2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BARASOAIN
Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzako aldaketaren hasierako onespena argitaratu ondoren (2014ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 13koa), jendaurreko aldian alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da, testu honekin:
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELA EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela emateko arauak ezartzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman zuen 98/376/EE Gomendioarekin bat, desgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.
Eskuratzeko baldintzak
2. artikulua. Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:
Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:
1.–Minusbaliatu interesdunak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.
2.–Mugikortasuna urritzen dion minusbaliotasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:
a) %33ko minusbaliotasuna edo handiagoa duela adierazten duen ziurtagiria.
b) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun ziurtagiria, minusbaliotasunak zeregin hauetarako modu larrian eragiten diola frogatzen duena:
–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.
–Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.
–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.
–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskuloeskeletikoa dela-eta.
Baliaezintasun iraunkorra dutenen ahaide bizikideak edo zaintzaileak:
1.–Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.
2.–Eskatzailearen dokumentazioa, minusbaliatuarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere.
3.–Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion minusbaliotasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:
a) %33ko minusbaliotasuna baino handiagoa duela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun ziurtagiria, minusbaliotasunak zeregin hauetarako modu larrian eragiten diola frogatzen duena:
–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.
–Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.
–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.
–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskuloeskeletikoa dela-eta.
Eskabideen aurkezpena
3. artikulua. Txartelak eskuratzeko eskabideak Barasoaingo Udalaren Idazkaritzako bulegoetan aurkeztuko dira, honako agiri hauekin batean:
–Eskabidea, bertan adierazita minusbaliatuaren izenean den edota haren familiako batenean.
–NANaren fotokopia.
–Gidabaimenaren fotokopia.
–Zirkulatzeko baimenaren fotokopia.
–2. artikuluan zehazten diren ziurtagiriak.
–Bi argazki, koloretakoak eta karnet neurrikoak.
4. artikulua. Agiri horiek azterturik, eta baldintza guztiak betetzen badira, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela emanen da, eta minusbaliotasun mailaren ziurtagirian agertzen den egunera arteko balioa izanen du edo, bestela, balio eperik agertzen ez bada, 5 urtean behin berritzen ahalko da, ematen den egunetik hasita.
Txartelaren balioa amaitu baino lehen, onuradunek haren berritzea eskatu beharko dute, eta adierazi aldaketarik izan ote den hura emateko arrazoietan edo elementuren batean, betiere horrelakoak frogatuta.
Txartelak gehienez ere 3 matrikulatarako luzatzen ahalko dira, betiere behar den dokumentazioa aurkezten bada.
Arau-hausteak eta zehapenak
5. artikulua. Desgaitasuna dutenendako txartela eskuratzeko aurkezten diren datuak, ziurtagiriak edo beste edozein baldintza faltsutzea arau-hauste administratiboa da, baita hura eskuratzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea ere.
Era berean, arau-haustetzat hartuko da hirugarrenek txartel horiek erabiltzea, horrelakorik lortzeko baldintzak betetzen ez badituzte.
Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-hauste horien erantzuleak.
6. artikulua. Arau-hausteei dagokien zehapen espedientea irekiko zaie, eta zehapen ahalmena arautzen duen Erregelamenduaren arabera tramitatuko da hori.
Ezarriko den zehapena desgaitasuna dutenei txartel hori kentzea izanen da.
7. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Barasoainen, 2014ko azaroaren 19an.–Alkatea, Rita Roldán Murillo.
Iragarkiaren kodea: L1415842