249. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1858/2014 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunaren Araudia”. 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia: “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunaren Araudia”.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNAREN ARAUDIA ONESTEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere Estatutuetako 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, harremanetan jarriko da beste unibertsitate eta ikerketa eta goi mailako hezkuntzarako zentro batzuekin, atzerrian bere entzutea zabaldu eta unibertsitate komunitateko kideen mugikortasuna errazteko.

Sortu zenetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatu du bere ikastegien eta mundu osoko goi mailako hezkuntza erakundeen arteko lankidetza akademikoa, eta sustatu du, bereziki, bere ikasleek mugikortasun programetan parte har dezaten, bai nazio barruan, baita nazio kanpoan ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak konpromisoa hartzen du mugikortasuna sustatzeko, batez ere Europako Unibertsitate Eremuan. Horretarako, atzerriko goi mailako hezkuntza erakundeetan egindako ikasketa-egonaldiak aitortuko ditu, baita nazioarteko programen eta hitzarmenen babesean egindako enpresetako praktika aldiak ere. Halaber, bere egiten ditu abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 89. artikuluak mugikortasuna sustatzeari buruz eta Europako Unibertsitate Eremuan txertatzeari buruz egiten dituen gomendioak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak izenpetu dituen mugikortasun programen eta hitzarmenen kopurua eta aniztasuna emendatuz doa etengabe, eta horietan sartzen dira ikasketa-egonaldiak, noski, baina baita praktikak ere. Emendatze honek ekarri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan mugikortasunaren kudeaketa zailago izatea, eta oinarrizko irizpide eta prozedurak finkatzea egin du beharrezkoa.

Aldi berean, azken urteetan Europako Unibertsitate Eremuko ikasketak egokitzean izan diren aldaketek ezinbesteko bihurtzen dute mugikortasun egonaldietan egin diren jardueren erregimena berraztertzea, indarrean dagoen lege-esparrua eta gradu, master eta doktoretza ikasketetako planek ezartzen dutena kontuan hartuz.

Horrela, araudi honen bidez mugikortasun akademikoaren jarduerak, bai naziokoak, baita nazioartekoak ere, arautzen dira, bere alderdi funtsezkoenetan, bai Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat, baita nazioko edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza erakundeetatik datozen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasketa programa bat egiteko onartu dituen ikasleentzat ere, curriculumeko praktikak ere barne sartuta.

Horregatik guztiagatik hona hemen Gobernu Kontseiluak, 2014ko azaroaren 25eko ohiko bilkuran, Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak proposaturik, hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenengoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunaren Araudia onestea.

Bigarrena.–Erabaki hau Laguntza Akademikorako eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuari, Ikastegiei eta Kanpo Harremanetarako Atalari jakinaraztea.

Hirugarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman dadin agintzea.

Iruñean, 2014ko azaroaren 25ean.–Errektorea, Julio Lafuente López.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNAREN ARAUDIA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa, bere Estatutuetako 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, harremanetan jarriko da beste unibertsitate eta ikerketa eta goi mailako hezkuntzarako zentro batzuekin, atzerrian bere entzutea zabaldu eta unibertsitate komunitateko kideen mugikortasuna errazteko.

Horregatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak apustua egiten du goi mailako beste erakunde batzuekin dauzkan harremanak bultzatzeko eta unibertsitate komunitateko kideen mugikortasuna sustatzeko, trukerako hainbat hitzarmen eta programaren bidez, bai naziokoak, baita nazioaren eremutik kanpokoak ere.

NUPek konpromisoa hartzen du bere unibertsitate komunitatearen mugikortasuna nazioartean sustatzeko, batez ere Europako Unibertsitate Eremuan. Horretarako, atzerriko goi mailako hezkuntza erakundeetan egindako ikasketa-egonaldiak aitortuko ditu, baita nazioarteko programen eta hitzarmenen babesean egindako enpresetako praktika aldiak ere. Halaber, bere egiten ditu abenduaren 21eko 6/2001 Legeko 89. artikuluak mugikortasuna sustatzeari buruz eta Europako Unibertsitate Eremuan txertatzeari buruz egiten dituen gomendioak, eta ezartzen ditu aipatu programen eta hitzarmen espezifikoen esparruan tituluak lortzera bideratutako ikasketak egiteko oinarriak.

Sortu zenetik, NUPek sustatu du bere ikastegien eta mundu osoko goi mailako hezkuntza erakundeen arteko lankidetza akademikoa, eta sustatu du, bereziki, bere ikasleek mugikortasun programetan parte har dezaten.

NUPek izenpetu dituen mugikortasun programen eta hitzarmenen kopurua eta aniztasuna emendatuz doa etengabe, eta horietan sartzen dira ikasketa-egonaldiak, noski, baina baita praktikak ere. Emendatze honek ekarri du NUPen mugikortasunaren kudeaketa zailago izatea, eta oinarrizko irizpide eta prozedurak finkatzea egin du beharrezkoa.

Aldi berean, azken urteetan Europako Unibertsitate Eremuko ikasketak egokitzean izan diren aldaketek ezinbesteko bihurtzen dute mugikortasun egonaldietan egin diren jardueren erregimena berraztertzea, indarrean dagoen lege-esparrua eta gradu, master eta doktoretza ikasketetako planek ezartzen dutena kontuan hartuz.

Horrela, araudi honen bidez mugikortasun akademikoaren jarduerak, bai naziokoak, baita nazioartekoak ere, arautzen dira, bere alderdi funtsezkoenetan, bai NUPeko ikasleentzat, baita nazioko edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza erakundeetatik datozen eta NUPek ikasketa programa bat egiteko onartu dituen ikasleentzat ere, curriculumeko praktikak ere barne sartuta.

I. TITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

1. Araudi honek honako hau arautzen du:

a) Ikastea helburu duten mugikortasun akademikoaren jarduerak, bai naziokoak, baita nazioartekoak ere, eta mugikortasuna kanpoko praktikak egiteko nazioartean, NUPeko Graduko, Masterreko eta Doktoretzako ikasleentzat; guztiak nazioarteko mugikortasunerako programen eta hitzarmenen esparruan.

b) Aipatu mugikortasun horiei dagozkien egonaldiei aplikatuko zaizkien prozedurak.

c) Egindako praktiken eta ikasketen aitortza akademikoa.

2. Halaber, nazioko edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza erakundeetatik datozen eta NUPek ikasketa programa bat egiteko onartu dituen ikasleen mugikortasun akademikoko jarduerak, curriculumeko praktikak ere barne sartuta, arautzen ditu.

3. NUPekoak diren ikasleen eta NUPek onartzen dituen eta nazioko edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza erakundeetatik datozen ikasleen mugikortasuna, doktoretzari dagokionez, 2012ko maiatzaren 8ko Gobernu Kontseiluaren erabakiak sortutako Nafarroako Doktoretza Eskolaren (NADOE) eskumena izango da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Araudia honako hauei aplikatuko zaie:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu eta master ikasketa ofizialetan matrikulatutako ikasleei, beste unibertsitate batean edo goi mailako hezkuntza erakunde edo enpresa batean mugikortasun jarduera bat egiten dutenei, NUPek izenpetu dituen nazioko edo nazioarteko mugikortasun programen edo hitzarmenen arabera.

b) Lehenagoko artikuluak aipatzen dituen programen eta hitzarmenen babesean beren ikasketen parte bat NUPen egiten dituzten ikasleei.

2. Goi mailako beste hezkuntza erakunde bateko ikasleak izan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan beren ikasketen parte bat egiteko baina Nafarroako Unibertsitate Publikoak izenpetu dituen mugikortasun programetatik eta hitzarmenetik kanpo eskatzen duten ikasleei, VI. Tituluak ezartzen duena aplikatuko zaie: “Ikasle bisitariak”.

II. TITULUA

Mugikortasunean eskumenak dauzkaten organoak eta unitateak

3. artikulua. Mugikortasunean eskumenak dauzkaten organoak eta unitateak.

Honako hauek dira mugikortasun alorrean eskumenak dauzkaten organoak eta unitateak:

a) Nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzan eta ikasleen eta enpleguaren gaietan eskumena daukaten errektoreordetzak.

b) NUPeko Nazioartekotze Batzordea.

c) Nazioartekotze alorrean eskumena daukaten ikastegiko dekanordeak edo zuzendariordeak.

d) Titulazio bakoitzeko Kanpo Harremanetarako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak.

e) Nazioarteko Ikasleei zuzendutako Espainieraren Irakaskuntzako koordinatzailea.

f) Mugikortasuneko irakaskuntza arduraduna.

g) Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutorea.

h) Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatea.

