Iragarkia
248. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Ordenantza fiskalak, 2015eko urtarrilaren 1etik
aitzina indarra izanen dutenak. Behin betiko onespena
Tafallako Udalak, 2014ko urriaren 13an egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zituen 13, 18, 19 eta 22. ordenantza fiskalak eta 16. ordenantza fiskalaren eranskinak.
Horien hasierako onespena 2014ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 21ean, eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko 30 egun balioduneko epea iraganik, inork ez duenez halakorik aurkeztu, behin betiko onetsirik gelditu dira.
Ondotik, ordenantza horien testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea bete beharrez.
Tafallan, 2014ko azaroaren 27an.–Alkatea, Cristina Sota Pernaut.
13. ORDENANTZA FISKALA: EZKONTZA ZIBILAK
EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
28. artikulua. Zergapeko egintza ezkontza zibilak egiteko zerbitzu publikoa ematea da, Kode Zibilaren aldaketari buruzko abenduaren 23ko 35/1994 Legearen babesean.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten hasten denean, hau da, interesdunek ezkontzaren eguna eta ordua zehazteko eskabidea aurkezten dutenean.
Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.
Ordaintzera behartuak
4. artikulua. Tasa ordaindu behar dute, zergadunak diren aldetik, ordenantza honen xede den zerbitzua eskatzen duten edo haren onuradunak diren pertsonek.
Tributuaren kudeaketa
5. artikulua. Udalean ezkontza zibilak antolatzeko ardura duen pertsonak egiaztatuko du tasa ordaindu dela.
18. ORDENANTZA FISKALA: IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTZEKO, ETA APARKAMENDU ESKLUSIBORAKO EDO GELDITZEKO LEKUA NAHIZ EDOZEIN MOTATAKO SALGAIEN ZAMALANAK EGITEKO EREMU PUBLIKOA ERRESERBATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
28. artikulua. Espaloietan barna ibilgailuak sartzea eta aparkamendu esklusiborako nahiz edozein motatako salgaien zama-lanak egiteko edo ibilgailuak gelditzeko eremu publikoa erreserbatzea, horra zergapeko egintza.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.
Erabilera edo aprobetxamendua urte naturala hasi eta gero egiten bada, seihileko osoaren tasa ordaindu beharko da.
Erabilera edo aprobetxamendua bukatzen denean, zenbat seihilekoetan egin den, horien guztien artean hainbanatuko da kuota.
Aprobetxamendu baten baja bat eta alta bat gertatzen direnean seihileko berean, seihileko horren tasa bakarrik likidatuko zaio aldi horren hasieran aprobetxamenduaren titularra zenari. Era berean jokatuko da lizentziaren eskualdaketa denean.
Ordaintzera behartuak
4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta Ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, toki entitatearen jabari publikoa beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.
Ibilgailuak espaloietan zehar sartzeko aprobetxamendu bereziko kasuetan, zergadunaren ordezko izanen dira ibilgailuendako sarrera horien sarbide diren finka eta lokalen jabeak. Halaber, azken hauek zilegi izanen dute dagokien onuradunei kuotak ordainaraztea.
Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egindako erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziengatiko tasak dagokien ordenantza fiskalak edo aplikagarri diren udal erabakiek aginduko dituzte.
Oinarriak, tasak eta tarifak
5. artikulua. 1) Espaloietan barnako pasabideko aprobetxamenduaren kasuan, ordenantza fiskal honen eranskinean ezarritako tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da erabilitako pasabidearen zabaleraren metroak, gehieneko plaza kopurua eta karrikaren kategoria fiskala kontuan hartuta, kasuan kasu.
2) Lekua erreserbatzen denean, erreserbatutako lekuaren luzera eta karrikaren kategoria fiskala hartuko dira oinarritako.
6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak ordenantza fiskal honen eranskinean agertzen dira.
Kudeaketa arauak
7. artikulua. Lizentziak emateko onesten den arauan xedatuak arautuko du lizentzietarako baimena.
8. artikulua. Ibilgailuak espaloira pasatzeko zintarria jaisteko lanak egitea beharrezkoa denean, Erabilera publikoko lurretan zangak, laginketak eta zuloak irekitzeko eta eremu publikoko zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritako tasak eta fidantzak ordaindu beharko dira.
Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Gordailua berreskuratu ahal izateko, Udaltzaingoaren eta kasuan kasuko zerbitzu teknikoen txostena beharko da, segurtasun eta trafiko arauak eta lizentzia hartzeko baldintzak bete eta lurzorua behar bezala konpondu duela egiaztatzen duena.
9. artikulua. Espaloietan barna ibilgailuak sartu eta lekua erreserbatzeko lizentziak emanik, behar den zentsuan sartuko dira titularrak.
