Iragarkia
248. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko azaroaren 6koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Clen College SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Iruñeko Clen College SL entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31004652011997) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko uztailaren 31n sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko maiatzaren 5ean izenpetu eta 2014ko azaroaren 5ean zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko azaroaren 6an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia. Imelda Lorea Echavarren.
CLEN COLLEGE ENPRESAREN VII. HITZARMENA
I. KAPITULUA
Eremuak
1. artikulua. Langile eremua. Hitzarmen honek CLEN College, “Centros Lingüísticos”-en lan kontratuaren araubidean aritzen diren langile guztiak ukituko ditu, salbu eta departamentuetako zuzendariak, haiek berariaz aipatzen ez diren artikuluetan, bai eta artikuluotan aipatzen diren beste langile talde batzuk ere.
2. artikulua. Iraunaldia. Hitzarmen honek 2012ko urtarrilaren 1etik 201xeko abenduaren 31 bitarte iraunen du.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera hartuko du indarra. Halaber, ondorio ekonomikoak izanen ditu eta arau gisa aplikatuko da 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, salbu eta beste data bat adierazten den artikuluen kasuan.
Hitzarmenaren amaiera iragarriko da, besterik gabe, indarraldiaren azken egunean. Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute elkarrizketan hasteko, gehienez ere, hitzarmenaren edo luzapenaren mugaeguna baino hilabete bat lehenagotik.
Beste hitzarmen bat sinatu bitarte indarrean segituko dute testu honetako arauek.
II. KAPITULUA
Batzorde paritarioa
3. artikulua. Batzorde paritarioaren eraketa. Batzorde paritarioa eratuko da hitzarmen honen interpretazio, bitartekotza, arbitraje eta segimendurako.
Batzorde hori, enpresaren ordezkariek izendatutako hiru kidek osatuko dute, bai eta langileen ordezkariek izendatutako beste hiru kidek ere, hitzarmen hau negoziatu duten erakunde sindikalen artetik.
Batzordeak jardun eta ebazteko epea 7 egun baliodunekoa izanen da, edozein alderdik deialdia egiten duenetik aurrera. Deialdian zehaztu beharko da irekitako prozeduraren arrazoia.
Prozedura hasteko eskaera jasotakoan, batzordea hiru egun balioduneko epean bildu beharko da, eta egiten zaion kontsultaren edo eskaeraren gaineko iritzia bost eguneko epean eman beharko du.
Bi aldeetako gehiengoaren botoz hartutako erabaki edo ebazpenak lotesleak dira alde horientzat.
Batzorde paritarioak esku hartu behar du derrigorrez, alderdiek administrazioko edo justiziako organo eskudunera jo aurretik (Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegia, lan arloko epaitegiak, justizia auzitegiak...), bertan zein prozedura hartu den kontuan izanda.
4. artikulua. Funtzionamendua. Alderdi batek eskatzen duenean bilduko da Batzorde paritarioa.
Nolanahi ere, Batzorde paritarioa sei hilean behin bilduko da (ekainean eta abenduan). Bilerako edukiak gutxienez hamabost egun lehenago jakinaraziko dira idatziz.
III. KAPITULUA
Lanaren antolaketa
5. artikulua. Enpresako lanaren diziplina eta antolamendua enpresaburua den pertsona fisiko zein juridikoaren ahalmena da, eta une bakoitzean lege indardunek eta barne xedapenek ezarritakoari lotuko zaio, betiere, aldez aurretik langileen ordezkariei kontsulta eginez.
IV. KAPITULUA
Kontratazioa, lan taldeak, lan eta eginkizun kategoriak
6. artikulua. Kontratazioa. Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek unean-unean indarra duten legezko kontratazio modalitateetako edozein jasotzen ahal dute.
Kontratazioa legezko xedapen indardunen arabera formalizatuko da. Enpresak kontratatu baina, iraupenari dagokionez, inolako modalitaterik hitzartzen ez duten langileen kasuan, probaldia amaitutakoan mugagabekotzat hartuko dira, aldi baterakoak zirela frogatzen ez bada behintzat.
Kontratu idatzirik ez duten langileak, haien harremana lanekoa ez dela frogatu ezean, lanaldia amaitutakoan finko bihurtuko dira, bai eta legezko luzapenak bukatu eta enpresarako lanean segitzen dutenak ere.
Enpresak behar baldin badu eta, Zuzendaritzaren iritziz, langileek baldintza guztiak betetzen badituzte, lehenik lanaldi partzialeko modalitatean kontratatutako langileei aukera eskainiko zaie euren lanaldia luzatzeko.
a) Aldi baterako kontratua, ekoizpenaren inguruabarrengatik.
Lan hitzarmen kolektibo honen eranginpeko enpresek eta langileek Langileen Estatutuaren 15. artikuluko 1.b) atalean ezarritako iraupen jakineko kontratu bat sinatuz gero, kontratu horrek gehienez bederatzi hilabeteko iraupena izanen du hamabi hilabeteko aldian. Hamabi hilabete horiek haren erabilera eragiten duen arrazoi edo inguruabarrak hasten diren egunean hasiko dira kontatzen.
Baldin eta 9 hilabetetik beherako eperako ituntzen bada, luzatzen ahalko da aldeak ados jarrita, baina kontratuak ez du gehieneko muga hori baino gehiago iraunen.
b) Obra edo zerbitzu jakin bat egiteko kontratuak.
Obra edo zerbitzu bat egitea helburu dutenak, zentroaren jardueren barnean autonomiadunak. Kontratuan argi eta garbi zehaztu beharko da kontratazioaren izaera, eta behar bezala azaldu beharko da zein den kontratuaren xedeko eginkizuna edo lana. Kontratuaren iraupena obra edo zerbitzua egiteko behar dena izanen da.
Aurreko lerroaldearen aplikazio ondorioetarako, obra edo zerbitzu jakinetarako kontratua izanen da eta balio hori izanen du honakoetan: enpresak, hirugarrenekin, edozein enpresa pribatu zein esparru guztietako erakunde eta administrazio publikoekin, akordioak sinatzen dituenean, zerbitzuak edo prestakuntza ikastaroak eskaintzeko, eta kontratu edo akordio horien ondoriozko zerbitzuekin lotutako jardueretarako langileak kontratatzen dituenean.
Aurreko lerroaldean azaldutako kontratazioak, obra edo zerbitzu jakinetarako, ez du legearen arabera baimendutako lan kontratatazio mota horren beste edozein aplikazio edo erabilera inola ere galaraziko.
Orobat, kontratu mota hori erabiltzen ahalko da baldin eta langileak, aurreko kasuetako batean egoteaz gain, zentroan berean taldeei eskolak ematen badizkie.
7. artikulua. Kontratazio mugagabea. Enpresa –bere ahalmenaren, profilen eta beharren arabera– saiatuko da laneko lotura iraunkorrerako formulak ezartzen, indarreko araudian ezarritako moduren bat erabiliz (mugagabea, aldizkako finkoa, lanaldi partzialeko mugagabea...).
8. artikulua. Probaldia. Lan hitzarmen honen arabera, langile kontratudunek probaldi hau gainditu beharko dute:
–I. taldeko kategoriek, 3 hilabete.
–II. taldeko kategoriek, 2 hilabete.
