245. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2534/2014 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten da desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia.

Minusbaliatuen Integrazio Sozialari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 42 artikuluko 1. zenbakian xedatutakoarekin bat, enplegu-zentro bereziak dira lan produktiboa egitea xede nagusia dutenak, merkatu eragiketetan erregulartasunez parte hartuz. Zentro horien helburua da desgaitasuna duten langileei lan ordaindua bermatzea eta egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuak ematea. Halaber, desgaitasuna duten pertsonek, ahalik eta gehienek, lan araubide normalean integratzeko bidea da.

Enplegu-zentro bereziak arautzen dituen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren VI. kapituluak zentro horiek finantzatzeko moduak zehazten ditu. Zehazki, administrazio publikoek ezartzen dituzten enplegurako laguntza programen ondoriozk’o mantentze laguntzen artean, kapitulu horren 10. artikuluaren e) letran azaltzen baitira, desgaitasuna duten pertsonek betetzen duten lanpostu bakoitzeko diru-laguntzak daude.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduaren bidez, desgaitasuna duten pertsonak lan autonomoko eta enplegu-zentro berezien bitartez lan munduan sartzea sustatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren. Enplegu-zentro berezietako lanpostuak mantentzeko, agindu hartan ezartzen da diru-laguntzak ematen ahalko direla desgaitasuna duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko, langileak lanaldi normala badu eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran badago. Diru-laguntza horren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren %50 izanen da. Lanaldi partzialeko lan-kontratuen kasuan, diru-laguntza murriztuko da lanaldi osoa murrizten den proportzio berean.

Bestalde, aipatu behar da Espainiako Enplegurako 2012-2014 urteetarako Estrategia eta Espainiako Enplegurako Aktibaziorako 2014-2016 urteetarako Estrategia onesteak Estatuko arau-esparru osoa aldatu duela. Estrategia horiek malgutasun handiagoa ematen dute kontratatuak izateko zailtasun bereziak dituzten pertsonak kontratatzera bideratutako enplegu politika aktiboak arautzeko, eta desgaitasuna duten pertsonak daude zailtasun bereziak dituzten pertsona horien artean.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 22ko 642/2013 Ebazpenaren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia. Haren oinarri arautzaileek ekarri zuten diru-laguntzak emateko banakako ebaluaziorako sistema, abiapuntutzat harturik urte osorako diru-laguntzen esleipen orokor bat, zentro horiek izanen zituzten plantillen kalkulu batean oinarriturik. Plantillak aldakorrak direnez urte osoan zehar, esleipen horri doikuntzak egitea baimentzen zen. Nolanahi ere, esleitzeko sistema honek berarekin ekarri ditu hainbat kudeaketa-arazo, ez baitzaio osoki egokitu nahi zen asmoari, hots, benetan izandako soldata-kostuak, enplegu zentro bereziek ordainduak, garaiz ordaintzea.

Desgaitasuna duten pertsonen soldata-kostu guztiak estaltzeko diru-laguntza garaiz ordaintzea oso garrantzitsua da, izan ere zentro horietako gehienak irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, eta haien etekinak, halakorik izanez gero, nahitaez entitatearen jarduerara bideratu behar dira, edo desgaitasuna duten pertsonen enpleguarekin lotutako jarduerak sustatzera. Halako pertsonen kolektiboa bereziki interesgarria da enplegurako politika aktiboetarako, gainerakoek baino zailtasun handiagoak baitituzte lan merkatuan sartzeko.

Horregatik, banakako ebaluazioaren sistemari eutsiz, halako banakako esleipenen sistema batera itzultzen da non diru-laguntza jarduerak berak (desgaitasuna duen pertsonaren enplegua) ekartzen duen, betiere jarduera horrek hilabetez hilabete soldata-kostu bat sortzen duela, eta soldata-kostu hori sortzen eta ordaintzen den aldiro gertatzen da jarduera hori.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 19an egindako bilkuran erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea diru-laguntza batzuk emateko banakako ebaluazioaren araubidea erabiliz, desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko.