10. artikulua. Seinalatzeko diskoak Udalak emanen ditu IV. epigrafean ezarritako tasa ordaindu ondoan, eta lizentziaren titularraren eginkizuna izanen da disko horiek paratu, mantendu, behar izanez gero berriro paratzea, eta erabilera edo aprobetxamendua bukatutakoan kentzea.
11. artikulua. Lizentziaren titularrak erabilera edo aprobetxamendua burutu eta gero zentsuan baja ematera beharturik daude, eta zintarria eta espaloia lehengoratzera. Era berean, seinalatzeko diskoak ere kendu beharko dituzte. Bertzenaz, ulertuko da aprobetxamenduak jarraitzen duela, zintarria eta espaloia lehengoratu eta diskoak kendu arte.
12. artikulua. Ikuskatzailetzako Udal Zerbitzuek eta Udaltzaingoak pasabide lizentziarik gabe aprobetxamendu hori jasotzen duten egoitza edo lekurik ikusten badute horien berri emanen diote Udalari.
ERANSKINA, HERRILURRAK APROBETXATU
ETA BALIATZEKO ORDAINDU BEHARREKO ESKUBIDE
ETA KANONAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALARI DAGOZKION TARIFENA (16. ORDENANTZA)
2014KO TARIFAK | 2015EKO TARIFAK | |
A1) Laboreko lurzatiak | (1) | |
–Lehentasuna dutenendako aprobetxamendua: | ||
–Lote ona | 110,91 euro/ha | |
–Hala-holako lotea | 68,95 euro/ha | |
–Zuzeneko aprobetxamendua: | ||
–Lote ona | 178,17 euro/ha. | |
–Hala-holako lotea | 119,29 euro/ha | |
A2) Ureztalurretako lurzatiak | 448,72 euro/ha | |
B) Erlauntzak (gutienekoa, 20,00 euro) | 1,70 euro/kaxa | 1,70 euro/kaxa |
C) Legarra ateratzea | 3,85 euro/m³ | 3,85 euro/m³ |
D) Harria ateratzea | 4,05 euro/1.000 kg | 4,05 euro/1.000 kg |
E) Belarrak eta urak (2) | ||
F) Ehiza barrutia, hitzarmenaren arabera | ||
| ||
19. ORDENANTZA FISKALA: HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBO EDO APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
28. artikulua. Zergapeko egintzak dira herriko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak, hala nola:
a) Erabilera publikoko zorupea okupatzea.
b) Erabilera publikoko lurrak salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntal, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez okupatzea.
c) Pisuetako burdinsareak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko herriko edozein eremu publikotako zoru edo zorupean kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako hargunea ere.
d) Toki entitateko edozein eremu publikoko hegalkina ukitzea, eraikinak ixteko elementu, terraza, behatoki, balkoi, markesina, olana edo gisako instalazioekin, eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren hegalkinak, eta balkoi eta terrazak kristalez ixtea.
e) Toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko bestelako lurretan edo haien hegalkinean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo beste edozein isurkari eramateko; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burni-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.
f) Irabazteko xedearekin mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.
g) Eremu publikoan kioskoak paratzea.
h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun, atrakzio eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.
i) Portada, erakusleiho eta beira-arasak.
j) Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko lurretan kokatutako artikulu edo salgaiak.
k) Toki entitateko jabari publikoko lurrak okupatzen dituzten edo herriko errepide edo eremu publikoetatik ikusgarri diren iragarkiak jartzea.
l) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, herriko eremu publikoetan.
m) Azienda herriko eremu publiko edo jabari publikoko lurretan barna igarotzea.
n) Banku entitateen fatxadetan ezarritako kutxazain automatikoak eta bideo denden eta gainerakoen saltzeko makinak, erosleak karrikatik erabiltzen dituenak.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.
Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe ere erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, zerga jasan beharra eta ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa ordaindu beharra sortuko dira. Pagatzeak, baina, ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke eta, kasua bada, zigorrak ezarrita.
Ordenantza honen xede diren erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sorrarazpena agintzen duten kasuetan, tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zerga aldia urte naturala izanen da edo sasoiko epea, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zerga aldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko, mahai eta aulkien kasuan izan ezik.
Mahai eta aulkien kasuan, hainbanaketa eginen da lehenbizi sasoiko hilabeteei dagokien tarifa aplikatuz eta gainerako hilabeteak, sasoikoen tarifekiko diferentzia kontuan hartuz.
Mahai eta aulkien lizentzia eskuratutako eskatzaileak uko egiten badio, ez da kontuan hartuko ondorio fiskaletarako hainbanaketari dagokionean.
Lurzoruaren okupazioa gizarte eta/edo hezkuntza arloko irabazi asmorik gabeko erakundeek egiten badute, kontzeptu horrengatik ordaindu beharreko tasatik salbuetsiak izaten ahalko dira.