I. KAPITULUA

Nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzan eta ikasleen eta enpleguaren gaietan eskumena daukaten errektoreordetzak

4. artikulua. Nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzan, nazioko eta nazioarteko mugikortasunean eta ikasleen eta enpleguaren gaietan eskumena daukaten errektoreordetzak.

Arautegi honetan ezarritako eginkizunak garatzeko eta haiek betetzeko eskumena edukiko dute, NUPeko Estatutuen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera, nazioarteko harremanetako, nazioko eta nazioarteko mugikortasuneko eta garapenerako lankidetzako gaietan errektoreak eskumena esleitzen dien Errektoreordetzak.

II. KAPITULUA

Nazioartekotzeko batzordea

5. artikulua. Nazioartekotze Batzordeko definizioa eta osaera.

NUPeko Naziartekotze Batzordea apirilaren 25eko 659/2013 errektorearen ebazpenaren bidez sortu zen, eskumenak ditu mugikortasunaren gaian eta NUPek nazioartekotzeko gaian edukiko duen kontsulta, proposamen eta aholkularitzan edukiko duen organoa izango da.

6. artikulua. Nazioartekotzeko Batzordearen eginkizunak.

Araudi honi dagokionez, honako hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Nazioartekotze Batzordearen eginkizunak:

a) Graduko eta Masterreko mugikortasuneko programen berri ematea.

b) Nazioarteko beste hainbat programa eta jardueratan parte hartzeari buruzko aholkuak ematea.

c) Nazioartekotasunaren eremuko programei eta ekintzei buruzko informazio-saioen eta mintegien antolamenduetan parte hartzea.

d) Beste hezkuntza sistemetako ikasleak atzemateko jardueren antolaketa sustatzea, ez derrigorrez truke-hitzarmenen edo programa espezifikoen babesean.

e) Nazioarteko harremanetako eta lankidetzako alorrean eskumenak dituen errektoreordeari aholkularitza ematea mugikortasuneko deialdien edukiei, baremoei, eta mugikortasun-postuei buruz, baita postuen esleipenari buruz ere.

f) e) atalean aipatzen diren deialdien eremuan planteatzen ahal diren erreklamazioak edo errekurtsoak aztertzea, eta nazioarteko harremanen eta lankidetzaren alorrean eskumena daukan errektoreordeari informazioa ematea. Gai honetan, dekanordeek edo ikastegietako zuzendariordeek delegatzen ahalko dute nazioarteko harremanetako eta mugikortasuneko koordinatzaileengan, edo ukitutako erakundeetako mugikortasuneko arduradunengan.

h) Gobernu Kontseiluari araudi honen aldaketa egiteko proposamena egitea.

h) Nazioarteko harremanetako eta mugikortasuneko alorreko organo eskudunei, araudi honetan berariaz aintzat hartzen ez diren beste edozein gairi buruzko aholkuak ematea eta proposamenak egitea.

i) Ikastegi bakoitzeko nazioartekotzeko dekanordeek edo zuzendariordeek ematen dituzten emaitzen jarraipena eta azterketa egitea, eta mugikortasuneko programa eta hitzarmenen emaitzak hobetzeko ekintzak proposatzea.

III. KAPITULUA

Ikastegi bakoitzean nazioartekotze-eskumenak dauzkan dekanordea edo zuzendariordea

7. artikulua. Ikastegi bakoitzean nazioartekotze-eskumenak dauzkan dekanordea edo zuzendariordea definitzea.

Unibertsitateko ikastegi bakoitzean nazioartekotzeko gaietan eskumena duen dekanorde edo zuzendariorde bat egongo da. Errektoreak izendatuko ditu dekanoak edo ikastegiko zuzendariak proposatuta, eta kargua Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin harreman iraunkorra daukan irakasle bati emango zaio.

8. artikulua. Ikastegi bakoitzean nazioartekotze-eskumenak dauzkan dekanordea edo zuzendariordearen eginkizunak.

Araudi honi dagokionez, honako hauek dira ikastegiko dekanordearen edo zuzendariordearen eginkizunak:

a) Ikasleen mugikortasuneko irizpideez eta orientazioez arduratzea, bai nazioan baita nazioartean ere, dagokion ikastetxean.

b) Nazioarteko ikasleak ikastegirako atzeman eta harrera egiteaz arduratzea, nazioarteko harremanetako eta mugikortasuneko alorreko eskumenak dituen errektoreordetzarekin, eta nazioarteko harremanetako eta mugikortasuneko alorra kudeatzen duen unitatearekin.

c) Zer erakunderekin merezi duen hitzarmenik egitea identifikatzea.

d) Bere ikastegiak ematen dituen titulazioetako nazioarteko harremanetako eta mugikortasuneko koordinatzaileen lana koordinatzea.

e) Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatearen eta ikastegien arteko solaskidea izatea.

f) Mugikortasunaz arduratzen den irakasleen prestakuntza-lanez arduratzea, batez ere mugikortasuneko koordinatzaileen eta arduradunenena.

g) Ikastegiko Batzordeari eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeari (IKBB) informazioa ematea, hainbestean behin edo halakorik eskatzen dutenean, ikasleen mugikortasunaren alorrean egiten diren jarduerei buruz.

h) Ikasleei informazioa ematea beren titulazioetako mugikortasuneko gai akademikoei buruz.

i) Mugikortasun hitzarmen eta programekin loturiko informazioa, baita kredituak aitortzeko irizpideekin ere, eskuragarri, kontsultatzeko moduan eta gaurkotua dagoela baieztatzea ikastegiko web-orrialdean, edo nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatearen web-orrialdera bideratua.

j) Urteko emaitzen jarraipena eta analisia egitea, aldez aurretik titulazioetako nazioarteko harremanetako eta mugikortasuneko koordinatzaileekin adostutakoak, Nazioartekotze Batzordean adierazi ahal izateko.

k) Aurreko ataleko emaitzak igortzea nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzan eta ikasleen eta enpleguaren gaietan eskumena daukaten errektoreordetzetara.

l) j) atalaren emaitzen babesean, organo eskumendunei titulazioak, ikasgaiak eta orokorrean Unibertsitatea hobetzeko proposamenak bidaltzea.

IV. KAPITULUA

Titulazio bakoitzeko nazioarteko harremanetarako eta mugikortasunerako koordinatzailea

9. artikulua. Titulazio bakoitzeko nazioarteko harremanetarako eta mugikortasunerako koordinatzailearen definizioa.

1. Unibertsitateak ematen dituen titulazio bakoitzean, nazioarteko harremanetarako eta mugikortasunerako koordinatzaile bat izango da.

2. Errektoreak izendatuko ditu graduko titulazioetako nazioarteko harremanetarako eta mugikortasunerako koordinatzaileak, Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak eta nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzaren gaietan eskumena daukan errektoreordeak proposatuta. Kargua, lehentasunez, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra daukan irakasle batentzat izango da.

3. Masterren kasuan, masterreko zuzendari akademikoak hartuko ditu bere gain nazioarteko harremanetarako eta mugikortasunerako koordinatzailearen eginkizunak.

10. artikulua. Nazioarteko harremanetarako eta mugikortasunerako koordinatzailearen eginkizunak.