Denbora hori antzinatasuna kalkulatzeko kontatuko da. Aurreko kontratuak direla-eta probaldia gainditu duten langileei ez zaie probaldia eskatuko.
9. artikulua. Kategoriak eta lanbide taldeak. Enpresak hurrengo talde eta kategoriei jarraikiz kontratatuko ditu langileak. Kategoriak sailkapen konturako dira eta ez da beharrezko guzti-guztiak betetzea enpresak behar ez baditu.
–I. multzoa: Irakasleak.
- 1. mailako irakasle titularra.
- 2. mailako irakasle titularra.
–II. multzoa: Administrazioa:
- Administrazioko burua.
- Pedagogiako zuzendaria.
- Merkataritzako zuzendaria.
- Koordinatzailea.
- 1. eta 2. mailetako administrari-ofiziala.
- Administrari laguntzailea.
- Merkataritza-agentea.
10. artikulua. Laneko kategorien definizioa.
–1. mailako irakasle titularra. Enpresaren iritziz irakaskuntzako arlo diferenteetan hiru urtetik gorako esperientzia duten irakasle lizentziadun edo diplomadunak dira, hau da, edozein ikastaro eman ahal izateko gaitasun nahikoa azaldu eta frogatu dutenak.
–2. mailako irakasle titularra. Hiru kasu bereizi behar dira:
- Lizentziadunak.
- Diplomadunak, ikaskuntzan esperientzia dutenak.
- Lizentziaduna edo diplomaduna ez izan arren, frogatutako esperientzia dutenak.
1. mailako irakasle titularraren kategoriara pasatzeko, irakasleak zerbitzuak eman beharko ditu, hiru urtez jarraian, eta halaber, enpresak eskainitako prestakuntza jardueretara jo. Gainera, prestatzailearen aldeko txostena eduki behar da, bai eta, enpresaren iritsiz, zentroko jardueran parte hartu izana ere.
–Administrazioko burua: Enpresaren zuzendaritza administratiboa eta idazkaritza haren kargura daude.
–Merkataritzako zuzendaria: merkataritza-burua da; salmenten politikak eta helburuak ezartzen ditu, enpresaren publizitateaz eta marketinaz arduratzen da, eta hirugarrenekin sinatu beharreko merkataritzako akordioetan enpresaren ordez aritzen da. Administrazioko buruaren menpe egonen da zuzenean.
–Pedagogiako zuzendaria: hezkuntza jarduerak, alderdi guztietatik, eta bere gain uzten zaizkion beste batzuk zuzendu, bideratu eta ikuskatzeko arduraduna da. Administrazioko buruaren menpe egonen da zuzenean.
–Koordinatzailea: Pedagogiako zuzendariari lagundu eta, beharrezkoa denean, haren eginkizunetan ordezten du. Honakoon ardura du: koordinazioa, ordutegiak betetzen direla begiratzea, zentroko ikasle eta irakasleen ordena eta diziplina. Kargu hori irakasle lanekin osatuko du.
–1. mailako administrari-ofiziala: horretarako kontratatua eta, gainera, enpresaren administrazio eta kudeaketa alorrean eginkizun jakin bat menderatu eta ongi ezagutzen du.
–2. mailako administrari-ofiziala: horretarako kontratatua izan arren, bere lana ongi betetzeko esperientzia nahikorik ez du, edo 1. mailako ofizialaren lanpostua ezin du bete, enpresak halako lanpostu hutsik ez duelako edo betebehar horiek egiteko 1. mailako ofizialaren prestakuntza edo espezializazioa beharrezkoak ez direlako.
–Administrari laguntzailea: Administrazioko lanak egiten ditu, burokratikoak, liburutegiaz arduratu, telefonoa hartu, harrera lanak eta Administrazio eta Zuzendaritzako departamentuarekin lotutako gainerako zerbitzuak.
–Merkataritza-agentea: enpresak eskaintzen dituen ikastaroak sustatu eta saltzeaz arduratzen da, enpresako titularrak zuzenduta eta gainbegiratuta.
11. artikulua. Kategoria funtzionalak. Aurrerantzean bestelako antolakuntza mota ezartzea deusetan galarazi gabe, hona hemen eginkizun-kategoriak:
–Ikasketaburua.
–Koordinatzailea.
12. artikulua. Eginkizun-kategorien definizioa eta ezaugarriak. Enpresako zuzendaritzak berezko dituen eginkizunak nori esleitzen dizkion, horrek beteko ditu. Kategoria hori eta ondoriozko tratamendua izanen ditu eginkizun hori betetzen duen bitartean. Beraz, eskuratutako eskubiderik ez da finkatuko.
–Departamentu-zuzendaria: Enpresak aginduko dio haren departamentuaren eta langileen jarduerak zuzendu, bideratu eta ikuskatzeko.
–Koordinatzailea: eskola-ordu batzuk izateaz gain, behar diren ordezkapenak eginen ditu. Era berean, azterketak eta mailakatze probak prestatzen ditu, inbentarioko datu-basea mantentzen du, irakasleei laguntzen die, materiala eskatu eta banatzen du, ikastaroetako programak diseinatu eta idazten ditu eta, oro har, ikasketa-zuzendaritzari laguntzeko esleitzen zaizkion eginkizunak betetzen ditu.
13. artikulua. Lana uztea. Langileak, enpresak aginduta, lanpostua uzten badu, enpresak hamabost egun lehenago jakinarazi beharko dio kontratua amaitu dela, xede horrekin legeek ezarritakoa betetze aldera.
Langilearen borondatez uzten bada lana, horrek idatziz jakinarazi behar dio enpresari, gutxienez 15 egun lehenago. Hori bete ezean, enpresak likidaziotik kentzen ahalko dio egun bateko soldata abisua berandu ematen den egun bakoitzeko, 15 egunera bitarte.
Enpresak aurreabisua behar den denboran eta moduan jasotzen badu, langileari dagokion likidazioa ordaintzera behartua egonen da. Obligazio hori betetzen ez bada, langileak eskubidea izanen du egun bateko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko, 15 egunera bitarte.
Probaldian, langileak 10 egun lehenago eman beharko du horren berri.
V. KAPITULUA
Lanaldia, Oporrak, Baimenak, Maila-igoerak, Eszedentziak, Erretiroak, Amatasuna
14. artikulua. Lanaldia. Hitzarmen honen indarraldian, langileen urteko lanaldia, gehienez, hauxe izanen da:
–I. multzoa: 1.428 ordu.
–II. multzoa: 1.675 ordu.
Gainera, irakasle titularren urteko lanalditik kanpo (oinarrizko soldata eta garraioaren plusa), eskolarik gabeko 3 ordu ordainduko dira gehienez urritik ekainera bitarte, ikasketa departamentuek programatutako koordinazio bilera orokorretara joateagatik. Konputu horretatik kanpo gelditzen dira irakasleen taldearen eta zuzendaritza taldeko gainerako kideen arteko bilerak.
Eginkizunen araberako kategoriak: 200 ordu, talde horretarako ezarritako urteko kopuruaren gainean.
Lana hobeki antolatzeari begira, I. talderako 34 orduko asteko modulua ezarri da eta II. talderako, berriz, 39 ordukoa astean.
