239. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2484/2014 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foruzaingoko komisario izateko 10 lanpostu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen igoeraren eta oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko.

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdiaren xedea Nafarroako Foruzaingoko komisario izateko 10 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea da. Lanpostuak funtzionario araubidekoak eta A mailakoak dira eta Nafarroako Foruzaingoari atxikita daude.

1.1. Hona hemen deialdiaren xede diren lanpostuak, destinoko herriak eta atxikitzeko unitateak: 5194, 5195, 5616, 5617, 5618, 5619, 5936, 5937, 5938 eta 5939, Ikuskapen Orokorreko Arloan aritzeko, zuzenean haren menpe, Iruñeko destinoarekin.

1.2. Ordainsariak.

Lanpostuek aplikatzekoak diren oinarrizko ordainsariak eta ordainsari osagarriak izanen dituzte, jabetza hartzean indarra duten xedapenekin bat.

2. Aplikatu beharreko arauak.

Prozedura hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duen ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua; eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen martxoaren 25eko 30/2005 Foru Dekretua; aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

3. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.–Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, lanpostuaz jabetu zenetik, Nafarroako Polizia Kidego bateko inspektore gisa, eta unibertsitateko lizentziadunaren titulua, ingeniariarena edo arkitektoarena, gradukoa edo balio berekotzat hartzen den beste titulu bat edukitzea; edo, bestela, gutxienez 5 urteko antzinatasuna izatea Nafarroako Polizia Kidego bateko inspektore gisa, eta unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoarena, hirugarren mailako Lanbide Heziketarena edo balio berekotzat hartzen den beste titulu bat edukitzea, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitektura baten lehendabiziko hiru kurtsoak gaindituak izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako hura eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1996ko azaroaren 19an emandako Aginduan xedatutakoarekin bat, Kriminologiako Goi Mailako Diploma unibertsitateko diplomadun tituluaren baliokidea da, administrazio publikoen mendeko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kidego, eskala eta kategorietan sartzeko probetan parte hartzeko ondorioetarako soilik, baldin eta horietan sartzeko unibertsitateko diplomadun titulua edo baliokide bat eskatzen bada.

Kriminologiako Goi Mailako Diploma lortzeko ikasketek, aurreko atalean aipatu ondorioak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

1) Ikasketa horietan sartzeko Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan (LOGSE) ezarritako Batxilergoko titulua edo lehenagoko Goi Batxilergoko titulua eskatzea, edo Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtean ebaluazio positiboa lortu izana, edo hogeita bost urtetik gorakoentzako sarrera probak gainditu izana.

2) Ikasketa horiek gutxienez mila eta zortziehun ordu izatea edo hiru ikasturteko iraupena gutxienez.

3) Kriminologiako Goi Mailako Diploma unibertsitate batek edo horren mendekoa den edo legez baimenduta dagoen zentro batek emandakoa izatea.

2.–Abiaburuko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.–Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.

4. Eskaerak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Interneten bidez ere eskuratzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, bai hori argitaratzen duen aldizkari ofizialetik, bai “Enplegu Publikoa” atalean deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Deialdian parte hartzeko eskabideak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira.

Eskabideak aurkezteko, baliabide hauetako edozein erabil daiteke:

A) Bide telematikoa.

A.1. Internet bidez, deialdi honen fitxan dagoen “Tramitazioa” izeneko estekan sartuta, Nafarroako Atariaren “Enplegu publikoa” atalean, www.navarra.es helbidean.

A.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren web ataritik abiatuta.

B) Aurrez aurre.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrera (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) igorri aurretik.

Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 41,60 euro ordaindu izanaren jatorrizko frogagiria ere aurkeztuko da eskabidearekin batera. Azterketa eskubideengatiko tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa:

–Internet bidez, deialdi honen fitxan dagoen “Ordainketa” izeneko estekan sartuta, Nafarroako Atariaren “Enplegu publikoa” atalean, www.navarra.es helbidean.

–Behar den bezala betetako ordainketa-gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Interneten deialdiari buruz egiten den aipamenean, www.navarra.es helbidean, “Enplegu Publikoa” atalean, ordainketa-gutunaren eredua dago.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.3. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.4. Izangaiek dokumentazio hau erantsiko diote eskabideari:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

b) Nafarroako Polizia Kidego bateko inspektore lanpostuaren jabetza hartuz geroztik hiru urteko antzinatasuna, gutxienez ere, baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere. Hori ofizioz egiaztatuko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, datuak kudeatzeaz arduratzen den administrazioaren unitateak deialdia egiten duen organoari igorri ondoan, Nafarroako Foruzaingoko langileen kasuan.