Ordaintzera behartuak
4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin edo zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.
Eremu publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titular edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.
5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, hegalkinean eta zorupean egindako erabilera edo aprobetxamenduen tasak horien gaineko ordenantza fiskalen edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.
Oinarriak, tasak eta tarifak
6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da erabileraren edo aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.
7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
Kudeaketa arauak
8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aitzinetik zenbateko hori gordailutako uztera ere.
Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.
Eremu publikoa edukiontziekin okupatzen bada, eremu publikoan edukiontziak paratzeari buruzko Ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz finkatuko da gordailua.
Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpontzen den islatuko baita.
9. artikulua. Erabilera dela eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki konponezintzat hartuko diren kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan eta 20 urte baino gehiagoko zuhaitzetan egindakoak izanen dira.
Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.
10. 1) Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa sei hilabetetik behin ordaindu beharko da, Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.
2) Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.
3) Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion bulegoan eginen da. Tasa lizentzia edo kontzesioa eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan eginen da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.
Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordain daiteke hiruhileko mugaeguna iragandakoan. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa erabilera edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago.
4) “Mahaiak eta aulkiak” izeneko 1. epigrafeari dagokionez, Udalak baimena osorik balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.
Lizentzia eskuratu ondotik eskatzaileak uko egiten badio, horrek ordaindu beharko du zenbat denboratarako eskatu duen huraxe.
“Mahai eta aulkien” tasa likidatuko da aurreko urteko errolda kontuan hartuta, herriko festen aldiko “mahaiak eta aulkiak” izan ezik, azken hauek ez baitira automatikoki berritzen.
22. ORDENANTZA FISKALA: MERKATU PLAZAREKIN,
KALEZ KALEKO SALMENTAREKIN ETA FERIA BARRUTIAREKIN IKUSTEKO DUTEN ERABILERA PRIBATIBOAK, APROBETXAMENDU BEREZIAK, ZERBITZUAK ETA JARDUERAK EGITEKO
TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
28. artikulua. Eremu publikoan eta herrilurretan ondoko erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezi hauek egitea da zergapeko egintza:
a) Merkatu plazan saltokiak okupatzea.
b) Merkatu plazako hozkailu publikoak erabiltzea.
c) Merkatu plazan eta erabilera publikoko lurretan lekuak okupatzea kalez kaleko salmenta egiteko.
d) Feria eta erakusketarako barrutian lurrak okupatzea, eta instalazioak eta zaintza zerbitzua erabiltzea.
3. artikulua. Honelakoetan ez da prezio publiko hau ordaindu beharko:
a) Otsailean eta urrian egiten ohi diren abere ferietan aziendak ekartzen dituzten abeltzainek lurrak okupatzeagatik.
b) Halako feria edo erakusketa batzuek gizarte, kultura edo hezkuntza aldetik dituzten ezaugarriengatik, Udalak, komenigarri juzgatzen badu, dagozkien tasetan osorik edo partez hobaria ematen ahal die. Hobari hori okupazio lizentziarekin batera emanen da.
Ordaindu beharra noiz sortzen den
4. artikulua. Prezio publiko hauek ordaindu beharra Udalak behar den lizentzia ematen duenean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.
5. artikulua. Udal lizentziarik izan gabe aprobetxamendua hasten bada, arau honetan ezarritako prezio publikoak pagatzeak ez ditu izandako aprobetxamenduak legeztatuko eta kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.
Ordaintzera behartuak
6. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik arau honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera:
a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren onurak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.
b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.
c) Aprobetxamendua utzi arren Udalean baja aurkezten ez dutenak.
Karga-oinarria
7. artikulua. Tarifak aplikatzeko karga-oinarriak hauen araberakoak izanen dira:
a) Merkatu plazan saltokiak okupatzen badira: diru-kopuru finko bat, zer saltoki den, hainbertze.
b) Merkatu plazako hotz zerbitzuak erabiltzen badira: zenbat kilo sartzen den, eta zenbat egunetan, hainbertze.
c) Kaleko salmentaren tasak: diru-kopuru finko bat, zenbat metro karratu okupatzen diren, hainbertze.
d) Feria eta erakusketarako barrutian lurrak okupatzeko, eta instalazioak eta zaintza zerbitzua erabiltzeko tasak: diru-kopuru finko bat, zenbat metro karratu okupatzen diren, hainbertze.
e) Gisako xedeetarako lurrak bertzela okupatzen badira: zenbateko finkoa.
Tarifak
8. artikulua. Tarifak Udalbatzak onetsiko ditu urteoro.
Kudeaketa arauak
9. artikulua. Saltokien okupazioa Merkatu plaza horien gaineko erregelamenduan xedatutakoaren arabera gobernatuko da, baita hotz instalazioen erabilpena ere.