Dena dela, enpresak aukera dezake asteko beste banaketa bat egitea, jardueraren, beharren, kontratu motaren eta abarren arabera, baldin eta zuzendaritzak justifikatzen badu neurria salbuespenezkoa dela.
Zentroan egote hutseko orduak ez dira lanordutzat hartuko, salbu eta enpresak bileretarako deia egiten badu, non langileek nahitaez agertu behar duten.
Lanaldi hori ez zaie aplikatuko gaztelaniaren departamentuan aritzen diren langileei, haien lanaldia honelakoa izanen baita, hitzarmen honek indarra duen bitartean:
–I. multzoa: 1.509 ordu.
–II. multzoa: 1.723 ordu.
Aldizkako langile finkoei dei eginen zaie horretarako ezarritako sistemaren arabera, dela lanaldi osoan, dela lanaldi partzialean, lan kargen arabera, eta haiek betetzeko behar diren lanaldi eta/edo txandetan. Aldizkako langile finkoen lanaldia eta lan baldintzak, lanaldi partzialean kontrataturik daudenean, konplitu beharreko betekizunen arabera ezarriko dira, horren berri langileen ordezkariei emanez.
Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan xedatuaren ondorioetarako, enpresak zilegi izanen du lanaldiaren %10 era irregularrean banatzea urtean zehar.
Dena dela, banaketa horrek legeek ezarritako gutxieneko atsedenaldiak (egunekoak eta astekoak) errespetatu behar ditu, eta langileak gutxienez bost egun lehenago jakin beharko ditu lanaldi irregularreko laneguna eta lanorduak.
Lanaldi arruntaren gehieneko iraupenetik egindako lanera bitartera dauden aldeak 12 hilabeteko epean konpentsatuko dira, egiten direnetik hasita.
15. artikulua. Lanaldi irregularrean udan. Enpresak udan duen jarduera berezia kontuan hartuta, erabaki da ezarritako lanaldia baino handiagoa egiten duten langileei gehiegizko ordu horiei bi modutara pagatzen ahalko zaizkiela: atsedenaldi bidez, edo une bakoitzean ezartzen den zenbatekoa ordainduta.
Langileak atsedenaldiak hautatzen baditu, jarduera gutxiko aldietan hartu beharko ditu, eta lehentasunez egun osotan. Edonola ere, langileak eta enpresak adostu beharko dituzte konpentsatzeko beste aldi batzuk.
Langileak bere kontratukoa baino lanaldi txikiagoa egiten badu udan, egin gabeko orduak berreskuratu beharko ditu. Egin gabeko orduak ez dira 20tik gorakoak izanen eta urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehenago konpentsatuko dira, kontuan izanik 30 ikastordutik gorako lanaldia ezin daitekeela egin astean.
16. artikulua. Eskolak bertan behera uztea. Edozein inguruabar dela-eta, eskola bat bertan behera geldituz gero, langileak lehenbailehen jakinaraziko dio enpresari. Zentroan zein kanpoan ematen diren eskolak 24 ordu baino gutxiagoko epearekin bertan behera uzten diren kasuetan, langileak ez du zentroan gelditu beharko.
24 ordu lehenago edo gehiago bertan behera gelditzen diren orduak berreskuratu beharko dira lehenik eta behin. Berreskuratu ezin badira, irakaslanen bidez konpentsatuko dira (ordezkapenak, trinkoak, programak diseinatu eta prestatzea, azterketak...), edo zentroko beste edozein eginkizun administratiboren bidez, enpresak hori beharrezko irizten badu ordu poltsa hori konpentsatzeko. Zuzeneko irakasteaz kanpoko irakaslanak egiteko tokia eta ordutegia, bai eta eginkizun administratiboena ere, alderdiak ados egonda zehaztuko dira, eta enpresak haiek bukatzeko ezartzen dituen epeak errespetatuko dira. Irakaslea eta ikasleak ados egonda berreskuratuko dira klase horiek. Ordezkapenak langilearen ordutegiaren barnean zehaztuko dira, eta eskari handieneko orduetan izanen da (7:30-10:00 eta 13:00-22:00, biak batera).
Enpresak aldi hauek izanen ditu eskubide hori betetzeko:
1.–Urritik abendura: otsailaren bukaera baino lehen.
2.–Urtarriletik martxora: apirilaren bukaera baino lehen.
3.–Apiriletik maiatzera: ekainaren bukaera baino lehen.
Enpresak eskubide hori baliatzen ez badu goian aipatutako epean, eskubidea galduko du, horren arrazoia langileari egozten ahal zaion kasuetan izan ezik (justifikatu gabeko faltak, ordutegia...).
Ordu poltsa. Plantillako langile finkoek ekainetik irailera bitarte lan egiten ez dituzten ikastorduak, gehienez ere 35 ordura arte metatuak, honela konpentsatuko dira: prestakuntza, oharrak, feedback-a, bilerak ikastetxean, bilerak gurasoekin, bezeroenganako arreta... edo ordu horiek konpentsatzeko enpresak beharrezko irizten duen beste edozein eginkizunen bidez. Langile finkoek ezin diote uko egin epe horretan galdutako ikastorduak beste ikastordu batzuekin aldatzeari orduen metaketa arrazoituz, baldin eta enpresak zuzeneko irakaskuntzarako proposatutako aldiek bat egiten badute langilearen ordutegiarekin, zein eskari handieneko orduetan egonen baita (7:30-10:00 eta 13:00-22:00, biak batera, klase arruntetarako, eta 9:00-13:00 edo 16:00-20:00 trinkoetan).
17. artikulua. Atsedenaldiak. Joera orokorra izanen da irakasleen ordutegiak taldekatzea.
Gutxienez etenik gabeko 12 orduko atsedenaldia bermatuko da egunero. Edozein arrazoi dela medio, ikasturtearen ordutegiak antolatzean hori egiterik ez badago, langileari lanaldia luzatzeko osagarri bat ordainduko zaio (ikus taula). Zenbateko hori kobratzeko baldintza izanen da inguruabar hori astean bitan gertatzea. Astean behin gertatuz gero, horren erdia kobratuko da. Atsedenaldia astean bitan baino gehiagotan egiten ez duten langileek zati proportzionala jasoko dute.
Inguruabar bereziak direla-eta (ordezkapenak, ezustekoak), atsedenaldia noizbait bermatzerik ez badago, ordaina banan-banan hitzartuko da. Lanaldiaren luzapeneko osagarria benetan lan egindako hilabete eta egunengatik jasoko da.
Edonola ere, irakasleei ezin izanen zaie ezarri astean bitan gutxienez atsedenaldia bermatzen ez duen ordutegirik. Salbuespenez, eta alderdien artean idatzizko hitzarmenaren bidez, halakoa gertatzen den egunen kopurua handitu daiteke. Halaber, lanaldiaren luzapeneko osagarria jasotzen duten langileei astean 48 orduko atsedenaldi etengabea bermatuko zaie gutxienez.
Enpresak ezin izanen du langilerik behartu arestiko lerroaldetako atsedenaldiak galaraziko dituen lan-txandarik hartzera.
18. artikulua. Lan egutegia. Abenduan urteko egutegia negoziatuko da ordezkaritza sindikalarekin. Hartan, eskola egunak eta eskolarik gabekoak, jaiegunak, ikasturtearen amaiera eta oporrak banatzeko irizpideak zehaztuko dira. Behin egutegia negoziatuta, enpresaren iragarki oholean paratuko da ikusgai.