Gradu edo master bakoitzeko nazioarteko harremanetarako eta mugikortasunerako koordinatzailearen eginkizunak honako hauek dira:

a) Laguntzea identifikatzen giltzarri izan daitezkeen erakundeak, lehentasuna emateko haiekin egin daitezkeen hitzarmenei, edo jada interesgarriak ez direnak arrazoi akademikoengatik, oreka kontuengatik edo bestelakoengatik.

b) Proposatzea dagozkion hitzarmenak sinatzea, eta beharrezkoa bada, nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateari jakinaraztea mugikortasun eskaintza ez berritzeko edo kanporatzeko asmoa, ikastegi bakoitzean nazioartekotzeko gaian eskumena duen dekanordearen edo zuzendariordearen ikuskaritzapean.

c) Deialdietako mugikortasun-postuen zerrenda prestatzea, mugikortasuneko arduradunaren laguntzarekin, nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzaren gaiak kudeatzen dituen unitatearekin lankidetzan.

d) Dagokion dekanorde edo zuzendariordearekin, titulazioko kredituak aitortzeko irizpideak ezartzea, mugikortasuneko deialdien eremuan.

e) Titulazioko dekanorde edo zuzendariordeari jakinaraztea titulazioan sartu diren ikasleen zerrenda, beren irakasgaietan hartuko dituzten irakasleei jakinarazteko.

f) Titulazioak zer hitzarmenen arabera egiten duen lankidetza, hitzarmen horien edukiaz eta kudeaketaz arduratzea, nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzaren gaiak kudeatzen dituen unitatearekin lankidetzan.

g) Mugikortasuneko arduradunak izendatu, aldatu eta koordinatzea.

h) Mugikortasuneko arduradunen jarduerak ikuskatzea eta ontzat ematea ikasketa konpromisoak, eta kredituen aitortza mugikortasuna bukatu ondoren.

i) Mugikortasuneko arduradunen prestakuntzaz arduratzea, beren lana modu egokian eta gaurkotuan egin dezaten.

j) Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatearen eta ikastegien arteko solaskidea izatea.

k) Ikasleei informazioa ematea beren titulazioetako mugikortasuneko gai akademikoei buruz.

l) Urteko emaitzen jarraipena eta azterketa egitea, aldez aurretik mugikortasuneko arduradun akademikoekin hitz egin eta gero, titulazioko dekanorde/zuzendariordeari bidaltzeko, eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordearen aurrean (IKBB) horren berri emateko.

m) Goian esandako emaitzak ikastegiko nazioartekotzeko dekanorde edo zuzendariordeari jakinaraztea.

n) j) atalaren emaitzen babesean, organo eskumendunei titulazioa, edo ikastegia hobetzeko proposamenak bidaltzea.

V. KAPITULUA

Nazioarteko ikasleei zuzendutako espainieraren irakaskuntzako koordinatzailea

11. artikulua. Nazioarteko Ikasleei zuzendutako Espainieraren Irakaskuntzako koordinatzailearen definizioa.

1. Nazioarteko Ikasleei zuzendutako Espainieraren Irakaskuntzako koordinatzaile bat izango da, mugikortasun programetan ari diren ikasleentzat.

2. Errektoreak izendatuko du nazioarteko Ikasleei zuzendutako Espainieraren Irakaskuntzako koordinatzailea, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekanoak eta nazioarteko harremanetan eta garapenerako lankidetzaren gaietan eskumena daukan errektoreordeak proposatuta. Kargua Fakultatean irakaskuntza ematen duen eta, aukeran, Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen irakasle batek beteko du.

12. artikulua. Nazioarteko Ikasleei zuzendutako Espainieraren Irakaskuntzako koordinatzailearen eginkizunak.

Nazioarteko Ikasleei zuzendutako Espainieraren Irakaskuntzako koordinatzaileak eginkizunak hauek izango ditu:

a) Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen eta beste Ikastegi batzuen espainierazko irakasgaien eskaintza berrikustea eta aztertzea, eta egokienak aukeratzea informazio hori jasotzeko interesa duten ikasleentzat.

b) a) idatz-zatian aipatutako irakasgaien katalogo bat egitea, ikasleentzako bidezko argibideak izango dituena, irakasgai horietako irakasle arduradunekin.

c) Ikasleei orientazioa eta tutoretza ematea araututako irakasgaien eta curriculumaz kanpoko beste irakasgai batzuen aukeraketan, ikasleen espainieraren ikaskuntzari dagokionez.

d) Aipatutako esparruan jasotako mandatua sendotzeko beharrezkotzat hartzen den beste edozein eginkizun.

VI. KAPITULUA

Mugikortasuneko irakaskuntza arduraduna

13. artikulua. Mugikortasuneko irakaskuntza arduradunaren definizioa.

Mugikortasuneko irakaskuntza arduraduna mugikortasun hitzarmen edo programa baten edo batzuen ardura duen irakaslea da.

14. artikulua. Mugikortasuneko irakaskuntza arduradunaren eginkizunak.

Mugikortasuneko irakaskuntza arduradunek eginkizun hauek edukiko dituzte, bere ardurapeko erakundeei eta erakunde horietako mugikortasuneko ikasleei dagokienez:

a) Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearekin elkarlanean aritzea, koordinatzaileak eskatuta, nazioarteko mugikortasuneko ikaspostuen urteko eskaintza zehazteko.

b) Erakunde kidearekin eta nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatearekin koordinatzea truke jakin bakoitzaren baldintzak eta betebeharrak: iraupena, maila, zein titulaziotan eskaintzen den edo ikasketa arloa, kalifikazio sistemak, mugikortasunaren irakaskuntza edukia (Ikasketen amaierako lana eta/edo irakasgaiak), etab.; Nazioarteko Harremanetako edo Mugikortasuneko koordinatzailearekin batera.

c) Ikaslearekin eta goi mailako hezkuntzako erakunde hartzailearen irakaskuntza eskaintzarekin bat etorriz zehaztea Ikasketa Konpromisoaren edukia, eta, beharrezkoak badira, aldaketak.

d) Ikasketa Konpromisoak sinatzea, Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearen oniritziarekin.

e) Ikasketa Konpromisoan dauden NUPeko irakasgaietara aldatzea erakunde hartzailean egindako irakasgaiei dagozkien irakaskuntza emaitzak, Ikasketa Konpromisoan jasotakoarekin bat etorriz, eta atzerrian lortutako kalifikazioak Espainiako kalifikazio sistemara transkribatzea, beharrezkoa bada.

f) Ikasleei argibideak eta aholkuak ematea programan edo erakunde hartzailean mugikortasunarekin lotuta dauden eta bere ardurapean dauden irakaskuntza-alderdiei buruz, NUPeko Tutoretza Planaren esparruan.

g) Goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuetako ikasleei argibideak eta aholkuak ematea NUPen egonaldia egiten ari diren bitartean, eta bere oniritzia ematea ikasle horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikula egiteari.

h) Titulazio bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileari egokitzat jotzen dituen aldaketak proposatzea alde biko hitzarmenen edukian, eta egiten diren aldaketak, ezagutzen dituenak, jakinaraztea.

i) Ikasleen trukearen urteko jarraipena egitea, emaitzak Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzailearekin partekatzea eta hobetzeko proposamenetan laguntzea.

VII. KAPITULUA

Mugikortasuneko praktiketako irakasle tutorea

15. artikulua. Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutorearen definizioa eta eginkizunak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen Arautegiak, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren (2013ko urtarrilaren 11ko NAO) bidez onetsitakoak, esleitzen dizkion eskumenak eta eginkizunak izango ditu Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutoreak. Honako ardura hauek nabarmentzen dira:

a) Ikasketa Konpromisoa egitea, ikaslearekin ados jarriz.

b) Ikasketa konpromisoa egoki gara dadin zaintzea, praktikak egiteko ordutegia ikaslearen betebehar akademiko, prestakuntzako, eta ordezkapenekoekin bateragarria izan daitezen bermatuz.

c) Praktiken jarraipen eraginkorra egitea, horretarako lankidetza ematen duen erakundeko tutorearekin koordinatuz, eta jarraipen txostenak ikusiz, halakorik bada.

d) Ikasketa Konpromisoan egiten diren aldaketak baimentzea.

e) Tutoretzapeko ikaslearen ebaluazioa egitea, araudi honetako 16. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

f) Tutorea izateagatik ezagutzen duen edozein informazioa dela-eta, konfidentzialtasuna gordetzea.

g) Ikastetxeko kanpoko praktiken organo arduradunari sor litezkeen gorabeheren gaineko informazioa ematea.

h) Gainbegiratzea, eta eskatzea, hala badagokio, beharrezkoak diren baliabideak desgaitasuna daukan ikasleak praktikak egiten ahal dituela bermatzeko, aukera-berdintasuna, bazterketarik eza eta irisgarritasun unibertsala izateko baldintzetan.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, beren mugikortasun hitzarmen eta programen arabera dagozkien eskumenak izango dituzte praktiketako irakasle tutoreek.

VIII. KAPITULUA

Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatea

17. artikulua. Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatea.

Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatea izango da unitate espezializatua nazioko eta nazioarteko mugikortasuneko jardueren kudeaketan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako mugikortasun hitzarmenen eta programen babesean.