10. artikulua. Kaleko salmenta Merkatu plazako beheitietan eta/edo Udalak erabakitzen duen tokietan eginen da, ortziral guztietan, toki horiek aldatzea erabaki ezik.
Inoiz ostirala jaiegunarekin suertatzen bada, aitzin-aitzineko ostegunera aldatuko da.
11. artikulua. Merkatu plazako tokiak kaleko salmenta egiteko okupatuz gero, horiek interesatuek ahoz eskatuta esleituko ditu merkatuzainak, eskabide ordenari hertsiki lotuz.
12. artikulua. Udalbatzak aldi bakoitzean zehazten dituen tokietan salmenta egiteko, interesdunek idatziz eskatu beharko diote Udaltzaingoari.
Hiruhileko, seihileko edo urteko postu finkoak dituztenei espazioa erreserbatuko zaie ondoko aldietarako, Tafallako Udalarekin zorrik ez badute; izanez gero, ez zaie erreserbatuko.
13. artikulua. Kaleko salmenta egiteko, horretan aritzen diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek Udalaren lizentzia edo patentea beharko dute.
14. artikulua. Tafallako udal mugapean, herriko industriariek eta dendariek kalean aritzeko lizentziarik edo patenterik ez dute behar, ordea, erroldan edo Lizentzia Fiskalaren erregistroan altan agertzen badira gisako jarduera batengatik.
15. artikulua. Nekazariek edo artisauek ere ez dute beharko kalean aritzeko lizentziarik edo patenterik, beren uztako produktuak edo berek egindakoak jartzen badituzte salgai, zerga aldetik bete behar dituzten gainerako eginbeharrak ukatu gabe.
16. artikulua. Denda-ibilgailuen bitartez, toki entitateko edozein egunetan eta lekutan egin daiteke kaleko salmenta, aitzinetik baimena izanda.
17. artikulua. Feria barrutietan lurrak okupatu ahal izateko, eskabidea egin beharko zaio Udalari eta horrek, organo eskudunaren bidez, esleipena eginen du eskabide ordenari jarraikiz, eta feria bakoitzarentzat aurreikusten den banaketaren barnean.
Hala ere, beranduegi aurkezteagatik Udalak, Osoko Bilkurak edo Tokiko Gobernu Batzarrak ebatz ez ditzakeenak, alkateak ebatziko ditu, edo bertzenaz idazkariak, edo bertzenaz udaltzainburuak.
Diru-bilketa
18. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusitako prezioen diru-bilketa, honela eginen da:
a) Merkatu plazako saltokiak okupatzeko prezioen diru-bilketa merkatuzainak eginen du. Haien ordainarazpena hilero eginen da eta “jakinarazpen gabekotzat” hartuko da. Horien ordainketaren iragarpena bando bidez eginen da, Merkatu plazako iragarki oholean jarriko da, eta, hortik aitzina, 30 egun balioduneko epea izanen da pagatzeko.
Hala ere, zergadunek tasen ordainketa banku edo aurrezki entitateren batean helbideratzeko erabakia hartzen ahal dute, horrela nahi izanez gero.
b) Merkatuko hotz instalazioak erabiltzeko prezioen ordainarazpena merkatuzainak eginen du hilero, eta ordainagiria aurkeztu bezain agudo ordaindu behar dira.
Merkatuzainak behar den likidazioa asteoro aurkeztuko du Ogasun Bulegoan, baita behar den diru-kopurua Udalaren Diruzaintzan utzi ere.
c) Merkatuan kaleko salmentan aritzeko, lekua okupatzeko prezioen ordainarazpena merkatuzainak eginen du eta bere hartan ordaindu behar dira. Diru-bilketa bukatuta, behar den likidazioa aurkeztuko du Ogasun Bulegoan, baita aldi berean behar den diru kopurua Udalaren Diruzaintzan utziko ere.
d) Kaleko salmenta merkatutik kanpora egiten bada, Udal Diruzaintzak eginen du diru-bilketa; Udaltzaingoak, berriz, saltokiak kontrolatuko ditu eta behar baino metro gehiago okupatzen badira, horiek kobratu. Likidazioa Ogasun Bulegoan aurkeztuko du, baita aldi berean behar den diru kopurua Udalaren Diruzaintzan sartuko ere.
e) Feria barrutietan eta erakusketetan lurra okupatzeagatik eta bertze eskubideengatik, diru-bilketa Ogasun Bulegoak eginen du.
Jaiegunetan bada, diru-bilketa Udaltzaingoak eginen du, eta berak aurkeztuko du behar den likidazioa Ogasun Bulegoan, baita, aldi berean, behar den diru kopurua Udalaren Diruzaintzan sartu ere.
19. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea aplikatuko dira.
Iragarkiaren kodea: L1416358
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