19. artikulua. Oporrak: hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean hilabete bateko opor ordainduak izanen dituzte, edo lan egindakoari dagokion zati proportzionala. Oporrak enpresan jardun gutxiagoko aldietan hartuko dira, udan lehentasunez, salbu eta gaztelaniaren departamentuari atxikitako langileen kasuan. Horiei urteko beste egun batzuetan bermatuko zaie beren oporraldi etengabea. Udan, gainera, produktibitate maila batzuei heldu behar zaie, aldi horretan irakasleek zerbitzuen %80 bermatzeko moduan gutxienez. Produktibitatearen portzentaje hori erdiesten ez bada, zozketaren bidez esleituko dira oporrak. Urte osoan jarduten duten langileek 15 eguneko oporraldia noiz hartu hautatu dezakete, betiere kontuan izanik artikulu honetan eta aurrekoan jasotako mugak. Gainerako 15 egunak enpresak hautatuko ditu.
I. taldeak, horretaz gain, Aste Santuan eta Eguberrietan hartzen ahalko ditu enpresaren lan egutegian lanaldien luzapenagatik ezarritako egunak. (gaztelaniaren departamentuari atxikitako langileen kasuan izan ezik, beren egutegiari jarraituko baitiote).
II. taldeak, Aste Santuan eta Eguberrietan, gutxienez lau lanegun hartzen ahalko ditu, lan egutegiaren arabera sobrante diren egunetatik (gaztelaniaren departamentuari atxikitako langileen kasuan izan ezik, beren egutegiari jarraituko baitiote).
Zehaztutako oporraldiak bat egiten duenean haurdunaldiaren, erditzearen edo edoskitze naturalaren ondoriozko aldi baterako ezintasunarekin, edo kontratu-etendura batekin, dela amatasunagatik dela aitatasunagatik, dela kontingentzia komun edo profesionalarengatik, eskubidea izanen da oporrak beste garai batean hartzeko, nahiz eta dagokien urte naturala bukaturik egon.
20. artikulua Baimenak. Langileak baimen ordaindu hauek edukitzeko eskubidea izanen du:
Ezkontza: 15 egun.
–Seme-alaben jaiotza edo 1. gradurainoko odol edo ezkontza bidezko ahaideen ospitalizazioa eritasun larriagatik, ebakuntza kirurgikoa, eritasun larria edo heriotza: 4 egun, eta beste 2 egun gehiago mugakidea ez den probintzia batera edo uharte batera joan behar izanez gero.
–Aurreko ataleko kasu berberetan, 2. graduko odoleko ahaideak: 3 egun, eta 2. graduko ezkontza bidezko ahaideak, 2 egun. Baimena egun bat luzatuko da baldin eta mugakidea ez den probintzia batera edo uharte batera joan beharra badago.
Ospitaleraturik daudenean, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da baimena hartzeko aukera.
–Ezkontidearen edo seme edo alaba baten kirurgia handi anbulatorioa: egun bat. Ondorio horietarako, honako hau da ‘’kirurgia handi anbulatorioa’’: gorputz atal bateko anestesia edo anestesia orokorra beharrezkoa den konplexutasun ertaineko prozedura kirurgikoa, zeinean pazienteak, denbora tarte zehaztu gabe baten ondoren, operazioko egun berean etxera itzultzen baitira.
–Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideen ebakuntza, ospitaleratu beharra izan gabe etxean atseden hartzea agintzen bada: 2 egun. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada: lau egun.
–Odol edo ezkontza bidezko 1. mailako ahaide baten edo senide baten ezkontza: egun bat.
–Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestaketa-teknikak egiteko edo in vitro ernalketarako, aldez aurretik abisatuta eta horiek guztiak lanorduetan egin beharra justifikatuta.
–Bizilekuz aldatzeko: egun bat.
–Enpresak nahitaez emanen ditu 2 egun norberaren aferetarako, baldin eta 15 egun lehenago eskatzen badira eta enpresan egoera berean beste langilerik ez badago. Salbuespenetan izan ezik, norberaren aferetarako egun horiek ezin izanen dira jarraikiz pilatu. Baldintza horiek betetzen ez badira, enpresak baimena ukatu dezake zerbitzuaren beharrak direla eta. Abisua emateko epea ez da kontuan hartuko behar bezala justifikatzen diren salbuespenetan.
–12 hilabetetik beherako haurrari bularra emateko: ordu bat egunero, ordu erdiko lanaldi murrizketa batekin ordezten ahal dena, lanaldiaren hasieran edo bukaeran. Orobat, langileak hautatzen ahal du eskubide hori hartzea edo hori 13 laneguneko baimen ordainduarekin ordeztea, astelehenetik ostiralera (amaren atsedenaldia bukatutakoan hartu behar da).
–Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
–Aitatasuna: hamahiru egun etenik gabe, edo hogeita sei, lanaldi partzialean hartzen bada, enpresarekin hitzartu ondoren. Beste bi egun, erditze edo adopzio multiplea izanez gero, ume bakoitzeko bigarrenetik aurrera. Galdu egiten da baimen hori hartu ezean.
Artikulu honetan ezarritako baimenen ondorioetarako, izatezko bikoteak eta adopziozko seme-alabak edo adopzioari begira hartutakoak ere aintzat hartuko dira.
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean hamabost egun arteko baimena eskatu ahal izanen dute soldata gabe, eta eman egin beharko zaie, gutxienez hogei egun lehenago eskatuz gero. Langileren batek baimena duen bitartean beste batek eskatzen badu, zuzendaritzak erabakiko du, enpresaren beharrak kontuan izanik.
21. artikulua. Igoerak eta lanpostu hutsak. Enpresan behin baino gehiagotan aritu diren irakasleak ezin izanen dira kontratatu aurretik zuten kategoriatik beheragoko batean eginkizun berberak betetzeko.
Kontratazio berri bat egin behar bada edo lanpostu huts bat sortzen bada, eta plantillako langile finkoek lanpostu horietara pasatzerik ez badute, lanaldi partzialeko kontratua duten langileek lehentasuna izanen dute.
Administrari-ofizialaren lanpostu hutsik egonez gero, administrari laguntzaileak kategoria hartara igoko dira, betiere, zuzendaritzaren iritziz eta langileen ordezkarien ustea entzun ondoren, lanposturako baldintzak betetzen badituzte.
Bost urteko antzinatasuna izan eta beren eginkizunak modu egokian betetzen dituzten administrari laguntzaileek eskubidea izanen dute, administrari-ofizialen lanpostu hutsik izan ezean, haien lansariak jasotzeko.
22. artikulua. Eszedentziak. Eszedentziak emateko lanaren inguruan indarra duen legedian, hots, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoari, eta baldintza horietan, jarraituko dio enpresak. Orobat, langileak honakoetarako eskubidea izanen du:
22.1. Borondatezko eszedentzia: enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Eszedentzia bat hartuz gero, amaitzen denetik lau urte igaro behar dira eskubide honetaz berriro baliatu ahal izateko. Egoera horretan emandako denbora ez da kontuan hartuko antzinatasunari eta gizarte kotizazioei dagokienez. Eszedentzia hori erdiesteko, 30 egun lehenago eskatu beharko da.
