242. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

622/2014 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko 2015eko deialdiak onesten dituena, eta azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharreko tarifa ezartzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 1985eko irailaren 11ko Erabakiaren bidez, bere gain hartu zuen Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) emateko ardura, Euskaltzaindiak hori egiteari utzi baitzion.

Erabaki horretan berean ezarri zen Hezkuntza Departamentuak jarduera hori egiteko legezko esparrua zehaztuko zuela eta horretaz arduratuko ziren organoak eratuko zituela.

Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) 1535/1985 Foru Aginduaren bidez sortu zen.

Abenduaren 15eko 463/1998 Foru Aginduaren bidez, erabaki zen Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzuaren esku uztea Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko probak antolatzeko, prestatzeko, egiteko eta zuzentzeko lanak, eta lan horiek beren gain hartuko dituzten EGA azterketaren Batzorde Ofiziala eta EGA azterketaren Epaimahai Ofiziala sortzea.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du 2015eko deialdietako oinarriak onesteko, probak egiteko erakunde eskudunak eratzeko eta haien eginkizunak zehazteko, eta azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharreko tarifa ezartzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko 2015eko deialdietako azterketetarako deia egitea.

2. Deialdien oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean azaltzen dira.

3. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofiziala eratu eta honako eginkizun hauek esleitzea:

–EGA agiria eskuratzeko probak antolatu, diseinatu eta gainbegiratzea.

–Proben prestatzaileak hautatzea.

–Erreklamazioei eman beharreko erantzuna koordinatzea.

–Probak ebaluatzeko eta zuzentzeko irizpideak ezarri eta Epaimahaiak irizpide horiek aplikatzen dituela begiratzea.

Batzorde Ofizialeko burua Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria edo hark bere ordez aritzeko izendatzen duen pertsona izanen da. Batzordekideak, honako hauek: Euskara Ataleko teknikariak, eta euskararen irakaskuntzaren arloko irakasleak eta profesionalak.

Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofizialak, hala nahi izanez gero, lantaldeak era ditzake azterketak prestatzeko eta gainbegiratzeko, ebaluazio eta zuzenketa irizpideak idazteko, eta egoki iruditzen zaizkion beste eginkizun batzuetarako.

4. Azterketa egiteko eskubideengatik 26 euroko tarifa ezartzea, deialdi bakoitzean.

5. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofizialeko kide ondoko hauek izendatzea, 2015eko deialdietarako:

–Isabel Beltrán Calavera andrea, batzordeburu.

–M.ª Amparo Antoñana Ábalos andrea.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga andrea.

–Eneritz González Fernández andrea.

–Ander Irizar Apaolaza jauna.

–Nekane Orbegozo Alcorta andrea.

–Roberto Pérez Elorza jauna.

–Fernando Rey Escalera jauna.

–M.ª Carmen Huarte Carrión andrea, Batzordeko idazkari.

6. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofiziala eratzea 2015eko deialdietarako, eta haren gain uztea probak egin eta zuzentzeko lan teknikoak, laneko eta erreklamazioei aurre egiteko batzordeetan parte hartzea eta Batzorde Ofizialak esleitu eginkizun oro egitea. Eginkizun horiek oro Batzorde Ofizialak koordinatuko ditu.

7. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofizialeko kide ondoko hauek izendatzea:

–M.ª Carmen Huarte Carrión andrea, epaimahaiburu.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga andrea, idazkari.

–Pedro Aguirre Sarasola jauna.

–M.ª Amparo Antoñana Ábalos andrea.

–Luis Miguel Asirón Sáez jauna.

–Patxi Flores Lazkoz jauna.

–Eneritz González Fernández andrea.

–Ainhoa Irazustabarrena Barriola andrea.

–José Luis Irigoien Paternain jauna.

–Ander Irizar Apaolaza jauna.

–Adelaida Kintana Lopez-Goikoetxea andrea.

–Carlos Lizoain Osinaga jauna.

–Luis Marcelo Los Arcos Pérez jauna.

–Margarita Macho Aguillo andrea.

–Eneka Maíz Ulayar andrea.

–Yolanda Olasagarre Mendinueta andrea.

–Nekane Orbegozo Alcorta andrea.

–Pascual Recalde Irigoyen jauna.

–Fernando Rey Escalera jauna.

–Mikel Vilches Plaza jauna.

8. Batzorde Ofizialeko eta Epaimahai Ofizialeko kideek bertaratzeagatiko ordainsariak kobratuko dituzte, epaimahaietan parte hartzeagatiko ordainsariak finkatzen dituen martxoaren 17ko 19/2008 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

9. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bere gain hartuko ditu matrikulatzeko eta kontrolatzeko lanak, tituluak luzatzea proposatzekoak eta, orobat, gai horietan eskudunak diren beste erakunde ofizial batzuekin izan beharreko harreman instituzionalak.