Oinarri arautzaile hauek 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, baita ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak ere.

2.–4.800.000 euroko gastua baimentzea, 2015eko aurrekontuko 170001-15100-4709-241109 kontu-sailaren kargura (Enplegu plana. Enplegu-zentro berezientzako transferentziak, eragiketa arruntetarako), baldin horretarako aurrekontuko diru-izendapenik badago.

Hurrengo urteetan, diru hori kasuan kasuko aurrekontuko kontu-sailetik erabiliko da.

3.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.–Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2014ko abenduaren 4an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta aplikazio epea.

Deialdi honen xedea da desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa eta haien enpleguaren iraupena sustatzea, eta, horretarako, soldata-kosturako diru-laguntzak emateko baldintzak eta beharkizunak arautzea, desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuetarako, aurreko urteko abenduaren 1etik aurtengo azaroaren 30eko eperako.

2.–Azkeneko jasotzaileak.

Diru-laguntza honen azkeneko jasotzaileak izanen dira desgaitasuna izanik enplegu-zentro berezietan aritzen diren langileak.

Desgaitasunaren maila eta mota egiaztatzeko, abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiko zaio, horretan ezarrita baitaude desgaitasuna duten pertsonatzat hartzeko irizpideak, abenduaren 2ko 51/2003 Legearen ondorioetarako.

Oinarri hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileak honako hauek izanen dira:

a) Garun-perlesia, eritasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

b) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

a) Diru-laguntza izanen da desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko. Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50ekoa izanen da laguntza, benetan egiten den lanaldiaren arabera.

b) Irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako ehunekoari %25 gehituko zaio, benetan egiten den lanaldiaren arabera.

Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko orduan, ez da inola ere aintzat hartuko gozatu ez diren opor-egunen ordainketa.

4.–Diru-laguntzaren onuradunak.

Diru-laguntza honen onuradun izan daitezke enplegu-zentro berezien entitate titularrak, berezko nortasun juridikoa badute, kalifikaturik badaude eta Nafarroako Foru Komunitateko Erregistroan halako gisara inskribaturik baldin badaude, Enplegu-zentro bereziak arautzen dituen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluarekin bat. Aurrekoaz gain, onuradunek oinarri hauetan ezartzen diren gainerako betebehar eta baldintzak bete behar dituzte.

5.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetan ezartzen diren diru-laguntzak finantzatuko dira 2015eko gastuen aurrekontuko 170001-15100-4709-241109 kontu-sailaren kargura (Enplegu plana. Enplegu-zentro berezientzako transferentziak, eragiketa arruntetarako), baldin horretarako aurrekontuko diru-izendapenik badago.

Hurrengo urteetan, diru hori kasuan kasuko aurrekontuko kontu-sailetik erabiliko da.

6.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Hona hemen entitate onuradunen betebeharrak:

1. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

2. Langileei dagokien soldata ordaindua izatea.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetariko batean ere ez egotea. Hori “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez frogatu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak.

4. Kalifikatua izan denetik gutxienez bi urteko jarduna izatea Nafarroan.

5. Deialdi honetako 3. oinarriko 2. paragrafoan adierazitako diru-laguntzaren onuradun izateko, irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro bereziek onura publikoaren eta ezinbestekotasunaren aitorpena izan beharko dute.

7.–Eskaerak.

1. Aurkezteko epea.

Ordainketa egin denetik hilabeteko epean, eta, nolanahi ere, dagokion urteko abenduaren 31 baino lehen, zentroek eskatu beharko dute egoki den diru-laguntza emateko eta ordaintzeko.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

2. Aurkezteko tokia.

Ahal dela, eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztuko dira. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkezten ahalko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, barnean sartuta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orritik du sarbidea eta sinadura elektronikoa eskatzen du).

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3. Dokumentazioa.