22.2. Familiakoak zaintzeko eszedentzia: langileek eskubidea izanen dute hiru urteko eszedentzia hartzeko, gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatu edo etxean hartzekoa. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat –odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere bi urte.
Langileak eszedentzian ematen duen denbora antzinatasunerako kontatuko da, eta lehenengo urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epea bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide-talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da.
Aparteko kasuetan izan ezik, eszedentziak eskatzeko eta, emandako eszedentzia aldiak bukatutakoan, lanera itzultzea eskatzeko epea 30 egunekoa da.
23. artikulua. Erretiroa hartzea.
23.1. Erretiro partziala. Enpresak erretiro partziala emanen die hala eskatzen duten langileei, betiere legez ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
23.2. Lanaldi murrizketa adinagatik. 50 urte betetzen dituzten langileek eskubidea dute ohiko lanaldia %50era arte murrizteko, soldata ere hein berean murriztuta.
Eskaera gutxienez 3 hilabete lehenago egin behar dute irakasle kategoriako langileek, eta 6 hilabete lehenago, berriz, gainerakoek. Elkarrekin adostuko da lanaldiaren banaketa.
24. artikulua. Lanaldia murriztea seme-alabak zaintzeagatik. Legepeko zaintza dela-eta, langileren batek adingabekoren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorial bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta. Lanaldi murriztua izateko eskubideak adingabekoak 12 urte bete bitarte iraunen du.
Adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.
Adopzioa, adoptatu aurreko harrera edo harrera iraunkorra egiten duen gurasoak eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste gaixotasun larri batek jota dagoen bere ardurapeko adingabea zaintzeko, gaixotasun horrek ospitaleratze luzea ekartzen badu eta, hortaz, umearen zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar badu, osasun zerbitzu publikoak edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun organo administratiboak egiaztaturik, gehienez ere adingabeak 18 urte bete arte.
Atal honetan ezartzen den lan murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.
25. artikulua. Genero-indarkeria: genero indarkeriaren biktima izan diren langileei Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integrala emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan arautzen diren lan baldintzen gaineko eskubideak bermatu edo hobetuko zaizkie, betiere epaile batek emandako babes aginduak edo, bestela, Ministeritza Fiskalaren txostenak adierazten badu demandaren jartzailea genero indarkeriaren biktima izanaren zantzuak daudela.
VI. KAPITULUA
Eguneratzea eta hobekuntza
26. artikulua. Prestakuntza. Irailean, irakasle diren langileentzako prestakuntza plana aurkeztuko die enpresak langileen ordezkariei. Plan hori nahitaez bete beharko dute irakasleek, finkoak edo aldi baterakoak izan, salbu eta ikastetxeetan dedikazio esklusiboa dutenek. Edukien eta ikasleen arabera hobekien egokitzen den hizkuntzan eginen dira saioak.
Enpresak emandako prestakuntza ofizialean parte hartuta (IHYL, IHBET) hartan baja izaten diren langileek, bere kasa izan edo diziplinako bidezko kaleratzea izan, enpresari 100 euroko konpentsazioa eman beharko diote, hori prestakuntza ofizialaren ikasturtean egiten bada, edo ondo-ondokoan.
27. artikulua. Hizkuntzetako irakasleen prestakuntza. Hizkuntza baten ikastarorik egin nahi izanez gero, enpresako langileei %50eko beherapena eginen zaie matrikulan eta hileko ordainketetan ikasturte hasieran indarra duen preziotik. Irakaskuntzaz kanpoko langileek ere baldintza berberetan egin ditzakete hizkuntzen ikasturteak. Nolanahi ere, talde bakoitzeko langileen kopurua ezin izanen da bi baino gehiago izan, zentroan 5 ikasletik 10era bitarte dituzten talde arruntetan. Bestalde, talde horietan ikaspostuak egon beharko dira, eta azaroa baino lehenago ezin izanen da sartu. Baldintza horiek udako hilabeteetarako balio dute, baina ez, berriz, azterketa ofizialen tasetarako.
VII. KAPITULUA
Hobekuntza sozialak
28. artikulua. Bekak seme-alabentzat. Hitzarmen honek ukitu eta urteko lanaldiaren %40 gutxienez duten langileen seme-alabek eskubidea izanen dute ikaspostu bat hilabeteko ordainketarik gabe izateko. Zentroan daudela, ikasle bekadunek gainerako ikasleen betebehar berberak izanen dituzte. Talde horietan ikaspostuak egon behar dira eta ezin izanen dira azaroan baino lehenago sartu.
29. artikulua. Erantzukizun zibil eta istripu asegurua.
1. Enpresek erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharko dute langile guztientzat, 42.070,85 euroko estaldura izanen duena langile bakoitzeko. Kontratatutako aseguruak erantzukizun zibil profesionala estali beharko du, murriztapenik izan gabe lanaldiaren arabera.
2. Era berean, enpresek kasuan kasuko istripuen poliza izenpetuko dute beren langileentzat, 42.070,85 euroko estaldura izanen duena langile bakoitzeko, langileak bere laneko bizitzan pairatzen duen edozein lanbide istriputarako, “in itinere” istripua barne.
Istripuen aseguru horren polizak ondokoak estaliko ditu langile bakoitzerako:
Kapital aseguratua istripuaren ondoriozko heriotzaren kasuan: 42.070,85 euro.
Kapital aseguratua istripuaren ondoriozko baliaezintasunaren kasuan: 42.070,85 euro.
Azken zenbateko hori murriztuko da, kasuan kasuko portzentajeen arabera, gorputz-atalak galtzeagatik edo horiek erabat ezindua gelditzeagatik, lanbide arrunterako ezintasun iraunkor partzialaren kasuetan.
Miokardio infartua eta haren ondorioak bermaturik gelditzen dira, baldin eta lan edo epai arloko agintaritzak irmo laneko istripu deklaratzen baditu.
30. artikulua. Garraioaren soldataz kanpoko plusa. Beren soldata edozein dela ere, langileek, 12 hilabetez, soldatatik kanpoko garraioaren plus bat jasotzeko eskubidea izanen dute. Plus honen zenbatekoak hitzarmen honen I. eranskinean ageri dira, eta kategoria diferenteetako lanaldi osoaren arabera kalkulatu dira.
31. artikulua. Aldi baterako ezintasuna. Aldi baterako ezintasunetan, arrazoia bada gaixotasun arrunta edo lanez kanpoko istripua, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du, ondokoari jarraituz:
–1. egunetik 21.era: soldataren %75.
–22. egunetik aurrera: soldataren %85.
Laneko istripuaren kasuan (“in itinere”-koak barne) eta lanbide gaixotasunaren kasuan: lehenengo egunetik, soldataren %100.
32. artikulua. Beste hobekuntza batzuk. Medikuen Elkargoko langileek zenbait saltokitan dituzten hobariak eta deskontuak izanen dituzte langileek. Horretarako, dagokien egiaztagiria emanen zaie langileei.
Hitzarmenaren indarraldian, halaber, zenbait hobekuntza eginen dira alderdi batzuetan.
VIII. KAPITULUA
Ordainsariak
33. artikulua. Soldataren kontzeptuak. Ondoko kontzeptuek osatuko dute hitzarmeneko langileen soldata: oinarrizko soldata, antzinatasuna eta kasuan kasu aplikatzekoak izan daitezkeen osagarriak.
