24. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3/2014 FORU AGINDUA, urtarrilaren 9koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan ezartzen du botere publikoek gizarte zerbitzuen arloan egiten dituzten jarduketen funtsezko helburua izanen dela, besteak beste, komunitatearen parte-hartzea sustatzea gizarte premiak konpontzeko lanetan, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateena.

Foru lege horren 5 n) artikuluaren arabera, gizarte zerbitzuen sistemaren printzipio gidarietako bat boluntariotzaren sustapena da, hau da, herritarren elkartasunezko lankidetza sustatzea gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, betiere parte-hartze horrek behar diren zerbitzu profesionalak ordeztea ekartzen ez badu.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak II. eranskinean jasotzen ditu gizarte zerbitzuetako boluntariotzako entitateentzako diru-laguntzak, “Prestazio bermatugabeak” bezala. Diru-laguntza horiek aipatu arauko a-16 eta b-13 ataletan aurreikusita daude, eta gizarte zerbitzuetako entitateek gizarte boluntariotza bultzatzeko jarduerak egitea da baliabidearen xedea.

Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 14. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateak boluntariotza arloko programa eta jarduerak diruz lagunduko ditu, eta, horretarako, diru-laguntzak emanen dira deialdi publikoen bidez.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17. artikuluan norgehiagokako araubidea ezartzen da. Bertan agertzen den definizioaren arabera, araubide horretan diru-laguntzak ematen dira aurkezten diren eskaerak konparatuz, eta horrela, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarritako balorazio-irizpide batzuen arabera, lehentasun zerrenda ordenatu bat ezartzen da. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, diru-laguntzetarako onartutako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatzen ahalko da.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari erantsitako txosten tekniko eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia nahiz oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte boluntariotzaren arloko programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei 2014an diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira oinarri horiek.

2. 125.000 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2014ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko Funtsa. Boluntario lanak” izeneko 920005-91820-4819-231B34 kontu-sailaren kargura, betiere kreditua baldin badago.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 9an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

Gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak 2014. urterako

1. Xedea eta aplikazio eremua.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea 2014. urterako.

Diru-laguntza horiek emanez, gizarte boluntariotzaren arloan diharduten entitateek beren arretapeko taldeen beharrak asetzeko ekintzak gauzatzea bultzatu eta sustatu nahi da.

1.2. Aplikazio eremua.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak gizarte boluntariotzaren arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen elkarte eta entitateentzat dira, irabazi-asmorik gabekoak izateaz gain, Nafarroan helbideratuak daudenentzat.

Toki administrazioak ezin dira diru-laguntza hauen onuradun izan, ezta haien menpeko edo haiei lotutako entitate edo elkarteak ere.

2. Programen tipologia.

Aurkezten diren programak tipologia hauen barrenean sartuko dira:

–Boluntarioak erakartzera eta boluntariotza lanari buruzko sentsibilizazioa, zabalkundea eta sustapena bultzatzera bideratutako programak.

–Boluntariotzako jarduerak koordinatzeko programak.

–Kanpoko prestakuntza boluntariotzaren arloan.

–Barneko prestakuntza boluntariotzaren arloan.

–Autolaguntzako eta boluntariotzako taldeak bultzatzea arazo berberak dituzten pertsonen artean.

–Komunitatearen gizarte bizitzan integratzeko sostengua behar duten pertsonei laguntzeko asmoz, boluntarioekin egiten diren programak, entitateek jendearen elkartasun gogo hori bideratzeko antolatzen dituztenak.

–Entitate bateko bazkideei entitatearen zenbait programatan boluntario gisa parte hartzeko bidea ematen dieten programak.

3. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetara 125.000 euro bideratu dira, 2014ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7. Boluntario lanak” izeneko 920005-91820-4819-231B34 kontu-sailaren kargura, betiere kreditua baldin badago.

Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun izateko, entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratua izatea eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatua egotea.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea. Hori erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

d) Estatutuen arabera, erakundearen xedea izatea gizarte boluntariotzarekin lotutako eta boluntarioei zuzendutako jarduerak egitea.

e) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

f) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debekuetako bat ere ez izatea.

Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

5. Diru-laguntzaren xedeko programek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jasotzeko, programek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Oinarri hauetan aurreikusitako tipologiarako egokiak izatea.

b) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

6. Eskaerak aurkeztea.

6.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren araberakoa. Eredua Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalean, 7) eta erakunde beraren web orrian eskuratzen ahalko dute.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan.

Postetxeetan aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Hala behar izanez gero, eta oinarri arautzaile hauen 14.1.a) atalean xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena.

h) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabetetan egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 atalean xedatutakoarekin bat, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago, baldin eta horien ziurtagiria Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori adieraziz.

i) Entitatearen memoria teknikoa, eskaeraren aurreko urtean eginiko jarduerak eta/edo programak laburki azaltzen dituena.

j) Entitateak eskaeraren aurreko urtean izandako diru-sarrera eta gastuen balantzea.

k) Entitatearen proiektua, eskaeraren urtean garatu asmo dituen jarduera edo programak laburki azaltzen dituena.

l) Entitateak unean uneko urterako duen diru-sarrera eta gastuen aurrekontu orokorra.

m) 2014. urtean diru-laguntza jaso nahi duen programa bakoitzaren memoria tekniko eta ekonomikoa, aurreko urteari buruzkoa.

Ez da beharrezkoa i), j) eta m) ataletan aipatutako dokumentazioa aurkeztea, aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu bada.

n) Diru-laguntzaren xedeko programen deskribapena, honako hauek zehaztuta:

–Izena.

–Helburuak.

–Eginen diren jarduerak.

–Jardueretarako egutegia eta ordutegiak.

–Giza baliabideak (zehaztu lan-kontratudunak diren, boluntarioak, etab.).

–Finantza baliabideak (diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, finantzaketa iturriak).

–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari eskatutako dirua.

–Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak, etab.).

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

7. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Entitateek aurkezten duten programari dagozkion langileen, jardueren eta funtzionamenduaren gastuak sartzen ahalko dituzte aurrekontuan.

Desgaitasuna duten pertsonen edo adinekoen arloan lan egiten duten entitateen artean elkartegintza sustatzeko deialdien bidez, aurten diru-laguntza jaso duten entitateek ezin dute laguntzarik eskatu funtzionamendu gastuetarako.

Programa bakoitzari dagokion aurrekontu onartua ezartzeko, proiektuan sartutako kostu ekonomikoen ebaluazioa eginen da. Aurreikusitako gastuak goitituak daudela ikusiz gero, diru-laguntza eman aitzin, programaren kostu ekonomikoaren beste balorazio bat eginen da merkatuko prezioak erabiliz. Nolanahi ere, onartutako aurrekontua ez da %5 handiagoa izanen aurreko urtean programan egindako gastuarekin alderatuta.

10. Balorazio irizpideak.

Bi fasetan eginen da balorazioa: lehenbizikoan, entitateak proiektua gauzatzeko daukan gaitasuna baloratuko da, eta, bigarrenean, aurkeztutako programa baloratuko da.

Fase bakoitza bere aldetik baloratuko da, eta gehienez 100 puntu lortzen ahal dira bakoitzean.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek 50 puntu lortu beharko dituzte.

Bigarren fasean, ontzat hartua izateko, programa bakoitzak 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

10.1. Lehen fasea: Entitatearen balorazioa.

a) Azpiegitura (25 puntu):

–Proposatutako helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura nahikoa izatea.

–Egitura, entitatearen kaudimen teknikoa eta ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak, etab. aztertuko dira.

b) Entitateen eta/edo elkarteen koordinazioa (10 puntu):

–Entitateek lokalak konpartitzeko eta/edo programak elkarrekin garatzeko duten gaitasuna baloratuko da.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

–Baloratuko da baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna eta, orobat, ukitutako pertsonen beharren, bazkide kopuruaren eta entitateak erantzuna emateko duen gaitasunaren arteko erlazioa, baita proiektuak moldatzeko prest egotea ere entitatearen benetako gaitasuna kontuan hartuz.

