Iragarkia
249. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
503E/2014 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Martzillako Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Martzillako Udalak sustatu du plana.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2008ko otsailaren 12an Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz emandako txostenarekin hasi zen; bertan zeuden adierazirik hirigintzako udal plana eta Ingurumen ondorioen azterlana egitean ingurumenari dagokionez kontuan hartu beharreko alderdiak.
Udalak, 2011ko maiatzaren 18an eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hirigintza plana; 2011ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 31n, argitaratu zen iragarkiaren bidez eman zitzaion hasiera jendaurreko epeari.
Ondoren, 2012ko urtarrilaren 23an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak eskatu zuen plana osatzeko hirigintzako proposamenen ingurumeneko balorazioarekin, egungo uholde arriskuaren bateragarritasunarekin eta lurzoru urbanizaezineko azpikategoria bakoitzari esleitutako erabileren araubidea berrikustearekin, arautzen diren jardueren, balioen eta irizpideen arteko koherentzia lortu nahian.
Martzillako Udalak, 2013ko urriaren 28an, erabaki zuen hura berriz jendaurrean jartzea, iragarkia 2013ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, azaroaren 4an. Jendaurreko epe horietan, ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.
Martzillako Udalaren hirigintza planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 21,67 km². Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena eranskinean dago.
Martzillako lurraldea okupatzeko eredua honako hauek osatzen dute: batetik, bizitegitarako hirigune trinko bat, alde zaharraren inguruan, eta, bestetik, trenbidearekin, AP-15 Nafarroako Autobidearekin eta NA-660 errepidearekin bereizita, nagusiki jarduera ekonomikoetarako eta zerbitzuetarako den bigarren nukleo txiki bat La Azucarera alderdian, tren geltokiaren inguruan, bizitegitarako eremu bat daukana.
Hirigintzako planaren proposamenak hirigunearen ondo-ondoko bizitegitarako garapen berrietan gauzatzen dira, batik bat mendebaldera begira, industrialderaino ailegatuta, eta, hegoaldean, berriz, Aragoi ibairaino. Planaren tramitazioan, ezetsi da La Azucarera auzoa bizitegitarako handitzea.
Jarduera ekonomikoetarako eremu gisa, egungo industrialdeak finkatzen dira (El Campillo, Campobajo, lehengo 6. sektorea eta La Azucarera), eta aurreikusten da Campobajo industrialdea handitzea.
Herriko lurren baldintza nagusiak dira uholdeek har ditzaketen eremuak eta, azpiegiturei dagokienez, iparretik hegora udalerria zeharkatzen duten bideen sistemaren ondoriozko zortasunak (autobideak, errepideak eta trenbidea) eta horiek sortzen dituzten ukipen akustikoak.
Lur naturalaren okupazioa, eraldaketa eta galera nahiz erabileraren aldaketa dira ingurumenaren arloko ukipen nagusiak. Ingurumen ondorioen azterlanean irizten da eragin hori bateragarria dela, hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria handitzen baitira hirigunearen ondoko lurretan; izan ere, hori da hirigunearen zabalpen logikoa, Aragoi ibaiaren uholdeek ukituta egon gabe.
Uholdearen arriskuari buruzko azterlana, non zehazten baitira urak har ditzakeen eremuak eta arriskuen sailkapena, planeamendura eransten da, Ebroko Ardatza LAP 5ean ezarritakoaren arabera. Uraren Zerbitzuak, 2014ko urriaren 16ko txostenean, bi eremu zehazten ditu, hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizaezinean, uholde arriskuak ukituak:
–La Azucarera auzoa: 500 urtean behingo uholdeek ukitua, 7. poligonoko 203. lurzatian. Ikusi da Udal Planeko antolamendua ez dela Plan Partzialeko antolamendua, 2005eko uztailean onetsi zena. Arrisku handiko eremua adierazgarria ez denez gero, proposatutako erabilerak bateragarritzat jotzen dira; dena dela, gomendagarriagoa da ekipamenduen sistema arrisku eremutik urrun kokatzea proposatzen duen antolamendua.
–Contiendas SI-10: sektore horren araudian egungo arriskua jaso behar da, eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak izanen dira uholde arrisku handiarekin.
Lurzoru urbanizaezinean zedarritutako aisialdirako baratzeei dagokienez, LAP 5eko PN8 eranskinaren ondoriozko baldintzak betetzen badituzte eta lasterraren araubidea oztopatzen duen itxitura estankorik ez badago, baimengarriak izan daitezke urak har ditzakeen eremuetan.
