1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2303/2014 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 11ko 573/2013 Ebazpenean onetsitako oinarri arautzaileak aldatzen dituena. Ebazpen horren bidez, gizarteratze eta laneratze zentroetarako diru-laguntzen deialdia onetsi zen.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 11ko 573/2013 Ebazpenaren bidez, gizarteratze eta laneratze zentroetarako diru-laguntzen araubidea ezarri zen. Diru-laguntza horiek gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dauden pertsonak kontratatzeagatik ematen dira, haiekin gizartean eta lanean txertatzeko ibilbideak eta esku-hartze eta lagun egiteko zerbitzuak garatzeko, helburua izanik gizatalde hori enpresa arruntean txertatzea.
Laguntza horien tramitazioan bildutako esperientzia azterturik, ikusi da beharrezkoa dela oinarri arautzaileak aldatzea, errazago ulertzeko eta zentroen errealitateari egokitzeko.
Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Gizarteratze eta laneratze zentroei diru-laguntzak emateko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 1eko 573/2013 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea.
1.1. “Gizarteratze eta laneratzeko kontratazioa zentroetan” izeneko 5. oinarrian, 2. puntuari paragrafo hau gehitzea:
“Zentro berak kontratu bat baino gehiago sinatu baditu langile berarekin, lanaldiaren iraupena kalkulatzearen ondorioetarako, kontratu guztietako lanaldien batura hartuko da”.
1.2. “Eskabideak eta horiek aurkezteko epea” izeneko 10. oinarrian, 1. puntuaren a) letraren hirugarren paragrafoa aldatzea. Honela geldituko da:
“Gizartean eta lanean txertatzeko diru-laguntzaren xedeko lanpostuen gehieneko kopurua ezin izanen da %10 baino gehiago igo, aurreko urtean diru-laguntza izan zutenen aldean. Dena dela, 8 lanpostu bitarteko zentroa bada, 2 lanpostu gehitzea onartuko da”.
1.3. “Eskabideak eta horiek aurkezteko epea” izeneko 10. oinarrian, 1. puntuaren b) letrari paragrafo hau gehitzea:
“Urriko Gizarte Segurantzari dagozkion eskabideen kasuan, epea, betiere, urte bereko abenduaren 31n bukatuko da”.
1.4. “Eskabideak eta horiek aurkezteko epea” izeneko 10. oinarriaren 2. puntua aldatzea. Honela geldituko da:
“2. Laguntza teknikorako diru-laguntzaren eskaerak.
a) Urtero, urtarrilean, gizarteratze eta laneratze zentroek aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 arteko eperako diru-laguntza eskatuko dute; eskaeran, aurreko urtean gizartean eta lanean txertatzeko langileentzat izandako lanpostuen batez bestekoa justifikatuko dute.
Organo kudeatzaileak eskatzen den epealdi osorako diru-laguntza emanen du.
Aipatu epean diru-laguntza eskatzen ez bada, zentroak uko egiten diola ulertuko da. Epea bukatu ondoren aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
b) Hiru hilabetean behin, zentroek teknikariei ordaindutako soldatak eta gizarte segurantzako kostuak frogatuko dituzte organo kudeatzailearen aurrean, horrek diru-laguntza ordaintzeko agindua eman dezan.
Diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko epea hilabetekoa da, aurreko hiruhilekoa bukatzen denetik.
Diru-laguntza onartu aurreko hiruhilekoen kasuan, diru-laguntza eskatzearekin batera diru-laguntzaren ordainketa ere eskatuko da, salbu eta aurreko paragrafoan adierazitako epea bukatu gabe badago, orduan bidezkoa denean eskatzen ahalko baita.
Epe barrenean eskatzen ez bada, zentroak hiruhileko horren ordainketari uko egiten diola ulertuko da, eta eskaera ez da onartuko.”
1.5. “Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa” izeneko 12. oinarriaren 3. puntuaren c) letra aldatzea. Honela geldituko da:
“c) Ordainketa bat eskatzen den aldiro, honako hauek aurkeztuko dira:
–Eskabidea.
–Ezarritako inprimakia, diru-laguntzari dagozkion kalkuluak adierazita.
–Kontratatutako teknikarien nominen eta gizarte aseguruen kopia, laguntza zer hiruhilekotarako eskatzen den, epe horretakoak, eta kasuan kasuko ordainketak egin izanaren agiriak.
–Honako hauek frogatzeko agiriak edo, zein den kasua, erantzukizuneko aitorpena:
- Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
- Diru-laguntza hauen xede bererako beste laguntzarik ez hartzea, edo hartuz gero, guztien artean ez dela kostua gainditzen.”
2. Ebazpen hau Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuari eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kontu-hartzailetza delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2014ko azaroaren 4an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.
Iragarkiaren kodea: F1415029