18. artikulua. Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatearen eginkizunak.

Mugikortasun gaietan, Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateak bereak diren eginkizunak eta organo eskumendunek esleitutako eginkizunak izango ditu.

III. TITULUA

Mugikortasunari komunak zaizkion xedapenak

I. KAPITULUA

Mugikortasuneko hitzarmenak eta programak

19. artikulua. Mugikortasun hitzarmenak.

1. Mugikortasun hitzarmenak dira NUPen eta nazioko edo atzerriko goi mailako hezkuntzako erakunde baten artean sinatutako hitzarmenak, beren ikasleen trukea adosteko eta mugikortasunaren baldintzak elkarren artean ezartzeko, bai lerrun handiagoko arau-esparru baten babesean bai esparru horretatik kanpo.

2. I. Kapitulu honetan ezarritako berezitasunak galarazi gabe, mugikortasun hitzarmenak “Hitzarmen Arautegian” ezarritakoaren arautuko dira. Arautegi hori Gobernu Kontseiluaren 2011ko otsailaren 18ko Erabakiaren bidez onetsi zen (46 zenbakiko NAO, 2011ko martxoaren 8koa).

20. artikulua. Mugikortasun programak.

1. NUPeko mugikortasun programak dira ikasleen mugikortasun hitzarmenen multzoak, ezaugarri hauetakoren bat partekatzen dutenak:

a) NUPek eta goi mailako hezkuntzako erakunde kideak sinatutako ikasleen mugikortasunari buruzko goi mailako arau-esparru bera edukitzea. Esaterako, Europar Batasunak Erasmus programarako ezarritakoa, edo hezkuntza gaietan eskuduna den Ministerioak SICUE programarako ezarritakoa.

b) Goi mailako erakunde kideak eremu geografiko berean kokatuta egotea. Esaterako, Latinoamerika Juan de Palafox programarako, Asia Martín de Rada programarako, eta munduko gainerako herrialdeak Alde Biko Hitzarmenak programarako.

c) Zeharkako prestakuntza-helburu jakin bat edukitzea. Esaterako, elkartasun balioetan heztea, Prestakuntza Solidarioa programari dagokionez.

2. Halaber, mugikortasun programak dira NUPen eta atzerriko erakunde baten artean sinatutakoak, betiere beren sortze helburuen artean badago ikasleen nazioarteko mugikortasunaren kudeaketa goi mailako hezkuntzaren esparruan. Esaterako, ISEP programa.

21. artikulua. Ikasleen Mugikortasun Hitzarmen eta Programen oinarrizko printzipioak.

1. Ikasleen nazioarteko mugikortasunaren esparruan NUPek sinatutako goi mailako arau esparruek, esparru horietatik kanpo sinatutako ikasleen mugikortasun hitzarmenek, eta NUPek eta beren erakunde helburuen artean ikasleen nazioarteko mugikortasunaren kudeaketa dauzkaten erakundeek sinatutako mugikortasun programek alderdi hauek jaso behar dituzte esplizituki:

a) Erakunde hartzailean matrikula ordaintzetik salbuetsita egotea mugikortasunean parte hartzen duten ikasleentzat. Erakunde hartzaileak ohiz kanpoko ordainketak eskatzeko aukera izango du soilik aseguru gastuak, ikastaro ez-ofizialen gastuak edo hainbat zerbitzuren artean fotokopiagailu, laborategiko material eta kirol instalazioen erabilerak sortutako gastuak estaltzeko, beti bere ikasleen baldintza berberekin.

b) Tasa salbuespena mugikortasunean parte hartzen duten ikasleek egindako irakasgaiei edo gaiei dagokien ikasketa ziurtagiria ematean. Egiaztagiri akademiko hori ematea derrigorrezkoa izango da erakunde hartzailearentzat.

c) Mugikortasunean parte hartzeak ikasleentzat edo erakunde kideentzat dakarren beste edozein betebehar.

2. Mugikortasun hitzarmenek, goi mailako arau-esparru baten babesean nahiz esparru horretatik kanpo sinatutakoek, eta NUPek eta beren erakunde helburuen artean ikasleen nazioarteko mugikortasunaren kudeaketa dauzkaten erakundeek sinatutako mugikortasun programek alderdi hauek ere zehaztuko dituzte kanpora egiten den eta hona egiten den mugikortasunerako:

a) Zein mailatan egingo den mugikortasuna (gradua, masterra, edo, hala badagokio, doktoretza).

b) Zein ikasketa eta/edo titulaziori eragiten dion.

c) Mugikortasuneko zenbat ikaspostu adostu diren seihileko edo ikasturte bakoitzeko.

d) Mugikortasunaren iraupena.

e) Hitzarmenaren edo programaren indarraldia.

f) Erakunde hartzailean onartua izateko hizkuntza eta irakaskuntza betekizunak, beharrezkoa bada.

22. artikulua. Hitzarmenak sinatzea.

1. Nazioarteko harremanetako eta lankidetzako gaietan eskuduna den errektoreordetzari proposatuko zaio nazioarteko mugikortasuneko hitzarmen baten sinadura, eta ikasle eta enplegu gaietan eskuduna den errektoreordetzari proposatuko zaio nazio mailako mugikortasuneko hitzarmen baten sinadura, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hitzarmenen Arautegian ezarritakoarekin bat etorriz. Arautegi hori 2011ko otsailaren 18ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen (2011ko martxoaren 8ko NAO).

2. Proposamenak Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateari zuzenduko zaizkio, eta dagozkion Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileen oniritzia ere gehituko zaie, bai eta nazioartekotze gaietan eskudunak diren dekanordeen edo zuzendariordeen oniritzia ere.

3. Nazioarteko harremanetako eta lankidetzako gaietan eskuduna den errektoreordetzari eta ikasle eta enplegu gaietan eskuduna den errektoreordetzari dagokie beren eskuduntza-esparruko hitzarmenen proposamenak ontzat ematea, bai eta hitzarmenak formalizatzea ere, edo, hala badagokio, errektoreari bidaltzea sinatzeko. Errektoreordetza eskudunak formalizatu den hitzarmenaren berri emango die hitzarmenaren jardun-eremuaren barruan dauden ikastetxeei, bai eta nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateari ere.

4. Errektoreordetza eskudunak zilegi du hitzarmen proposamenari onespenik ez ematea, bai eta indarrean daudenak denuntziatzea ere, NUPen interesekin bat ez badatoz.

II. KAPITULUA

Matrikula NUPen

23. artikulua. Matrikula NUPen.

Mugikortasun Hitzarmenen edo Programen babesean NUPetik irteten den ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan garaiz eta forman ordainduko ditu bere mugikortasun aldian NUPen matrikulatutako irakasgaien prezio publikoak.

24. artikulua. Ikasketa konpromisoa ikastea helburuak duen mugikortasunean.

1. Ikasketa konpromisoa esaten zaio ikasleak erakunde hartzailean egingo dituen gaiak, irakasgaiak eta kredituak eta NUPen bere ikasketa planeko irakasgaiekin duten baliokidetasuna jasotzen dituen dokumentuari. Behin bere mugikortasuna bukatu eta erakunde hartzaileak bidalitako ikasketa ziurtagiria NUPen jaso eta gero aitortuko zaizkio irakasgaiak.

2. Zilegi da NUPeko ikasketa planetako irakasgai guztiak, ikasketen amaierako lanak barne, ikasketa konpromisoan sartzea eta irakasgai horiei mugikortasun programetan egindakoen balioa aitortzea, ikasleak aldez aurretik mugikortasuna egin duen ikasturte edo seihilekoaren aurreko seihileko edo ikasturteetan NUPen matrikulatu dituen irakasgaiak salbu.

3. Balioduna izateko, ikasleak eta Mugikortasuneko Irakaskuntza arduradunak sinatuko dute ikasketa konpromisoa, eta dagokion titulazioko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak ontzat emango du.

4. Ikasketa konpromiso hori egonaldia egin baino lehen formalizatuko da eta loteslea izango da, gero aldatzeko aukera galarazi gabe, beharrezkoa bada.

