24. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 13koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Barañaingo Auditorioa entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Barañaingo Auditorioa entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100151012013) aztertu da, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko azaroaren 21ean izenpetu ondoren erregistro honetan sartu zena 2013ko azaroaren 25ean, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 13an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

BARAÑAINGO AUDITORIOKO LANGILEENTZAKO HITZARMENA

Barañaingo Auditorioak (hemendik aurrera, ABA) eta bere langileen ordezkariek, erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetu nahian, lan hitzarmen honen bitartez kudeaketa eta antolamendu tresna eraginkor batez hornitu nahi dute hura.

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Hitzarmen hau ABAko langile guztiei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.

Hitzarmenaren indarraldia argitaratzen denetik 2016ko abenduaren 31 artekoa izanen da. Hitzarmen hau bere mugaegunean salatuko da, eta sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute hitzarmen honen indarraldiko azken hiru hilabetean hitzarmen berria negoziatzen hasteko.

Edonola ere, berariaz hitzartzen da ezen, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatuari jarraituz, hitzartutako indarraldia amaitutakoan, haren arauen edukiak indarrean jarraituko duela bi urtean.

3. artikulua. Batzorde paritarioa.

Lan hitzarmen hau sinatzean, lan hitzarmenaren segimendurako, aplikaziorako eta interpretaziorako batzorde paritario bat eratuko da, alderdi sinatzaileek osatua. Batzorde paritario horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera. Eskaera formala egiten denetik bilera egunera bitarte ez dira inoiz sei egun baino gehiago pasatuko.

Batzorde paritarioak lortzen dituen akordioek bi alderdiak lotzen dituzte, eta haren irizpenak hitzarmenari gehituko zaizkio eranskin gisa.

Eskumen hauek izanen ditu:

–Hitzarmen honen arauak interpretatzea.

–Hitzarmen honen konpromisoak garatzea.

–Hitzarmenaren balizko aplikazio eza.

Hitzarmena ez aplikatzeko klausula:

Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluari dagokionez, arrazoi ekonomikoak tartean direlarik soilik dauka enpresak hitzarmen hau ez aplikatzea. Balizko aplikazio ezak soil-soilik soldatei eraginen die. Soldataren doikuntza hitzarmenaren Batzorde Paritarioaren barnean hitzartu beharko da.

Ez aplikatzeko erabakian berean enpresan soldatei buruz aplikatuko diren baldintza berriak ezarri beharko dira, baita hitzarmena berriz aplikatzeko epeak eta baldintzak; izan ere, hitzarmena ez aplikatzeko zergatiak bertan behera gelditzen direnean, berriz aplikatzen hasi beharko da ezinbestean.

Enpresaren barnean ez bada beharrezko akordioa lortzen negoziazioa hasi eta ondoko 7 eguneko epean, aplikazio eza eta haren ondorioak Nafarroako Lan Auzitegiaren arbitrajearen menpe utziko dira.

4. artikulua. Lanaldia, egutegia eta ordutegia.

–Hitzarmenaren indarraldiko urte guztietan, 1592 orduko lanaldia izanen da.

–Egutegia: urtero, abenduaren 31 baino lehen, oinarrizko egutegi bat onetsiko da, lantokiko iragarki oholean jarriko dena ikusgai. Egutegi hori enpresak eta langileen ordezkaritzak negoziatua izanen da.

–Ordutegia: urtero urteko ordutegia ezarriko da, egutegiaren proposamenarekin batera. Egutegia ABAko kultur programazioaren malgutasunera egokituko da, dauden beharrak betez.

ABA saiatuko da, ahal delarik, langileen lanaldia egokitzen, urteko beharrak aurreikusiz ekitaldien programazioa oinarri hartuta, eta bi hilabetean behin programazioa berrikusiko da azken unean izan daitezkeen aldaketak egiteko.

Orduei dagokienez bi behar mota ezarriko dira:

a.–Bulegoko langileak: egunero 7,5 orduko lanaldia eginen dute, astelehenetik ostiralera, publikoari arreta emateko beharrak betez (konpainiak, ikastaroak, bezeroak, hornitzaileak...).

b.–Langile teknikoak eta aretokoak: langile teknikoek astelehenetik igandera eginen dute lan, langileen arduradunak jardueretarako ezarritako eta ikuskatutako ordutegien arabera eginen baitira lanaldiak.