Azkenik, “Arga eta Aragoi ibaien elkargunean uholde arriskua ebaluatzeko, kudeatzeko eta lurraldearen aldetik antolatzeko azterlana” (2010) oinarri hartuta, ondorioztatzen da 8. sektorean ez dagoela uholde arriskurik. Hartara, ez da babes neurririk hartu behar.
Ukipen akustikoei dagokienez, zaratari buruzko azterlan erantsian, planifikazio akustikoa egiteko neurri nagusia da trantsizio akustikoko eremuak identifikatu eta zedarritzea industria lurzoruaren ondoan dauden bizitegitarako eremuen artean (1., 3., 4. eta 6. sektoreak). Proposatutako neurriak zehazten du sektore horietako eraikuntzak 50 dezibelioko isofonatik kanpo geratuko direla. Nolanahi ere, neurri horiek lotesleak badira ere plan partzialetan –eta hala jaso da kasuan kasuko hirigintzako fitxetan–, ez dute bat egin sektoreen gainerako hirigintzako baldintzekin. Puntu hori agerikoa da, bereziki, S6 Sektorearen kasuan. Hartan, trantsizio akustikoko eremuak sektoreko azaleraren erdia baino gehiago okupatzen du eta horrek funtsezko aldaketa bat ekartzen du sektoreko hirigintzako baldintzetan.
Zaratari buruzko azterlanean, udalerriaren zonfikazio akustikoa jasotzen da, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat. Azterlana osatzeko, garraioaren azpiegiturak eta kirol instalazioak erantsi beharko dira eremu akustiko gisa.
AP-15aren inguruan (La Cerrada alderdia), garapen eredua babesteko lurzoru gisa eta bizitegitarako erabilerarekin eta autopistarekin bateragarria den eremu gisa sailkatutako esparruari dagokienez, kontuan hartuko da autobidearen zortasun eremuan kokatuta dagoela eta etorkizuneko erabilerak bidearen ukipen akustikoek baldintzatzen ahal dituztela.
Planaren memoriaren arabera, hornidura eta saneamendu aurreikuspenak bete ziren udalerria Mairagako Mankomunitatean sartuta eta Arga Behereko ur hondakinen araztegiko hustubidearekin lotuta.
Udalerriaren gainerakoan, ingurune fisikoari heltzen zaio Ingurumen ondorioen azterlanean zehaztutako lurraldearen azterketatik eta diagnostikotik eta lurzoru urbanizaezinaren ondoko sailkapenetik eta erregulaziotik, ingurumenaren, nekazaritzaren, basozaintzaren eta kulturaren arloko balioak ardatz izanik.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2012ko urtarrilaren 23ko txosteneko irizpenetan, Aragoi ibaiko labarren paisaia naturala identifikatu zen haren balioagatik paisaiaren aldetik, bai eta arrisku naturalen eremu gisa ere. Horretaz gain, udalerriko espaziorik aipagarrienak erantsi ziren, hala nola estepako faunaren intereseko eremuak: La Planilla eta Corralizas Bajas (interes oso handikoak) eta La Plana (interes handikoak), Caparroson eta Erriberrin jarraipena dutenak eta Tauste-Andia errege altxonbidearen eta La Plana erreka-zuloaren bidez, Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak izeneko BILarekin lotura dutenak, zein Natura 2000 Sarean eta abelbideen sarean sartuta baitago. Lurzoru urbanizaezinaren sailkapenean, intereseko habitaten mugaketa zuzendu behar da.
Lurzoru urbanizaezinerako proposatutako azpikategoriei dagokienez, kontuan hartuko da ez dagoela justifikaturik 8. poligonoko 58. lurzatia, nekazaritzaren erabilerakoa, jarduera bereziko eremu gisa sartzea. Zuzendu beharreko beste puntu bat da aisialdirako baratzeen esparruak duen balorazioa paisaiaren aldetik; izan ere, baratzezaintzaren jarduerarekin loturarik ez duten elementu eta eraikuntza batzuk, berez hiriaren esparrukoak direnak, ezarri eta ugaritzeak ekarri du kalitatea eta bereizgarritasuna galtzea aisialdirako baratze tradizionalen paisaian.
2014ko urtarrilaren 27an sartu zen Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuan Martzillako Udalak 2013ko abenduaren 26an hasiera batean onetsitako Hirigintza Planaren dokumentazio osoa.
Espedientearen barnean daude Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostenak, 2011ko ekainaren 17koa eta 2014ko martxoaren 12koa, abelbideei buruzkoak, Uraren Zerbitzuarenak, 2013ko urtarrilaren 21ekoa eta 2014ko urriaren 16koa, eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalarenak, 2012ko ekainaren 25ekoa eta 2014ko martxoaren 5ekoa.
Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du. Bertan aztertu du nola bete den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta nola gehitu zaizkion ingurumen baldintzak Martzillako Udalaren Plan Orokorrari. Aldeko txostena eman du, baina Ingurumen ondorioen adierazpen honetan adierazitako determinazioak hirigintza planean eransteko baldintzarekin.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Martzillako Hirigintzako Udal Planaren alde, Martzillako Udala planaren sustatzaile izanik.
2. Plana behin betiko onetsi aurretik, ohar hauek hartuko dira kontuan:
Uholde arriskuaren arlokoak:
“Uholde arriskua ebaluatzeko, kudeatzeko eta lurraldearen aldetik antolatzeko azterlana. Faltzes, Azkoien, Funes, Alesbes, Martzilla (Arga eta Aragoi ibaien elkargunea)” izeneko azterlanaren informazio berriena eta eguneratua abiapuntu izanik, ondokoa ondorioztatzen da:
–Uholde arriskuak ez duenez gero 8. sektorea ukitzen, ez dira aplikatu behar planeko hirigintza fitxan uholde arriskuari buruz zehaztutako baldintzak.
–La Azucarera auzoan, industrialdearen behin betiko antolatzeari dagokionez dauden kontraesanak argituko dira. Gomendagarria da ekipamenduak uholde arrisku handienak dituzten tokietatik urrun kokatzea (203. lurzatia, 7. poligonoa).
–Contiendas SI-10eko behin betiko sailkapena zehaztuta, hango araudian jasoko da erabilerak bateragarriak direla uholde arrisku handiarekin.
Ukipen akustikoak:
–Udalerriaren zonifikazio akustikoa osatuko da, kontuan izanik bai garraioaren azpiegiturak (garraioaren azpiegituren sistema orokorrei lotutako lurralde sektoreak, f motako eremu akustikoa), bai kirol instalazioak (jolastetarako eta ikuskizunetarako erabiltzen den lurzorua nagusi duten lurralde sektoreak).
–SR-1ean, SR-4an eta SR-6an trantsizio akustikoko eremu gisa zedarritutako lekuak sektore horietako hirigintzako baldintzak beteko dituzte, haien aplikagarritasuna aztertuta.
–Edonola ere, eraikitzeko lizentzia berriak emateko orduan, kontuan hartuko dira zaratari buruzko azterlaneko emaitzak, kalitate akustikoaren helburuak betetzeari dagokionez.
Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioa eta erabilerak:
–Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioaren planotik intereseko habitaten mugaketa kenduko da, beharrezko eskala aldaketa ez baita egin grafikoetan behar bezala interpretatzeko. Interes bereziko landareriaren kasuan, Alamos erreka-zuloaren inguruan intereseko habitatak daudelako aipamenak kenduko dira.
–Sotocontiendas alderdian, egungo nabeei dagokien esparruaren behin betiko sailkapena argituko da.
–Jarduera bereziko esparrutik 8. poligonoko 58. lurzatia kentzea, nekazaritzako erabilera duen lurzatia baita.
–Adi baterako pilaketei eta hondakinei dagokienez, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatuari jarraituko zaio.
Altxonbideak:
–Abelbideen sarea osatuko da, Vicaría adarra sartuz, zein udalerrian sartzen baita Campoalto bidetik, iparraldean, eta hegoaldera zeharkatzen baitu, kiroldegiko etorbidetik. X604022; Y4687157 eta X604217; Y4687218 koordinaden arteko tartean (hiri lurzoru finkatu gabea), planeamenduak beharrezko neurriak erantsiko ditu ahal dela eraikuntzek edo instalazioek okupatu gabe gelditzeko, eta trazaduraren jarraipena eta ibilbideen egokitasuna bermatzeko.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Martzillako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko azaroaren 7an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
ERANSKINA
Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena
Hirigintzako planaren jarduketa eremua Martzillako udal mugape osoa da, zeinek 31,67 km²-ko azalera baitu.
Martzillako Hirigintzako Udal Plana 1995eko maiatzetik aurrera indarra izan duten Arau Subsidiarioak ordezten ditu. Hortaz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen arabera eguneratu eta egokitu du hirigintzaren arloko araudia.
Funtsezko helburuak dira lurraldea okupatzeko estrategia eta udal eredua zehaztea, udalerria modu iraunkorrean garatzea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea. Planaren helburuak honako hauek dira: lehendik zegoen hiri bilbea mantendu eta hobetzea eta kultur ondarea babestea, batik bat alde zaharra, eta zabalgune berriekin behar bezala lotzea; halaber, bizitegitarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikorako lurzoruaren beharrei heltzea eta sistema orokorrak eta oinarrizko azpiegiturak aurreikustea eta hiri aurreikuspen berrietara egokitzea.