5. Ikasketa konpromisoaren aldaketa arrazoitu egin behar da, eta balioduna izateko idatziz onetsi behar dute ikasleak eta Mugikortasuneko Irakaskuntza arduradunak, bai eta dagokion titulazioko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak idatziz ontzat eman ere. Ikasketa konpromisoaren aldaketak konpromisoaren parte dira. Behin aldaketak adostu eta gero, Mugikortasuneko Irakaskuntza arduradunak nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateari jakinaraziko dizkio, gero tramita ditzan. Ez dira aldaketa proposamenak onartuko, erakunde hartzailean seihilekoa edo ikasturtea hasi denetik hilabete igaro denean.

25. artikulua. Mugikortasuneko ikasketa-konpromisoa enpresetan eta beste erakunde batzuetan praktikak egiteko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen Arautegian, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onetsitakoan (NAO, 7 zk., 2013ko urtarrilaren 11koa), eta harekin bat datozen xedapenetan xedatutakoaren arabera egingo da Ikasketa Konpromisoa, enpresak edo erakunde hartzaileak eskatzen dituen berezitasunak galarazi gabe. Nolanahi ere, egonaldia egin baino lehen formalizatuko da eta loteslea izango da, bere aldaketa galarazi gabe. Aldaketak arrazoitua izan behar du, eta balioduna izateko NUPeko praktiketako irakaskuntza tutoreak eta ikasleak idatziz onartu edo ontzat eman behar dute.

III. KAPITULUA

Kredituen aitorpena

26. artikulua. Kredituen aitorpenaren kontzeptua.

1. NUPeko mugikortasuneko ikasleek eskubidea edukiko dute erakunde-helburuan egindako kreditu guztiak aitor diezazkieten, beren ikasketa-konpromisoan sartuta badaude.

2. Aitorpen hori egiteko ez da beharrezkoa ikastegietako edo unibertsitateko Aitorpen eta Transferentzia Batzordeek gero aitorpen hori onestea, aitorpen konpromisoa lehenagokoa baita eta mugikortasuneko alde biko hitzarmen espezifikoetan eta programen arauketan jasota baitago.

27. artikulua. Irakaskuntza-aitorpena ikastea helburu duen mugikortasunean.

1. Ikaslearen egonaldia amaitu eta gero, eta erakunde kideak emandako ikasketa ziurtagiria eta ikasketa konpromisoa ikusirik, Mugikortasuneko Irakaskuntza arduradunak “Ikasketen aitorpena” dokumentua egingo du. Dagokion titulazioko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko koordinatzaileak dokumentu hori onetsiko du, aitorpena jaso duten ikasketak ikaslearen ikasketa espedientera gehitzeko.

2. “Ikasketa konpromisoa” osatzen duten NUPeko irakasgai guztiak agertuko dira “Ikasketen aitorpenean”, eta aitorpen hori irakasgai bakoitzaren ebaluazio akta banakotua izango da.

3. Ikasketa konpromisoan dauden NUPeko irakasgaiak NUPetik atera den ikaslearen ikasketa-espedientera gehituko dira Titulu honetan ezarritakoaren arabera, eta mugikortasunean parte hartu duten ikasleei ezin izango zaizkie inola ere eskatu azterketa edo proba gehigarriak, lan osagarriak aurkezpenak egitea itzultzen direnean edo NUPen gero egingo den beste edozein ebaluazio mota.

28. artikulua. Praktika-aldiaren aitorpena.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen Arautegiak, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onetsitakoak (NAO, 7 zk., 2013ko urtarrilaren 11koa), VII. Tituluan ezarritakoarekin bat etorriz ebaluatuko ditu praktikak Mugikortasuneko Praktiketako irakasle tutoreak, praktika horiek ikaslearen ikasketa espedientera gehitzeko.

2. “Enpresako praktiken akta” izango da praktiken ebaluaziorako akta banakotua.

29. artikulua. Gainditu gabeko irakasgaiak ikasketa konpromisoan.

Mugikortasun hitzarmen edo programen babesean NUPetik irten diren eta unibertsitate hartzailean egindako irakasgaiak gainditu ez dituzten ikasleek debeku izango dute ikasketa konpromisoan idatziz jasotako NUPeko irakasgai baliokideetako deialdietara aurkeztea mugikortasuneko egonaldia egin duten ikasturtean.

IV. KAPITULUA

Ikastegiko batzordearen gainbegiratzea, ikastegiko kalitate bermearen batzordea (IKBB)

30. artikulua. Ikastegiko Batzordearen gainbegiratzea eta IKBB.

Gradu eta Master tituluei dagokienez, Ikastetxeko Batzordeari eta IKBBri aldian behin informazioa emango die nazioarteko harremanetako gaietan eskuduna den dekanordeak edo ikastegiko zuzendariordeak sinatutako ikasketa konpromisoei eta praktiketako proposamenei buruz, bai eta, hala gertatzen denean, beren aldaketei eta dagozkiekeen aitorpen akademikoari buruz ere.

IV. TITULUA

NUPeko ikasleen mugikortasuna. Irteten diren ikasleak

I. KAPITULUA

Ikasleen mugikortasunaren eremu pertsonala

31. artikulua. Mugikortasuneko ikasleen tipologia.

Honako hauek dira irteten diren mugikortasuneko ikasleak:

a) Ikastea helburu duen mugikortasuneko ikasleak. Nazioko edo nazioarteko goi mailako hezkuntza erakunde batean mugikortasuneko ikaspostu bat esleitu zaien ikasleak dira, NUPeko dagokion deialdiaren esparruan, eta NUPeko mugikortasun hitzarmen edo programa batean ezarritakoarekin bat etorriz.

Ikasteko helburua daukan mugikortasuneko ikasleak NUPen matrikulatuta egongo dira NUPeko dagokion deialdian parte hartzeko eskaera egin dutenetik gutxienez, eta beren mugikortasuneko egonaldia amaitu arte.

b) Mugikortasuneko ikasleak enpresetan eta beste erakunde batzuetan nazioarteko praktikak egiteko: Mugikortasuneko ikaspostu bat esleitu zaien ikasleak dira, NUPeko dagokion deialdiaren esparruan, eta NUPeko mugikortasun hitzarmen edo programa batean ezarritakoarekin bat etorriz, enpresetan, prestakuntza, ikerketa zentroetan eta beste erakunde batzuetan, GKEak barne, nazioarteko praktiketako egonaldi bat egiteko.

Mugikortasuneko ikasleek, praktikak egiteko, NUPen matrikulatuta egon behar dute eskaera egin duten unean, eta beren mugikortasuneko egonaldia amaitu arte.

II. KAPITULUA

Ikasleen mugikortasunaren eremu materiala: Xedea eta iraupena

32. artikulua. Mugikortasunean egin ahal diren ikasketak.

1. Graduko titulu ofizial bat eta Unibertsitateko Masterra eskuratzeko ikasketak aitortuko dira.

2. Praktikak egiteko, atzerriko enpresetan eta beste erakunde batzuetan egindako egonaldiak aitortuko dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen Arautegian, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onetsitakoan (NAO, 7 zk., 2013ko urtarrilaren 11koa), eta harekin bat datozen xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz.

3. Gehienez ere mugikortasuneko bi egonaldi egingo ditu ikasle bakoitzak egiten dituen ikasketa planetako bakoitzean. Horri begira, ez dira kontuan hartuko nazioarteko mugikortasuneko praktikak.

4. Ezin izango da ikasle bat mugikortasun programa batean baino gehiagotan onartu seihileko edo ikasturte berean, Nazioartekotze Batzordeak aparteko arrazoiengatik baimena ematen duenean salbu.

33. artikulua. Mugikortasunaren iraupena Graduko ikasketan.

1. Graduko ikasketetako mugikortasuna ikasketa-planaren bigarren erdian egingo da.

2. NUPeko matrikulari eta ikasketa konpromisoari begira, gutxienez ere irakaskuntza seihileko bat eta gehienez ere bi irakaskuntza seihilekoko iraupena izango du mugikortasun bakoitzak, erakunde hartzailearen irakaskuntza egutegiaren hasierako eta amaierako egunak alde batera utzita.

34. artikulua. Mugikortasunaren iraupena Unibertsitateko Masterreko ikasketetan.

1. 90 ECTS edo gutxiago dituzten masterretan mugikortasuna irakaskuntza seihileko batekoa izango da gehienez ere, erakunde hartzailearen irakaskuntza-egutegiaren hasierako eta amaierako egunak alde batera utzita.