5. artikulua. Aparteko orduak, gauekoak eta jaiegunekoak.

Soilik behar izatera eginen dira, eta honela konpentsatuko dira denboratan:

Bulegoko langileak:

–Lanegunetako aparteko orduetan, 1,5 ordurekin konpentsatuko da lan egindako ordu bakoitza.

–Gaueko orduetan, 1,75 ordurekin konpentsatuko da lan egindako ordu bakoitza.

–Jaiegunetako orduetan, 2 ordurekin konpentsatuko da lan egindako aparteko ordu bakoitza.

Langile teknikoak eta aretokoak:

–Gaueko orduetan, 1,5 ordurekin konpentsatuko da lan egindako ordu bakoitza.

–Jaiegunetako orduetan, 1,75 ordurekin konpentsatuko da lan egindako ordu bakoitza.

–Urte naturalean gainditzen badira urteko lanaldirako finkatutako orduak, aparteko ordu horietan 1,5 ordurekin konpentsatuko da lan egindako ordu bakoitza.

22:00etatik biharamuneko 6:00ak arteko orduak gaueko ordutzat jotzen dira.

6. artikulua. Gastuak eta haiek langileei ordaintzea.

Auditorioko langile guztientzat, 10 ordutik gorako goizeko lanaldi jarraituek bazkariari dagokiona ordaintzea ekarriko dute. 10 ordutik gorako arratsaldeko lanaldiek afariari dagokiona ordaintzea ekarriko dute. 24:00etatik aurrera luzatzen diren arratsaldeko lanaldiek afariari dagokiona ordaintzea ekarriko dute. Auditorioak langileei dieta horiek ordainduko dizkie kasuan kasuko egiaztagiria aurkeztu ondoren.

7. artikulua. Plantilla.

–Plantillaren finkotasuna bermatu nahian, aukeratu da, beharren arabera, mugarik gabe betetzea lanpostuak.

–Plantillako langile baten lanpostua bi hilabetetik gora bete gabe gelditzen bada (baja, eszedentzia...), behin-behineko langile batek ordeztuko du hura bere lanean.

–Langile berriak behar direla ezartzeko, baita langileak hautatzeko irizpideak eta baldintzak ezartzeko ere, ordezkaritza sindikalari jakinaraziko zaio, horretarako indarra duen araudia betez, batez ere Langileen Estatutuaren 64. artikulua.

8. artikulua. Kontratuak.

Aldi baterako kontratuak eginen dira zerbitzuaren beharrengatik. Lanpostu huts bat sortzen denean, haren deialdia ahalik eta lasterren eginen da, betiere zerbitzuaren beharrak eta egin beharreko zerbitzuak kontuan izanik.

9. artikulua. Sailkapen profesionala.

Kategoriek soldata maila desberdinak zehaztuko dituzte enpresaren egungo organigramaren arabera. (I. eranskina).

Hitzarmenaren esparruan kategorien eta definizioen koadro hau ezartzen da, etorkizuneko kontratazioetara begira.

KATEGORIA

MAILA

LANPOSTUA

1

-

Gerentzia

2

B

Koordinatzaileak eta arduradunak

3

C

Aretoko burua

C

Administrari-ofiziala Mantentze-lanetako ofiziala

4

D

Laguntzaileak eta zerbitzuetako langi.

1. kategoria.–Gerentzia: ardura handieneko lanpostua eta Auditorioaren zuzendaritza teknikoa eta artistikoa. Hierarkian, haren gainetik Fundazioko Patronatuko Batzordea eta burutza daude soilik.

2. kategoria.–Koordinatzaileak eta arduradunak: ardura handieneko lanpostua kasuan kasuko arloan. Hierarkian, gerentziaren eta/edo burutzaren menpe daude, eta haien bitartez erantzuten diote Patronatuko Batzordeari.

3. kategoria.–Autonomia handiko lanpostu teknikoak. Hierarkian, 1. edo 2. kategorietako lanpostuen eta, hala balegokio, gerentziaren menpe daude, eta haien bitartez erantzuten diote Patronatuko Batzordeari.

