAK OSATU GABE DITUZTENENTZAKO BERARIAZKO PROBA LIBREAK |
DATU PERTSONALAK | ||||
1. deitura: | 2. deitura: | |||
Izena: | NANa/Pasaportea/AITa: | |||
Jaioteguna: | Sexua: Gizona Emakumea | |||
Helbidea: | Herria: | |||
Posta kodea: | Helbide elektronikoa: | |||
Tel.: | Nazionalitatea: | |||
DATU OSAGARRIAK | ||||
Proba egokitzea, desgaitasuna dela eta: | ||||
PRESTAKUNTZA ZIKLOA | MODULUA | |||
ERDI MAILA | | | ||
| | |||
GOI MAILA | | | ||
| | |||
DOKUMENTAZIOA | ||||
NAHITAEZKOA | NANaren/Pasaportearen/AITaren fotokopia LHIn/LHIIn egindako ikasketen ziurtagiria. Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria 1 Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Lanbide Heziketako eta orientazioko Zuzendariordetza Nagusiak emandako ebazpenaren fotokopia, LHI/LHII-ko ikasketa osatu gabeen baliokidetzaren eskaerari buruzkoa. | |||
EGOKITZAPENA | Desgaitasunaren egiaztagiriak. | |||
1 LHI-ko/LHII-ko ikasketak Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko ikastetxeetan egin dituztenek bakarrik. Bildutako datuak behar den bezalako konfidentzialtasunarekin eta erreserbarekin informatizatuko dira eta bildutako helbururako bakarrik erabiliko dira, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera. | ||||
...............................(e)n, 201...(e)ko ....................aren ....(e)an. (Sinadura) LANBIDE HEZIKETAREN PLANGINTZA, ANTOLAMENDU ETA GARAPENERAKO ATALA. | ||||
3. ERANSKINA
Erreklamazio orria
Jauna/andrea: ............................................................................................ NANa/AITa zenbakia: ................................, honako moduluetarako berariazko proba egiteko eskabidea aurkeztuta:
..................... mailako lanbide ziklo honetan:
Idazki honen bidez ondokoaren kontrako ERREKLAMAZIOA egin nahi du:
1. Onartuen zerrenda: | |
behin-behinekoa | behin betikoa |
2. Probaren egokitzapena | |
Honako arrazoi hauek direla eta:
.................(e)n, 201....(e)ko ...........................aren ..............(e)an
Interesduna
Bildutako datuak behar den bezalako konfidentzialtasunarekin eta erreserbarekin informatizatuko dira, eta ezarritako helbururako bakarrik erabiliko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.
BERARIAZKO PROBRA LIBREEN BATZORDEKO BURUA.
LANBIDE HEZIKETAREN PLANGINTZA, ANTOLAMENDU ETA GARAPENERAKO ATALA.
Iragarkiaren kodea: F1415631
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