Nafarroako Foruzaingoko langileak ez direnen kasuan, norberaren administrazioaren ziurtagiri baten bidez frogatu beharko dira aurreko atalean jasotzen direnak.

c) Deialdi honetako 3.1.1) oinarrian bildutako titulu akademiko bakoitzaren kopia.

d) Izangaiak alegatzen dituen merezimenduen frogagiriak, deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratzeko.

4.5. Jatorrizko agirien bitartez edo behar bezala konpultsatutako kopien bitartez frogatu beharko du izangaiak prozedura honetan parte hartzeko betebeharrak betetzen dituela. Alegatutako merezimenduei dagokienez, agiri horien kopia soilak aurkeztea aski izanen da, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5. Behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaituta, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpen bat emanen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo hamar egun balioduneko epean interesdunek erreklamazioak egin ditzaketela organo dei egileari zuzenduak eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

Aurreko ataletan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: agentearen zenbakia eta Nafarroako zein polizia kidegotakoa den izangaia.

Oposizio-lehiaketan onartuen eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak Nafarroako Gobernuaren web gunean izanen dira ikusgai (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu publikoa”).

6. Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kide hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiko burua: Francisco José Fernández Elizalde jauna, Barneko zuzendari nagusia.

–Ordezkoa: Pedro Recarte Gaztambide jauna, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaiko kidea: Gerardo Goñi Ilundáin jauna, Nafarroako Foruzaingoko burua.

–Ordezkoa: José Mario Zunzarren Angós jauna, komisario nagusia eta Ikuskapen Orokorreko Arloko burua.

–Epaimahaiko kidea: Juan José Salaberri Galbete jauna, komisario nagusia eta Herritarren Segurtasunerako Arloko burua.

–Ordezkoa: Agustín Gastaminza Oiz jauna, komisario nagusia eta Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloko burua.

–Epaimahaiko kidea: langileak ordezkatzen dituzten kasuan kasuko organoek proposaturiko ordezkari bat.

–Ordezkoa: langileak ordezkatzen dituzten kasuan kasuko organoek proposaturiko ordezkari bat.

–Mahaikide-idazkaria: Eduardo Sáinz de Murieta García de Galdeano jauna, komisario nagusia eta Ikerkuntza Kriminaleko Arloko burua.

–Ordezkoa: Francisco Javier Iglesias Álvarez jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

6.2. Eraketa eta jarduna.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. Oposizio-lehiaketaren elementuak.

7.1. Epaimahaiak, elkarren segidan eta hurrenkeran, oposizio-lehiaketaren elementu hauek baloratuko ditu:

a) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu arte.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu arte.

–Hizkuntzak jakitea: 19,65 puntu arte.

–Sariak: 2,5 puntu arte.

b) Ezagutza probak:

–Lehenengo proba: 100 puntu arte.

–Bigarren proba: 50 puntu arte.

c) Proba psikoteknikoak: 70 puntu arte.

7.2. Merezimenduak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Izangaiek beren merezimenduak alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu eta erreklamazioak aurkezteko 10 egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alega dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epamahaiak ebazpena eman ondoren, lehiaketaldiko behin betiko emaitzak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratuko ditu.

7.3. Oposizioaldia.

7.3.1. Oposizioaldian ezagutza probak, proba psikoteknikoak eta trebakuntza ikastaroa izanen dira.

7.3.2. Ezagutza probak.

a) Lehenbiziko proba: plika sistemaren bidez eginen da. 150 galdera erantzun beharko dira, erantzun bakoitzean hiru aukera egonda, deialdiaren III. eranskineko gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun zuzen bakarra izanen du; hala ez bada, baliogabetu eginen da galdera.

Proba horretan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, erantzun zuzenaren balioaren %50ekoa. Epaimahaiak ariketako izangai onenari ematen dion puntuazioaren erdia edo handiagoa lortzen duten izangaiek gaindituko dute ariketa. Hala ere, ariketa gainditutzat jotzeko, puntuazioa ezin da izan deialdian ezarritako gehieneko puntuazioaren 1/3tik beherakoa.