1. Diru-laguntza jasotzeko eta kobratzeko eskaerak eskabide ofizialean aurkeztuko dira, horretarako prestatutako ereduarekin bat. Eredu hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lor daiteke, edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eta honako hauek erantsi beharko zaizkio:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztagiria.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearen aitorpena.

–Desgaitasuna duten langileen izenen zerrenda eta eskatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa.

–Nominak eta haiei dagozkien ordainketaren frogagiriak.

–Desgaitasuna duten langileen aldaketen inprimakia (altak eta bajak), dagozkion agiriekin batera.

–Hilabetean izandako gorabeheren zerrenda.

–Jasotako diru-laguntza guztien diru-zenbatekoak, guztira, desgaitasuna duen langile bakoitzaren soldata-kostu osoa gainditzen ez duela adierazten duen aitorpena.

2. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

3. Eskaera aurkezteak berarekin dakar zentro bakoitzak onartzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, zentroak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

8.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

9.–Ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du bidezko ebazpena, zeinaren bidez eman edo ukatuko baitzaie interesdunei eskatutako diru-laguntza, eta behar denean, egoki den ordainketa egiteko aginduko du. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10.–Onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Frogatzea, batetik, jarduketa burutu dutela, eta bestetik, diru-laguntza emateko eskatzen diren betebehar eta baldintzak eta emateko ebazpenean ezartzen direnak bete direla.

b) Diru-laguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, horren berri ematea, baita onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan gertatutako aldaketen berri ere.

c) Egiten diren jardueretan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraztea Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan duela.

d) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

f) Urtero, maiatzean, aurreko urteko jardueraren gaineko memoria aurkeztea. Honako hauek sartu beharko dira:

–Zentroaren titulartasuna.

–Kokapena.

–Jarduera nagusia eta osagarria.

–Plantillaren osaera.

–Aurrekontuaren likidazioa, honako hauek izanen dituena: egoeraren balantzea, ustiapenaren kontua eta hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren proiektua.

–Helburu ekonomikoak noraino bete diren, baita egokitzapen pertsonalari eta sozialari begira finkatzen direnak ere.

–Laneratutako langileen izen zerrenda, eta laneratzea lortzeko egindako jardueren deskribapena.

Memoria hori maiatzean aurkezten ez bada, ezin izanen dira diru-laguntza gehiago eman, harik eta memoria aurkeztu arte. Memoria osorik ez badago, zentroari eskatuko zaio akatsak zuzen ditzala, eta ez da diru-laguntza berririk esleituko akatsak zuzentzeko epea bukatzen denetik aurrera, baldin zuzenketa egin ez bada, harik eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak memoria osorik dagoela iritzi arte.

g) Gardentasunerako betebeharrak:

g.1) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, telematika bidez. Eskatutako informazioa entitatearen legezko ordezkariak sinatua aurkeztuko da, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzenduko zaio, diru-laguntza onartu zaiela dioen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

g.2) Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, diru-laguntza hauek, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuei gehituta, ez dute inoiz gaindituko desgaitasuna duen langile bakoitzaren soldata-kostu osoaren %100.

12.–Diru-laguntzak itzultzea.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Zehazki, emandako diru-laguntza itzuli beharko da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira, oinarri arautzaile hauetan adierazitakoaren arabera.

Halaber, dirua itzuli beharko da baldin memoria aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira hura aurkeztu gabe, edo hura osatzeko eskaera egiten denetik hiru hilabete igarotzen badira osatu gabe. Kasu honetan, exijituko da oinarri arautzaile hauen kargura esleitutako diru-laguntzen guztizkoaren %10 itzul dadila, ez-betetzea gertatu aurre-aurreko urte naturalari dagokiona.

3. Dirua itzultzeko prozedurak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluan ezarritakoari jarraituko dio.

13.–Publizitatea.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat eta Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 EE Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013rako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.

2. Entitate onuradunek publizitatea eginen dute 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.

14.–Zehapen araubidea.

Arau-hausteen eta zehapenen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

15.–Ordezko araudia.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16.–Oinarri arautzaileen aurkako administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1416597