2. 90 ECTS baino gehiago dituzten masterretan mugikortasuna ikasturte batekoa izango da gehienez ere.

35. artikulua. Graduko eta Masterreko mugikortasuneko ikasketa konpromisoa.

Ikasteko helburua daukan mugikortasuneko ikasleak alderdi hauek jasoko dituen ikasketa konpromiso bat formalizatu behar du:

a) Urteko mugikortasunerako, gutxienez ere matrikula berriko 43 ECTS eta gehienez ere 72 ECTS titulua lortzeko beharrezkoak.

b) Seihileko mugikortasunerako, gutxienez ere matrikula berriko 18 ECTS eta gehienez ere 42 ECTS titulua lortzeko beharrezkoak.

III. KAPITULUA

Baldintzak mugikortasunean parte hartzeko eta ikasketak edo praktikak aitortzeko baldintzak

36. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

1. Mugikortasun programa batean parte hartu ahal izateko, NUPeko ikasleek matrikulatuta egon behar dute arduraldi osoan haien ikasketa-planetan, bai eskaera egiten duten ikasturtean, baita mugikortasuna egiten duten ikasturtean ere. Aurrekoa galarazi gabe, arduraldi partzialean matrikulatutako ikasleen egoerak banaka balioesteko aukera izango du Nazioartekotze Batzordeak.

2. Deialdian parte hartzeko eta mugikortasuna egiteko bete beharreko baldintza izango da ikasleak dagokion matrikularen tasak eta prezio publikoak ezarritako epeetan ordaintzea.

3. Eskaera aurkezteko unean, ikasleak iraupen baldintzak bete behar ditu. Baldintza horrez gainera, Graduko titulazioetan bere titulazioaren lehen ikasmailako 60 ECTS guztiak gainditu behar ditu.

4. Dagozkion deialdietan ezarritako parte hartzeko baldintza guztiak ere bete beharko dituzte eskatzaileek.

IV. KAPITULUA

Mugikortasuneko deialdiak eta hautaketa prozedurak

37. artikulua. Prozedura eta edukia.

1. Urtero, eta horretarako ezartzen den aldian, Errektoreak edo beharrezkoa bada, dagokion Errektoreordetzak, dagozkion mugikortasuneko deialdiak egingo ditu.

2. Deialdi horren oinarrietan, gutxienez honako alderdi hauek jasoko dira:

a) Parte hartzeko baldintza akademikoak.

b) Eskaintzen diren ikaspostuen baldintzak: xede unibertsitatea, iraupena, NUPeko hizkuntza edo irakaskuntza-betekizunak, zein titulazio eta seihilekotan eskaintzen diren, Mugikortasuneko irakaskuntza-arduraduna, zein programatan sartzen den eta egoki ikusten diren beste batzuk. NUPek, era berean, xede unibertsitatean eskatzen diren hizkuntza edo irakaskuntza-betekizunak sartuko ditu, deialdia argitaratu baino lehen jakinarazi dizkiotenak.

c) Parte hartzeko prozedurak, aukeraketa eta esleipen irizpideak.

d) Trukerako ikaspostuen onuradunei eskaintzen zaizkien laguntza ekonomikoak, halakorik bada.

e) Hautatuen betebeharrak.

38. artikulua. Hautaketa eta ikaspostuen esleipena.

1. Ikasleen hautaketa eta ikaspostuen esleipena ikasketa espedientearen arabera egingo da, arautegi honetako 36. eta 37.2 a) artikuluetan ezarritako parte hartzeko baldintzak eta 37.2 b) artikuluan ezarritako ikaspostuen baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

2. Deialdi bakoitzaren Balioespen Batzordea osatuko dute Nazioartekotze Batzordeko zenbait kidek.

3. Balioespen Batzordeak proposatuta, eskumena daukan Errektoreordetzak, deialdian ezarritako epean, xedeen esleipenen ebazpena emango du, eta bertan azalduko dira itxaron zerrendan dauden ikasleak, eta interesdunek zein errekurtso aurkezteko aukera duten ebazpenaren aurka eta horietarako epeak.

V. KAPITULUA

Xede unibertsitateari jakinaraztea eta onarpena Ikasleen izendapena

Nazioarteko harremanak eta garapenerako lankidetzako gaiak kudeatzen dituen unitateak erakunde-xede bakoitzari bidaliko dizkio aukeratutako ikasleen zerrenda eta haiekin harremanean jartzeko datuak, dagokion deialdian ezartzen den moduan eta denboran.

40. artikulua. Xede instituzioaren onarpena.

1. Ikasleek mugikortasun programetan parte hartzeko, xede instituzioek edo enpresek onartu egin behar dituzte ikasle horiek. Hautatuak izan diren ikasleei dagokie xede unibertsitatean, instituzioan edo enpresan izena emateko eskaeraren tramiteak egitea, eta gero hark onartu edo baztertzeko aukera dauka, epeak edo sartzeko baldintzak ez betetzeagatik.

2. Ikaslea ez bada onartzen beraren ardurapekoak ez diren arrazoiengatik, NUPek alternatibak kudeatuko ditu mugikortasuna gauzatu ahal dadin saiatzeko. Horregatik guztiagatik, NUPek egiten duen ikaspostuen esleipena ez da behin betikoa izango harik eta xede instituzioak onarpena eman arte.

VI. KAPITULUA

Uko egiteak

41. artikulua. Prozedura eta ondorioak.

1. Ikasleak parte hartzeko eskaera egin ondoren, uko egiten badio, idatziz jakinarazi behar zaio Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateari, Erregistro Orokorraren bidez.

2. Dagokion mugikortasun deialdian ezarritako epetik kanpo ukoaren berri ematen duten ikasleek ezin izango dute NUPen nazioarteko mugikortasun programetan parte hartu, ez bada larritasun handiko arrazoiak daudela.

3. Ikaspostua erdietsi duen ikasle bat ez bada aurreikusitako epean hasten xede unibertsitatean, instituzioan edo enpresan, eta ez badu uko egitea aurkeztu, aurreko atalean sartzen dela ulertuko da.

VII. KAPITULUA

Laguntza ekonomikoak

42. artikulua. Mugikortasunerako laguntzak.

1. Behar izanez gero mugikortasun programak diru laguntzekin batera eskainiko dira mugikortasun gastuak konpentsatzeko xedez. Halakorik bada, deialdian zehaztuko dira laguntzaileen zerrenda; horien artean NUP ere egon daiteke, eta ordaintzeko epeak, modua eta zenbatekoa zehaztuko dira.

2. Mugikortasunaren aldian, ikasleak berdin jasoko ditu beren jatorrizko instituzioan ikasketetarako zeuzkan diru laguntzak. Mugikortasunerako laguntzak nazioko edo eskualdeko beka sistemen osagarriak dira, atzerrian gastu gehigarriak konpentsatzeko daudenak barne.

3. Mugikortasuna gauzatzen ez bada, edo 44. artikuluaren j) atalean ezartzen den Egonaldiaren Ziurtagiriaren bidez ezin bada justifikatu, onuraduna behartutako dago jasotako kopurua itzultzera. Egonaldiaren Ziurtagirian justifikatu den egonaldia hasiera batean ezarritakoa baino laburragoa bada, onuraduna behartuta dago jasotako kopuruaren proportzio hori itzultzera. Itzulketa ez bada egiten dagokion jakinarazpenetik hilabeteko epean, NUPek bere egiten du ikaslearen ikasketa espedientea blokeatzeko eskubidea, harik eta ikasleak bere egoera zuzendu arte. Espedientea blokeatzeak Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gradu ikasketak arautzen dituzten arauetako 38. artikuluan ezarritako ondorioak edukiko ditu.

VIII. KAPITULUA

Mugikortasunaren programetan irteten diren ikasleen eskubideak
eta betebeharrak

43. artikulua. Mugikortasunaren programetan irteten diren ikasleen eskubideak.