Proba hau egiteko 2 ordu emanen dira gehienez.

b) Bigarren proba: praktikoa, idatziz eginen da, eta epaimahaiak proposatzen dituen txostenak idatzi edo kasu praktikoak ebatzi beharko dira, edo bi gauzak. Pliken bidez eginen da eta izangaiek hiru ordu izanen dituzte egiteko. Halaber, proba horretan kasu praktikoak ebatz daitezke test motako erantzunen bitartez. Epaimahaiak aukera hori baliatuz gero, zehaztu beharko du, proba egin aurretik, zein den erantzun zuzenen balioa eta okerren penalizazioa. Galdera bakoitzak erantzun zuzen bakarra izanen du; hala ez bada, baliogabetu eginen da galdera.

Proba horretan gehienez ere 50 puntu emanen dira. Epaimahaiak ariketako izangai onenari ematen dion puntuazioaren erdia edo handiagoa lortzen duten izangaiek gaindituko dute ariketa. Hala ere, ariketa gainditutzat jotzeko, puntuazioa ezin da izan deialdian ezarritako gehieneko puntuazioaren 1/3tik beherakoa.

Gai guztiak oposizioko deialdia argitaratzean kasuan kasuko aldizkari ofizialetan argitaraturiko araudiaren arabera eskatuko dira.

7.3.3. Proba psikoteknikoak.

Proba psikoteknikoen xedea izanen da izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehaztea. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Atalak eginen ditu eta emaitzak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Egin baino lehen, Nafarroako Foruzaingoko buruak lanpostuaren profil profesiografikoa onets dezala proposatuko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari. Onespena epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Proba psikoteknikoetan 70 puntu emanen dira gehienez. Gutxienez ere 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.

7.3.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

7.4. Behin-behineko kalifikazioak eta erreklamazioak.

Oposizioaldiko proba bakoitza egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Jauregiko iragarki oholean eta web orrian (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”), parte-hartzaileek lortutako behin-behineko puntuazioak, eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

8. Hautapen prozesua nola eginen den.

Hautapen prozesua 2015eko martxoan hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Hautapenaldiko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, edo, hala denean, beren Polizia Kidegoko agiri profesionala aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

9. Trebakuntza ikastaroa.

9.1. Ikastarora joatea.

Foruzaingoko komisario izateko ikastaroan, aurreko ataletan aurreikusitako proba guztiak gainditu dituzten izangaiak onartuko dira, bete beharreko lanpostuetan sartzerik badute.

9.2. Zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzea.

Nafarroako Segurtasun Eskolan Foruzaingoko komisario izateko ematen den ikastaroa egitearren, izangaiek eskatuko diote haiei dagokien Nafarroako Administrazio Publikoari zerbitzu berezietan deklaratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Ikastaroa hasten den egunetik izanen du eragina.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaien gizarte aurreikuspeneko araubidean, jatorrizko lanpostuan zutenarekin segituko baitute.

9.3. Izaera baztergarria.

Izangaiek 200 puntuko kalifikazioa lortzen ahalko dute gehienez. Izendatuak izateko, gutxienez 100 puntuko nota erdietsi eta 12. oinarrian xedatuarekin bat lanpostua eskuratu beharko dute.

9.4. Araubide juridikoa eta ordainsariak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren arabera arautuko da ikastaroa.

Prestakuntza ikastaroak irauten duen bitartean, izangaiei Nafarroako Foruzaingoko komisarioaren lanpostuari dagozkion hasierako lansaria eta berariazko osagarria emanen dizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, baita hasierako lanpostuan aitorturik zeuzkaten gradu, antzinatasun eta familia-laguntzari dagozkien ordainsariak ere.

Ikastaroa bukatzen denean, aurreko lerroaldean aipatzen diren ordainsariak ez dira gehiago kobratuko.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, izangaiek beren jatorriko administrazioan zuten lanpostura itzuli beharko dute besterik gabe.

10. Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du, hautapen prozesuan lortutako puntu guztiak adieraziz.

Lehiatzaileek oposizio-lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinketa hausten ez bada, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

11. Lanpostu hutsak hautatzea.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendariaren aurrean eginen den ekitaldian, izangaiek deialdiaren xedeko lanpostuak aukeratuko dituzte deialdi osoan lortutako puntuazioaren arabera, puntuazio handienetik txikienera, aurreko oinarrian xedatutakoarekin bat.

Ez dute lanposturik eskuratuko deialdiaren 1. oinarrian aurreikusten den lanpostu kopuruaren barnean ez daudenek.