34. artikulua. Oinarrizko soldata. I. eranskineko lansarien tauletan kategoria bakoitzerako 2012. urterako ezarritakoa izanen da. Taulako lansaria kategoria bakoitzaren urteko eta asteko gehieneko lanaldiaren arabera ezarri da.
35. artikulua. Praktikaldiko langileen soldatak:
–Lehenengo urtea: hitzarmeneko soldataren %90, kategoriaren arabera.
–Bigarren urtea: hitzarmeneko soldataren %100, kategoriaren arabera.
36. artikulua. Antzinatasuna.
Langile guztiek, finkatutako hirurteko bakoitzeko eta gehienez ere bost hirurtekoko mugarekin, I. eranskinean jasotako zenbatekoa jasoko dute urtero.
37. artikulua. Aparteko pagak. Langile guztiek aparteko 2 paga izanen dituzte, edo urte betetik beherako kontratuetan, denborari dagokion partea. Ekaineko eta iraileko nominarekin batera kobratuko dira, eta haien zenbatekoa oinarrizko soldata eta antzinatasuna direla-eta hilero kobratzen denaren berdina izanen dira.
Langileek aparteko pagak hamabi hileko arruntetan banatzea aukeratzen ahalko dute.
38. artikulua. Jardueraren plusa. Irakasle guztiek I. eranskineko zenbatekoak jasoko dituzte, eskolak prestatzeko norberaren lanarentzako sari gisa.
39. artikulua. Trebakuntzaren plusa. IHn edo antzekoetan (CELTA, IHC, Trinity TESOL...) prestakuntza egiaztatzen duten irakasleek hilero trebakuntza plus bat jasoko dute, I. eranskinean jasotako zenbatekoekin.
40. artikulua. Aparteko orduak eta ordezkapenak. Aparteko orduak kobratzen ahalko dira dirutan edo balio bereko atsedenarekin, betiere, enpresaren jarduera gutxiko aldietan, enpresak eta langileak adostuta.
Aparteko orduak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kategoria bakoitzeko soldata, antzinatasuna, garraio plusa eta, kobratuz gero, jarduera plusa.
Ordu osagarriak langile finkoek eginen dituzte soilik eta beren kontratuan itundutako ordu guztiak egin ondoren baizik ez zaizkie pagatuko. Behin-behineko langileen kasuan, enpresaren eta langileen ordezkarien artean erabakitako sistemaren arabera kalkulatuko dira.
Ordezkapenak honela ordainduko dira: ordezkapen ordu bakoitzeko, kategoria bakoitzeko 1,5 orduri dagokiona ordainduko da, salbu eta ordezkapenak azterketa egin behar duten taldeekin edo larunbatetan direnean; izan ere, kasu horietan, lan egindako ordu bakoitzeko 2 orduri dagokiona ordainduko da.
Ordainketa horretatik kanpo geldituko dira 15. artikuluan aipatutako orduak konpentsatzeko egiten diren ordezkapenak.
41. artikulua. Larunbatetako lana. Larunbatetan lan eginez gero, ordu bakoitzeko kategoria bakoitzeko 1,5 ordu kobratuko da.
42. artikulua. Eskolak azterketako taldeetan. Azterketak, hizkuntza edozein delarik ere, eta zehatzago, FCE, CAE, PCE, TOEFL zein Hizkuntza Eskola Ofizialekoak prestatzeko taldeei eskolak ematea larunbatetako lana bezala ordainduko da. Taldeko ikasle gehienek erabakitzen badute ez aurkeztea azterketara, irakasleak horren berri eman beharko dio zuzendaritzari. Kasu horretan, gainerako taldeetarako oro har ezarritakoa ordainduko zaio.
Azterketarako taldetzat hartzeko, gutxienez bi lagun egonen dira taldean. Beraz, banakako tutoretzak ez dira halakotzat hartuko. Gainera, ulertzen da azterketetarako prestakuntzak aparteko ahalegina dakarrela irakasleentzat, ariketak zuzendu eta proba idatzirako prestatu behar dituztelako ikasleak. Hortaz, ez da azterketak prestatzeko taldetzat hartuko ahozko probak prestatzeko baino ez direnak.
Aurreko irizpideekin bat, zentroko zuzendaritza pedagogikoak erabakiko du taldeak baldintzak betetzen ote dituen edo irakasleak benetan azterketetarako prestatzen dituen, halako ordutzat hartzeko.
43. artikulua. Kilometrajea. 30. artikuluan ezarritako garraio plusaz gain, langileak beste leku batzuetara joan behar izanez gero, enpresak dagokion kilometrajea ordainduko dio, II. eranskineko taula abiapuntutzat hartuta.
Kilometrajea bere ibilgailua erabiltzen duen irakasleari ordainduko zaio, I. eranskinean bildutako zenbatekoekin.
Halaber, kilometrajearekin batera, irakasleek konpentsazio ekonomiko bat jasoko dute, joan-etorriarekin 60 kilometrotik gora egiten dituzten bidaietan, Iruñerritik kanpora joaten ematen duten denboragatik, I. eranskinean bildutako zenbatekoarekin.
44. artikulua. Txostenak. Ikaslearen errendimenduari eta bilakaerari buruz egiten duen txosten bakoitzeko, I. eranskinean biltzen den konpentsazio bat jasoko du irakasleak.
45. artikulua. Kategoria funtzionalen ordainsaria. Kategoria funtzionalak betetzen dituzten langileek, oinarrizko soldataz gain, eta eginkizun hori izan bitartean, I. eranskinean bildutako zenbatekoak jasoko dituzte.
IX. KAPITULUA
Diziplina araubidea
46. artikulua. Hutsegiteak. Enpresaren antolaketa eta lan diziplina enpresa zuzendaritzari dagozkio soilik. Indarra duten legeei jarraikiz, eskumena izanen du bere langileak zehatzeko. Hona hemen hutsegiteen eta zehapenen mailakatzea:
Langileak eginiko hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izanen dira, haien garrantzia, ondorioa eta asmoa ikusita.
–Hutsegite arinak:
- Bidezko arrazoirik gabe hilabetean behin, bitan edo hirutan berandu iristea.
- Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea edo, bestela, hutsegitea gertatu eta ondoko 24 orduan, ezinbestekoetan salbu, hartarako ezintasuna frogatu ezean.
- Bidezko arrazoirik gabe zerbitzua bertan behera uztea, nahiz denbora laburrean izan. Horren ondorioz, enpresari edo lankideei nolabaiteko kalterik sortzen bazaie edo istripuren bat eragiten badu, hutsegite hau larritzat edo oso larritzat har daiteke, kasua nolakoa den.
- Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.
- Enpresari bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea.
- Lankideekin eztabaida izatea lanaldi barrenean.
–Hutsegite larriak:
- Bi hilabeteko aldian 4-10 aldiz berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
- Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza, eskolak ematean, bezeroei harrera egitean etab.
- Eskola orduetan edo kanpo, ikasleak edo bezeroak gaizki edo errespeturik gabe tratatzea.
- Eskolak ematera, tutoretzetara eta abarretara zuzen jantzita ez joatea, bezeroaren espezialitateak hala eskatu arren.