NUPeko ikasleek, mugikortasun programetan parte hartzeari dagokionez, unibertsitatearen arauetan ezarritako eskubide orokorrez gainera, beste eskubide hauek ere badituzte:

a) Mugikortasun programen edo hitzarmenen deialdietan parte hartzekoa, haien oinarriekin bat, eta mugikortasun postuen esleipendun izatea, esleipenerako ezarritako irizpide orokorrekin eta zehatzekin bat.

b) Bere ikasketei buruzko informazio eta orientazio akademikoa jasotzekoa, mugikortasunari dagokionez.

c) Xede instituzioak NUPera, mugikortasunari dagokionez, gai praktikoei buruz igorritako informazioa jasotzekoa.

d) Mugikortasunari lotutako laguntzak edukitzekoa, betiere betetzen baditu deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak eta mugikortasun ikaspostuari lotutako baldintza berariazkoak, halakorik bada.

e) Harrerako instituzioan hasi aurretik, betiere aski informazio baldin badago, jakitekoa ikasketa planean aitortuko zaizkion irakasgaiak zein diren, Ikasketa Konpromisoaren oinarrizko edukia izango direnak, horretarako ezartzen den prozeduraren arabera, horiek aldatzeko aukera galarazi gabe.

f) Mugikortasun egonaldia egitekoa deialdiaren oinarrietan ezarritako berariazko baldintzekin bat, eta aitortza akademikoa erdiestekoa bere ikasketa konpromisoan eta haren aldaketetan ezarritakoarekin bat.

g) Xedeko goi mailako hezkuntza instituzioan prezio publikoak ordaintzetik salbuetsia izatekoa, hala ezarrita badago mugikortasun programan edo hitzarmenean, galarazi gabe ordaindu beharra nahitaezko tasak, esaterako, aseguruak, ikasleen sindikatuak, materialak eta halakoak, harrerako unibertsitateko ikasleen baldintza beretan.

44. artikulua. Mugikortasunaren programetan irteten diren ikasleen betebeharrak.

Mugikortasun programa edo hitzarmen batean parte hartzen duten NUPeko ikasleek, unibertsitatearen arauetan ezarritako betebehar orokorrez gainera, beste betebehar hauek ere badituzte:

a) Ikastegiak kredituen aitortza akademikoa emateko dituen irizpideekin bat, eta Mugikortasuneko Irakaskuntza arduradunaren laguntzarekin, Ikasketa Konpromisoa betetzea eta, beharrezkoa bada, hura aldatu, garaiz eta forman.

b) NUPen matrikula egitea mugikortasuna egiten duen ikasturtean, eta hartan gutxienez sartzea ikasketa konpromisoan jasotako irakasgaiak, dagokion deialdian ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Inskripzio eta matrikula tramiteak egitea erakunde hartzailean, bai eta honek eskatzen dion beste edozein ere, onartua izateko eta egonaldia egiteko.

d) Europako Osasun Txartela lortzea edo egonaldian osasun laguntza bermatzeko behar den asegurua kontratatzea. Ikaslearen erantzukizuna da, era berean, kontratatzea xede instituzioak eska dezakeen beste edozein istripu-aseguru edo hirugarrenei egindako kalteetarako asegurua.

e) Herrialde hartzailean legez sartzeari eta egoteari buruzko arau indardunak betetzea, baita, beharrezkoa bada, dagokion bisatua lortzea ere.

f) Xede instituzioko arauak eta harrerako herrialdekoak betetzea.

g) Xede instituzioan NUP sustatzeko antola daitezkeen jardueretan parte hartzea.

h) Bere ikasketa konpromisoaren programa aprobetxamenduz betetzea.

i) Mugikortasuna bukatu ondoren, Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitatean aurkeztea xede instituzioak egindako egonaldiaren ziurtagiria, ikaslearen azken txostena eta dagokion deialdian eskatzen den gainerako dokumentazioa.

45. artikulua. Deialdiaren oinarriak ez betetzea.

1. Ikasleak ez badu betetzen arautegi honetan ezarritako mugikortasun programa edo hitzarmenetako parte hartzeko betekizunetakoren bat, dagokien deialdietakoa edo harrera egiten duen instituzioaren edo enpresaren arauetakoren bat, mugikortasun prozesua bukatutzat emango da.

2. NUPen nazio eta nazioarteko mugikortasun deialdien esparruan ikasleak aurkezten duen dokumentazioa faltsutzeak, eta hizkuntza frogetan iruzur metodoak erabiltzeak edo, NUPen mugikortasun deialdiekin lotuta egiten diren frogetan, ekarriko dute ikaslea hautaketa prozesutik baztertzea edo mugikortasun prozesuaren ebazpena baztertzea, ikaslea jada hautatua izan bada.

3. Mugikortasun prozesuaren ebazpenak berarekin ekarriko du jasotako laguntzak itzultzea, kasu bakoitzean eska daitezkeen bestelako erantzukizunak eskatzea galarazi gabe. Itzulketa ez bada egiten, NUPek bere egiten du ikaslearen ikasketa espedientea blokeatzeko eskubidea, harik eta ikasleak bere egoera zuzendu arte. Espedientea blokeatzeak Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gradu ikasketak arautzen dituzten arauetako 38. artikuluan ezarritako ondorioak edukiko ditu.

V. TITULUA

Goi mailako irakaskuntzako beste erakunde batzuetatik datozen ikasleen mugikortasuna: Sartzen diren ikasleak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua eta tipoak

46. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Titulu hau aplikatuko zaie mugikortasun hitzarmen edo programa baten esparruan, beste unibertsitate batzuetatik etorrita, NUPen ikasketa aldi bat egiten duten ikasleei.

47. artikulua. Ikasle tipologia.

NUPen mugikortasuna egiten duten beste unibertsitate batzuetatik etorritako ikasletzat hauek hartuko dira:

a) NUPen ikasketa ofizialak egiteko hartu diren ikasleak. Beren jatorrizko unibertsitateak hautatu eta NUPek onartu dituen nazioko edo nazioarteko truke programetako ikasleak, NUPen ikasketa aldi bat egiteko mugikortasun hitzarmen edo programa baten esparruan.

b) Ikasle bisitariak. NUPen ikasketa aldi bat egin nahi duten ikasleak, ikasketa ofizialetako ikastaroak eginez, mugikortasun hitzarmen edo programa batetik kanpo. Beren egonaldia ez da bi seihilekotik gorakoa izango, eta ez dute titulu ofizialik erdiesteko eskubiderik. Arautegi honen VI. Tituluan arautuak daude.

II. KAPITULUA

NUPen sartzeko baldintzak

1. ATALA

Ikasleen betebeharrak, aukeraketa eta parte hartzeko baldintzak

48. artikulua. Parte hartzeko baldintza orokorrak.

NUPen ikasketak egin ahal izateko, atzerriko ikastegi edo instituzioetatik datozen ikasleei eskatu ahalko zaie ikasketa horiek ematen diren hizkuntzaren maila jakin bat.

49. artikulua. Ikasleen hautaketa.

Mugikortasuneko ikasleen hautaketa egingo du jatorrizko unibertsitateak, mugikortasun programan edo hitzarmenean ezarritakoaren arabera, eta NUPi dagokio onarpenari buruzko azken erabakia.

50. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

1. Mugikortasuneko ikaslearen onarpenak ez dakar inolaz ere nazioaren lurralde osoan balio duten titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak egiteko indarrean diren legeetan unibertsitatean sartzeko betekizunak betetzen direlako aitorpena.

2. Mugikortasuneko ikaslearen onarpena kudeatuko du Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateak, ikasketak egingo diren ikastegiak Ikasketa Programa onartu ondoren, beharrezkoa bada. Horretarako, ikasleak dagokion ikasketa programa eta eskabidea bete eta igorri behar du garaiz eta forman, eta kasu bakoitzean zehazten den informazio gehigarria ere bai.

3. Mugikortasuneko ikasle guztiak ikastegi bati atxikiko zaizkio. Atxikipena, ezinbestez, Aldebiko Hitzarmenean zehazten den ikasketa arloak xedatuko du eta, halakorik ezean, ikaslearen Ikasketa Programan definituriko ikasketa arloak.

2. ATALA

NUPen egoteko erregimena

51. artikulua. Matrikula.

1. Mugikortasun hitzarmen edo programa baten esparruan mugikortasuneko ikasleek soilik dute aukera matrikulatzeko NUPen graduko edo graduondoko titulu bat eskuratzeko ikasketa-planetan azaltzen diren ikasgaietan.

2. Mugikortasuneko ikasleei aplikatuko zaie ikasle arruntentzat azterketei eta ebaluazio probei buruz ezarritako legeria indarduna.

