248. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMAKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, hautaproben bitartez izangai zerrenda bat osatzeko, Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko

Mankomunitateko kideen batzarrak, 2014ko azaroaren 27an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen deialdi hau, ondoko oinarriei jarraikiz.

Deialdia, hautaproben bitartez izangai zerrenda bat osatzeko, Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko.

Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Bazkideen Batzarrak, 2014ko azaroaren 27an erabakia hartuta, deialdia onetsi du hautaproben bitartez izangai zerrenda bat osatzeko, Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko.

Deialdi hau egin da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluko 2. puntuaren c) atalaren edukiaren eta harekin bat heldu den gainerako legeriaren babespean.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, hura garatzeko eta betearazteko eman baitzen, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da hautaproben bitartez izangai zerrenda bat osatzea, Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko.

Lanpostua Nafarroako Administrazio Publikoetako D mailakoa da, eta Mankomunitatearen plantilla organikoan horretarako onetsitako lansaria izanen du.

Deialdian parte hartzeko, nahitaezkoa izanen da izangaiek euskaraz mintzatzen dakitela frogatzea, B2 mailaren edo titulazio baliokidearen heinean; horretarako, hizkuntza eskola ofizial batek edo bertze erakunde eskudun batek luzaturiko gaitasun agiria izan beharko dute, edo bertzenaz proba bat gainditu, izangaiek behar bezainbateko hizkuntza maila dutela frogatzeko.

Deialdia ebatzi eta izangaien behin betiko zerrenda onetsi ondoan, horrek lehentasuna izanen du Mankomunitatean gaur egun diren bertzelako zerrenda guztzien gainetik.

Mankomunitatearen eskumena izanen da aldi baterako bete beharreko lanpostuen ezaugarriak zehaztea (lanaldi mota, iraupena etab.), haien jatorrizko lanpostu hutsak gorabehera; orobat izanen da haren eskumena izangaien behin betiko zerrendaren funtzionamendu araubide edo sistema onestea.

Lanpostu honetarako aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hau subsidiarioa izanen da apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatuaren babespean enplegatu finkoekin etorkizunean eratzen ahal den bertze edozein zerrendaren aldean.

Hartara, zerrenda honek indarrean segituko du, baldin eta bertze deialdirik egiten ez bada Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzurako familia-langilearen lanpostua modu mugagabean betetzeko. Halakoetan, ezarritako hautaprobak gainditu dituzten langileen artean lanposturik eskuratu ez dutenek zerrenda bat osatuko dute, lehentasuna izanen duena, arauak baitio ebatzitako azken deialdi publikoa gainditu bai baina lanposturik eskuratu ez dutenek lehentasunezko eskubidea izanen dutela lanpostuak aldi baterako betetzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea. Zinpeko aitorpena erantsi da oinarri hauen eranskinari dagokionez.

e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

Zinpeko aitorpena erantsi da oinarri hauen eranskinari dagokionez.

f) Gidabaimena izatea B motako ibilgailuak gidatzeko, eta ibilgailua ere izatea.

g) Hizkuntza Eskolaren batek emandako gaitasun agiria izatea, edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den bertze titulazio bat; bertzenaz, izangaiak hizkuntza maila aski baduela zehaztuko duen proba gainditzea. B2 ezagutza maila edo horren parekoa eskatuko da.

Izangaiek deialdi honetan parte hartzeko eskaerak onartzeko epearen barrenean frogatu behar dituzte baldintza horiek guztiak, agiri bidez frogatu ere.

Deialdi honetatik bazterturik geldituko dira agiri horiek aurkezten ez dituztenak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

–Baldintza berezia, zerrenda azkenik osatuko duten lagunen titulazio berariazkoaren eskakizunaren gainean.

Aplikatzekoa den araudiaren kariaz noizbait eskatu behar bada lanpostu honetan aritzen direnek (Etxeko Laguntza Zerbitzuan lanlekua duten familia-langileak) teknikari sozio-sanitarioaren edo erizaintzako laguntzailearen titulua edukitzea, edo pertsonei gizarte eta osasun laguntza etxean emateko lanbide ziurtagiria edo horien baliokidea edukitzea, orduan aurkeztu egin beharko dute, lehenago egin ez badute.

3.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean (San pedro karrika, 8 bis, 31797, Larraintzarren, Ultzama), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz, 4. atalean emaniko epearen barrenean.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Eskabide eredua Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoetan eskuratuko da, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialetik, argitaratzen delarik.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda.

Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuz gero, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki oholean.

Egun horretatik aitzina eta ondoko bortz egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Burutzaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki oholean edukiko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du erran nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek, kontratatuak izateko deia jasotzen dutenean, aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Roberto Pascal Garcés, Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko batzarkidea, Mankomunitateko buruak horretarako eskuordetzen duena.

–Mahaikidea: Txaro Castañares Larrea, Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: bertze gizarte-langile bat, Nafarroako gizarte zerbitzuen bertze mankomunitate batekoa.

–Mahaikidea: Carmen Erice Esáin, Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia-langilea eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkari bat, beraiek hautatua.