- Eskola bat bertan behera utzi dela ez jakinaraztea, edo 5 ordu lehenago gutxienez ez jakinaraztea, salbu eta goizeko lehen orduan egiten direnean (07:00etatik 08:00etara zehazki).
- Enpresak irakasleentzat ematen dituen nahitaezko prestakuntzako ikastaroetara ez joatea, baldin eta ikastaro horiek asteko lanaldi barnekoak badira, edo informazio bileretara, derrigorrezkoak eta enpresak pagatuak baitira, ez joatea.
- Eskola, tutoretza eta abar aurretik prestatuta ez edukitzea, eta koordinatzaileak egiaztatuta baloratuko da prestatu den ala ez. Orobat, hutsegite larritzat hartuko da ikasleek egin eta koordinatzaileak egiaztatuko kexak. Koordinatzaileak horri buruzko txosten bat eginen dio zuzendaritzari.
- Bidezko arrazoirik gabe, hogeita hamar eguneko aldian eskola batetik hirura bitarte ez egitea. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo enpresari kalte nabaria egiten zaionean.
- Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan, bai eta lanorduetan jostetan aritzea ere.
- Laneko edozein gaitan nagusien esanak ez betetzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei oztopoak eta eragozpenak jartzea barne, eta laneko parteak betetzeari, asistentzia kontrolari eta abarri uko egitea, edo hilaren 26tik aurrera aurkeztea, edo datu horiek faltsutzea. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kaltea sortzen dionean, hutsegite hori oso larritzat jotzen ahal da.
- Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako materialak norberarentzat erabiltzea ere.
- Hiru hilabeteko epean hutsegite arina berriro egitea (garaiz iristeari dagokiona izan ezik), nahiz eta beste mota batekoa izan.
–Hutsegite oso larriak:
- Bidezko arrazoirik gabe hiru hilabeteko aldian hamar aldiz baino gehiagotan berandu iristea edo hogei aldiz baino gehiagotan sei hilabeteko epean.
- Bidezko arrazoirik gabe, hogeita hamar eguneko aldian bost eskola baino gehiago ez egitea.
- Laneko iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua. Halakotzat joko da lanalditik kanpoko klase partikularrak zentroko ikasleei edo aurreko ikasturteko ikasleei ematea.
- Gaixotasun edo istripu itxurak egitea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean. Atal honetan sartzen dira istripuaren edo gaixotasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.
- Eskola bertan behera utzi dela behin baino gehiagotan ez jakinaraztea, hau da, bitan edo gehiagotan hilabete batean, edo lautan edo gehiagotan hiruhileko batean.
- Lanorduetan mozkortzea eta drogak hartu ondoko egoeran egotea.
- Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.
- Enpresako materialak eta tresnak lapurtzea edo zentrotik kanpo norberarentzat erabiltzea, enpresaren baimenik gabe.
- Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, bai eta lankide, menpeko, ikasle, bezero eta abarrei ere.
- Erantzukizun berezia izanik, lanpostua uztea abisurik eman gabe.
- Lan errendimendua arrazoirik gabe gutxitzea.
- Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.
- Seiuhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan, zehapena jaso badute.
47. artikulua. Zehapenen araubidea. Hutsegite larri eta oso larriengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko zaio langileari, data eta zehapena jartzeko arrazoiak adierazita. Hutsegite larri edo oso larriengatik ezarritako zehapenak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie, haien berri izan dezaten.
Era berean, bost eguneko epea egonen da ukitutako langileak egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan enpresaren kontra.
Hauek dira hutsegiteengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:
–Arau-hauste arinengatik: hitzezko edo idatzizko kargu-hartzea.
–Arau-hauste larriengatik: Lan eta soldatarik gabe uztea, bi egunetik hogeira bitartean. Beste lanpostu batera aldatzea, zentro berean.
–Arau-hauste oso larriengatik: hogei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia. Diziplinako kaleratzea.
48. artikulua. Zehapenen preskripzioa. Hutsegiteek epe hauen arabera preskribituko dute:
Hutsegite arinak: hamar egun.
Hutsegite larriak: hogei egun.
Hutsegite oso larriak: hirurogei egun.
Preskripzio epea enpresak zehatzeko ekintzaren berri duenean hasiko da.
X. KAPITULUA
Eskubide sindikalak, osotasuna, irenspena, eskuratutako eskubideak eta lege osagarriak
49. artikulua. Eskubide sindikalak. Alderdiek hitzartzen dute langileen ordezkarien orduen kreditua hartzearekin honela handituko zaiela lan kontratua: bi ordu enpresa batzordeko buruari eta enpresa batzordeko gainerako kideei. Ordu horiek eskolarik gabeak izanen dira, eta lan ordutegitik kanpokoak. Haietan langileen ordezkari lanetan arituko dira.
Kontratua zabaltzeaz gain, behar den adina denbora izanen dute ordezkarien prestakuntza ikastaroetara joateko; negoziazio kolektiboari eutsiko diote; edo, beren kargua dela-eta, Lan Ikuskatzailetzak, Nafarroako Lan Auzitegiak edo Lan Arloko Epaitegiak egiten dituzten zitazioetara joanen dira. Orobat, sortzen ahal diren aparteko aferetarako erabiltzen ahal da sindikatuen kreditua.
Kontratua 1. lerroaldean aipatu bezala zabaltzen bada, gehitutako orduen ordainketa eskola orduetarako berbera izanen da.
50. artikulua. Osotasuna eta irenspena. Hitzarmen honetako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute.
Itundutako hobekuntza ekonomikoak irensten ahalko dituzte, hitzarmenak indarra hartzean borondatez enpresek pagatzen zituztenak.
51. artikulua. Baldintza hobeak. Gainerako egoerak, bere osotasunean, kontuan hartuta, beti izanen dira langileek disfrutatzen dituzten onenak.
Hitzarmen honek indarra hartzean, langile batzuek opor gehiago, lanaldi laburragoa eta soldata handiagoa zituzten. Ad personan eskubidetzat hartuko da.
52. artikulua. Legedi subsidiarioa. Hitzarmen honetan xedatutakoa ez den orotan, Irakaskuntza Ez-arautuaren Sektorearen Estatuko Hitzarmen Kolektiboan eta Langileen Estatututaren testu bateginean eta indarra duten lan xedapen orokorretan ezarritakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Lan harremanak indarra izan bitartean, hitzarmen honen eraginpeko langileak ezin izanen dira beste enpresa batzuetan edo beren kabuz aritu, baldin eta bidegabeko lehia sortzen bada edo kontratuetan denbora osoko dedikazioko klausula ezarri bada, berariazko konpentsazio ekonomikoa emanen baitzaie.
Bigarrena.–Kanpo gelditzeko klausula. Langileen Estatutuaren 51.1 artikuluan aurreikusitako inguruabar ekonomikoak gertatzen direla frogatzen badu enpresak objektibotasunez eta sinesgarritasunez, hitzarmenean adostutako soldatako igoerak ez dira nahitaez aplikatu beharko.
Hori gertatuz gero, enpresak Batzorde paritarioari agiri hauek igorriko dizkio:
A) Zentroaren egoera azaltzeko txostena. Bereziki, ikasle kopurua gela bakoitzeko, soldaten zenbatekoa guztira, Gizarte Segurantzako kotizazioak guztira, eta zentroko gastu orokorrak.
