241. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABREDO

Etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cabredoko Udalak, 2014ko abuztuaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2014ko 172. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 3an.

Jendaurrean egon bitartean ez da alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, 2014ko urriaren 23ko bilkuran behin betiko onetsi zen ordenantza hori, baita xedatu ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Cabredoko udal mugapean etxerako egurraren aprobetxamendua antolatzen duten arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

5. artikulua. Cabredoko Udalari dagokio herrilurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Cabredoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

7. artikulua. Cabredoko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

8. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduaren onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Eskaera egunaren aurretik, Udalaren erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Aurreko urteetako etxerako egur loteen kuota ordainduta izatea.

9. artikulua. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.

10. artikulua. Udalak ezartzen duen epean aurkeztuko dira aprobetxamendurako eskaerak udal bulegoetan, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) NANaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia, dagokion kuota kargatzeko, beharrezkoa bada.

b) Eskaera epea hasten denean Cabredoko bizilagun gisa urtebeteko antzinatasuna duela frogatzea.

c) Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak dituela frogatzea, aurreko urteetako etxerako egur loteen kuota barne.

11. artikulua. 1. Egurra banatzeko, eskaera adina lote bada, Cabredoko Udalak irizpide hau hartuko du esleipena egiteko: eskaera egin eta ordenantza honen 8. artikuluko baldintzak betetzen dituztenei banatzea etxerako egurra.

Udalaren iragarki oholean jarriko da ikusgai esleipenaren zerrenda.

11.2. Eskaera guztietarako adina egur ez bada, Cabredoko Udalak berdintasunez eta justiziaz jokatuko du, eta lehentasuna emanen die baldintza hauek betetzen dituzten herriko familia unitateetako titular hauei:

a) Diru-sarrera gutxien duten familia unitateak. Irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena.

12. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Cabredoko Udalak etxerako egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 8.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

Cabredoko Udalak, etxerako egurra eskatzen duten familia unitateetako bakoitzaren berariazko eta justifikatutako eskaerak ikusirik, egur kopuru zehatz bat mozteko baimena eskatuko dio Oihan arloko Administrazioari, herritarrek etxerako egurra lortzeko egin dituzten eskaerei erantzun ahal izateko.

Oihan arloko Administrazioak zehaztuko du ea kopuru hori oihanetik modu jasangarrian ateratzerik baden. Hala ez bada, horren berri Udalari eman ondoren, aprobetxamendua bertan behera uzten ahalko da denbora baterako.

13. artikulua. Egur loteak zuzenean aprobetxatu behar dira, debekatuta baitago haiek saltzea eta Cabredoko udalerritik ateratzea eta udalerritik kanpo gordetzea.

Egur loteak etxean bertan aprobetxatu behar dira, debekatuta baitago beste ezertarako erabiltzea.

Etxerako egurra eskatzeko orriaren eredua onetsi da, eta ordenantza honen 1. eranskinean agertzen da.

14. artikulua. Cabredoko Udalak finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona eta lotea finkatuko du, horretarako kontuan hartuz loteak markatzearen eta bideak konpontzearen kostuak eta lanak sortutako beste kostu batzuk, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean loteei egozten ahal bazaizkie.

15. artikulua. Markatutako eremua garbitzeko eta emandako egurra mozteko epea sei hilabetekoa izanen da, esleipenen zerrenda iragarki oholean agertu edo jakinarazten denetik hasita. Udalak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita egur loteak emateko eguna ere eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko.

Loteak biltzeko epea bederatzi hilabetekoa da, esleipenen zerrenda iragarki oholean agertu edo jakinarazten denetik hasita. Epealdi hori iraganik, loteak aztertuko dira.

Epe hori loteak aprobetxatu gabe amaitzen bada eta esleipen-hartzaileek berriz ere eskatzen badute aprobetxamendua hurrengo urtean, aurreko urteko lote bera esleituko zaie.

Data horretan eraman ez diren egur loteak mendian pilatuta uzten ahalko dira, betiere bideetako, mendiko pistetako eta abarretako pasabidea moztu edo zaildu gabe.

