239. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, Erlezaintzako jardueretarako herrilurren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2014ko urriaren 1ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Erlezaintzako jardueretarako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2014ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 8an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean. Epe hori 2014ko azaroaren 13an bukatu zen.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako ordenantzaren testua argitaratuko da ondotik.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2014ko martxoaren 17an.–Ogasuneko zinegotzia, Irene Royo Ortín.

ERANSKINA

Ordenantza, Erlezaintzako jardueretarako herrilurren
aprobetxamendua arautzen duena

Oinarria.

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da ondoko hauetan xedatzen denari jarraikiz: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, eta haiek garatzeko erregelamenduzko xedapenak.

Zergapeko egintza.

28. artikulua. Ordenantza honen zergapeko egintza da herrilurrak erlauntzekin okupatzea edo lagatzea, erlezaintzan aritzeko.

Subjektu pasiboak.

3. artikulua. Erlezaintzan aritzeko herrilurren okupazio/lagapena nori baimentzen zaien, pertsona fisiko edo juridiko, publiko nahiz pribatu haiexek izanen dira ordenantza honetan arautzen diren eskubide eta kanonen subjektu pasiboak.

Karga-oinarria.

4. artikulua. Karga-oinarria izanen da herrilurretako kokaleku bakoitzeko erlauntza kopurua, baita okupatu beharreko azalera ere, segurtasun tartea barne.

Tarifak.

5. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak eranskinean ageri dira; horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Tributu-kuota.

6. artikulua. Kuota zehazteko, karga-oinarriari dagozkion tasak aplikatuko zaizkio.

Tasen sorrarazpena eta diru-bilketa.

7. artikulua. Kanona lehen aldiz sorraraziko da Nafarroako Gobernuak baimentzen duelarik aitzinetik Tuterako Udalak erabakitako okupazio/lagapena. Ondoren, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sorraraziko da tasa.

Lehen kuotaren ordainketa eginen da 30 egun balioduneko epearen barnean, Nafarroako Gobernuak okupazio/lagapena baimentzen duenetik hasita, eta betiere erabilera pribatiboa edo aprobetxamendua berezia hasi baino lehen. Gainerako urtekoei dagokienez, Udalak urte bakoitzeko urtarrilean kobratuko du baliabide honengatik zentsaturik daudenen zorra, hura jakinarazi behar izan gaberik.

Salbuespenez, erlezaintzan aritzeko baimena dutenen zentsuan lehen aldiz sarturik daudenei kanona hil naturaletan hainbanatuko zaie, Nafarroako Gobernuaren aldetik okupazio/lagapena egiteko baimena zer hilabetetan eskuratu zen, hura barne dela.

Urtarrilaren 1ean zentsuan dagoen partikular batek bere eskubideak handitzeko baimena eskatzen badu, kuotaren kalkulua erregela hauei jarraikiz eginen da:

a) Urtarrilaren 1ean indarra duen baimenagatik eta baimen berriaren data etorri arte sorrarazia izanen da iragandako edo hasitako hil naturalei dagozkien kuota.

b) Gainerako hilabeteengatik, kuota sorraraziko da baimen berriari dagozkion tarifen arabera.

Arau orokorrak.

8. artikulua. Herrilurrak erlezaintzan aritzeko baimenak gobernatuko dira kasu bakoitzean Udalbatzak onesten dituen baldintza-agirien bidez.

Erlezain guztiek ondoko betebeharrak bete beharko ditu, indarra duen legeriak ezartzen dizkienez gain:

8.1. Honako hauetara, gutieneko tarte hauek gorde beharko dira:

1. Establezimendu kolektibo publikoetara eta hirigune eta biziguneetara: 400 metro.

2. Bizitegi ere diren landetxeetara eta abeltzaintzako instalazioetara: 100 metro.

3. Aziendak okupaturiko eskorta edo instalazio irekietara: 200 metro.

4. Errepide nazionaletara: 200 metro.

5. Eskualdeko errepideetara: 100 metro.

6. Herriko bideetara eta mendi pistetara: 25 metro.

7. Bertze erlauntzetara: 750 metro, salbu eta familia motako erlategietara (gehienez ere 4 erlauntza).

8. Kutxa erlekume-hartzaileetara: 1.000 metro, edozein erlauntzetatik.

8.2. Ezarritako tarteak murriztu daitezke, gehienez ere %75, betiere erlategiek badute gutienez ere bi metro garai den hesia, tartea zehazteko erreferentziatzat hartzen den errepide, bide edo establezimenduaren aldera jotzen duen aitzinaldean. Hesi hori edozein materialetakoa izan daiteke, erleak behartzen baditu hegaldia hastera bi metrotik goiti. Salbuespen hau ez zaio aplikatuko erlezaintzako kokalekuen arteko tarteetarako xedatzen denari.

