242. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

461/2014 FORU AGINDUA, azaroaren 28koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, “Kostu bidezko ondare eskualdaketen gaineko zerga. Partikularrei erositako ondasun higigarriak” izeneko 601 eredua onetsi eta honako hauek aldatzen dituena: Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 1/2011 Foru Agindua, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 620 eredua (zenbait garraiobide erabilien eskualdaketari buruzkoa) eta 743 eta 789 ordainketa gutunak, J-50 eta 630 ereduei dagozkienak, hurrenez hurren, onesten dituena eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Agindua, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak, kostu bidezko ondare eskualdaketen eta sozietate-eragiketen modalitatekoa eta egintza juridiko dokumentatuen modalitatekoa, hurrenez hurren, onesten dituena.

Autolikidazioaren 601 eredua onestea du xede foru agindu honek; eredu hori kostu bidezko ondare eskualdaketetan aurkeztu behar da, zergaduna enpresaburu edo profesional bat denean eta eskualdaketaren xedea partikularrei erositako ondasun higigarriak direnean haiek berriz saltzeko, salbu balore higigarriak eta txatar bihurtzeko ez diren garraiobide erabiliak.

Orain arte, eskualdaketa horiek 600 edo 620 ereduen bidez aitortu behar izaten ziren, kasuen arabera, baina jarduera ekonomiko horietan diharduten saltokien kopurua berriki handitu denez, egokitzat jo da autolikidaziorako eredu berri bat onestea, haien aitorpena errazteko, eta hiru hilean behineko likidazio aldia ezarri da. Horrexen ondorioz, aipatu eskualdaketak 600 eta 620 ereduetatik aparte aitortuko dira; beraz, foru agindu honetako azken xedapenetako lehenak eta bigarrenak alderdi horretan aldatzen dute Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 1/2001 Foru Agindua, hau da, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 620 eredua (zenbait garraiobide erabilien eskualdaketari buruzkoa) eta 743 eta 789 ordainketa gutunak, J-50 eta 630 ereduei dagozkienak, hurrenez hurren, onesten dituena, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Agindua, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak, kostu bidezko ondare eskualdaketen eta sozietate-eragiketen modalitatekoa eta egintza juridiko dokumentatuen modalitatekoa, hurrenez hurren, onesten dituena.

Autolikidazio hori telematika bidez, Internet baliatuz, aurkeztu beharko da 601 ereduaren bitartez, eta likidazio aldian, hau da, hiruhileko naturalean egindako erosketa guztiak hartuko dira kontuan. Eskuratutako ondasunen zerrenda jasotzen duen aitorpena gehitu beharko zaio autolikidazioari, ondasun bakoitzaren deskripzioa, noiz eskuratu den, nor izan den eskualdatzailea eta hura eskuratzeko ordaindu dena zehaztuta.

Apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenen Testu Bateginaren 39.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, subjektu pasiboek, zerga aitorpena aurkezten dutenean, dagokien zerga-zorra zehaztu beharko dute autolikidazioa eginez eta araudiak ezarritako toki, modu eta epeetan haren diru-sarrera eginez.

601 eredua aurrez ordaintzekoa dela kontuan hartuta, aitorpena aurkeztu ahal izateko, aurrez ordainketa hori tramitatu eta egiaztatu beharko da.

Ordainketa egin dela egiaztatzeko, kode bat (Erreferentzia Zenbaki Osoa) erabiltzea erabaki da. Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitateetako sistema informatikoek kode hori automatikoki sortzen dute, haietan diru-sarrera egindakoan. Sistema hau, azpiegitura kriptografiko batean oinarritua, fidagarria, segurua eta bizia da, eta haren erabilera oso zabaldua dago finantza entitateen artean. Nafarroako Zerga Ogasunak nahi du Nafarroako Foru Komunitatean diru-bilketaren kudeaketan laguntzaileak diren finantza entitate guztiak atxiki daitezela ordainketa telematikoaren sistema honetara. Sistema hau aspalditik dago erabilgarri haren aplikazio telematikoetan. Hala, tributudunak edo bere ordezkariak, ez zerga bulegoetara ez bankukoetara joan beharrik gabe, tramite guztiak egin ditzake Nafarroako Zerga Ogasunak bere esku jartzen dituen web zerbitzuen bidez.