12. Izendapena eta lanpostuen esleipena.

12.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Nafarroako Foruzaingoko komisario izendatuko ditu oposizio-lehiaketa gainditzen duten eta lanpostua eskuratu duten izangaiak, ebazpen baten bidez, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

12.2. Atxikipena.

Barneko zuzendari nagusiak kasuan kasuko antolaketa unitateetara atxikiko ditu izendatuak, kasua bada deialdiaren 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz izangaiek egindako aukeraketa kontuan hartuta.

12.3. Karguaz jabetzea.

Izendapenean erabakitzen den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek igoerarako eskubidea galduko dute.

Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, funtzionarioen arloan indarra duten xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiekin.

12.4. Gizarte aurreikuspeneko araubidea.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie eta araubide horrek babestuko ditu, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako araubidean izena emanda badaude, zeren eta halakoetan aukeratzen ahalko baitute, izendapena egin baino lehen, babes araubide horretan segitzea edo aipatutako Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatzea.

13. Aurkeztutako agiriak.

Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta beste hiru hilabete pasatu eta gero.

Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

14. Errekurtsoak:

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2014ko azaroaren 17an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foruzaingoko komisario izateko .......... lanpostu betetzeko deialdia

Izen-abizenak: ......................................, NAN zenbakia: ......................., letra: ......., Jaioteguna: .............................., Jaioterria (herria): ..........................., Probintzia: ............................, Helbidea (herria): ....................................., Probintzia: ................, Kalea: .............................., Zenbakia: ......, Solairua: ......, Letra: ...., Posta kodea: ............, Etxeko telefonoa: ..................., Lantokiko telefonoa: ........................., Sakelako telefonoa: ....................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Polizia Kidego honetakoa naizela:

Nafarroako Foruzaingoko komisario izateko 10 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala. Deialdia ...... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........(e)an.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Deialdiaren 3.2 oinarrian ezarritakoarekin bat, honako agiri hauek aurkeztu ditudala:

–NANaren fotokopia.

–Nafarroako Polizia Kidegoetako inspektore izateko izendapena eta lanpostu horretako antzinatasuna eta egoera administratiboa frogatzeko agiriak (Nafarroako Foruzaingoko langileak kanpo).

–Beste orrialde batean alegatu eta aipatzen ditudan merezimenduen frogagiriak.

Iruñean, 2014ko ........................aren ...........(e)an.

(Sinadura)

FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

Sinatzaileak eskabide honetan aipatu prozesuan onartua izatea ESKATZEN du, eta ADIERAZTEN, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

1.–Nafarroako Polizia Kidego batean, inspektore lanetan, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu.

2.–Nafarroako Polizia Kidego batean, inspektoreorde lanetan, egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,25 puntu.

3.–Nafarroako Polizia Kidego batean, kabo lanetan, egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,00 puntu.

4.–Nafarroako polizia kidego batean, polizia lanetan, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,75 puntu.

5.–Nafarroako Polizia Kidego batean, komisario lanetan, egiazki eta bitarteko gisa egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

6.–Administrazio publiko baten menpeko beste Segurtasun Indar eta Kidego batean langile finko gisa zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: 1,50 puntu inspektore lanpostuan edo baliokidean, 1,25 puntu subinspektore lanpostuan edo baliokidean, puntu bat kaporal lanpostuan edo baliokidean, eta 0,75 puntu polizia edo agente lanpostuan.

7.–Edozein Administrazio Publikotan polizia kidegoetakoak ez diren lanpostuetan: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

2.–Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: gehienez ere 3 puntu, epaimahaiak baloratuta, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3.–Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu eta/edo horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4.–Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu gehienez.

5.–Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: 2 puntu gehienez.

6.–Beste batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoa: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

1. Poliziaren eginkizunari lotutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honetan. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko trebakuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez.

c) Hizkuntzak jakitea: 19,65 puntu gehienez.

Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere. Hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik, gehieneko puntuazioa emanen da. Halako titulaziorik ez dutenei hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzeko puntu bat emanen zaie.

Euskara jakiteagatik, gehienez 4,65 puntu emanen dira. Hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik, gehieneko puntuazioa emanen da. Halako titulurik ez badute, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzeko 0,93 puntu emanen da. Halaber, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko hamabiren bat.

Izangaiek lau hizkuntza horietan zenbat dakiten baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako probak egiten ahalko dira.

d) Sariak: 2,50 puntu gehienez.

1.–Zerbitzu Goraipagarrien plaka: 1,50 puntu.

2.–Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 1,25 puntu.

3.–Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.