8.3. Erlezaintzako ustiategien titularrek erlauntz bakoitza identifikatu beharko dute, ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko maneran, marka ezabaezin baten bidez; zer ustiategitakoa den, harexeri esleituriko kodea agertuko da bertan. Orobat, ohartarazi beharko da, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil, erleak badirela. Ohartarazpen hori ez da beharrezkoa izanen finka esiturik baldin badago eta erlauntzak hesiaren 25 metrora baldin badaude, gutienez.

8.4. Segurtasun eremua: Murruz, landaresiz edo burdin hariz eginiko itxiturak babestu behar ditu paraturiko erlategi edo erletxe guztiak; hura gutienez ere 4 metrora egonen da erlauntzetatik eta gutienez ere metro eta erdi garai izanen da.

8.5. Erlauntzetarako, kalteen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izan beharko du, indarrean.

9. artikulua. Erlategi berriak paratzean edo direnak tokiz aldatzean, aurreneurriak hartu beharko dira osasun arloan, baita bizitokietatik urrun egoteko eta joan-etorrietan pertsonei nahiz aziendei kalterik ez egiteko.

Erlezaintzako ustiategi baten titularrek beren erlauntza guztiak edo batzuk lekualdatu nahi badituzte, erlezaintzako ziurtagiri ofiziala eduki behar dute, baita xedatzen den osasun dokumentazioa ere.

10. artikulua. Erlezaintzaren ustiapenaren defentsan eta laborantzak babestu beharrean oinarriturik, tratamendu fitosanitario eta landaretzakoak aplikatzean kontuan hartuko da horien ondorioz haien kategoriaren arabera erlezaintzan egin daitekeen kaltea; hortaz, tratamendua egiten duenak behar diren aurreneurriak hartu beharko ditu, baita hura jakinarazi ere ukiturik gerta litezkeen erlezainei, tratamendua egin baino 15 egun lehenago jakinarazi ere.

11. artikulua. Animaliak babesteko neurriak.–Ustiategiaren titularrak zaindu behar du erleen premia fisiologikoen asetzea eta haien portaera, haien osasun egoera eta ongizatea faboratzeko.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honen arau-hausteak:

a) Ordenantza hau aplikaturik dagokion kanona ez ordaintzea.

b) Udalak baimendu baino erlauntza gehiago paratzea.

c) Erlezaintzako ustiategiko albaitaritzako ikuskapena galaraztea.

d) Aldameneko lurzatiei kalte egitea.

e) Ordenantza honek ezarritako arauak edo aplikatzekoa den legeria ez errespetatzea.

13. artikulua. Zehapenei dagokienez, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean xedatuari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, jarraituko zaio Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean, Tuterako herrilurren gaineko erregelamenduan eta aplikatzen ahal den bertze edozein xedapenetan xedatuari.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko testua argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du harik eta Udalak osoko bilkuran haren aldaketa edo indargabetzea espresuki erabaki arte.

I. ERANSKINA

Tarifak

Kanona aterako da prezioak aplikaturik paratu beharreko erlauntz kopuruen gainean nahiz okupatu beharreko azalerako erreguen gainean, segurtasun tartea barne:

1.–Prezioak, erlauntz kopuruaren arabera:

–10 erlauntz bitarte: 20 euro/urtea.

–25 erlauntz bitarte: 40 euro/urtea.

–50 erlauntz bitarte: 70 euro/urtea.

–75 erlauntz bitarte: 100 euro/urtea.

–100 erlauntz bitarte: 120 euro/urtea.

–100 erlauntzetik goiti, 1,10 euro/erlauntza/urtea ordainduko da.

2.–Prezioa, azaleraren arabera, erreguetan:

–Tuterako bizilagunak: 0,5 euro/erregua.

Iragarkiaren kodea: L1415607