Hala ere, kontuan hartuta gaur egun finantza entitate guztiak ez daudela Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistema horri atxikita, ordainketaren izapidea eta ordainketaren egiaztapena errazteko, Erreferentzia Zenbaki Osoa lortzeko bigarren modalitate bat gaitzen da, hau da, aitorpenaren zirriborroa Nafarroako Zerga Ogasunaren web zerbitzuetan gordetzen da, egin beharreko ordainketaren datuak eskuratzen dira eta finantza entitateak bere bezeroen eskura jartzen duen sistemaren bidez (bertaratuz edo entitatearen web zerbitzuen bidez), zergaren ordainketaren eta Erreferentzia Zenbaki Osoa lortzeko tramitea egiten da. Zenbaki hori lortu ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunaren aplikazio informatikoaren bidez zirriborroa berreskuratu, Erreferentzia Zenbaki Osorako atala bete eta aitorpena aurkezten ahal da.

Maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren Erregelamenduaren 94.5 artikuluak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zenbait zergapeko egitateren autolikidaziorako prozedura erraztuak onesteko.

Bestetik, aipatu Erregelamenduaren 94.3 artikuluak xedatzen du subjektu pasiboek zerga arloko administrazioko organo eskudunei aurkeztu beharko diotela zergaren autolikidazioa Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako bereziki onetsitako aitorpen-likidazioaren inprimakiaren ereduan eta, hortaz, ahalmena ematen dio kontseilariari 600 eta 620 ereduak alda ditzan.

Halaber, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak, baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiliz.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 601 eredua onestea.

1. 601 eredua onesten da: “Kostu bidezko ondare eskualdaketen gaineko zerga. Ondasun higigarriak partikularrei erostea”.

2. 601 eredua telematika bidez aurkeztuko da, Internet baliatuz, foru agindu honen 4. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. 601 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, “Kostu bidezko ondare eskualdaketen gaineko zerga. Partikularrei erositako ondasun higigarriak” izeneko 601 eredua aurkeztera behartuta daude autolikidazioa egin eta aipatu zergaren diru-sarrera Nafarroako Zerga Ogasunean egitera behartuta daudenak, kostu bidezko ondare eskualdaketetako zergaduna enpresaburua edo profesionala denean eta xedea partikularrei erositako ondasun higigarriak direnean, haiek berriz saltzeko, salbu balore higigarriak eta txatar bihurtzeko ez diren garraiobide erabiliak.

2. Autolikidazioari likidazio aldian, hau da, hiruhileko naturalean egindako erosketa guztiak erantsiko zaizkio, eta eskuratu diren ondasun guztien zerrenda daraman aitorpena gehitu beharko zaio; horretarako, ondasun bakoitzaren deskripzioa, noiz eskuratu den, nor izan den eskualdatzailea eta hura eskuratzeko ordaindu dena zehaztuko dira.

3. artikulua. Aurkezteko tokia eta ordaintzeko modua.

1. Hiruhileko bakoitzaren ondoko lehen hogei egun naturalean aurkeztu beharko da 601 eredua, salbu bigarren eta laugarren hiruhilekoetako aitorpenen kasuan, horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko baitira, hurrenez hurren.

2. Subjektu pasiboak, aurreko atalean aipatzen den epearen barrenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako zerga-zorra Nafarroako Ogasun Publikoaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan ordaintzera. 601 ereduari dagokion diru-sarrera egiteko, “770 ordainketa gutuna” erabiliko dute. Gainera, ordaintzeko onartuta dagoen beste edozein bide erabiliz ere egin dezakete diru-sarrera.

4. artikulua. Aurkezteko modua.

601 eredua telematika bidez, Internet baliatuz, aurkeztu beharko da nahitaez, ondotik heldu diren 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

5. artikulua. 601 ereduari dagozkion autolikidazioak telematika bidez, Internet baliatuz, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 601 ereduari dagozkion autolikidazioen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, edo, bestela, bere identifikazio pertsonalerako zenbakia (PIN), Nafarroako Zerga Ogasunak emana, nor den frogatu ahal izateko.