4.–Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Lehenbiziko proba

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

3.–1/1992 Lege Organikoa, otsailaren 21ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

4.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indarrek eta Kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.

5.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

6.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Erabakia, 2007ko urriaren 8koa, Parlamentuko Mahaiak hartua, Parlamentuaren Erregelamenduaren testu bategina onesten duena.

7.–19/1984 Foru Legea, abenduaren 20koa, Nafarroako Comptos Ganbera arautzen duena:

8.–5/1992 Lege Organikoa, urriaren 29koa, Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatuari buruzkoa.

9.–30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: III., IV., V., VI., VII., IX. eta X. tituluak.

10.–4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa.

11.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa.

12.–15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa.

13.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa. 93/2006 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua. Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea.

14.–8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa.

15.–6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzkoa: aplikazio eremua eta araubide juridikoa. Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak. Interesatuen proposamenak. Kontratazio mahaia. Lizitazioen publikotasuna. Kontratuen esleipena, betearazpena eta aldaketa. Kontratuen iraungipena: amaiera eta harrera; desegiteko arrazoiak eta horren ondorioak. Lagapena eta azpikontratazioa. Toki kontratazioaren arloko espezialitateak.

16.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

17.–16/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Jokoari buruzkoa. 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

18.–11/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzkoa.

19.–339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna. 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra.

20.–769/1987 Errege Dekretua, ekainaren 19koa, Polizia Judiziala arautzeari buruzkoa.

21.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua).

22.–Zigor Kodea: I. liburua: xedapen orokorrak delituei eta faltei, pertsona erantzuleei, zigorrei, segurtasun neurriei eta arau-hauste penalen gainerako ondorioei buruz. I. titulua: arau-hauste penala, eta II. titulua: delitu eta faltei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak, eta II. liburua: delituak eta horien zigorrak: IX. titulua: sorospen-eginbeharra ez betetzea, eta XIX. titulua: Administrazio Publikoaren aurkako delituak.

23.–Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua: delituetatik eta faltetatik sortzen diren ekintzak gauzatzeko ardura duten pertsonak. II. liburua: I. titulua: salaketa, III. titulua: polizia judiziala, V. titulua: delitua egiaztatzea eta delitugilea nor den ikertzea. VI. titulua: II. kapitulua: atxilotzea, eta IV. kapitulua: defentsa eskubidea erabiltzea abokatuaren laguntzaren bidez, eta atxilotuen eta presoen tratamendua, eta VIII. titulua: toki itxietan sartzea eta miatzea, liburuak eta paperak miatzea eta idatzizko gutunak eta gutun telegrafikoak bahitu eta irekitzea.

24.–Poliziaren etika. Estatu Kideetako Ministroen Komitearen 10. Gomendioa (2001), poliziaren etikaren Europako kodeari buruzkoa.

25.–57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.

26.–718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Foruzaingoko Langileen Erregelamendua onesten duena.

27.–265/2004 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena, eta hori garatzen duten foru aginduak.

28.–1/2005 Foru Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duena.

29.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

30.–55/2010 Foru Dekretua, irailaren 13koa, Nafarroako Foruzaingoko funtzionarioen jardueran laneko arriskuen prebentziorako arauak ezartzen dituena.

31.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

32.–25/2013 Foru Dekretua, apirilaren 17koa, Nafarroako Foruzaingoko kideek zerbitzuaren arrazoiak direla eta arropa erabili eta erosteagatik kalte-ordaina jasotzeko baldintzak, eta beste neurri batzuk, arautzen dituena.

33.–85/2008 Foru Agindua, otsailaren 20koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren uniforme, ezaugarri eta kredentzialei buruzkoa.

34.–67/2009 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Ikuskapen Orokorreko Arloa garatzen duena, brigaden eta taldeen maila arte.

35.–68/2009 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloa garatzen duena, brigaden eta taldeen maila arte.

36.–69/009 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Herritarren Segurtasunerako Arloa garatzen duena, brigaden eta taldeen maila arte.

37.–70/2009 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloa garatzen duena, brigaden eta taldeen maila arte.

38.–71/2009 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Ikerkuntza Kriminaleko Arloa garatzen duena, brigaden eta taldeen maila arte.

39.–Zerbitzu Publikoen Kalitaterako Esparru plana Foruzaingoaren kalitate plana. Foruzaingoaren zerbitzuen gutuna.

Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretako legeriaren arabera eskatuko dira III. eranskineko gaiak.

Iragarkiaren kodea: F1416020