10. 2015eko deialdietako azterketak bukaturik, Epaimahaiak probak gainditu dituztenen eta huts egin dutenen aktak Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura igorriko ditu. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, baimena emanen du probak gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) luzatzeko. Agiri horiek Hezkuntzako kontseilari jaunak sinatuko ditu.

11. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

12. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera, EGAren Bulegora, “Zubiarte euskaltegia” Helduak Euskalduntzeko Ikastegi Publikora, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrora, Giza Baliabideen Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta goian aipatu Batzordeko eta Epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

13. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko abenduaren 1ean.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herrero Sota.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria.–Betebeharrak.

a) Azterketetan parte hartzeko, 16 urte beterik izan beharko dira 2014ko abenduaren 31rako.

b) Ez dute matrikularik egiten ahalko 2015eko deialdi berean beste erakunderen batean EGA agiria eskuratzeko matrikula egiten dutenek.

c) Ezgaitasuna dela-eta, azterketariek probak egiteko zailtasunik badute, azterketak egiteko neurri bereziak jartzeko eska dezakete. Eskaera izena emateko orrian adierazi beharko da, eta hori frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko da.

2. oinarria.–Azterketaren egitura.

a) Atariko Proba.

Proba objektiboa (test erako 90 galdera: 100 puntu), ondorengo gaitasun eta jakintzak ebaluatzeko:

–Hizkuntza baliabideen erabilera: aukera anitzeko test bat da, 70 item dituena. Hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzena neurtzeko erabiltzen da (70 galdera: 70 puntu).

–Entzunaren ulermena: azterketan entzunen den grabazioan (testu bat baino gehiago izanen dira) oinarritutako aukera anitzeko zenbait galderari erantzutea (10 galdera: 15 puntu).

–Irakurriaren ulermena: testu bat baino gehiagoren edukiaren gainean aukera anitzeko zenbait galderari erantzutea (10 galdera: 15 puntu).

–Atariko Probak 2 ordu eta 30 minutuko iraupena du.

b) Proba Idatzia. Bi zati ditu:

–Idazlan laburra: epaimahaiak proposatutako egoera baten gainean gutuna, txostena edo antzeko zerbait idatzi beharko da; 150 hitzekoa izanen da gutxienez, hasiera eta bukaera kontuan izan gabe.

–Idazlan luzea: epaimahaiak proposatutako gaiaren eta egoeraren gainean, gutxienez 250 hitzeko testua idatzi beharko da.

–-Proba Idatziak 2 orduko iraupena du.

c) Ahozko Proba. Bi zati ditu:

–Azterketari bakoitzak 5 minutu inguru izanen du epaimahaiak proposatutako testu bat azaltzeko.

–Eztabaida: azalpena bukaturik, azterketariek bat-bateko iritzi-trukea eginen dute ahozko azalpenetako gaien gainean; horretarako, epaimahaiak proposatuko dituen galderak erabiltzen ahalko dira; bigarren zati hau 10 minutukoa izanen da, gehienez.

Ahozko Proba, salbuespenak salbuespen, binaka eginen da.

3. oinarria.–Proben balorazioa.

a) Atariko Proban 100 puntu atera daitezke, gehienez. Proba gainditzeko eta azterketaren hurrengo fasera pasatzeko 65 puntu atera behar dira, gutxienez. Hala ere, baldin eta Atariko Proba gainditu dutenen kopurua aurkeztutakoen %50era iristen ez bada, 65 puntuko gainditze-muga jaitsi eginen da ehuneko hori erdiesteko helburuarekin, inolaz ere 60 puntutik behera jaitsi gabe.

b) Proba Idatziaren zatietako bakoitzaren kalifikazioa Gai edo Ez Gai izanen da. Proba osoa gainditzeko, Proba Idatziaren bi zatiak gainditu beharko dira nahitaez.

c) Ahozko Probaren bi aldiak batera baloratuko dira. Azkeneko kalifikazioa Gai edo Ez Gai izanen da.

d) EGA agiria eskuratzeko, deialdi bakoitzeko azterketetako hiru probak (Atarikoa, Idatzia eta Ahozkoa) gainditu beharko dira nahitaez, eta hirurak baztertzaileak izango dira. Deialdi batetik bestera ez da notarik gordeko.

4. oinarria.–Aurkeztu beharreko agiriak eta matrikula egiteko epeak.

a) 2015eko lehen deialdian izena emateko epea 2015eko urtarrilaren 12tik 23ra bitartekoa izanen da, bi egun horiek barne direla.

b) 2015eko bigarren deialdian izena emateko epea 2015eko ekainaren 22tik uztailaren 3ra bitartekoa izanen da, bi egun horiek barne direla.

c) Deialdi bakoitzean, interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte (behar bezala bete ondoren) Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako edozein bide erabiliz:

–Eskabide orokorra.