Dena den, mendia garbi utzi beharko da egur loteetako lanak egin ondoren (belar-sastrakak kentzea, mozketa etab.).

Esleipen-hartzaileek mendikoak ez diren materialak erabili behar badituzte egurra aldi batez estaltzeko, gero guztiak eraman beharko dituzte eta mendia garbi eta hondakinik gabe utzi.

Garbiketa lanak eta egur mozketa esleipen-hartzaile bakoitzaren ardurapean eginen dira, eta istripurik ez gertatzeko behar diren neurri guztiak hartu beharko dituzte. Egitekoa den lanean, nahitaezkoa izanen da lan horretan aritu behar duenak babes elementuak jarriak izatea.

16. artikulua.–Udalak egurra mozteko lanak eta/edo egurra menditik ateratzekoak kontratatzen baditu, horretarako mugatutako eremuan soilik eginen dira, Oihan arloko Administrazioak baimendutako egur kopuruarekin bat.

Arboladia eremu handiago batean hobetzeko lan osagarriak egin nahi badira, Oihan arloko Administrazioak baimendu beharko ditu lan horiek, etxerako egurrari eta besterenduei buruz Udalak urtero egiten duen espedienteaz aparte, betiere indarra duen legediarekin bat.

16. artikulua. Onuradunak behartuta daude hondarrak bildu eta pilatzera, egurra bildu ondotik, eta ez dira bide, mendiko pista, kale edo oztopo izan daitezkeen tokietan metatuko; betiere, Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urte arte ukatuko zaie aprobetxamendua.

17. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamendua lortzeko eskubidea kentzen duten arrazoiak.

Udalaren Osoko Bilkurak aipatu aprobetxamendua aldi batez edo betiko deuseztatzen ahalko du, herritarrak honako hau egiten duenean:

–Egurra saldu, Cabredoko udalerritik atera edo etxerako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabili.

–Egur sortaren bakanketan, saihesten ahal diren kalteak egin arboladian edo landare geruzan.

–Esleipenen zerrenda iragarki oholean jarri edo jakinarazi eta bi urte pasatu ondoren, esleitutako loteetako egurra moztu ez bada eta eremua garbitu ere ez, inolako arrazoirik izan gabe. Kasu horretan, ezin izanen da etxerako egurrik eskuratu hurrengo hiru urteetan. Udalak bere esku izanen ditu aprobetxatu gabeko loteak eta, egokia iruditzen bazaio, berriz ere esleitzen ahalko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen hartan, 6/1990 Foru Legean eta horrekin bat heldu den araudi indardunean ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

Herritarrendako lotea eskatzea Cabredoko Udalari

Izena: ..........................., NANa: ................., herri honetako bizilaguna: .........................., etxerako egurra aprobetxatzeko eskubidea dudanez, .................... ton/m³-ko lotea eskatzen dut .................. urterako, eta

–Adierazten dut etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditudala.

–Adierazten dut nire instalazio hauetan erabiliko dudala egurra:

INSTALAZIO MOTA

KOKALEKUA (HELBIDEA)

Beheko sua/Sutegia

Sukaldea

Berogailua

Beste batzuk (zehaztu)

–Adierazten dut ez dudala egurra salduko, horixe ezartzen baitute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 164. artikuluak eta Etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza honen 13. artikuluak.

–Adierazten dut ez dudala udalerritik kanpo erabiliko edo gordeko edo bertatik aterako, horixe ezartzen baitu Etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza honen 13. artikuluak.

–Adierazten dut egurra menditik ateratzeko lanak .................... jaunak/andreak eginen dituela, jarduketa hori ez baita udal ordenantzen aurkakoa, eta pertsona horrek badakiela egurra ezin dela saldu.

Eskatzailearen sinadura

Lanak eginen dituenaren sinadura

Idazkariaren sinadura

Tokia eta eguna ........................................................................

Cabredon, 2014ko azaroaren 21ean.–Alkatea, Arantzazu Fernández Cayetano.

Iragarkiaren kodea: L1416133