–Mahaikidea: Ana Balda San Juan, Etxarri Aranazko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Nafarroako gizarte zerbitzuen bertze mankomunitate bateko langilea.

–Mahaikide idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean sarturiko udalerrietariko bateko bertze edozein idazkari.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Mankomunitateko buruari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, modu baliozkoan eratua izateko eta jarduteko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bertzenaz, haien ordezkoek.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

Oposizio-lehiaketan gehienez ere 100 puntu lor daitezke.

8.1. Merezimenduen balorazioa.

Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere lanpostuko eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala egiaztatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Merezimenduek, gehienez ere, 25 puntuko balorazioa izanen dute.

Epaimahaiak merezimenduak baloratu ondoan, horien emaitza jakinaraziko zaie izangaiei, probak egin baino lehen.

8.2. Euskara proba.

Hizkuntza Eskola Ofizialak emandako euskararen gaitasun agiririk edo horren baliokiderik ez duten izangaiek euskaraz badakitela frogatu beharko dute oposizioa hasi baino lehen. Horretarako, ahozko proba bat eginen dute eta hartan gai edo ez-gai kalifikazioa emanen zaie. B2 ezagutza maila edo horren parekoa eskatuko da.

Probak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak eginen ditu. Proba hori egin nahi duten izangaiek hautaprobetan onartuak izateko eskabidean adierazi beharko dute.

Proba hori burututakoan, gai kalifikazioa lortu dutenek edo gaitasun agiria nahiz baliokidea dutenek oposizio-lehiaketan parte hartzen ahalko dute.

8.3. Hautaprobak:

Hautapena ondotik ematen diren proben bidez eginen da; haien balorazioa 75 puntu izanen da, guztira.

–Lehen ariketa: idatzizko proba honetan, galdera sorta bati erantzun beharko zaio: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da baliozkoa. II. eranskineko gaiei buruzko galderak izanen dira. Erantzun okerrak zigortuko dira, haien puntuazioaren %25 jaitsiz.

–Bigarren ariketa: proba praktikoa izanen da, lanpostuan bete beharreko eginkizun eta lanekin ikusteko duena.

Epaimahaiak, bi probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du. Biak egun berean egiten ahal dira, epaimahaiak erabakitzen duen bezala egin ere.

Honela baloratuko dira hautaproben ariketak:

–Lehen ariketa: 0tik 30 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 15 puntu beharko dira.

–Bigarren ariketa: 0tik 45 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 22,5 puntu beharko dira.

8.4. Probetarako deialdi bakarra eginen da; hartara, izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean edukiko du Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki oholean eta probak egin diren tokian probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Mankomunitateko buruari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Berriz ere berdinketarik bada lehen ariketa ere baloratuko da. Eta gero merezimenduak. Hondarrean berriz ere berdinketarik bada, zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Zerrenda horren izena izanen da “izangaien behin betiko zerrenda.”

9.2. Behin betiko zerrendan agertzen diren izangaiei dei egiten ahalko zaie Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean gertatzen diren beharren arabera, betiere deialdi honen oinarrian ezartzen denari, ondoriozko zerrendaren funtzionamendu arauei eta aplikatzeko diren gainerako arauei jarraikiz.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta PFEZaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.4. Hautaproben ondotik eratzen den izangaien zerrendak bortz urteko indarraldia izanen du gehienez, behin betiko onesten denetik.

9.5. Probaldia:

Behin betiko zerrenda osatzen duten lagunek 5 eguneko probaldia izanen dute, ordezkapenen bat betetzera deitzen dituztelarik.

Epe hori iraganik, probaldia ez dela gainditu erabaki daiteke, eta horrek kontratuaren amaiera ekarriko, baldin eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko zerbitzu teknikoei iruditzen bazaie horretarako arrazoi aski badirela, gaitasun faltagatik, ardura faltagatik edo lanpostura ez egokitzeagatik, eta horrek sorrarazten badu errendimendu falta eta/edo egin beharrekoak ez egitea, eta horren ondorioz egindako zerbitzuaren kalitateari modu txar-txarrean eragiten.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Larraintzarren, 2014ko azaroaren 27an.–Mankomunitateko burua, Roberto Pascal Garcés.

I. ERANSKINA

Onartua izateko eskabidea

Deialdiaren datuak.

Lanpostua: familia-langilea, Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean lanlekua duena.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zenbaki honetan argitaratu zen: ............ eta data honetan: .................................................................

Datu pertsonalak.

Deiturak eta izena:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria:

Nazionalitatea:

Helbidea:

Herria eta probintzia:

Posta kodea:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Aurkeztutako agiriak:

Euskarazko agiria edo tiulu baliokidea (*).

Euskarazko maila frogatzeko euskara proba egin nahi dudala, deialdiaren 8.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz (markatu, hala bada).

(*) Deialdiaren oinarrietan ezarritakoari jarraituz.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betez, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Erregistro Orokorrari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu.

(Sinadura)
.................(e)n, 2014...(e)ko .............aren ..............(e)an

ULTZAMAKO, BASABURUKO, ODIETAKO, ATEZKO, ANUEKO ETA LANZKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak, epaimahaiak baloratuko ditu, baremo honi jarraikiz:

A.–Prestakuntza (gehienez ere 7 puntu).