4. kategoria.–Autonomia ertaineko edo gutxiko lanpostu teknikoak. Hierarkian, 1., 2. edo 3. kategorietako lanpostuen menpe daude.

10. artikulua. Enpresen ondorengotza.

Enpresen ondorengotza posibleari dagokionez, Langileen Estatutuaren 44. artikuluan xedatuari jarraikiko zaio.

11. artikulua. Igoera eta mugigarritasuna.

Langileek lehentasuna izanen dute lekualdatze-lehiaketaren bidezko lanpostu berriak betetzeko, baldin eta beharrezko titulazioa badaukate. Ezin da plantillako titularra izan beharrezko probak egin gabe.

12. artikulua. Lanbide prestakuntza.

–40 ordu urtean prestakuntzarako. 20 ordu izanen dira enpresak prestakuntzarako antolatzen dituen ekintzetarako eta 20 ordu langilearen kargurako prestakuntza ekintzetarako, baldin eta zuzenean loturik badaude lanean dituen beharretara.

–Prestakuntzarako langilearen kargura diren 20 orduak gainditzen badira, enpresaren kargurako 20 orduko kreditua erabil daiteke, betiere gerentziak edo burutzak ikus-onetsita.

–Lanaldiarekin bat egiten duten orduak konpentsatuko dira.

–Ikastaroak enpresak aginduta egiten direnean, hartan emandako denbora guztia konpentsatuko da.

–NAPIrekin negoziatuko da langileak institutu horrek antolatzen dituen ikastaroetara joan daitezen, baita euskara ikastekoetara ere.

13. artikulua. Kategoria handiagoko eta txikiagoko lanak.

Lan horiek salbuespeneko arrazoi luzaezinengatik egin daitezke soilik eta behar bezainbeste iraunen dute, mugigarritasun funtzionala erregulatzen duten arauetan xedatuarekin bat.

–Kategoria goragoko lanak eginez gero, kasuan kasuko maila gorago horri dagokion bezala ordainduko da, oporraldietan izan ezik.

–Kategoria goragoko lanak egiteko arrazoia bada lanpostua hutsik dagoela, kategoria goragoan hasi eta sei hilabetera finkatuta geldituko da behin betiko langile hori kategoria horretan.

–Kategoria beheragoko lanak eginez gero, horiek ezin dute bi hilabetetik gora iraun. Horrek ezin du inondik inora soldata murriztea ekarri.

14. artikulua. Oporrak.

–Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek eskubidea izanen dute 27 laneguneko oporrak hartzeko urtean, edo horren parekoak. Lanegunak astelehenetik ostiralera bitartekoak dira.

–Oporrak etetea:

Oporraldia hartu gabekotzat hartuko da aparteko inguruabarrak suertatzen direnean, hala nola aldi baterako ezintasunaren parte medikoa dakarren eritasuna edo istripua; izan ere, interesatuak oporraldia bukatzeko eskubidea izanen du arauzko baimena eten zuen inguruabarra iragandakoan.

15. artikulua. Baimenak eta lizentziak.

–Lau lanegun, norberak hartzekoak, benetan lan egindako denboratzat hartuko direnak. Baimen hau bateraezina da urteko arauzko oporrekin. Hortaz, baimen hori ezin izanen zaie lotu gainerako oporrei.

–Hogei egun natural, ezkontzeagatik edo izatezko bikotea eratzeagatik; oporraldi arruntarekin metatzen ahal dira.

–Lau egun natural seme-alaben jaiotzagatik. Beste egun bat jaiotzen den beste bakoitzerako, erditze multiplearen kasuan.

–Haurrari esnea emateko baimena: ordu bat lanetik kanpo edo 3 ordu laurdeneko bi zati, edo lanaldia ordu erdi bat murriztea. Langileak, gizonezkoa edo emakumezkoa izan, aukera dezake edoskitzea metatzea, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan xedatuaren ondorioetarako, eta, hala, 10 lanegun har ditzake. Erditzea multiplea bada, baimena 10 lanegunetan luzatuko da seme-alaba bakoitzeko, umeak 9 hilabete bete arte.

Hala eskatzen duen langileak, baimen ordaindu horiek hartu beharrean, orduka har dezake dagokion denbora bera.

–5 egun natural, ezkontidearen edo bizikidearen heriotzagatik, edota odol bidezko lehen graduko senitartekoen edo anai-arreben heriotzagatik.