Martzillako lurraldea okupatzeko eredua honako hauek osatzen dute: batetik, bizitegitarako hirigune trinko bat, alde zaharraren inguruan, eta, bestetik, trenbidearekin, AP-15 Nafarroako Autobidearekin eta NA-660 errepidearekin bereizita, nagusiki jarduera ekonomikoetarako eta zerbitzuetarako den bigarren nukleo txiki bat, La Azucarera alderdian, tren geltokiaren inguruan.
Planaren proposamenak ondoko aurreikuspenetan zehazten dira:
–Egungo hiri lurzorua mantentzea eta bizitegitarako eremu nagusiak mendebaldera eta hegoaldera zabaltzea (SR-1, SR-2, SR-3, SR-4 eta SR-6 sektoreak) eta industria lurzorua bizitegitarako aldatzea (I-1, UO-27, UO-28 eta UO-29). Hasiera batean, La Azucarera auzoan garapen bat egitea planteatu zen, baina ondoren bertan behera gelditu da. Hartara, egungo eraikuntzak finkatzen dira.
–Jarduera ekonomiko eta industrialen eremutzat, egungo industrialdeak hartzen dira, hala nola El Campillo (7. sektorea), Campobajo (8. sektorea), La Azucarera (UC-17) eta freskagarrien eremua (lehengo 6. sektorea), eta mendebaldera zabaltzen da, egungo industrialdeetatik abiatuta (SI-8) eta Azkoiengo errepidetik iparraldera (SI-9).
–Hirigunearen inguruan garapen ereduari eusteko lurzoru eremu bat zedarritzen da. Hartan, bereizten dira, batetik, hirigunetik hurbilena dena, bizitegitarako zabalpen eremu gisa, eta, bestetik, autobidearen ondoan dagoena, bizitegitarako erabilerarekin eta autobidearekin bateragarria den eremu gisa.
Azpiegituren aurreikuspenen artean, hirigunetik iparraldera proposatutako saihesbidea nabarmentzen da, zein Martzillako udalerritik joateaz gain, Azkoienetik eta Funesetik ere joaten baita. Horretaz gain, lurzoruaren erreserba ere bada aipagarria, abiadura handiko trenbidearen trazadurarako.
Landa lurzoruari dagokionez, planaren helburuak dira ingurune naturala kontserbatzea, Aragoi eta Argako beheko tarteak izeneko BILa, ur horiek har ditzaketen eremuak eta abelbideak babestea berariaz lurzoru urbanizaezinaren barnean, eta landa lurren kategorizazioa ezartzea nekazaritzaren, abeltzaintzaren, paisaiaren, kulturaren edo ingurumenaren aldetik dituzten balioen arabera. Planak helburu du, halaber, paisaiaren baloreak identifikatu, babestu eta balioestea. Udalerriaren intereseko helburuen artean, lurzoru urbanizaezinean eraikuntza jarduerak erregulatzea nabarmentzen da.
Inguruen fisikoaren tratamenduari heltzeko, abiapuntua da Ingurumen ondorioen azterlanean zehaztutako lurraldearen azterlana eta diagnostikoa, baita ondotik egin den lurzoru urbanizaezinaren sailkapena ere, non azpikategoriak ezartzen baitira haietako bakoitzari babes araubide bat lotuta. Ingurumenaren balioko espazio gisa, hauek nabarmentzen dira: Aragoi eta Argako beheko tarteak izeneko BILa (Natura 2000 Sarea) eta babes bereziko eremuak, tartean Aragoi ibai ondoko eremua, labarren paisaia naturala eta estepako hegaztien intereseko eremuak (Planillas-Corraliza Baja) hartzen dituztenak.
Nekazaritzarako erabiltzen den lurrak honako hauei dagozkie: Ureztalurren Foru Planean sartutako ureztalurrak, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriak eraldatzeko UPSean aurreikusitako ureztalurrak, eta nekazaritzarako emankortasun handiko lurrak, natura aldetik ustiatzeko balioa izateagatik babestu beharreko lurzorutzat hartuak. Nekazaritzak lurraldearen gainean ekarri duen eraldaketa sakona dela eta, egungo formazio natural urriak Aragoi ibaiko galeria basoan eta Alamos erreka-zuloaren inguruko pinuen birlandaketan biltzen dira.
Udalerriko paisaiarik nabarmenenak dira Aragoi ibaiaren gaineko igeltsuzko labarrak eta Aragoi ibaia bera.