A.1) Gizarte eta osasun laguntzako titulua eta/edo Erizaintzako laguntzaile titulua izatea; gizarte erakundeetan mendeko pertsonei gizarte eta osasun laguntza emateko lanbide ziurtagiria izatea (SSCS0208 kodea) eta/edo gizarte eta osasun laguntza etxean ematekoa (SSCS0108 kodea): 5 puntu.

A.2) Prestakuntza orokorreko ikastaroak eman edo hartu izana: gehienez ere 2 puntu.

A.2-1) Lanpostuarekin eta haren eginkizunekin ikusteko edukia duen ikastaro bakoitzeko, 8tik 20 ordu bitarteko iraupena badu: 0,50 puntu.

A.2-2) Lanpostuarekin eta haren eginkizunekin ikusteko edukia duen ikastaro bakoitzeko, 20tik 40 ordu bitarteko iraupena badu: puntu 1.

A.2-3) Lanpostuarekin eta haren eginkizunekin ikusteko edukia duen ikastaro bakoitzeko, 40 ordutik goitiko iraupena badu: 1,50 puntu.

8 ordutik beheiti irauten duten ikastaroek ez dute puntuaziorik eskuratuko.

B.–Laneko eskarmentua (18 puntu gehienez).

Familia-langile gisa toki entitateen etxeko laguntza zerbitzuetan lanaldi osoan lanean egindako urte oso bakoitzagatik: 3 puntu.

Zaharrendako eta/edo desgaitasuna dutenendako zuzeneko laguntzan, bertze administrazio publiko, enpresa publiko, laguntzako entitate, fundazio edo enpresa pribatu batean, lanaldi osoan lanean egiazki egindako urte oso bakoitzagatik: 1,5 puntu.

Oharrak:

1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Aitzineko bi ataletako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileek lan egindako administrazio publiko edo entitate pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, kontuan hartuko dira bai lan-kontratu finko nahiz aldi baterakoarekin, bai administrazio-kontratudun, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindako zerbitzuak.

3. Eskarmentuari dagozkion puntuetan xedatuari dagokionez, aldi baterako kontratuak beren iraupenaren proportzioan kontatuko dira.

4. Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bakoitzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.

5. Lanbideko eskarmentua frogatuko da kontratua egin duen enpresa edo administrazioaren ziurtagiriekin; haietan hauek agertu beharko dira: lanpostua, kontratuen hasiera eta bukaera datak (halakorik bada) eta bakoitzaren lanaldia.

6. Ez da lanbideko eskarmenturik baloratuko, pertsona partikularrendako etxeetan egina bada.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (Nafarroako 2006ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 20koa). 29, 30 eta 31. artikuluak.

2. gaia.–Ultzamako, Basaburuko, Odietako, Atezko, Anueko eta Lanzko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen ordenantza, indarra duen testuaren arabera. (2002ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 24koa, eta hasierako testuari egindako aldaketak).

3. gaia–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen ingurumarian. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Etxeko laguntza zerbitzua zer egoeratan behar den.

4. gaia.–Familia langileak etxeko laguntza zerbitzuan. Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Talde lana gizarte zerbitzuen barrenean, negoziazioa. Etika profesionala, gizarte zerbitzu oinarrizkoen barruan eta ELZn aplikatzea.

5. gaia.–Laguntza nola eman. Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen eguneroko jardunean. Gatazka egoerak gobernatzea. Zaintzaileen laguntza, etxez etxeko laguntza zerbitzutik.

6. gaia.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta aldaketa garrantzitsuenak, fisikoki, psikikoki eta sozialki. Eritasun arruntenak. Sindrome geriatriko handiak: dementzia eta depresioa. Sostengu eta laguntza pertsonaleko beharrak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

7. gaia–Desgaitasun fisikoak, psikikoak eta zentzumenezkoak. Ezaugarriak. Sostengu eta laguntza mailako beharkizun garrantzitsuenak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

8. gaia–Eri terminala artatzea. ELZren artatze-lana eta sostengua, heriotza prozesuan. Familia-langilearen egitekoa, eriarekiko eta haren ahaideekiko harremana. Arreta doluari.

9. gaia.–Mendekotasuna dutenen osasuna. Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, loa, ariketa fisikoa, norberaren higienea, ezbeharrei eta erorikoei aurrea hartzea. Lehen sorospenak.

10. gaia.–Etxebizitza egokitzea. Laguntza teknikoak norberaren zainketa lanetarako, mugitzeko eta etxea txukuntzeko. Berez baliatzeko zailtasuna dutenen etxebizitzaren egokitzapena.

IV. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena

Izena: ................................................................ adinez nagusia, NAN zenbakia: .................................................................., honako honen bidez zinpeko aitorpen hau egiten dut:

Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuan, lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa ditudala.

Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez nagoela, eta ez naizela inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan.

Honako hau sinatzen dudala, behar diren ondorioak izan ditzan, Larraintzarren (Ultzama), 2014ko .........aren ....(e)(a)n.

Sinadura:

Izena:

Iragarkiaren kodea: L1416316