–3 egun natural, ezkontza bidezko lehen graduko edo odol bidezko bigarren graduko senitartekoen heriotzagatik.

–Egun natural bat, hirugarren mailako senitartekoen heriotzagatik.

–4 egun, ezkontidea edo bizikidea, edo odol bidezko lehen graduko senitartekoak ospitaleratzeagatik, baldin eta ospitaleratzeak bost egun baino gehiago irauten badu edo sendagilearen irizpena gaixotasun larri edo oso larriarena (ospitaleratzearekin nahiz gabe) denean.

–3 egun natural, ezkontza bidezko lehen graduko senitartekoak eta anai-arrebak ospitaleratzeagatik.

–2 egun, kirurgia anbulatorioarengatik, edo etxean erabateko atsedenaldia behar denean, odol eta ezkontza bidezko bigarren gradura arteko senitartekoen kasuan.

–Egun natural bat gehiago, kasu guztietan Nafarroatik kanpora joan behar bada, eta 2 penintsulatik kanpo denean.

–Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako eritasun edo ospitaliratzearen kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lanegunak, gertakaria hasi zen eguna kontuan hartuta, gertakariak irauten duen guztian erabiltzen ahalko da, baldin eta hori zerbitzuaren beharrizanekin bateragarria bada.

–Behar adina denbora, betebehar publikoak edo pertsonalak egiteko, lanetik kanpoko orduetan egin ezin badira.

–10 ordu, urtean berreskuratzekoak, norberak libre hartzeko.

–2 egun, bizilekua aldatzeko.

Izatezko bikoteek, behar bezala erregistraturik badaude udal erregistro batean, ezkontideek bezalako lizentziak jasoko dituzte elkarri eta senitartekoei laguntzeko.

16. artikulua. Lanaldia murriztea.

–Lanaldia murrizteko eskubidea, legepeko zaintza dela eta, 8 urtetik beherako haurra bere kargu duten langileei aitortua, Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan ezarri bezala.

–Langileak eskubide bera izanen du, odol bereko nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea zaintzeko, baldin eta ahaidea adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez denean eta lan ordaindurik egiten ez duenean.

–Lanaldi murriztua baimendu daiteke, lanaldiaren erdira arte, ondoko kasu hauetan: 55 urtetik gorakoa denean, erabateko ezintasuna ekartzen ez duen gaixotasunaren bat edukitzen denean, osasun zerbitzuek egindako txostenaren arabera eta interes partikularrarengatik.

–Murrizpen horiek ABAn urte batetik gorako antzinatasun jarraitua edo metatua duten langileek eska ditzakete.

17. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.

Hala nahi duen langileak ordaindu gabeko baimen bat eska dezake, 15 egunetik beherakoa ez bada eta 3 hilabetetik gorakoa ez bada 18 hilabeteko epean. Soldatarik gabeko baimen hori zatika har daiteke gehienez ere 3 hilabete egin arte, adierazi bezala, hiru epetan gehienez eta 18 hilabeteko epean. Langile berak ezin izanen du soldatarik gabeko beste baimen bat hartu urtebete iragan arte, aurreko azken epea bukatu zenetik aurrera.

18. artikulua. Eszedentziak.

a) Nahitaezko eszedentziak:

–Berdintasunari buruzko 3/2007 Lege Organikoaren neurriak zorrotz beteko dira.

b) Borondatezko eszedentziak:

–Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoa baztertu gabe, langile guztiek dute eskubidea borondatezko eszedentzia hartzeko aukera onar diezaien, urtebeterako gutxienez eta 3 urterako gehienez, lanpostua erreserbatuta. Hiru urteko eszedentzia iraganik, mugagabea izanen da eta, beraz, lanpostuak hutsik gelditu beharko du bertara itzultzeko.

Urtebetetik beherarako eskatuz gero, sei hilabeteko bi luzapen eskatzen ahalko dira, eta enpresa behartua egonen da haiek ematera.

–Egiaztatutako arrazoiak salbu, pertsona bat kontratatuko da eszedentziak betetzeko.

–Bi langilek baino gehiagok ezin dute batera hartu borondatezko eszedentzia, non ez den berariaz baimentzen.