3. Ikastegiek aukeran dute proposatzea NUPeko irakasgaietan matrikulatzen diren mugikortasuneko ikasleen kopuruak ez gainditzea ehuneko zehatz bat sartzen diren taldean. Irakasgai zehatz batean onartu izatea hartan ikaspostu betegabeak edukitzeak baldintzatuko du. Ikaspostuen eskatzaileak gehiago baldin badira betegabe dauden ikaspostu kopurua baino, ikastegiek egingo dute egin beharreko hautaketa.

4. Ikasleek iristeko daukaten data ofizialetik aurrera, gehienez ere lau asteko epea edukiko dute NUPen behin betiko matrikula egiteko. Data ofizial hori matrikula aldi bakoitzerako zehaztuko da. Epe hori iragan ondoren, ezin da aldaketarik egin NUPen matrikulan.

52. artikulua. Tasak eta prezio publikoak.

Trukeko ikasleak diren mugikortasuneko ikasleek salbuespena dute matrikularen prezio publikoak eta ikasketa-espedientea emateko tasak ordaintzeko, Arautegi honen 21. artikuluan ezarritakoaren esparruan. Mugikortasuneko ikasleek kirol instalazioak erabiltzeko, kultura-jardueretan parte hartzeko, hizkuntzak ikasteko eta curriculumetik kanpoko gainerako jarduerak egiteko ordaindu beharreko kopuruak ikasle arruntentzat diren baldintza berdinetan ordaindu behar dute.

53. artikulua. Egonaldia NUPen.

Mugikortasuneko ikasleek NUPen egingo duten ikasketa aldia ezin da ikasturte bat baino luzeagoa izan, salbu mugikortasun hitzarmenean edo programan denboraldi luzeagoa aurreikusita ez badago, edo inguruabar berariazkoak gomendatzen ez badute, ikastegiak proposatuta.

54. artikulua. Uko egiteak.

1. NUPen ikasketa aldia hasi ondoren, jarraitzeari uko egiten dioten ikasleek idatziz jakinarazi beharko diote Mugikortasuneko irakaskuntza arduradunari eta Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateari.

2. Ez dira itzuliko ordaindu diren tasak eta prezio publikoak, ez eta ikasleak egin duen beste edozein gastu ere NUPen egin duen egonaldia dela-eta, ez bada ukoaren atzean ezinbesteko kasuak daudela.

55. artikulua. Ikasketa ziurtagiriak.

1. Ikasketa aldia bukatu ondoren, NUPek jatorrizko unibertsitatera edo programara eta mugikortasuneko ikasleari igorriko die NUPen matrikulatutako norberaren ikasketa-ziurtagiria, arautegi honen 21.1 b) artikuluarekin bat.

2. Ikasketa aldiaren amaieran, unibertsitatean egin duten irakaskuntza egonaldiaren egiaztagiri bat emango die NUPek mugikortasuneko ikasleei. Inolaz ere ez dira egonaldi gisa ziurtatuko irakaskuntza egutegian eskola egun moduan ezarrita ez daudenak, horietan curriculumeko jarduerak egiten direla ez bada.

3. ATALA

Betebeharrak

56. artikulua. Betebeharrak.

1. Datozen mugikortasuneko ikasleen betebeharrak dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek oro har ezartzen dituztenak, eta bereziki honako hauek:

a) NUPen hastea ezarritako egunean, eta hasten ez bada ulertuko da uko egiten diela unibertsitatean onartua izatean sorrarazitako eskubide guztiei.

b) Eskatzen zaizkion agiriak bete eta aurkeztea NUPen ezarritako forma eta epeetan.

c) Egitea beharrezkoak diren tramite guztiak NUPen egonaldiaren aurretik eta bitartean, egoera juridikoa egokitu dakion nazio lurraldean atzerritarren egonaldiari buruz indarreko lege eta arauetan ezarritakoari.

d) NUPen egin beharreko aldi osorako aseguru mediko batez hornitzea.

e) Aprobetxamenduz betetzea ikasketa programa, eta hura garatzen den ikastegiaren arauei lotzea.

2. Betebehar hauek edo NUPeko ikasle arruntentzat ezarritako betebehar orokorrak betetzen ez badira, ikaslea NUPeko agintari akademikoen xedapenei lotuko zaie, eta bidezkoak izan daitezkeen beste erantzukizunez gainera, ekar dezake egonaldi akademikoaren edo mugikortasunaren bukaera Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik jasotako laguntza edo beka deuseztea eta itzultzeko betebeharra, bai eta NUPen etorkizuneko mugikortasun eta truke programetatik baztertua izatea ere.

3. Datozen mugikortasuneko ikasleei, Mugikortasun hitzarmen edo programaren berezitasunak galarazi gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle arruntentzat ezarritako araudi orokorra ezarriko zaie.

VI. TITULUA

Ikasle bisitariak

57. artikulua. Ikasle bisitari kontzeptua.

1. Ikasle bisitariak izango dira nazioko edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza erakundeetatik datozen ikasleak, NUPen edozein mugikortasun programa edo hitzarmenetik kanpo ikasketa ofizialetan egonaldi akademiko bat egin nahi badute.

2. Ikasle bisitariek ez dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizial bat erdiesteko eskubiderik izango.

58. artikulua. Ikasle bisitariak.

1. Onarpen-eskaerak Nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako gaiez arduratzen den kudeaketa-unitateari zuzenduko zaizkio, honek urtez urte ezartzen dituen forma eta epeetan, ikastegiek daukaten ahalmena doitu ahal izateko. Onarpen-eskaerarekin batera jarri beharko da ikasleak bere jatorrizko ikastegian izandako ikasketa-espedientea eta ikasleak NUPen egiteko proposatutako ikasketa programa. NUPek zilegi du atzerriko erakundeetatik datozen ikasleei beren Ikasketa proposamenean dauden irakasgaiak ematen diren hizkuntza horretan maila jakin bat eskatzea.

2. Onarpen-eskaera ebatziko du eskumena duen Errektoreordetzak, Ikastegiaren Zuzendaritzaren txostena ikusi ondoren.

3. Ikasle bisitariek NUPen matrikula prezio publikoak ordainduko dituzte. Prezio horiek Irakaskuntza zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoak arautzen dituen Foru Aginduan ezarritakoarekin bat onetsiko dira.

4. Ikasle bisitariek dagokien tasak ordainduko dituzte beren ikasketa-ziurtagiriak emateko eta igortzeko eskaera egiten dutenean.

5. Ikasle bisitarien egonaldi akademikoa ez da bi seihilekokoa baino luzeagoa izango.

6. Ikasle bisitariek egindako ikasketen eta lortutako kalifikazioen irakaskuntza egiaztagiria lortzeko eskubidea izango dute, baina ezin izango dute ikasketa titulu ofizial bat lortu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.–Araudi honetako aginduak genero femeninoan aipatzea gaztelaniako testuan.

Araudi honetan, gaztelaniako testuan, genero maskulinoan agertzen diren pertsonak, kolektiboak edo kargu akademikoak, horrela agertzen dira markarik gabeko genero gramatikala delako. Hala dagokionean, genero femeninoa duten formak ere baliozkoak izango dira aginduen aipamenetan.

Bigarrena.–Arautegi hau aplikatuko zaie Doktoretzako ikasleei eta ordezkoa izango da agintzen zaien arautegiari aurka egiten ez dion neurrian.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko ikasleen arautegi honetan dauden arauak aplikatuko zaizkie Lehen eta Bigarren Zikloetako Ikasketa Planetako ikasleei, plan horiek iraungi arte.

Bigarrena.–Arautegi honetan ezarritako Graduko titulazio ofizialetan Mugikortasun gaietan eskumena duten organo eta unitate guztiak, eskumendunak izango dira Lehen eta Bigarren Zikloetako Ikasketa Planetako titulazioen Mugikortasun gaietan, haiek iraungi bitartean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Arautegi honetan ezarritakoa urratzen duten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indargabetu dira eta bereziki honako hauek:

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen nazioarteko mugikortasun programak arautzen dituen Arautegia, Gobernu Batzordeak 2001eko uztailaren 3ko Erabaki baten bidez onetsia, (behin-behineko Gobernu Batzordeak 2003ko otsailaren 27an eta Gobernu Batzordeak 2003ko abenduaren 22an eta 2004ko abenduaren 2an onetsitako erabaki batzuen bidez aldatua).

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Erregelamendu honek.

Iragarkiaren kodea: F1416697