–Halaber, hasierako aurrekontua eta aurreko urteko azken balantzea elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

d) Finantzaketa (20 puntu):

–Finantzaketatzat jotzen da entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea. Kofinantzatzea honela baloratuko da: %70etik gora, 20 puntu; %60tik %69ra, 17,14 puntu; %50etik %59ra, 14,28 puntu; %40tik %49ra, 11,42 puntu; %30etik %39ra, 8,57 puntu; %20tik %29ra, 5,71 puntu; %10etik %19ra, 2,86 puntu; eta %9tik behera, ez da punturik emanen.

e) Boluntarioak (20 puntu):

–Entitatean boluntarioak izatea baloratuko da, eta haiek entitatean duten inplikazio maila.

–Entitateak boluntarioekin duen inplikazio maila baloratuko da.

10.2. Bigarren fasea: programen balorazioa.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarriak, helburuak, jarduerak, epeak, espero diren emaitzak, ebaluazioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, baliabide tekniko eta ekonomikoak eta abarrak bat etortzea eta koherenteak izatea. Puntuak honelaxe banatuko dira:

a) Aurkezpena (10 puntu):

–Proiektuaren aurkezpen orokorra hartuko da kontuan, baita kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak izatea ere.

b) Programaren konkordantzia (15 puntu):

–Programa gizarte boluntariotzako helburuekin eta haren xedeko gizataldearekin bat ote datorren baloratuko da.

c) Programaren izaera (15 puntu):

–Foru Komunitatean, boluntariotzaren esparruan egiten diren beste programekin osagarria ote den eta haiekin zenbateraino txertatzen den hartuko da kontuan, baita nolako jarduera den ere.

d) Programetako parte-hartzea (15 puntu):

–Programak hartzaileengan duen eragina baloratuko da.

e) Kofinantzaketa (15 puntu):

–Gauzatutako programetan entitateak duen kofinantzaketa maila baloratzen da, hau da, emandako diru-laguntzaz gain bestelako diru-sarrerarik ote den. Kofinantzatzea honela baloratuko da: %70etik gora, 15 puntu; %50etik %69ra, 12 puntu; %36tik %49ra, 7 puntu; eta %20tik %35era, 5 puntu.

f) Eskatzailearen eskarmentua diru-laguntzaren xede diren programetan (25 puntu):

–Proiektu beraren edo aurreko urteko antzeko proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea neurtuko.

–Halaber, aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta aurreko urteko programaren benetako gastua eta kasuan kasuko urterako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Eragina lurraldean (5 puntu):

–Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan ezartzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da. Lurraldean duen eragina honela baloratuko da: jarduera 4 herritan baino gehiagotan egitea, 5 puntu; bi herritan baino gehiagotan, 3 puntu; eta herri batean baino gehiagotan, 2 puntu.

11. Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Diru-laguntzaren zenbatekoa entitateak lortzen dituen puntuen eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera kalkulatuko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, banatze proportzionala edo hainbanatzea eginen da, baremoa aplikatuta ateratzen diren kopuruen gainean.

Diru-laguntzaren zenbatekoa entitate bakoitzak lortutako puntuen eta eskatutako diru-laguntzaren arabera esleituko da, eta gehieneko diru-laguntza gisa, programa onartuaren aurrekontuaren portzentaje hauek ezarri dira, deialdiaren 9. oinarrian ezarritakoa kontuan hartuz:

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA AURREKONTUAREN ALDEAN (%)

100 baino gutxiago

%0

100dik 178ra bitarte

(lortutako puntuazioa - 99) = aplikatu beharreko portzentajea

179 baino gehiago

%80

Dagokion hainbanaketa egin ondoren 120 eurotik beherako diru-laguntza egokituz gero, horiek ez dira banatuko. Horrelakoen diru kopurua gainerako entitateen artean banatuko da.

12. Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena eta publizitatea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, puntuazioa eman eta behin betiko balorazioa eginen da, aurreko oinarrian adierazi bezala.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzen gaineko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan adieraziko dira diru-laguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Diru-laguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7; Iruña).

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

13. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin.

Kontzeptu hau dela eta, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14. Diru-laguntzaren ordainketa.

14.1. Diru-laguntzaren ordainketa aurreratua egiteko, hurrengo baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatzea diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, behar hori frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

b) Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren baimen berariazkoa edukitzea, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko dauden funts likidoen egoeraren arabera.

14.2. Aurreko atalean eskatutako baldintzak betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

a) Salbuespen gisa, ematen den diru-laguntza 15.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera.

b) Arau orokor gisa, gainerako entitateei zatika ordainduko zaie diru-laguntza, eta onartutako zenbateko osoaren %25 aurreratuko zaie gehienez.