Udalerriko arrisku handienak identifikatu dira, hala nola Aragoi ibaiko urek har ditzaketen eremuak, baita luizi arriskua dutenak ere, identifikatuak eta lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioan sartuak. Ingurumen ondorioen azterlanak, bestalde, arriskutzat hartzen du akuiferoak kutsatuta gelditzeko kalteberatasun handia, hori baita kontuan hartu beharreko puntu bat landa lurzoruko jarduerak kokatzeko orduan.
Balio kulturalen artean, aztarnategi arkeologikoak eta abelbideen sarea daude: Tauste-Andia errege altxonbidea, P-9 eta P-5 pasabideak, San Silvestre T4 zeharbidea edo altxonbidea, Acequia del Molino adarra, Corral del Monte adarra, Montico adarra eta Vicaría adarra.
Ingurumen ondorioen azterlanaren edukia.
Ingurumen ondorioen azterlanak behar bezala zehazten ditu planeko helburuak eta planak hasiera batean garatu dituen proposamenak, hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta lurzoru urbanizaezina ukitzen dituztenak.
Udalaren Hirigintza Planak Foru Komunitatean indarra duten beste plan eta programa batzuekin duen elkarreragina aztertzen du labur: Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriak eraldatzeko UPSa eta abiadura handiko trenbidea, besteak beste.
Plana prestatzeko prozesuan, alternatibak planteatu dira lurraldearen azterketaren arabera, Martzillako Udalak atzemandako beharren eta aukeren arabera eta indarreko araudia betetzearen arabera.
Lurraldearen azterketan ingurune fisikoaren datuak biltzen dira, klimatologiaren, geologiaren, geomorfologiaren, klase agrologikoaren, higaduraren, hidrologiaren eta hidrogeologiaren gainekoak. Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, eremu mediterraneo horretan berezkoa den landarediaren serieak eta geoserieak identifikatu dira. Nekazaritzaren eta hiriaren erabilerarako azalera zabalak nabarmenki urritu du landareria naturala. Horren adibide nagusiak dira Aragoi ibaiko makaldiak eta lertxundiak, altxonbideko larreak eta Montico alderdiko pinu birlandatuak, udalerriko hegoaldean. Batasunaren Intereseko Habitaten Espainiako inbentarioaren arabera, sahasti eta makaldi mediterraneoak (92A0), larre mediterraneoak (6220) eta igeltsu gaineko sastrakadiak (1520*) identifikatu dira.
Labarrek, zerealen laboreek eta galeria-basoak faunaren intereseko biotopo ugari ekartzen dituzte. Haien artean lehorreko lurrak nabarmentzen dira, estepako hegaztiak hartzeko duten gaitasuna dela eta.
Lurraldearen diagnostiko horretatik abiatuta, ingurumeneko sei unitate bereizten dira, haietako bakoitzean nagusi diren landareak eta erabilerak laburbilduz.
Eraginen identifikazioan eta karakterizazioan, Ingurumen ondorioen azterlanean begiesten dira planeko proposamenak, lurzoru mota desberdinetarako aurreikusitako erabilerak eta lurzoruaren sailkapena bera. Eraginak baloratzen ditu atmosferaren kutsadurari, mugigarritasunari, hondakinen kudeaketari eta sorrerari, hondakin urari, baliabide berriztagarrien eta berriztaezinen kontsumoari, hidrogeologiari, geomorfologiari, landareriari, faunari, interes ekologikoko espazioei, ondare historiko eta kulturalari eta ukipen sozialei dagokienez.
Ingurumeneko eraginei buruzko balorazio orokorrean, azterlanak ondorioztatzen du Martzillako Udalaren Planak errespetatzen duela lurraldearen nortasuna; horretarako egungo erabilerak baimentzen dira, eta egungo baldintzak arautu eta hobetzen. Ingurumeneko faktore desberdinen gaineko eraginak bateragarritzat jotzen dira neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatu ondoren. 9. kapituluan neurri horiek garatzen dira, atmosferara isurtzen dena eta kutsadura akustikoa murrizteko, energia aurrezteko, hondakin urak kudeatzeko, uraren kontsumoa murrizteko eta berdeguneak kudeatzeko. Orobat, jardunbide egokiak jasotzen dira obrak gauzatzeko.
Dokumentazioaren parte dira Ingurumen ondorioen azterlana, zaratari buruzko azterlana, udalerriko zonifikazio akustikoa ekartzen duena, eta kalitate akustikoaren helburua betetzeari buruzko balorazioa.
Iragarkiaren kodea: F1415240
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