Baimendutako ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; hartara, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik iristen ahal da.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezleak, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimendutako pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa, aurreko b) letran aipatua, eduki beharko du.

d) 601 eredua telematika bidez aurkezteko, aitortzaileak edo aurkezle baimenduak Nafarroako Atarian eskura dagoen web inprimakia erabili beharko du; horren bidez osatuko da eskualdatzaileen zerrenda, norberaren datuak beteta edo web inprimakian deskribatzen den formatuko fitxategi bat inportatuta.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude argitaratuta, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak atzematen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

6. artikulua. 601 ereduari dagozkion autolikidazioen aurkezpen telematikoa, Internet baliatuz, egiteko prozedura.

Autolikidazioen aurkezpen telematikoa Internet baliatuz egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Ordainketa tramitatzea aitorpena aurkeztu aurreko baldintza da.

Ordainketa egin izana frogatzeko, ordainketa horri dagokion Erreferentzia Zenbaki Osoa Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazi beharko zaio.

a) Ordainketa, dela norberaren izenean, dela hirugarrenen izenean ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan aurreikusita dauden bi modalitateetako edozeinetan, Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen bada, aitorpena aurkezteko aplikazio telematikoak berak bideratuko du tramite hori, inprimakian beharrezkoak diren datuak betez eta Erreferentzia Zenbaki Osoa lortuz.

Sistema horren bidez Erreferentzia Zenbaki Osoa lortu eta txertatutakoan, aurkezleak aitorpena bidaliko du, eta ez da bestelako tramiterik egin beharko.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitateak zerga hau aurkezteko aplikazio telematikoan bertan agertzen dira.

b) Ordainketa Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen ez bada, diru-bilketaren kudeaketan laguntzaile aritzen den gordailuko finantza entitateak eman beharko du Erreferentzia Zenbaki Osoa, dela bertaratuta, dela entitate horrek bere bezeroen eskura jartzen duen bitartekoa erabiliz. Erreferentzia Zenbaki Osoa horrela lortutakoan, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren aitorpenean (601 ereduan) agerrarazi beharko da, Nafarroako Zerga Ogasunari aurkeztu baino lehen.

Bigarren modalitate honetan Erreferentzia Zenbaki Osoa errazago lortu ahal izateko, zerga telematika bidez aurkezteko aplikazio informatikoak behar bezala betetako datuak biltzen dituen zirriborroa gordetzen utziko du, eta zirriborroaren zenbatekoa agertzen duen ordainagiria lortzen ahalko da. Ordainketa egin ondoren, zirriborro hori berreskuratzen ahalko da, eta gero aitorpen gisa tramitatu, Erreferentzia Zenbaki Osoa txertatu ondoren.

4. Aitorpena igorri. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzena bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia komunikatuko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Azken xedapenetan lehena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 1/2011 Foru Aginduko aldaketa; foru agindu horrek ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 620 eredua (zenbait garraiobide erabilien eskualdaketari buruzkoa) eta J-50 eta 630 ereduei dagozkien 743 eta 789 ordainketa gutunak, hurrenez hurren, onesten ditu.

Urtarrilaren 24ko 1/2011 Foru Aginduaren 2. artikuluko 2. lerroaldea honela idatzita geldituko da:

“Eredu hori zenbait garraiobide erabilien eskualdaketengatik egiten diren autolikidazio guztietarako erabiliko da, salbu 600, 601 eta 605 ereduak erabiltzea bidezkoa denean.”

Azken xedapenetan bigarrena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Aginduko aldaketa; foru agindu horrek ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onesten ditu: kostu bidezko ondare eskualdaketen eta sozietate-eragiketen modalitatearena eta egintza juridiko dokumentatuen modalitatearena, hurrenez hurren.

Urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Aginduaren 3. artikuluko 2. lerroaldea honela idatzita geldituko da:

“Eredu horiek kostu bidezko ondare eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen kontzeptuengatik egiten diren autolikidazio guztietarako erabiliko dira, salbu 601, 610, 611, 620 eta 630 ereduak erabiltzea bidezkoa denean.”

Azken xedapenetan hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko azaroaren 28an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1416298