241. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketak, Terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2014ko urriaren 1ean egin osoko bilkura arruntean, aldaketa onetsi zuen hasiera batean Terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duen ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2014ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 8an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako aldaketak argitara ematen dira, ondotik eranskin gisa ematen den testuan ezartzen den bezala.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2014ko azaroaren 18an.–Ogasuneko zinegotzia, Irene Royo Ortín.

ERANSKINA

–Zioen azalpena: Azken lerroaldea aldatu eta honela gelditu da: “Barra-mostradore eramangarrien kasuan, ostalaritzako establezimendu legeztatuei dagokienez, jendetza izaten eta metatzen baita jaietako ekitaldietatik hurbil dauden eremu batzuetan, bakarrik baimenduko dira herriko festetan eta San Joan eta San Pedro egunetan. Egun horietatik kanpo, barra-mostradoreak jartzeko baimena Udalak antolatu, sustatu edo babestutako ekintza edo ekitaldietarako emanen da soilik, betiere parte-hartzaile ugari biltzen badute.”

–III. kapitulua: Bukaeran artikulu bat gehitu da, 22.a, eta testu hau izanen du:

22. artikulua. Barra-mostradorea jartzeko baimena.

1. Ostalaritzako establezimendu legeztatutetan eta baimendutako egunetarako jarri nahi izanez gero, idatziz egin beharko da eskaera okupazioa baino hamabost egun lehenago gutxienez, eta beladoreetarako baimendutako eremuaren barnean jarri beharko dira. Eremu horretatik kanpo jartzen badira edo halakorik ez bada, nahitaezkoa izanen da Udaltzaingoak aldez aurretik horren aldeko txostena ematea. Txosten hori ez da beharrezkoa izanen aurreko urteetakoen antzeko berritzeak egin behar badira; hau da, modulu kopurua handitzen ez denean eta eremuaren baldintzak aldatu ez direnean.

2. Barra-mostradoreak Udalak antolatu, sustatu edo babestutako ekintzetan jartzeko baimena ekitaldiaren baimen orokorraren barnean egonen da, eta jarduera nagusia sustatzen, babesten edo antolatzen duen alorra, kudeaketa zentroa edo administrazio unitatea bera izanen da likidazioa eginen duena, “Eremu publikoa eta herrilurrak okupatzeko tasa arautzen duen ordenantza fiskalean” ezarritako tarifaren arabera, eta jarduera egiten duenak hori gauzatzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak bete beharko ditu.

3. Barra-mostradoreak elkartasunezko xedeak dituzten jardueretan jarri nahi direnean, eta jarduera horiek Udalak antolatzen, sustatzen edo babesten dituenean irabazi asmorik gabeko entitateekin batera, horiek jartzeko baimenak ez du tasarik sortuko, baina jarduera horretan aritzeko legezko baldintza guztiak bete beharko dituzte, eta ekintza antolatzen, sustatzen edo babesten duen alorrak, kudeaketa zentroak edo administrazio unitateak baimenduta egon behar dute.

–Oraingo 22, 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30, 31, 32, 33 eta 34. artikuluak hemendik aurrera 23, 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30, 31, 32, 33, 34 eta 35. artikuluak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: L1415611