–Gutxienez 15 egun lehenago eskatuko da, baita lanera itzultzeko ere.

Bigarren gradura arteko adingabea edo senitartekoa zaintzeko eszedentziari dagokionez (Langileen Estatutuaren 46.3 artikuluan jasoa), ezartzen da lanpostu bera gordeko dela haren hirugarren urtera arte.

19. artikulua. Borondatezko baja.

Zerbitzuak ematetik beren borondatez gelditzen diren langileek idatziz jakinaraziko diote enpresari, 15 egun lehenago, gutxienez.

20. artikulua. Soldata egitura.

–ABAko langileen oinarrizko nomina ondoko kontzeptu hauek osatuko dute:

Oinarrizko soldata.

Antzinatasuna: langileek antzinatasun osagarri bat jasoko dute ABAn egindako zerbitzualdiagatik: 52 euro hilabetean, hirurteko bakoitzeko.

Aparteko pagak: hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean aparteko bi paga izanen dituzte, oinarrizko soldataren hilabeteko bat gehi, baldin balego, antzinatasuna adinakoak. Haietako bat urte bakoitzeko ekainaren 30ean ordainduko da, eta bestea, berriz, abenduaren 22an.

21. artikulua. Ordainsariak.

Langileen erosteko ahalmenari eutsi nahian, soldatak igoko dira, ondotik zehazten den bezala:

2014an eta hurrengo urteetan: aurreko urteko benetako KPIaren igoera. Igoera oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren gainean aplikatuko da. Soldata taulak urte bakoitzeko urtarrilean eguneratuko dira, aurreko urteko KPIa ezagutu ondoren. Soldatan aplikatu beharreko igoeraren portzentajea izanen da Nafarroako eta Espainiako KPIen arteko portzentajeetan altuena. Edozein kasutan, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean aurreikusitakoa bete beharko da.

Ez da inola ere aplikatuko berrikuspen negatiboa soldatan.

22. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Aldi baterako ezintasuna daukaten langileei, kontingentzia komunarengatik edo profesionalarengatik izan, betiere kasuan kasuko baja agiriarekin eta baja berrestekoekin justifikaturik, kontuan izan gabe Gizarte Segurantzatik jaso beharreko zenbatekoak, ABAk beharrezko ordainsariak pagatuko dizkie ordainsari arruntaren %100 jasotzeko, egoera horrek irauten duen bitartean.

23. artikulua. Aseguruak.

Bizi eta istripu aseguru bat kontratatuko da langile guztientzat. Polizaren estaldura 51.000 eurokoa izanen da heriotzagatik, eta 90.000 eurokoa erabateko ezintasunagatik.

24. artikulua. Familia laguntza.

Familia-laguntza modura, hilero kopuru bat emanen zaie langileei familiako gorabeheren arabera. Hura kalkulatzeko, langile bakoitzaren hileroko oinarrizko soldata hartuko da oinarritzat eta portzentaje hauek aplikatuko zaizkio.

a) Diru-sarrerarik gabeko ezkontideagatik: %3,50.

b) Ezkontideagatik, ebazpen judizial baten ondorioz hari pentsioa ordaintzera behartuta egonez gero: %3,50.

Pentsioa laguntzaren diru kopurua baino txikiagoa balitz, laguntza haren berdina izanen litzateke.

c) Emantzipatu gabeko seme-alaba adingabe bakoitzeko: %3.

d) Interesdunarekin bizi eta ekonomikoki haren mende dagoen aurreko ahaide bakoitzeko edo anai-arreba adingabe emantzipatu gabe bakoitzeko, ez aitarik ez amarik ez duen umezurtza bada: %3.

e) Desgaitasun fisikoa edo psikikoa duen seme-alaba bakoitzeko: %15.

Aurreko atalean ezarritakoa aplikatzean ateratzen den kopurua handitu eginen da, langilearekin bizi diren seme-alaba adingabeen kopuruaren arabera, portzentaje hauetan:

a) 3-5 seme-alaba: ehuneko 30.

b) 6-8 seme-alaba: ehuneko 35.

c) 8 seme-alabatik gora: ehuneko 40.

Laguntza horien ondorioetarako, desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten seme-alabak emantzipatu gabeko adingabetzat hartuko dira beti.