Diru-laguntza emateko onetsitako ebazpena sinatzearekin batera ordainduko da lehenengo zatia.

Bigarren eta hurrengo ordainketak egiteko, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokion exekuzioaren justifikazio ekonomikorako agiriak aurkeztu behar dira.

Ordainketaren ondoren justifikatu gabe gelditzen den zenbatekoa ezin da izan emandako zenbatekoaren %25 baino handiagoa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.2 artikuluarekin bat, aurrerakinak 60.000 eurotik gorakoak badira bermeak ezarriko dira nahitaez.

14.3. Baldintza horiek bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, oinarri hauen 15.3 atalean xedatutakoari jarraikiz.

15. Justifikazioa.

15.1. Diru-laguntza ordainketa aurreratu bakar baten bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztu beharko dute, aurtengo irailaren 30a baino lehen. Dokumentazio hori aurkeztu ezean, emandako diru-laguntzari proportzioan dagokion zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaie.

15.2. Diru-laguntza zatikako ordainketa aurreratuen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean.

Azken ordainketa egiteko, aurretiko justifikazioa urteko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

15.3. Justifikazio partzialetarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten laburra, programa bakoitzaren erabiltzaileak adierazita.

b) Aurkezpen egunera arte diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei egozten zaizkien gastuen eta diru-sarreren zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak (emailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak) onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, jasotako diru-laguntza justifikatzeko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzian aurkeztu izanaren frogagarri gisa.

15.4. Azkeneko justifikazioa:

Diru-laguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu jardueraren exekuzioa justifikatzeko:

a) Lehen egin ez bada, eta azken ordainketa justifikatzeko, kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, oinarri honen 15.3 c) puntuan azaltzen den baldintza berberetan egina.

b) Diru-laguntza jasotzen duten programen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatuko dituena:

–Programaren izena.

–Jardueren ordutegia.

–Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburu berariazkoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea.

–Efizientzia. Horretarako, lortutako emaitzak ebaluatuko dira erabilitako teknika, giza eta ekonomia arloko baliabideen arabera.

–Eragina. Programak zein ondorio izan dituen desgaitasunak dituzten pertsonen arloan.

–Programaren estrategien ebaluazioa, hartan planteatutako arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu ote den baloratuta.

–Onuradunen parte-hartzea eta gogobetetzea. Foru Komunitatean eragina jaso dutenen, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Diruz lagundutako programetako diru-sarreren eta gastuen balantzea.

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren diru-laguntzak barne. Diru-sarrera guztiak ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan, gastu guztiak zehaztuko dira, honela sailkatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

–Funtzionamendua.

d) Gastu guztien zerrenda. Entitateak diruz lagundutako programei dagozkien gastu guztien zerrenda aurkeztuko du, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa.

Halaber, jatorrizko fakturak instrukzio organoaren eskura utziko ditu entitateak.

Nolanahi ere, azkeneko justifikazioan kontabilitateko egoera-orriak aurkeztuz egiten ahal da justifikazio hori.

e) Entitatearen jarduera osoaren memoria laburra, aurreko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra barne.

f) Beste edozein dokumentazio idatzi edo grafiko, borondatez eman nahi dena, diru-laguntza jasotzen duen programaren gauzatze edo bilakaera ona bermatzen duena.

Agiriak aurkezteko, instrukzio organoak oinarrizko agiriak banatu eta Gizarte Politiketako Departamentuaren web orrian argitaratuko dira.

16. Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea.

b) Deialdi honen 15. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, erdibidekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako jardueren edo programen gaineko informazioa, dibulgazioa eta publizitatea egiten bada, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko da (2010eko 103. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 25ekoa; akats zuzenketa irailaren 7ko 276/2010 Foru Aginduaren bidez egin zen, 2010eko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 8an).

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Diru-laguntza jasotzen duen jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

17. Gardentasuna.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batzuetan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala bada, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu inguruabarrak suertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

18. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

18.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

18.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek dokumentu bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

19. Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diru-laguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, eta kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

20. Laguntza itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

21. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hark ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

22. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

23. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 9an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Jesús Pejenaute Grávalos. Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1400451