–Matrikula inprimakia.

–Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik egina eta argi irakurtzeko modukoa.

–Familia ugariko agiriaren edo Familia Liburuaren fotokopia (bidezkoa denean), argi irakurtzeko modukoa.

–Legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua, organo eskudunak emana.

–Azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharrekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Diru-bilketa Kontuan sartu izanaren gordekina (bidezkoa denean).

d) Azterketa egiteko eskubideak.

–Azterketa egiteko eskubideengatik 26 euro ordaindu beharko dira, deialdi bakoitzean.

–1. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, 13 euro ordaindu beharko da, eta 2. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, matrikula doan izanen da. Bi kasuetan deskontuak 21 urte bete arte balioko du, hots, matrikula egiten den egunean 21 urte edo gutxiago badute. Deskontua 25 urte bete arte luza daiteke, azterketaria bere adinaren eta titulazioaren araberako ikasketak egiten ari bada. Hala denean, ikasketa horiek egiaztatzeko, ziurtagiria edo matrikula ofizialaren agiria eta matrikula ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko ditu.

–Ekintza terroristen biktimak, baita haien ezkontide eta seme-alabak ere, irakaskuntza ez-derrigorrezkoen tarifetatik salbuetsirik daude.

e) 2015eko lehen deialdiko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2015eko otsailaren 17an jarriko da jendaurrean Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta web orri hauetan: http://centros.educacion.navarra.es/eibz/ eta educacion.navarra.es. Era berean, bigarren deialdiari dagokion behin-behineko zerrenda 2015eko irailaren 2an jarriko da jendaurrean Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta web orri hauetan: http://centros.educacion.navarra.es/eibz/ eta educación.navarra.es. Ezgaitasuna dela-eta probak egiteko neurri bereziak eskatzen dituztenei banan-banan jakinaraziko zaie zein neurri jarriko diren.

f) Lehen deialdiko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea 2015eko otsailaren 18tik 23ra bitartekoa izanen da, bi egun horiek barne direla. Bigarren deialdian epe hori 2015eko irailaren 3tik 9ra bitartekoa izanen da, bi egun horiek barne direla. Epe horiek amaiturik, interesdunek ez dute inolako dokumentazio gehigarririk aurkezten ahalko.

g) Lehen eta bigarren deialdietako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak, hurrenez hurren, 2015eko otsailaren 25ean eta irailaren 15ean jarriko dira jendaurrean Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta web orri hauetan: http://centros.educacion.navarra.es/eibz/ eta educación.navarra.es.

h) Probak egin ahal izateko, azterketariek nortasun-agiri nazionala edo agiri baliokideren bat aurkeztu beharko dute.

5. oinarria.–Azterketak egiteko eta emaitzak jendaurrean jartzeko egun-orduak.

a) Proba guztiak egiteko ezartzen diren egunak finkoak dira azterketari guztientzat, eta ezin izanen dira aldatu. Lehen deialdiko azterketa (Atariko Proba) 2015eko otsailean eginen da. Era berean, bigarren deialdiko lehen azterketa 2015eko irailean eginen da. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeaz batera adieraziko dira Atariko Probetako data.

b) Geroago, proben emaitzekin batera, Epaimahaiak jakinaraziko du gainerako probak zein egunetan eginen diren.

c) Egon litezkeen erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako baliabideetako edozein erabiliz, EGA azterketaren hiru aldietako edozeinetako kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean. Batzorde Ofizialak erreklamazioak ebatziko ditu eta emaitzak argitaratuko Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta web orri hauetan: http://centros.educacion.navarra.es/eibz/ eta educación.navarra.es.

d) Azterketariek azterketak erakustea eska dezakete. Azterketaria bera bakarrik agertuko da, nortasun-agiri nazionala edo agiri baliokidea aldean duela, eta EGA azterketaren proba guztiak bukatu ondoren erakutsiko zaio.

6. oinarria.–Ahozko azterketa grabatzea.

Epaimahaiak, oro har, ahozko probak grabatuko ditu.

7. oinarria.–Agiria luzatzeko eskubideak.

Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko probak gainditzen dituzten azterketariek, agiria jaso baino lehen, agiri hori luzatzeko tarifa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Diru-bilketa Kontuan ordaindu izanaren gordekina aurkeztu beharko dute Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuan.

Tarifa hori foru lege batean ezarriko da, hots, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoan, titulua emateko unean indarra duen hartan.

Era berean, agiri berri bat eskatzen bada, dela aurrekoa galdu delako, dela azterketariaren datuak aldatu direlako, foru lege horretan ezarritako tarifa ordaindu beharko da.

Iragarkiaren kodea: F1416545