254. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 29an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileei 2015eko ekaineko aparteko paga aurreratzen diena.

Aurrekontu-oreka bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean neurriak hartzen dituen abenduaren 28ko 27/2012 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrak ezartzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoek eta Nafarroako sektore publikoko gainerako erakunde eta entitateek zilegi izanen dute langileentzako aparteko pagen ordainketa urtarrileko eta uztaileko lehenbiziko egunetara pasatzea.

Legegintzako gaikuntza horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak, 2014ko ekainaren 25ean hartutako erabakiaren bitartez, 2014ko uztaileko lehenbiziko egunetara aurreratu zien urteko abenduko aparteko pagaren ordainketa Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei, modu horretan arintzeko 2012ko abenduko aparteko paga kentzeak dakartzan ondorioak, Nazioko Gobernuak neurri hori onetsi baitzuen, eta hori oinarrizko araudia baitzen, nahitaez bete beharrekoa eta uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan jasoa.

Arrazoi beragatik, Nafarroako Gobernuak bidezko eta beharrezko jotzen du Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei 2015eko ekaineko aparteko pagaren ordainketa urte bereko urtarrileko lehenbiziko egunetara aurreratzea, betiere langile horiek erabaki honetan finkatutako betebeharrak betetzen badituzte.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta.

ERABAKI DU:

1. 2015eko urtarrileko lehenbiziko egunetara aurreratzea urte horretako ekaineko aparteko pagaren ordainketa Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei, honako irizpide hauen arabera:

A) Aparteko pagaren ordainketa langile finkoei zein aldi baterakoei aurreratuko zaie, betiere betebehar hauek betetzen badituzte:

a) Gutxienez hurrengo sei hilabeteetarako lan harremana izatea aurreikusita.

b) 2014ko abenduko aparteko paga aurreraturik jaso izana urte bereko uztaileko lehenbiziko egunetan.

c) Langileak berak aldez aurretik eskatu ez izana ordainketa ez aurreratzeko.

d) Aipatu aurrerakina sorrarazi zuen lan harremanari eustea.

B) 2015. urtearen lehenbiziko seihilekorako aurreikusitako egoeraren arabera finkatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa, eta urte horretako ekainari dagokion nominan erregularizatuko da.

C) Aldi horretan gorabeheraren bat gertatzen bada lan harremanean, eta horrek berarekin baldin badakar aparteko pagaren likidazioa, ordaindutako aurrerakina hartuko da kontuan likidazioan.

D) Behin aparteko pagaren ordainketa aurreraturik, baldin eta, edozein arrazoirengatik, zerbitzu harremana aurreikusitako epea baino lehen bukatzen bada, langileei behar den likidazioa aplikatuko zaie, eta, bidezko bada, sobran jasotako zenbatekoa itzularazi.

E) Langileek noiznahi eskatzen ahalko dute ordaindutako aurrerakina erabat ezeztatzeko, horretarako idazki bat igorriz bere nomina kudeatzen duen Foru Komunitateko Administrazioko unitate administratiboari. Kasu horretan, interesdunari dagokion likidazioa aplikatuko zaio eskaera egin eta hurrengo nominan.

F) Aurrerakinak ez du inolako eraginik izanen zerga-atxikipenetan edo nominari lotutako gizarte-kotizazioetan, langileak duen aurreikuspen sozialeko sistema edozein izanik ere.

2. Aparteko pagaren aurrerakina, orobat, goi-kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei ere aplikatuko zaie.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau bete dadin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko abenduaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1417549