Familian edozein aldaketa izanez gero, haren berri eman beharko zaio ABAri, hura gertatzen den unean.

Aurreko lerroaldeetan ezarritako laguntza bera emanen zaie langileei, inguruabar hauek guztiak dituzten seme-alaben gurasoak badira:

a) 18 urte eginak izan baina 23 urtez azpikoak direnean.

b) Langilearekin bizi direnean.

c) Gizarte Segurantzan altan egon ez badira edo langabezian daudenean.

d) Inolako dirusarrera ekonomikorik eduki gabeak direnean.

Kudeatzeko arauak: aurreko inguruabarrak ez badira urte oso-osoan bete, lan egindako egun kopuruaren arabera emanen da laguntza, hartarako eskubidea sortu eta biharamunetik hasita eta hura sortzeko eskubidea galtzen den azken egunaren bukaeran amaituta. Horretarako, interesatuak lan-bizitzaren agiria aurkeztu beharko du.

25. artikulua. Soldataren aurrerakinak.

Soldataren aurrerakinak hilabeteko 15. egunetik aurrera eska daitezke, hala behar izatera.

26. artikulua. Erretiro partziala.

Hala nahi duten langileek erretiro partziala har dezakete, legez ezarritako baldintzak beterik.

Langile horiek enpresarekin hitzartuko dute enpresan betetzeko duten lanaldia egiteko modua, eta nola beteko duten.

27. artikulua. Lan osasuna.

Laneko arriskuak prebenitzeko araudia zinez aplikatuko da, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:

–Arriskuen ebaluazioa.

–Laneko arriskuen prebentziorako lan prozedurak.

–Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.

–Beren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.

–Larrialdietarako planak edo neurriak.

–Langileentzako prestakuntza eta informazioa.

Ezintasuna dela-eta birkokatzeari dagokionez: ahal dela, hondarreko gaitasunarekin bateragarriak diren lanpostuetan birkokatuko dira aitortutako ezintasun iraunkor osoa duten langileak, bai eta, aitorturik ez eduki arren, bere gaitasunetan nolabaiteko ezintasun fisikoa dutenak ere. Ezintasunak istripu edo gaixotasun profesionalengatik direnean, Fundazioa beharturik egonen da hala eskatzen duenari beharrezko lanaldiaren portzentajea ematera ezintasuna aitortu zitzaionean zuen soldataren %100era eskuratzeko.

28. artikulua. Eskubide sindikalak.

Kreditu sindikala hiru hilean behin kontabilizatuko da, eta epe horretan meta daiteke.

Ordezkaritza sindikalak langileen batzarren deialdia egin dezake lantokian eta laneko orduetan, baldin eta zentroko zerbitzuei trabarik egiten ez bazaie. Horretarako, langileek eskubidea izanen dute haietan 12 orduz parte hartzeko urtean gehienez.

29. artikulua. Langileen ekipamendua.

Janzteko hala behar duten langileek, gutxienez, 2 ekipamendu jasoko dituzte negurako eta beste 2 udarako.

30. artikulua. Kilometrajea eta garraio plusa.

0,32 euro ordainduko da kilometro bakoitzeko, zerbitzuaren beharrek enplegatua bere ibilgailuan joan-etorria egitera behartzen dutenean lanpostuari dagozkion eginbeharrak burutzeko, baldin eta hori ez bada bere lanpostuaren funtsezko edukia eta ez bazaio bestela ordaindu. Diru kopurua berrikuspenei loturik egonen da.

31. artikulua. Ordezko arauak.

Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusi ez diren gai guztietan, Langileen Estatutuan xedatua eta orok jakiteko eta behar diren ondorioak izateko argitaratu diren arlo honetako arau edo xedapen indardun orokorrak beteko dira.

I. ERANSKINA

2013ko soldaten taulak

LANBIDE TALDEA/KATEGORIA

OINARRIZKO SOLDATA

HIRURTEKOA

Administrazioko ard.

2.190,22

52,00

Ard. teknikoa

2.190,22

52,00

Antol. eta nazioarteko planifikazioko ard.

2.190,22

52,00

Programazioaren arloa + adm.

2.190,22

52,00

Komunikazioko ard.

2.190,22

52,00

Aretoko burua

1.788,08

52,00

Iragarkiaren kodea: F1400750