B) Zentroko kontabilitatea, behar bezala ikuskatua, azken bi urteetako balantze eta emaitza-kontuekin.
C) Zentroak soldaten gainean langileei egin dien proposamena.
Enpresa eta langileen ordezkariak horretan ados jarriz gero, bi alderdiek soldata igoeraren portzentajea finkatuko dute, bai eta haren iraupena eta hurrengo ekitaldi(et)an gerta daitezkeen konpentsazioak ere.
Bi alderdiak ados jartzen ez badira, berriz, Nafarroako Lan Auzitegiaren arbitrajearen menpe egonen dira.
Hirugarrena.–Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren mende jartzea.
1. Alderdiek erabaki dutenez, Lan Hitzarmen Kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, baita horren aplikazio eremuko langileak eta enpresaburuak ukitzen ahal dituzten beste guztiak ere, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiak konponduko ditu, adiskidetze eta bitartekotza faseetan.
Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.
Beraz, artikulu honek balio du aldeak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera, epaitegietara jo aitzin. Hartaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
2. Era berean, lan hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitz eman dute ahaleginak eginen dituztela hitzarmenaren aplikazio eremuko langileen eta enpresaren artean sor daitezkeen banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren aurrean Adiskidetze, Bitartekotza eta Arbitraje prozeduren mendean borondatez eta era espresuan jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioaren 2. xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.
I. ERANSKINA
Clen College enpresaren soldaten taula, 2014rako
KATEGORIA | SOLDATA URTEAN | SOLDATA HILEAN | GARRAIOA HILEAN | HIRURTEKOA URTEAN | HIRURTEKOA HILEAN |
I. TALDEA | |||||
1. mailako irakasle titularra. | 17.564,22 | 1.254,59 | 220,87 | 418,41 | 29,89 |
2. mailako irakasle titularra. | 15.718,29 | 1.122,74 | 220,87 | 418,41 | 29,89 |
II. TALDEA | |||||
Administrazioko burua | 15.133,23 | 1.080,95 | 135,91 | 418,41 | 29,89 |
1. mailako administrari-ofiziala | 12.349,98 | 882,14 | 135,91 | 418,41 | 29,89 |
2. mailako administrari-ofiziala | 11.981,87 | 855,85 | 135,91 | 418,41 | 29,89 |
Administrari laguntzailea | 10.295,61 | 735,40 | 135,91 | 418,41 | 29,89 |
Merkataritza-agentea | 10.295,61 | 735,40 | 135,91 | 418,41 | 29,89 |
Ordu osagarrien, ordezkapenen, larunbatetako eta azterketa taldeen ordainketa.
KATEGORIA | OSAGARRIAK | LARUNBATAK | ORDEZKAPENAK | ||
Normala | Azterketa tal. | Larunbatetan | |||
1. mailako irakasle titularra | 14,11 | 21,16 | 21,16 | 31,74 | 31,74 |
1. mailako irakasle titularra | 12,81 | 19,22 | 19,22 | 28,83 | 28,83 |
Kategoria funtzionalak.
KATEGORIA | URTEKO KONP. |
Zuzendaria | 3.381,94 |
Koordinatzailea | 3.006,17 |
Joan-etorriak.
JOAN-ETORRIAK | |
Irakasle bat | 0,30 euro/km. |
2 edo gehiago | 0,43 euro/km. |
30 km baino gehiago | 6,13 |
Lanaldiaren luzapena.
EGUNAK, GUZTIRA | PLUSA, HILEAN |
Egun bat | 41,49 |
2 egun | 82,98 |
Txostenak: 2,5.
Prestakuntzako plusa: CELTA, IHC, Trinity TESOL...
Hilabetea: 24,58.
Jardueraren plusa.
ORDUAK | PLUSA |
1 | 4,39 |
2 | 8,79 |
3 | 13,17 |
4 | 17,55 |
5 | 21,93 |
6 | 26,32 |
7 | 30,71 |
8 | 35,10 |
9 | 39,49 |
10 | 43,87 |
11 | 48,26 |
12 | 52,68 |
13 | 57,06 |
14 | 61,46 |
15 | 65,85 |
16 | 70,25 |
17 | 74,63 |
18 | 79,02 |
19 | 83,42 |
20 | 87,80 |
21 | 92,20 |
22 | 96,59 |
23 | 100,98 |
24 | 105,37 |
25 | 109,76 |
26 | 114,15 |
27 | 118,52 |
28 | 122,92 |
29 | 127,31 |
30 | 131,70 |
31 | 136,09 |
32 | 140,50 |
33 | 144,89 |
34 | 149,28 |
II. ERANSKINA
Kilometrajearen taula
Kilometrajearen taula honek enpresaren egoitza abiapuntutzat hartuko du (Nafarroa Behera 47), lantokietaraino edo ondoko herrietaraino:
Ondotik zerbitzuak taulakoa ez den beste herri edo lantoki batean egin behar badira, Batzorde paritarioak ezarriko du dagokion kilometrajea.
HERRIAK EDO LANTOKIAK | km (BIDAIA 1) |
Zizur Txikia (Aspace, Aranzadi) | 7,0 |
Eguesko industrialdea | 8,0 |
Berriobeiti (Norton, Movinord) | 9,5 |
Garraioaren Hiria | 12,0 |
Ezkirotz | 8,0 |
Lizarra | 45,0 |
Uharte/Olatz | 5,0 |
Altzuza (Comansa) | 6,5 |
Lekunberri (Agrozumos) | 40,0 |
Mutiloa | 5,0 |
Noain (Nissan, CEIN, ...) | 9,0 |
Orkoien (Mapsa, Lucas, Propisa) | 5,5 |
Orkoien-Arazuri industrialdea (SAS) | 9,0 |
Ororbiako Udala | 11,0 |
Ororbia (Ucar) | 11,5 |
Tafalla | 40,0 |
Agustinos industrialdea (Giraud) | 7,5 |
Dorre-Elortzibar | 11,0 |
Eugi (Seinsa) | 27,5 |
Beriain (Giraud) | 10,0 |
Etxarri Aranatz | 40,0 |
Cordobilla (AIN) | 5,0 |
Altsasu (Magotteaux) | 53,0 |
Uharte Arakil | 32,0 |
Uharte Arakil (Trefinasa) | 35,5 |
Taxoare | 6,5 |
Sarriguren (Cener) | 4,0 |
Egues (Siemens Senco) | 11,0 |
Caparroso | 50,0 |
Irurtzun (Alcoa) | 22,0 |
Berriobeiti (TID...) | 7,0 |
Aitzoain (kuartela..) | 6,5 |
Murriteta | 53,0 |
Enpresako ordezkariak: Hilario Cienfuegos Marquina jauna Alfonso Larrayoz Echarte jauna Olive Cenoz andrea Pili Aldasoro jauna | Enpresa Batzordea ordezkatuz: Inés Jimeno andrea Nuria Ferreiro andrea Alexis Argent andrea |
Batzordeko aholkulariak: Isabel Zabaleta (CCOO) eta Alejandro Gastamiza (UGT). | |
Iruñean, 2014ko apirilaren 11n.
Iragarkiaren kodea: F1415163
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
