1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
468/2014 FORU AGINDUA, azaroaren 28koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Agindua aldatzen duena. Hartan, 296 eredua onetsi zen, alegia, “Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena”.
Ingurumenaren arloko fiskalitate neurriak eta tributu eta finantza arloetako beste neurri batzuk ezartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legeak aldaketa garrantzitsu bat egin dio Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legeari. Esparru horren barnean, abenduaren 5eko 960/2013 Errege Dekretuak aldatu du, besteak beste, uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren xedapen gehigarri bakarra. Aldaketa horren helburua da Espainiako inbertsio kolektiboaren sektoreak atzerrian duen lehiakortasuna bultzatzea, eta aurreikusitako informazio betebeharrak soildu ditu, Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeak atzerrian merkaturatzeari dagokionez.
Zehazki, aipatutako arauak salbuespena ezarri du merkaturatzaile horientzat zeinek egoitza duten Espainiarekin hitzarmena sinatu duen herrialde batean, zergapetze bikoitzik ez izateko, baldin hitzarmen horrek informazioa trukatzeko klausularik badu; hain zuzen ere, salbuetsi ditu Espainiako zerga Administrazioan urtero aurkeztu beharreko bana-banako zerrendetan sartu behar izatetik entitate merkaturatzailearen egoitza den herrialde bereko egoiliarrak, baldin zenbait beharkizun betetzen badira. Horretaz landa, Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeetako akzioak eta partaidetzak atzerrian merkaturatzeko beharkizun praktikoak soiltzeko, komenigarritzat jotzen da ez dadila nahitaezkoa izan Espainiako zerga Administrazioak emandako identifikazio fiskaleko zenbaki bat izatea entitate merkaturatzaile ez-egoiliar horientzat zeinak, lehen aipatutako salbuespenekin bat, beharturik ez dauden aurkeztera Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren xedapen gehigarri bakarreko zerrenda bana-banakoak, Espainiako zerga Administrazioari eman beharreko informaziorik ez izateagatik.
Hala, Espainiako zerga Administrazioari informazioa emateko betebeharrak egokitu egin dira entitate merkaturatzaile horientzat zeinek egoitza atzerrian duten eta maiatzaren 24ko EHA/1674/2006 Aginduaren arabera arautzen diren. Agindu haren bidez, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren arloan, finkagune iraunkorrik gabe lortutako errentetan, prozedura berezi bat ezartzen da akziodun edo partaide ez-egoiliar batzuen egoitza frogatzeko, Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak edo partaidetzak mugaz gaindi merkaturatzeko kontratuen kasuetan, egoitza atzerrian duten entitate bitartekariekin sinatutako kontu orokorren bidez merkaturatu direnean, eta haren bidez, halaber, arautzen dira entitate horiek Espainiako zerga Administrazioari informazioa emateko betebeharrak.
Azaldutako aldaketekin bat, beharrezkoa da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu haren bidez “Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena” 296 eredua onetsi zen. Aurretik esan bezala, hori hala da egokitu egin behar delako haren 9. artikuluko a) letrako ziurtagirian sartu beharreko informazioa.
Maiatzaren 24ko EHA/1674/2006 Aginduko eta azaroaren 10eko 183/2009 Foru Aginduko aldaketei dagokienez, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren xedapen gehigarri bakarraren 5. atalak Ekonomia eta Ogasuneko ministroari emandako gaikuntza berariazkoarekin bat egin dira aldaketa horiek, hirugarren ataleko ziurtapenetako eta zerrendetako edukiak zehazteko. Ulertu behar da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari egina dela, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean dagoen hitzarmen ekonomikoaren 28. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Aginduaren aldaketa. Haren bidez “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena” 296 eredua onetsi zen.
Azaroaren 10eko 183/2009 Foru Aginduaren manu hauek ondoko testu hau izanen dute:
Bat.–9.a) 2. artikulua:
“2. Entitate merkaturatzailearen izena eta kokapeneko herrialdeko helbide osoa. Halaber, identifikazio fiskaleko zenbakia erantsi beharko da, entitate merkaturatzaileari Espainiako Zerga Administrazioak ezarritakoa, hots, informazioa trukatzeko klausularekin zergapetze bikoitza saihesteko Espainiarekin hitzarmen bat sinaturik duen herrialde batean kokatuta dagoen entitate merkaturatzaileari ezarritakoa, salbu eta, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren xedapen gehigarri bakarreko 3. ataleko c) letran xedatuarekin bat, agindu horretan aipatzen diren banakako zerrendak aurkeztera behartuta ez badago.”
Bi.–II. eranskina. 10. azpigako berria eranstea, “AZPIGAKOA” eremuaren barnean, 2. motako erregistroko 102-103 idazguneetan.
“10. Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 36.2 artikuluak aipatutako konturako diru-sarrera, errenta-esleipeneko araubideko entitate batek egiten duena ez-egoiliarra den kide bati esleitutako errenta bati dagokionez.
Aurreko zerrendako 06, 07, 08, 09 eta 10 azpigakoetan aipatzen diren kasuetan, azpigako berariazko horiek beti aipatuko dira, gainerako azpigakoak kontuan hartu gabe.”
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2014ko ekitaldiko aitorpena aurkezteko aplikatuko da lehenbizikoz.
Iruñean, 2014ko azaroaren 28an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1416380